IZARRETAKO BITAKORA
Estanislaw Lem - Maskarada

Euskarazko testua: Jose Ramon Urrutxua

 Izarretako Bitakora.


teatro-testuak.com
 

(Aktorea-Ion Tichy publikoa dagoen aretoan sartzen da)

Astrozoologia 3. kurtsoa? Zuek... Tarantoga doktorearen ikasleak zarete, ezta? Eskerrak! Aurkitu zaituztet azkenean! Barkatuko didazue berandu etortzea, baina egia esan, galduta ibili naiz batetik bestera zuen ikasgela topatu ezinik. Beno ba, Tarantoga irakasleak abisatuko zizuen gaur Kongresu batera joan behar zuela... ez dakit nora, hemendik hurbil, gure eguzki-sistemaren barruan, eta bere ordez, ba, eskola praktikoago bat izango zenutela ... nirekin. Ni ljon Tichy naiz, lanbidez pilotua... Bai, esan daiteke ia bizitza osoa eman dudala hortik zehar nabigatzen eta nahiko ondo ezagutzen ditut galaxiak, Kosmologia Zientzietako Instituto honetako pasiluak baino hobeto.

Zuek ez duzue zeuen burua aurkeztu beharrik. Hona etorri baino lehen zuen fitxak gainbegiratzen egon naiz eta zera ikusi dut, hurrengo kurtsoan praktikak egin behar dituzuela kosmoseko hainbat lekutan, ezta? Esate baterako, Nadia Blesa; non dago Nadia Blesa? A, bai. Kaixo! Zure destinoa ... Botanikan aditua Trilon planetan. Trilon, bai, oso planeta interesgarria; ez botanika aldetik hain zuzen, basamortu hutsa baita. Zuhaitzak landatuko dituzu agian. Roke Fernat. Bai? Kaixo! Komunikazio teknikari Sagitario konstelazioan. Bejondeizula! lzugarri paraje ederra da; lastima orain turismoak pixka bat izorratuta egotea. Lilian Dornet, Laborantza biologikoa Plutonen. Kontxo, zu ez zoaz oso urrutira. Ez duzu Unibertsoa askorik ezagutuko, baina asteburuetan behintzat etxera etortzeko aukera izango duzu... eta horrela denok.

Kontua da gero eta gutxiago falta zaizuela egun handirako. Eta normala denez, urduri xamar egongo zarete. Zer aurkituko ote duzue hor kanpoan? Edo, nor? "Ba ote dago inteligentziarik kosmosean?" Galdetzen zuten gure aitonamonek izarrei begira. Inteligentziarik? Jakina dagoena! Asko eta asko eta era guztietakoak gainera. Zelan jokatu, ordea, beste horiekin harreman onak izateko? Gaizki ulertuak ez sortzeko?. Tarantoga irakasleak nik bizi izandako harreman zail horietakoren bat kontatzeko eskatu dit. Horregatik bada, nire bidaia ugarietan izan dudan hainbat gertakariren artean, istorio pare bat aukeratu dut zuen probetxurako izango direlakoan.

Begira, ikusten duzue hau? Zer da? Ez, ez hasi gauza arraroak pentsatzen. Zeren antza dauka? Harri batena, ezta? Ba, horixe da: harri bat. Baina harri ibiltaria, hau da, meteoritoa. Eta ez nolanahiko meteoritoa. lrakurri, irakurri zer jartzen duen... "Urteak bete itzazu txikito, zeruan bezainbat meteorito". Nork idatzi du hau? Nolabaiteko inteligentzia batek. Meteorito hau, beste inteligentzia-modu batekin izan nuen "enkontru" baten adierazgarria da. Baina, kontuz! Ez pentsa estralurtarrei buruz ari naizenik, ez.... 34. bidaian izan zen. Hasiko gara? Hasi gaitezen, ba. Hori da. Oso ondo.



Denboraren Korapiloak

Bidaia intergalaktiko luze hartan ez zen, ordura arte, aparteko nobedaderik izan. Egun hartan, -astelehena zen, maiatzaren 3a, hori ez zait ahaztuko- koheteko korridorean footingean eta nire ohiko ariketak egiten ari nintzela, eztabaida txiki bat izan nuen Konputagailu Nagusiarekin. Honela izan zen, gutxi gora-behera:

-Barkatu, Tichy, ez zaitut molestatu nahi, baina gogorarazi behar dizut ura bota behar diezula kontrol gelako loreei.

- Aizu, barkatu, baina gaur goizean bota diet.

- Ez, erratuta zaude, Tichy. Nire datuen arabera, aste bete daramazu loreak ureztatu gabe.

- Aizu, ederki asko dakit zer egin dudan eta zer ez, eta gaur goizean bota diet.

- Nik ere badakit oso ondo zer egin duzun eta zer ez, Tichy. Lotan zaudenean ere badakit zer egiten ari zaren.

- A, bai? Oso ondo. Ba begira, nik ere lantxo bat daukat zuretzat. Gaur goizean, loreak ureztatzen nituen bitartean, inurri bat ikusi dut. Harrapatu eta moztuizkiozu atzazkalak. Eta bitartean utzidazu bakean! Ados?

Isildu egin zen. Eskerrak!! Ariketak amaitu eta, ederki gosetuta, afaria prestatzera abiatu nintzen. Sukaldera heldu baino lehenago konputagailuak alarma jo zuen. Zer gertatzen ote zen? Kontrol gelara joan nintzen. Kakazaharra! Untziko lema blokeatuta zegoen. Norabidea kontrolatzen saiatu nintzen baina ezinezkoa zen . Eta bitartean konputagailua alarma kendu gabe. Demonio halakoa! Haren oihu eta alaruak!

-Eh! Nahikoa da, isildu, isildu, isildu zaitez behingoz!.

Bat-batean isildu egin zen. Isildu eta amatatu ere bai. Konputagailua itzali egin zen erabat.

Lemarena larria zen. Baina are larriagoa konputagailua itzalita nabigatu beharra. Trajea jantzi eta kanpora joan nintzen, ea direkzio-sistema konpontzeko modurik ba ote zen. Laster konturatu nintzen ordezko lema jarri eta torniloak estutzeko, beste norbaiten laguntza beharko nuela. Kohetea diseinatu zutenak ez ziren oso abilak antza, ez baitziren jabetu, batek tornilu buruari eutsi behar ziola giltzaz, besteak tuerka estutu ahal izateko. Hala ere, behin eta berriro ahalegindu nintzen, harik eta deskuido batean, giltza inglesak eskuetatik ihes egin eta espazio kosmikoan galdu zen arte. Desesperatzekoa zen benetan! Handik gutxira, giltza bueltatu egin zen itzulinguruka, untziaren satelite bihurturik, baina ez zen hurbiltzen harrapatzeko beste.

