Sexua.org.asmoa
Kepa Gallego
Sexua.org.asmoa
Kepa Gallego
Artezblai, 2011
Sexua.org.asmoa
Kepa Gallego
Artezblai, 2011
[aurkibidea]

Aurkibidea

Aurkibidea

 

Eskenatokiaren hondoan ohe bat ikusiko dugu (bertikala). Egon badago, baina —bizitza errealean bezala— oso gutxitan erabiliko da ikuskizunaren zehar. Behar bada, bukaeran eta modu txarrez.

Argia egiten denean neska bi agertzen dira alde bietatik. Hitz egingo dute bestearen presentzia kontuan hartu gabe.

 

NESKA 1: Jode, kriston azkurea daukat tortolian!

NESKA 2: Morroi guztiak gustatzen zaizkit, baina den-denak, e! Ez dago mutil itsusirik, “kallo” bat baldin bada, saku bat burutik jarri eta bost axola. Txortan jo ta ke!

NESKA 1: Ez egin dudarik. Mutil guztiak marikoiak dira; beno, nire aita eta nire neba izan ezik, noski.

NESKA 2: Ez dago gizon inpotenterik, emakume ezjakina baizik.

NESKA 1: ...Eta, orduan, burua hartu nion, baina ongi eutsita, tinko eh!, esku biekin, eta “azkaraino” jaitsi nion. Motxina jan zidan diafragmaraino. Saltsa eta guzti.

NESKA 2: (Mobiletik) Julene? Hitz egin dezaken? Aizan, Brasilgo idixko-talde bat ekarri berri diten Adonis klubera... Mulato katxarroak. Ganadu fina. Zer, baietz omenaldi bat bulegotik irten ondoren?... Bo, neska! Hire senarrak ez din zertan jakin behar. “Polbo” azkar bat eta etxean afal ordurako.

NESKA 1: Ostixe! Aluraino nago Galindezekin, bai administrazio sailekoa. Ez dago deretxorik! Beti buztana agerian bakeroen azpitik. Fimosia begietatik sartu nahi digula ematen du. Hara, egunen batean “kalientaspollas” horri, ustekabean, mamadatzarra egingo diot kafe-makinaren atzean, kafesne luze bat atera arte; baina luze-luzea, e! Jode! Ea behingoz ikasten duen ezin dela hortik ibili benetako emakumeok probokatzen. Kabenzotz, ez gara eta harrizkoak!

NESKA 2: Ba al dakizu zein den nire sexu-fantasiarik izkutuena? Morroitzar bi ohe gainean izan, elkarri ipurditik sartzen, nik kanpaitxoa jotzen dudan bitartean, besaulkian eserita, hankak zabal-zabal eginda.

NESKA 1: (Harrituta. Tonu aldaketa. Besteari) Aizan, barkatu, ez gaizki hartu, baina, hik, zergatik hitz egiten dun sexuaz?

NESKA 2: Nik? Arazo bat daukadalako, noski.

NESKA 1: Sexuarekin?

NESKA 2: Ez, sexuarekin ez. Aurretik eta ondoren.

NESKA 1: (Glups!) A!

 

Iluna. Eliz musika. Zenital batek, eskenatokiaren erdian belauniko jarrita dagoen aktorea argitzen du. Bere inguruan osaba eta apaiza. Off-ahotsak izan daitezke.

 

APAIZA: ¿Cuántas veces?

MUTILA 1: (Nerabea balitz bezala) Hiru, aita Wenceslao.

APAIZA: ¿Cómo dices?

MUTILA 1: Hir..

APAIZA: iQue hables en cristiano!

MUTILA 1: Tres, padre Wenceslao.

OSABA: Hiru? Hiru esan duk?

MUTILA 1: Bai, osaba Emesto.

OSABA: Lotsagabe halakoa! Hiru bakarrik? Nik, hire adinean lau egiten nitian... eta, batzutan, bost... edo sei!

APAIZA: Seis Avemarias y un Credo.

OSABA: erectol. Eros ezak erectol. Erremedio santua!

APAIZA: (Abesten) Santo, santo, santo es el Señor, Dios del universo... ¡Canta conmigo!

MUTILA 1: (Abesten, mekanikoki) Santo, santo, santo es el Señor, Dios del universo...

APAIZA: Y pídele a la Santísima Virgen, espejo de pureza, que te ayude a no cometer más actos impuros ni manipulaciones lascivas, sobre uno mismo o sobre otros, y a mantenerte en estado de gracia.

MUTILA 1: (Bere ahotsaz) Ene, ze grazia! (Altxatuz) “Osease” eta laburbiltzeko, zazpi hilabete aitortu gabe eta egunero hiru “aktosinpuros”... orotara ateratzen da... 630 egintza lizun, gutxi gora behera. (Konturatuta) Hori da! (Intentzioz) Gora eta behera, gora eta behera...

APAIZA: (Apokaliptikoa) ¡Infame pecadorzuelo! ¡No solo te espera la condenación y el fuego eterno, nooo! ¿Acaso desconoces aún las terribles consecuencias psico-somáticas de abandonarse al nefando pecado de Onán?

MUTILA 1: Sí, padre. (Buruz) La masturbación, ese reprobable vicio egoista y solitario propio de la molicie y el desorden moral, puede llegar a producir —como “de facto” produce— en los impúberes adolescentes innumerables efectos secundarios, a saber: Tuberculosis, agostamiento de la medula espinal, retraso del crecimiento, falta de riego en el cerebro con el consiguiente peligro de sufrir desequilibrios emocionales y/o esquizofrenia paranoide, inclinaciones hacia conductas desviadas, intrínsecamente pervertidas y contra natura...