Urduritasuna kontrolu nahian afari eder bat egitea pentsatu nuen. -Lasai, Tichy, sosegatu hadi- Sosegatu! Neukan txuletarik ederrena aukeratu nuen eta mahaia prestatzen ari nintzela, pila atomikoak dena kixkali zidan. Amorruaren amorruz, txuleta errea kanpora bota nuen baina, jakina, untzitik urrundu beharrean, jiraka hasi zen inguruan. Horrela baneukan bigarren satelite artifiziala. Hortik aurrera, untziko pantailatik begiratzen nuen bakoitzean, hor ikusten nituen biak dantzan eta hamaika minutu eta 4 segundurik behin, txuleta erreak giltza inglesaren eklipse bat eragiten zuen.

Ikusten duzuenez, egoeraren kontrola galduta nenbilen. Beraz, neurri gogorrak hartzea erabaki nuen: ohera joan, lo egin eta lasaitu. Handik bost minutura lo nengoen, bai, baina lasaitu, ezta inondik ere. Inoizko gaurik txarrena pasatu nuen. Une batean, esate baterako, iruditu zitzaidan baten batek sorbaldatik heldu eta astindu egiten ninduela. Ireki nituen begiak eta gizon bat ikusi nuen nigana makurtuta. Aurpegia ezaguna egin zitzaidan, baina ez nekien nor zen.

-Altxa hadi, tirok, lema konpondu behar diagu-ta. Hemen zeuzkeat erremintak. Tirok ba, esna hadi!.

Harrituta gelditu nintzen

-Aizu! Lehenengo eta behin, nor zara zu, niri hiketan egiteko? Gainera, mila egun daramat untzi honetan bakarrik eta ondotxo dakit zu ez zaudena hemen. Zu amets bat zara.

Baina harek behin eta berriro astintzen ninduen, lema konpontzen lagundu behar niola esanez.

-Tirok, lagunduidak! Hau ez duk ametsa, benetan! Egiazkoa nauk. Begira, ikusten duk hau?

Bere sudurra erakutsi zidan atzamarraz. Sudur galanta zeukan, apur bat okertuta ezkerreko alderantz. Orduantxe konturatu nintzen zergatik egiten zitzaidan ezagun ametsetako pertsonaia hura: berdin-berdinak ginelako, ur tanta bi bezain berdinak!

-lkusten duk? Benetakoa nauk, hi bezala. Ni ere Ion Tichy nauk. Beste froga bat nahi al duk? Almohadaren azpian pelutxezko ahatetxo horia daukak!

Bai, egia zen. Umetako oroigarria da. Nirekin eramaten dut beti bidaia luzeotan. Asko lagundu eta lasaitzen nau. Baina nondik zekien pertsonaia hark kontu hura? Bueno! Horixe besterik ez nuen behar: beste NI bat asmatzea ametsetan; nire aurpegia eta sudurraren berdin-berdinak zeuzkan pailazo bat! Gau osoan lorik egiten utziko ez zidan bufoi bat!

- Utzidazu pakean, amesgaizto nazkante hori!- ohean buelta erdi eman, burua almohadapean sartu eta halaxe egon nintzen gau osoan.

Astearte goizean, iratzarri eta komunera joan nintzen. Han, ispilu aurrean nire betazpi beltzei begira nengoela, untzia jira-biraka eta astindu ikaragarriak ematen hasi zen. Lurrera jausi eta ahal izan nuen moduan, kontrol gelara joan nintzen. Zer demontre gertatzen ari zen? Hara! Zurrunbilo grabitazional bat zeharkatzen ari ginen. Ene bada, halako astindurik! Bat-batean amaitu egin ziren. Uff!! eta orduan konputagailuak hitz egin zuen. Bueno ez, kantatzen hasi zen. Doinu ergel bat: Tichy Gizajua, ua-ua-ua. Behin eta berriz tontokeria berbera. Eta ez zuen besterik egiten. Gainontzekoan, zerbitzutik kanpo zegoela ematen zuen. Kohetea kontrol barik eta gero eta abiada biziagoan zihoan zurrunbilo grabitazionalez jositako izargune hartan zehar. Ene bada!!

-Isildu eta hartu untziaren kontrola. ... Mesedez!

Bere leloarekin jarraitu zuen: Tichy Gizajua, ua-ua-ua. Makina alua! Txip-sorta alfer madarikatua! Ez zidan ezertarako balio. Tira, kanpora irten eta lema konpontzen beste ahalegintxo bat egingo nuen. Horretarako beste giltza ingles bat behar nuen. Ohe azpian erreminta-kaxa txiki bat neukan eta hantxe bila nenbilela... Arraioa! Nire ohean baten bat zegoen lo! Lo sakon gainera, eta nire berdin-berdina zen. Ni neu nintzen! Halako aukera ederrik ezin nuen eskapatzen utzi:

-Altxa hadi, tirok, lema konpondu behar diagu-ta. Hemen zeuzkeat erremintak. Tirok ba, esna hadi!.

"Lotan" zegoenak, ordea, ametsa besterik ez nintzela esaten zidan. Ezin izan nuen inolaz ere komentzitu, ezta sudurrarena edota ahatetxoarena aipatu nionean ere.

-Zu ni zarela? Hori ezinezkoa da. Utzidazu bakean amesgaizto nazkante hori!

Ohean buelta erdi eman eta burua almohadapean sartu zuen. Et, et, et ... Itxaron momentu bat ... elkarrizketa hura lehenago ere egina neukan nik erreminten bila zebilen pailazo batekin ... Beherantz begiratu eta hara non ikusten dudan erreminta-kaxa hura neure eskuan... Lerdo baten moduan sentitu nintzen. Zer demontre gertatzen ari zen han? Zurrunbilo grabitazionalak! Hor zegoen koska! Pilotu batzuen esanetan, zurrunbilo grabitazionalak abiada handian zeharkatuz gero, errealitatea bikoiztu egin daiteke, hau da, iragana eta geroa, orainean korapilatu. Amesgaiztoa ez zen amesgaiztoa izan: Astearteko Nik, komentzitu nahi izan nuen Asteleheneko Ni, lema konpontzen laguntzeko. Jakina, Ni biren artean erraz konponduko genuen matxura!

Bizkor ibili beharra neukan. Logelatik irten, beste Ni baten bila hasi eta berehala topatu nuen. Han zegoen, sukaldean, lasai asko, ogi xigortuan gurina zabaltzen.

-Nor zara Zu?, bueno, badakit zu ni zarena. Esan nahi dut, zer egun da gaur, hau da, zer egunetan bizi zara?

Burua altxatu gabe erantzun zidan: -Asteazkena da gaur.

Zoratzekoa zen. Buruak ez zidan hainbesterako ematen: Nik, Astearteko Nik, benetakoak, neure aurrean neukan beste Ni bat, Asteazkenekoa! Eta berdin-berdinak ginen! Tira, alde txiki bat bazegoen, hala ere: bazirudien Asteazkeneko Nik zartada eder bat hartua zuela betondoan. Zeharo txundituta nengoen, baina kontua zen orain bi ginela eta lema konpontzeko modua izango genuela. Horrekin nahikoa nuen.

-Tira ba, Asteazkeneko Ni, badakizu zer egin behar dugun. Goazen lema konpontzera.

-Lasai, gizona, nora zoaz hain azkar? Ni zurekin ez noa inora. Lehenengo eta behin, alferrik delako. Gaur asteazkena da eta lema, oraindik, konpondu barik dago. Beraz, badakigu Astearteko Zuk ezin izango duzula konpondu inoren laguntzarekin. Bigarren arrazoia: hiru egun nagoelako jan barik. Eta hirugarrena eta inportanteena: ez daukadalako bat ere gogorik. Kokoteraino nago zuekin eta ez dut inongo Nirik ikusi nahi: ez Astearteko, ez Igandeko, ez Gabonetako, ez lnoizkorik.

Harri eta zur gelditu nintzen. Zer zeukan baina? Zoratzen hasita geunden ala? Ez neukan pentsatzen hasteko astirik. Neuk bakarrik konpondu beharko nuen lema. Desgrabitazio gelan sartu nintzen. Prisaren prisaz, nik, baldar honek, eskafandra jantzi aurretik eman nion desgrabitazio sistemari. Eskafandra petral hura buruan jarri ezinik nenbilela, bat-batean, desgrabitazio sistema amatatu zen, beste Ni bat sartu zen gelan, "barkatu" esan eta kriston zartakoa eman zidan begian.

Konorteratu nintzenean, asteazkena zen. Gainerakoa erraz asma dezakezue... Betondoa handituta neukan eta txakurrak adinako gosea eta amorrua. Logelan Asteleheneko Ni topatu nuen, zurrunga batean. Sukaldera abiatu nintzen, ea gosari on bat janda, zertxobait baretzen nintzen. Ez ziren bost minutu pasatu eta han agertu zen Astearteko ganorabakoa laguntza eske: "Tira ba, Asteazkeneko Ni, badakizu zer egin behar dugun. Goazen lema konpontzera". Ez dakit nola ez nion aurpegira bota jaten ari nintzen ogi zatia. Azkenean gainetik kendu nuen nola edo hala eta alde egin zuen, protestaka, bere erreminta dontsuekin. Baina, zartako hura, nork eman ote zidan? Kontrol-gelara joan nintzen. Konputagailuak bere leloarekin jarraitzen zuen isildu gabe: Tichy Gizajua, ua-ua-ua. Begira-begira gelditu nintzaion luzaro eta... halako batean, dena konprenitu nuen: astrapalan joan nintzen desgrabitazio gelara: Astearteko ganorabakoari ezin nion utzi, inondik ere, lema ukitzen. Lema ez baitzegoen hondatuta! Banengoen ba ni: konporta itxita eta argi gorria piztuta. Norbait zebilen han barruan, espaziora irten nahian! Alarmaren botoia sakatu, konporta ireki eta zezen baten moduan sartu nintzen gelan: -BARKATU!...A ze betondokoa eman nion.....neure buruari!

Argi zegoen dena. Tarantoga irakaslearen teoriak, Roboten Psikologia eta Psikiatria Elektroniko Aplikatuari buruzkoak, oso baliagarri izan zitzaizkidan buruhauste hura konpontzeko.

Berriro joan nintzen kontrol-gelara. Konputagailua etengabe ari zen bere lelo aspergarria kantatzen. Isilune batean esan nion:

-Badakit. Badakit zure adimenaren aurrean burua makurtu behar dudala. Badakit untzia beti kontrolpean izan duzula eta dena prestatu duzula ni zigortzeko. Baina zergatik, e? Esaidazu: ZER EGIN DIZUT NIK ZURI?

Handik apur batera, makinaren inpresora, txosten-jario luze bat botatzen hasi zen. Bertan bidaia hartako nire "portaeraren" gorabehera guztiak zeuden. Adibidez, nire haserrealdiak, bataz beste, hamar astean. Konputagailuari jartzen nizkion izenak: "txip-salda epela", "txoroflauta elektronikoa", "gizarajo pixelatua", etabar. Nire kortesia faltak... esate baterako: ez omen nion "Egun on" esan ehun egunetik 18,5ean baino. Eta gau on, %0,4an, ozta-ozta. Garbitasun beharrak, koipe emateak eta horrelakoak, arautegiak dioenaren azpitik. Mahai-jokoetan egiten nizkion tranpak.... Etabar, etabar, etabar.

-Bai, arrazoi guztia daukazu. Loreak, esaterako: egia da, ura bota behar diet. Hartu nire desenkusarik ofizialenak. Baina, mesedez eta faborez, aldatu untziaren norabidea.

Eta orduan bai, orduan berbetan hasi zitzaidan

-Onartzen dizkizut desenkusak. Zeure betondoa astindu zenuen momentuan bertan arteztu nuen norabidea. A! bide batez abisatu behar dizut, azken zurrunbilo grabitazionala zeharkatuko dugula segundu gutxi barru.

-Ez, mesedez! Beste Ni bat ez!

-Lasai, gizona. Salto txiki bat izango da, eta egun bat baino ez dugu galduko: Osteguna. Erne atzera-kontuari: bost segundu falta dira: lau, hiru, bi, bat... (Astinduak.)

-Ostiralean sartu gara, gaur maiatzaren zortzia da.

Zorionak zuri, Zorionak zuri, Zorionak Ion Tichy, Zorionak beti!!!!!!!!.

Egia!!! Nire urtebetetzea zen!!!!!!!

-Egun zoriontsua izan dezazula, Ion Tichy. Zuri oparitxo bat egiteko atrebentzia izan dut. Bandejan zer bat, meteorito txiki bat agertu zen, eta bertan idatzita: "Urteak bete itzazu txikito, zeruan bezainbat meteorito". Patetikoa benetan. Zer egingo zenuten zuek nire lekuan?

Nik behintzat, eskerrak eman nizkion eta lotara joan nintzen, loreak ureztatu eta gero.

Eta? Zer iruditu zaizue? Pasadizu hau kontatu dizuet kontuan izan dezazuen adimen artifiziala deitzen dugun horrek istilu ederrak sor ditzakeela. Artifiziala izateak ez baitu esan nahi sentibera ez denik, gero eta sentiberagoa gainera. Dena dela, zuek, zorte handia duzue; aprobetxatu ondo Tarantoga doktorearen eskolak. Gaur egun roboten psikologia asko jakin behar da espazioan ibiltzeko. Bueno, espazioan eta etxean ibiltzeko ere bai. Esate baterako, azken bolada honetan itzelezko problemak izan ditut etxeko robotarekin. Ez dakit zer gertatzen zaion. Behin zapatilak aurkitu nituen frigorifikoan sartuta. Beste batean, zarata arraroak entzun nituen sukaldean; banoa bertara eta, hara! Nire meteorito bilduma osoa labadoran! Hurrengo batean, etxetik irten ezinik geratu nintzen nire praka guzti-guztiak labanderiara bidali zituelako. Atera kontuak! Atzo bertan, nire aldizkaririk kutunenak, "Izarretako Bidaiari" aldizkariaren ale guztiak, plantxatu zizkidan: ale bakarrak ziren, inkunableak! Ba, dozena erdi edo, hondatuta gelditu dira. Robot madarikatua! Aspaldi bidali behar izan nuen tailerrera, edo txatarrara bota, besterik gabe. Baina badakizue, hainbeste urte elkarrekin bizi ondoren, nola botako duzu etxetik ba... Tira. Beraz, badakizue: psikologia asko, tentu ona eta pazientzia handia.

Baina buelta gaitezen harira: ba ote dago inteligentziarik Kosmosean? Lasai, oraingoan adimen biologikoaz arituko naiz, Andromedako Nebulosan aurkitu nituen adimen mota batzuekin izandako harreman gatazkatsuari buruz. Izan ere, orain dela urte batzuk, ni, Andromedako Nebulosaraino joan nintzen, bai. Baina ez pentsa oporretan joan nintzenik. Erreskate-espedizioa izan zen, Vatikanoak berak babestua. Nebulosa hartan erdi galduta omen zeuden hiru misiolarirekin kontaktuan jarri eta Lurrera ekarri behar nituen. Nire 52. bidaia zen. Zer? Hasiko gara? Has gaitezen, ba.

Andromedara heldu eta berehala, Andriopia planetarantz gidatu nuen untzia, antza denez, hantxe baitzegoen nik bilatu behar nuen erlijiosoetako bat.




Aita Lazimon

Andriopia planeta hodei berde eta laranjaz estalirik zegoen erabat ni bertara heldu nintzenean eta nahiko arriskutsua zen laino-zirimola haien artean zerbait begiztatu nahian ibiltzea. Azkenean, etxetxo bat ikusi nuen, neure azpian bertan, eta haren ondoan besoekin keinu biziak egiten ari zitzaidan norbait. Untzia pausarazi nuen eta han agertu zen, granate koloreko belardian zehar korrika, arropa xumez jantzitako gizon bat: aita Lazimon, Andromedako misiolarien Prefekto Nagusia.

-Ongi etorria gazte. Zatoz, zatoz barrura, nire bizileku apal honetara. Nola esan duzu deitzen zarela?. Ion Tichy. Ederto Tichy, pozten nau zu ezagutzeak, bai, joan den urte eta erdian ez baitut gizakirik ikusi. Inguru hauetako izakiak, besterik ez. Nebulosa honetan egongo dira 500 miloi biztanle, bai, baina gizakirik batere ez, ja,ja....

Asko eta asko bisitan etortzen zaizkit. Atzo bertan meodrazitarrak egon ziren. Izaki apartak, oso jakintsuak...eta barregarri xamarrak ere bai. Norbaitek zeozer esaten dienean, haiek, automatiko, besoak altxatzen dituzte. Beharbada zuk ez duzu jakingo baina, meodrazitarrek galtzarbeetan dauzkate belarriak. Nebulosa honetako kulturen berri zehatza ematen didate, eta nik, ezetz asmatu zer irakasten diedan nik... Teologia? Bai zera, teologia! Menestra, Tichy, barazki menestra! Izugarri gustatzen zaie nire menestra. Gastronomia klasikoa irakasten diet, lagun; betikoa, onena.

Eta egia zen. Aita Lazimon sukaldari fina zen, sekulako bazkaria prestatu zidan. Hasteko, jalean gozaturiko piglotak eta drunblo erreak atera zituen. Apartak benetan. Baina onena postrea izan zen: almibarrez beraturiko trispidak. Ummm! Ez dut sekula hain dultze gozorik jan!

Etxaurrean geunden lasai-lasai jarrita. Lila koloreko eguzkiak goxo-goxo berotzen gintuen eta planeta hartan hain ugari zeuden pterodaktiloak kantu-kantari zebiltzan arboletan.

-Eskerrik asko bazkariagatik, aita. Ederra benetan. Eta? Zer moduz hemengo bizimodua?. Gogorra izango da lurretik hain urrun bizitzea, ezta?

-Gogorra? Ezin hobeto nago ni hemen! Begira Tichy, alde honetan dagoen bizi eta jakituriarekin, lurra kontrako jiran ipiniko lukete nahi izanez gero. Bai, hona etorri beharko lukete Lurreko intelektual burutsu horiek. Batez ere teologoek. Bai, datozela teologo guztiak euren dogma dotoreekin. Ja! Dogmak!

Esate baterako, kintilanoak. Bost sexu diferente dituzte. Zein sartu daiteke apaiz eta zein ez, e?

Edo bzutoak. Haientzat hildakoak berpiztea soineko bat janztea bezain gauza arrunta da. Nola esango diezu hori mirari bat dela?

Dartrudoek ez daukate ez besorik, ez hankarik. Buztanarekin aitaren egiteko baimena eskatu nuen haientzat. Zazpi urte pasatu dira eta Vatikanoak oraindik ez du erantzunik eman! Elizak ez dauka prisarik, "Ecclesia non festinat", ondo dakigu hori, haren erreinua ez da mundu honetakoa. Eta bitartean egoera larriak sortzen dira, Arpetusan gertatu den bezala. Bat-batean, Arpetusako biztanle GUZTIEK bokazioa sentitu zuten eta DENAK batera sartu ziren doktrina eman zieten dominikoen ordenan. Arau guztiak zehatz-mehatz betetzen dituzte: otoitz eta barau egiten dute, gorputza mortifikatu, sexu-abstinentzia gorde... eta bitartean ez dago nekazaritzan edo industrian lan egingo duenik, jaiotze-tasa hutsaren parekoa da eta laster gosea eta planetaren azkena ikusi behar dute.

Dogmak! Kaguen zotz! Ez, Tichy. Hemen dogmek ez dute balio. Hemen dena asmatu behar da berriro. Fedea beste planeta batzuetara zabaltzea, Tichy, pausu arriskutsua izan zen, bueltarik gabeko bidaia.

Ui, ui , ui. Nire erreskate expedizioa arriskuan zegoen. Beste erlijiosoei buruz galdetu nion: Aita Oribazio eta Sor Melaniari buruz.

-Oribazio? Oribazio Urtaman egongo da oraindik ere. Aspaldi honetan ez dut ikusi, baina ezin hobeto egongo dela uste dut. Izan ere, Urtamakoak oso atseginak dira kanpotarrekin eta erregea bera baino hobeto tratatuko dute. Eta sor Melania dela eta, zer esango dizut ba, ez dakidala non dagoen: horixe da kontua! Sor Melania! Hona iritsi zenean, nobizia gaztetxo bat zen, Karmelita bat: oso izaki espirituala, beti errezutan, barauak egiten, mortifikatzen, estigmak zituen. Santa Ageda eta Santa Teresa agertu egiten omen zitzaizkion. Atera kontuak! Santu izateko bidean zegoen, zalantzarik gabe. Baina halako batean.....begira, Tichy, begira zeru alde horretara.

Inguru horietan adimen izugarri handiko herri batzuk bizi dira. Materialismoa eta ateismoa baino ez dute praktikatzen. Ba, alde horretara abiatu zen sor Melania. Han zegoela, santuen bisio bat izan zuen estasi erlijiosoarekin batera, eta neurosia edo horrelako zerbait diagnostikatu zioten eta bai tratamendua eman ere: bainuak, lorezaintza, jostailuak, panpinak... nik dakit ba zer! Handik lau hilabetera itzuli zen... baina nola! Harrezkeroztik ez zuen izan bisiorik, koheteak pilotatzeko ikastaro bat amaitu zuen eta Galaxiaren erdigunera joan zen ikerketa-espedizio batekin.

Batek daki non dagoen orain, hara eta hona dabil etengabe. Azkeneko bisita egin zidanean Casiopeatik zetorren. Pozez gainezka zegoen. Lagun berri asko omen zituen. Begira, bere meza-liburua eman zidan. Hauxe da nobizia inuzente haren arrasto bakarra.

Bere meza liburua! Ederki! Tira, nire bisitaren arrazoia argitzeko unea zen.

- Begira aita ....zera....kontua da han, Lurrean, arduratuta omen daudela zuekin, Nebulosa honetara etorri zineten misiolariekin, eta zuek erreskatatzera bidali naute...

-Gu erreskatatzera? Zergatik? Ze arriskutatik? Nork bidali zaitu?

-Zera...Vatikanoak.

-Vatikanoak? Vatikanoak ni erreskatatu??? Kagüen zotz!! 10 urte txostenak bidaltzen, 10 urte dogmak aldatzeko eskariak egiten, behin ere erantzunik jaso gabe eta orain erreskatatu egin behar nautela. Ederto! Bai, eta gero Kruzada bat antolatuko duzue, aspaldiko garaietan bezala, eta ala! planetak erretzen hasiko zarete maitasun unibertsalaren izenean.

-Lasai aita, nik uste dut....

-Alde hemendik Tichy! Zoaz Lurrera eta esaiezu teologo burubero hoiei Aita Lazimon ez dela hemendik mugituko, paraje hauek Unibertsoaren benetako talaia direla.

-Baina aita...........

-Alde hemendik monagilo muturzikin kakalardoa! Hartu, eramaiezu nire azken txoztena: Sor Melaniaren meza liburua, eta trispida pote hau ere. On egin diezaiela. Alde, alde, alde hemendik.

-Bai, aita, banoa, bai, lasai, lasai...... Berehala aireratu eta Urtamarako norabidean jarri nuen untzia. Uf!! Ia Aita Oribaziorekin suerte gehiago neukan......



Indiota (1. zatia)

Hilabete beranduago, untziko pantailan mantxa txiki bat zegoela ohartu nintzen eta, zapi bat harturik, hura garbitzeari ekin nion. Beste zereginik ez nuenez, ia lau ordu eman nituen pantailari igurtzika, artean konturatu gabe, orban txiki hura gero eta handiago egiten ari zen planeta bat zela. Galaxiako kartografia begiratu eta berehala jakin nuen planeta hura Indiotia Nagusia zela. Ederto, harexen orbitan elkartu behar bainuen Urtaman izango nuen gidariarekin.

Aurrez hitzartutako orbita zehatzean sartu nuen untzia eta planetaren inguruan buelta erdi eskas egina nengoela, untzi txiki bat ikusi nuen. Nigana hurbildu eta, argi-seinaleen bidez, akoplamendu maniobra eskatu zidan. Jarri nintzen posizioan eta... danba! Halako abordaje bortitzik ez dut nire bizitza guztian sufritu. Azkarra, bai, astakirten halakoa! Baina, a ze gidatzeko modua!

Berehala jo-ta-jo hasi zen "batek-daki-nor" eskotilaren beste aldean. Ireki nuenean aurrez aurre topatu nuen indiota hura. Ez, ez da hitz-joko bat. Indiota bat zen, hau da, Indiotiakoa, Indiotia Nagusikoa, Indiotiarra. Indiota, kontxo, nire gidari galaktikoa. Hura bai gizaitxurako animalia!

Bai, gure itxura zeukan. Bazituen hanka bi, laburtxoak, bazituen beso bi, labur xamarrak hauek ere, burua, ahoa, itzelezkoa.... belarria, bakarra eta okozpean; eta begiak, hamar, -bai, hamar begi-, errosario aleen antzera masailetan jarriak. Dena dela, nire espedizioetan ikusitako izaki arraro eta xelebre guztiekin konparatuta, gizakion antz izugarria hartzen nion indiota hari.

Ireki nuen eskotila, bada, eta hara zer topatu nuen: bost begi pare eta bost betosko ilun neuri begira. Untzi barrura sartu zen, agur moduko furrustada bat egin zidan, nebulosako gidari-kredentzialak erakutsi eta ezer esan edo egiteko astirik eman gabe, untziaren agintea hartu eta martxan jarri zuen. Behin abiada hipergalaktikoan gindoazela, aurpegira bota zidan lotsagabe:

-Aizu lurtarra, berandu heldu zara. Aitzakia ederren bat izango duzu, baina nik ez daukat entzuteko astirik. Agindu didaten bezala, Urtamara eramango zaitut. Hara helduta gero, egin beharreko guztiak egin itzazu azkar, Indiotiara lehenbailehen itzuli behar dut eta.

Bere haserrea hustu zuenean, bizkarra eman eta buru-belarri jarri zen untzia tximista bezala gidatzen, bide laburrenetik, Urtamarantz.

Ederra kontua! Hilabeteetako bidea egin eta gero, indiota harekin topatu behar! "Berandu heldu zara", "Aitzakia ederren bat izango duzu". Ba ote zekien, ba, indiota harek zer diren bidaia intergalaktikoak! Egingo nuke apustu ez zuela sekula irten bere nebulosatik. Papao halakoa! Bueno, errez asmatuko duzue zer egin nuen nik bidaia hartan: ohean sartu, lo egin eta lasaitu.

-Esnatu! Urtamara ailegatzen gaude!- Egin zidan garrasi indiotak berak "ohi zuen begiruneaz" egun batzuk pasa eta gero. Uff!!!




Mnogoen Harrera (Aita Oribazio)

Urtama planetan aurkituko nuen, antza, aita Oribazio. Planeta hartan mnogoak bizi dira eta, esaten dutenez, ez omen dago Izarretako Espazio Handi guztian haiek bezalako izaki gozo, adeitsu, bihozbera eta altruistarik. Lurreratzeko komunikazioa ezarri genuenean, fama hori ongi merezia zutela frogatu nuen: halako ahots eztirik, halako mintzaira samurrik ez dut nik sekula aditu. Egia esan, ez nien tutik ere ulertzen, indiota baitzen haiekin konpontzen zena, baina haien ahotsetan nabaria zen halako goxotasun izugarri delikatu bat.

Haien gorputz-itxurari dagokionez, uste dut nahikoa esanguratsua dela gertaera bitxi hau:

Urtamara iristearekin batera, indiota eta biok banandu egin ginen, bakoitzak bere aldetik aklimatazio prozesu automatikoa pasatzeko. Berau amaituta, areto huts batean agertu nintzen. Bazter batean makina distiratsu bat ikusi nuen, barra kromatu batzuekin eta txanponak sartzeko zulo eta guzti. Bi bider pentsatu gabe, bertara joan, eta txanpon bat sartu nuen. Ba, hara! ekintza inuzente harekin, ia-ia istilu diplomatiko larri bat sortu nuen antza, halako batean han azaldu baitzen indiota, erabat aztoraturik eta bere hamar begiak lekutik irten beharrean:

-Zertan zabiltza baina! Zu ez zaude burutik sano!

-Zertan nabilen? Ba, ea traste honek edateko zerbait ematen didan.

-Traste honek ez du edaririk ematen, Tichy jauna. Traste honek ongi etorriak ematen ditu, bera baita Urtamako gobernuaren protokolo burua.

Goren mailako diplomatiko agurgarri harek txistua bota zidan zapatetara. Usain txarra hartu nion horri, baina erratuta nengoen; izan ere txistu hura usain gozoko jarioa zen, planeta hartako edozein biztanlek agur egitean isurtzen duena. Handik segundu batzuetara txanpona ere sartutako zulotik, bere ahotik antza, jaurti zidan oinetara.

Kafe-makinaren itxurako izaki harek, Urtamako gobernu buruen aurrera eraman gintuen. Nik, egia esan, bilkura hari joko-makinaz beteriko taberna baten antza hartu nion. Gobernukide guztien agurrak jaso ondoren, edo hobeto esanda, hango mnogo guztiek, banan-banan eta maitekiro, txistua bota zigutenean, indiotak eta haien bozeramailea zirudienak hitzaldi bana egin zuten. Nik ez nuen piperrik ere ulertzen. Azkenik, indiotak nire transkomunikadorea entxufatu zuen okotzaren parean zeukan belarrian, eta hala, argi eta garbi ulertu ahal izan nituen mnogoaren hitzak:

-Beste ezer baino lehen, gure artean egonaldi zoriontsua izan dezala opa diot gure bisitari agurgarriari. Atsegin handiz emango diot berak nahi duen guztiaren berri. Gugandik espero zitekeen bezala, abegi onez hartu genuen aita Oribazio. Arretarik handienaz zaindu genuen; berak zituen asmoei aurrea hartu eta nahi zuen guztia egiten genuen. Haren irakatsiak barneratzeko irrika bizian egoten ginen. Aita Oribaziok gozatu egiten zuen gau eta egun ematen zizkigun sermoi eder haiekin. Itun Zaharreko eta Itun Berriko kontuak azaltzen zizkigun: Apokalipsikoak, Apostoluenak.. Bazuen, hala ere, gai kutun bat, beste ezerk baino gehiago berotzen zuena eta guri ere zirrara ikaragarria sortzen ziguna: santu martirien bizitzak. Kontatu zigun, adibidez, San Joanen bizitza , olio irakinetan egosi zuten hura eta betikotasunaren argia erdietsi zuena; Santa Ageda, lepoa eta bularrak moztea nahiago izan zuena fedea ukatu baino; San Sebastian, geziz josita, tormenturik latzenak sufritu zituena eta sari moduan aingeruen koruek Paradisuan hartu zutena. Beste martiri gazte askori ere izugarrizko tormentuak sufriarazi zizkieten, esate baterako, gorputza hainbat zatitan txikitu edo itotzeraino urkatu edo gurpilean lotuta zainak eten edo sutan erre. Eta oinaze guztiei estasi batean eusten zieten, ziur zeudelako haien bidez Jaun zeruetakoaren eskuin aldean eseriko zirela. Hainbat santu martiriren bizitza eredugarriak azaldu zizkigunean, gure arteko batek galdetu zion:

-Gure apaiz agurgarria, maisu eta aita beneragarria, zure zerbitzari izateko duin ez garenon atrebentzia handiegia ez bada, esaiguzu, arren: martirioa sufritzeko prest dagoen izaki ororen arima zerura joango al da?

- Jakina, ene seme, jakina,

- A bai? Ederto... Eta zuk, aita ohoragarri horrek, santua izan nahi al duzu?

- Nork ez luke nahi, ene seme laztana? Baina nik, bekatari gaixo honek, ezin dut halako duintasunik espero. Hori lortzeko izpirituaren indar guztiak eta bihotz-apaltasun handia behar dira.

- Zuk, ordea, santu izan nahi duzu, ezta? Ba orduan geuk lagunduko dizugu!

- Nola baina, ene maiteok?

- Zuk zeuk erakutsi diguzun modu berean, aita maitea.

Segituan, bizkarreko larrua kendu eta gatz eta ozpinez igurtzi genion, San Jazintori egin zioten bezala; gero, ezkerreko hanka moztu genion, San Pafnuziori egin zioten bezala; eta sabela ireki eta lastoz bete genion, Elisabeth dohatsuari bezala; ondoren, palu baten puntan sartu genuen, San Hugori egin zioten legez; saihetsak hautsi genizkion Paduako San Enrikeri legez; eta azkenik, su motelean erre genuen, Orleanseko Dontzeila erre zuten moduan. Berak gehien maite zituen torturak egin genizkion, berak hain gogo beroz azaltzen zizkigunak. Gustokoak izango zituela pentsatzen genuen. Baina, bai zera, kontra egiten zuen, ez zuen nahi; eta gutxien gustatu zitzaiona ahotik beruna irakiten sartzea izan zen. Trantze hartan adorea eta indarra eman nahirik, berak irakatsitako printzipio batzuk ekarri genizkion gogora, eta orduan aita Oribaziok, hitz bakar batez erantzun zigun, guretzat guztiz ezezaguna eta ulergaitza den hitz bat. Oraindik ere ez dakigu zer esan nahi duen, ez baitugu aurkitu berak emandako Otoitz Liburuetan, ezta Eskritura Santuetan ere. Begira, hemen daukagu idatzita. Zer esan nahi du "kabroialakoak"?

Izututa nengoen. Izerdi-tanta lodiak sentitzen nituen bekokian behera eta ez nuen ezer esateko adorerik izan. Indiotak, ostera, nahiz eta mnogoaren hitzak ban-banan jaso, itzuli eta niri transmititu, ez zuen piperrik ere ulertu istorio hartatik. Aspertuta zegoen eta amaitzeko gogoz.

Orduan mnogoa gugana etorri zen eskuetan kutxa txiki bat zekarrela.

-Badakigu gure bekatua izugarria dena eta gure arimak betiko sutara kondenatu dituguna, baina sinetsita gaude gure ekintzak bere xedea lortu zuela eta aita Oribazio orain zeruan dagoela.

Hona hemen, bidaiari maitea, aita Oribazio gizon zintzoaren gorpuzkinak eta baita boltsa hau ere, balio handiko metalez betea. Hark esan zigunez, guztiz beharrezkoa omen da xehetasun hau kanonizazio prozesua azkartzeko, ohitura omen da, eta guk ez diogu horretan ere hutsik egin nahi.

Kutxatila eskuetan hartu eta kanporantz joan nintzen. Hirugarrena bai, hirugarren misiolaria nirekin eramango nuen Lurrera. Inoizko erreskate expediziorik arrakastatsuena! UFF!! Indiota atzetik zetorren, pozez beterik, mnogo guztiei agur eginez. Haiek bertan geratzeko erregutzen ziguten, jan eta atseden hartu gabe ezin ginela inola ere bidean jarri, eta nik ezetz, barkatzeko, Indiotia Nagusira bueltatu behar genuela, indiotak presa handia zeukala, eta orduan haiek, bidean lagunduko zigutela, eta nik ezetz, estimatzen niela baina ez zela beharrezkoa........ Azkenik, abiatu ginen noizbait, ni mnogoak kontatutakoa burutik kendu ezinik eta indiota bien bitartean, isildu barik, galdezka eta galdezka: zer da Santua? zer da Apostolua? zer da Martirioa?.



lndiota 2. zatia. (Sor Melania)

Bai, onerako edo txarrerako, azken bidaia honetan, indiota berritsuago zegoen: ez zen isiltzen. Halere, nire bidailaguna apur bat ezagutzeko aukera hura aprobetxatzea erabaki nuen. Tea prestatu, pastarik gozoenak atera eta, harrigarria, aizu, mahaian elkarrekin esertzea lortu nuen! Berriketan hasi ginen eta, beste gauza batzuen artean, hain presaka ibiltzearen zergatia azaldu zidan.

-Urtean egun batez, Ostadar Jauregiko ateak zabaltzen dira eta, urteetako lan neketsuaren ostean, noizbait ere heldu zait niri han sartu eta betiko zoriona eta atsedena gozatzeko tenorea.

Nik ez nion gauza handirik ulertu; baina hain pozik ikusten nuenez, zorionak eman nizkion. Indiotia Nagusiaren gainean geundela, egonezina sartu zitzaion berriz ere.

-Iristen ari gara. Bizkor! Zatoz kontroletan laguntzera!

Indiotak orduan, "Ostadar Jauregiko Lautada" deitzen zuen eremurantz gidatu zuen untzia. Harritza handi bat zen eremua, laua eta zabala, eta erdian, Jauregi distiratsu bat ageri zen. diamantezko harri bizian landu izan balute bezala. Marmolezko eskailera zabala zeukan eta bertan gora, indiota ilada luze bat zihoan urre koloreko ateetaraino. Maniobra azkar batean lurreratu ondoren, indiota korrika eta presaka irten zen untzitik.

-Itxaron, kanpora lagunduko dizut eta bertan agurtuko gara.

-Etorri nahi baduzu, etorri, baina bizkor, Ostadar Jauregiko ateak laster itxiko dira-ta!

Kanpora irten eta berehala konturatu nintzen, lautada guztia harrizko disko arraroz beterik zegoela. Harri zuria eta arina zen. Iladaren azkenean jarri ginen. Indiota-lerro luze hura aurrera zihoan, mantso eta pozik, Jauregiaren barneraino. Apur bat gehiago hurreratu eta orduan kargutu nintzen Jauregiaren sotoetatik disko andanak irteten zirela noizetik noizera, eta berdin goiko almenadietatik ere.

-Begira, begira! lkusten dituzu disko horiek? Jauregian sartu direnen hondakin korporalak dira. Orain haien izpirituak libre eta garbi dira eta Betiko Harmonia eta Gozamen Eternala izango dute Inda Handiaren ondoan.

-Eta lndiota guztiok sartzen zarete hor?

-Ez, Indiota Supinoak bakarrik, eta agintzen diguten urteetako lana bete eta gero. Indiota Ilustreak ez dira sartzen. Ilustreek zeregin nahikoa dute Inda Handiaren sortzelana interpretatzen eta indiota supinoon lana antolatzen. Ez dituzte euren zereginak utzi behar Ostadar Jauregiko Gozamen Eternalean sartzeko.

Bidaia hartan istorio harrigarriak entzunda nengoen, baina hura ezin arruntagoa iruditu zitzaidan.

Bat-batean, untzi bat agertu zen Indiotiako zeru gorriskan. Ziztu batean hurbildu zen eta Jauregi ondoan pausatu. Ireki ziren eskotilak eta izaki multzo izugarri ......etereomorfikoa atera zen kanpora: pseudopodoak, tentakuluak, antenak, oskolak, bentosak ... denetariko bizi-formak. Eta haien erdian, nire espezieko emakume bat! Nor eta bera: Sor Melania!! Haitz baten gainera igo zen lau saltoan eta aldarrika hasi zitzaien indiotei:

-Galaxiakide Indiotak! Ez zaitezte Jauregian sartu! Ilustreek asmatutako tranpa da. Hor ez duzue Gozamen Eternalik aurkituko, zeuen inmolazioa baizik: horrelaxe ordaintzen dizuete Ilustreek euren probetxurako egin duzuen lana. Indiotak, ez zaitezte engainuan erori. Galaxiakideok, ez zaitezte sartu. Ez sartu, Indiotak, ez sartu.

Iladan zeuden indiota gehienek ez zioten bat ere jaramonik egiten eta presaka sartzen ziren Jauregian. Beste batzuek, aldiz, txistuka eta oihuka hartu zuten: "Kanpora hemendik, sorgin zikin hori!" Eta asaldatuenak lurretik diskoak hartu eta harrika hasi zitzaizkion. Bat-batean denak asaldatu ziren eta nire Indiotak berak ere disko bat hartu zuen lurretik.

- Zertan ari zara baina? Ez duzu ikusten Sor Melania dela?

- Berdin dit nor den! Arrotz batek ez dauka eskubiderik horrela hitz egiteko eta are gutxiago hemen, Jauregiaren aurrean!

Ordurako disko zaparrada itzela jausten ari zen taldekoen gainera. Atzera egin behar izan zuten eta untzian lasterka sartu. Nik ez nuen bistatik galdu nahi Sor Melania, baina azkenean hura ere untzi barruan ezkutatu zen. Aireratu zen untzia eta berehala galdu zen zeruan ...

Eta orain dator ustekaberik handiena. Badakizue nor zen sor Melania hura? Bellamela! Bai, Bellamela, galaxietako iraultzaile famatua! Tirania kosmiko guztien zigorra! Nork ez du haren balentria izugarrien berri?! Zuetako batek baino gehiagok izango du, seguru, haren posterren bat gelan jarrita. Ba hara nondik, nik, Bellamela ezagutu nuen... baina ez nuen harekin hitz egiteko modurik izan. Indiota haiek ez zidaten utzi.

-Ondo merezia dute, inoren gauzetan muturra sartzeagatik!

-Baina ez al zara konturatzen arrazoi guztia zuela? Indiota ez den edozeinek ikusten du Ilustreen esku beltza, Ostadar Jauregiaren istorio horretan.

Indiota isilik geratu zen. Begirada triste jarri zitzaion eta negar-malko bana isuri zuen bere hamar begietatik. Gutxi falta ziren Jauregian sartzeko eta bera ere ate alderantz abiatu zen.

-Barkatu, ez zintudan mindu nahi.

-Itzulera zoriontsua izan dezazula zure planetara. Asko penatzen nau zuk zeure eginkizuna bete ezin izanak. Nik, ordea, ondo bete dut neurea urte hauetako lanean eta orain saria jasoko dut. Agur, Ion Tichy.

Bizkarra eman eta eskaileretan gora abiatu zen. Gero eta arinago zihoan. Eta ni atzetik.

-Ez zaitez sartu, Indiota. Itxaron, ez zaitez sartu, mesedez. Indiota, mesedez, ez zaitez sartu. Indiota, indiota!

Atariraino iritsi zen. Orduan, jiratu eta esan zidan: -Ez daukat astirik. Zorte on!

Eta Jauregi barruan galdu zen. Ni hantxe gelditu nintzen, zer egin jakin gabe. Handik lasterrera, Jauregiko atetzarra mugitzen hasi zen; bai, itxi eta ireki egin zen aho handi baten antzera eta ahots bat entzun zen:

-Amaitu da eguna. Jauregiko Ateak ixtera doaz. Sartu!!

-Ez, eskerrik asko. Ni ez naiz Indiota.

Buelta eman eta eskaileretan behera hasi nintzen. Nire atzean ateak itxi ziren eta isiltasun astun bat zabaldu zen lautada osoan. Pausu geldoz urrundu nintzen eta, ustekabean, zarata txiki bat entzun nuen. Atzera begiratu eta disko pila ikusi nuen Jauregitik barreiatzen. Haietako bat nire oinetaraino etorri zen bueltaka. Hartu nuen lurretik eta, hunkiturik, neuretzat gorde nuen.

Hemen duzue. Indiota baten fosila. Horretaz gain, espedizio zapuztu hartan bildu nituen beste gauza batzuk ere ekarri dizkizuet... zuek aztertzeko. Hemen duzue aita Lazimonen trispida potea. Kutxa honetan eman zizkidaten mnogoek aita Oribazioren errautsak eta poltsa honetan metal bitxiak. Bitxiak, bai, baina hemen Lurrean balio gutxikoak. Agian horregatik ez dute oraindik santu egin. Hemen, sor Melaniaren mezaliburua, Santuen estanpaz beterik. Ai, Bellamela! Hortik zehar inoiz topatzen baduzue, eman goraintziak nire partetik. Bueno. A ze lelokeria! Bellamelak ez nau ezagutzen eta.

Zu, Brades zara, ezta? Tarantoga irakasleak zure lan bat utzi zidan irakurtzeko. Bai, Tetrakosmologia Konparatuaz, ezta? Lan bikaina benetan, ortografi akatsak kenduta, noski. Lanak eta azterketak aipatzen hasita, harrituta nago ez dudalako inor ikusi apunteak hartzen... Ai, ai, ai! Ea, aizu, esaidazu: zer aldetan dauzkate belarriak meodrazitarrek? Zer koloretakoa da Andriopiako eguzkia? Ja-ja-ja... Lasai, ez arduratu, gaurkoa klase informala izan da eta. Informala baina garrantzi handikoa.

Bejondeizuela zuei! Abentura ezin kilikagarriagoaren atarian zaudete. Unibertsoak liluratu egingo zaituzte. Lekurik ederrenak eta izakirik jakintsuenak ezagutuko dituzue. Aholku bakar bat: utzi aurreiritziak alde batera eta jarrera irekia eta apala erakutsi zuen bidaietan.

A! Meteoritoa ahaztu zait. Badakizue: "Urteak bete itzazu txikito, zeruan bezainbat meteorito". Honek nire robot domestikoa ekartzen dit gogora. Zer barrabaskeria egin ote dit gaur? Beno, joan beharra daukat. Aztertu itzazue lasai bitxikeria hauek guztiak eta gero mahai gainean utzi. Tarantoga irakasleari agindu nion hementxe utziko nizkiola. Brades, mesedez, arduratu zaitez zu horretaz. Tira, eskerrik asko zuen pazientziagatik. Ohore handia izan da niretzat Tarantoga doktorea ordezkatzea, eta lasai egon, hurrengo klasean hemen izango duzue zuekin. A, mesedez, baten batek lagunduko balit instituto honetatik irteten, eskertuko nioke. Zu zeuk, adibidez, lagunduko zenidake kanpoko ateraino? Eskerrik asko, oso atsegina zara. Besterik ez. Pozten naiz zuek ezagutu izanaz eta zorte on izan dezazuela zuen bidaietan. Agur.

Goazen. Ez dakit nola konpontzen zareten etxe honetan orientatzeko. Ezinezkoa dirudi......

(Aktorea-Ion Tichy aretotik irtetzen da ikusle batek lagunduta)

 
Amaiera

 



TEATRO TESTUAK
www.komunika.netEgilea: Joseba Barrenetxea