            (Berriro bere ahotsaz) Eta hori guztia, Don Wenceslao on puxkak eta, inolako dudarik gabe, San Juan Boscoren ikasgai bertutetsuei amore emanez, nire ilegabeko ankartea praka motzen gainetik laztantzen zidan bitartean. (Ankarteari begira. Lotsatuta, edo) Ui! Barkatu baina uste dut ondorio psikosomatiko izuuugarria daukadala. (Begiak itxi eta “ondorioa” kontrolatzen saiatzen da) Aja! Hobe horrela.

            Hazkuntza atzeratzea? Ez dakit, ba, nik. Lortu zuten gauza bakarra zera izan zen: kanpaia jotzen nuen bakoitzean, Lourdeseko Amabirgina agertzen zitzaidan aingerutxoez inguratuta, malaletxezko aurpegi itzelarekin, eta orduan, atzeratzen zitzaidan gauza bakarra, eiakulazioa zen. Eta horrela, gaur egun arte. Beraz, lortu nahi zutena hori bazen, lortu egin dute, alajaina!... Erabateko atzeratu sexuala naiz!

OFF AHOTS EZTITSUEGIA:

                        Bendita sea tu pureza

                        Y etemamente lo sea

                        Pues todo un Dios se recrea

                        En tan graciosa belleza.

                        A ti, celestial princesa,

                        Virgen sagrada María

                        Te ofrezco, desde este día,

                        Alma, vida y corazón.

 

Ezkerraldetik ama agertzen da. Isilean. Esku artean zerbait ezkutatzen du. Alde guztietara begiratzen du. Azkenik, kulero batzuk aterako ditu. Txakur baten antzera usaindu, sumatu egiten ditu. Zehatz-mehatz aztertzen ditu. Leku beretik alaba dager. Hogei ta hamapiku urte ditu. amari begira geratuko da.

 

ALABA: Ama, jakin al daiteke zertan ari ote zaren?

AMA: (Ustekabean harrapatuta. Kuleroak gordetzen saiatzen da) Ai! Alabatxi, Jainkoarren, ez eman holako susturik!

ALABA: Ama, zertan ari zinen galdetu dizut, besterik ez.

AMA: (Urduri) Ni? Ezertan ere ez. Neure gauzetan...

ALABA: Ja! Ama, ea ba. Bai, gaur hilekoa tokatzen zait. Eta, hainbeste misteriorekin, nire “ustezko” sexu-jardueren aztarna gorrien bila baldin bazabiltza... Jai daukazu.

AMA: (Aitaren) Jeseus, Maria ta Joxe! Ez hitz egin horrela niri, gero!

ALABA: Ama... ama... Ezinezkoa da, ezin ditut kuleroak zikindu.

AMA: Ez? Zergatik ez? E, zergatik ez? Jakina! Ez zain etorri! (Eskandalua) Ez! Ezidan esan. (Izua) Haurdun hago!

ALABA: (Lasaitasuna mantendu nahiz) Ba, ez, ama. Zin egiten dizut ez dudala inolako asmorik, momentuz, haurdun geratzeko.

AMA: Orduan?

ALABA: Orduan, esan nahi dizut erridikulu hutsa egiten duzula hilero hilero zure sudurra nire kuleroen barruan sartuta. Ama! Baskervillen txakurra ematen duzu eta!

AMA: Ez hintzen, ba, ausartuko ubi horietako bat jartzen ezer esan gabe?

ALABA: ubg, ama, ubg.

AMA: (Zeruari begira) Ai, ai, ai! Arantzazuko Amabirjina maitia!! Egin du!, Ai, ene! Ai, ene! Santo Kristo Lezokoa! Egin du! Baina, baina... Zer egin dut nik hau merezi izateko?... Zer pentsatuko dute gutaz? Zer esango ote dute okindegian? (Negar zotinka) Hau lotsa! Ezin izango naun ezta... ezta... kaleko kantoira ere irten!

ALABA: Ez egin melodramarik, faborez. Ez, ama, nik ez dut ezer jarri... Baina ubg esaten da. ubi Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea da. cou hain zuzen ere. Zuk esan nahi zenuena ubg da. Umetoki Bameko Gailua: ubg...

AMA: Hara, bost axola niri nola esaten zaion. Horrelako tramankulurik jartzea pekatu larria dun, eta kitto! Aita Santuak esanda.

ALABA: (Ahozpez) Bai, gizajoa! Neuronak galtzea zer den!

AMA: Gainera, badakin zure aita zenak zer esaten zuen: “Lehenago hilda zikinduta baino”.

ALABA: Ja, eta baita esaten zuen Iturgaiz politikari oso argia zela... Hortik, atera kontuak. (Hausnartuz) Agian... horrexegatik hilgo zen?...

AMA: Utzi bakean hire aitaren oroimena, eta ez hadi adarretatik joan. Nire garaian garbitasuna zunan gauzarik garrantzitsuena. Inor ez dun herri honetan ni baino txukunagorik izan. Ze, ikusi egin behar etxe askotako bazterretan egoten den kuxidadea! Eta ez dinat kritikatzeagatik esaten, e! Badakin niri ez zaidala bat ere gustatzen gaizkiesaka eta esamesetan ibiltzea, Jainkoa lekuko! Baina etxekoandre baten bertuterik ederrena...

ALABA: (Moztuz) Ama, askorako duzu?

AMA: Ez... Bai!... Ba, hori, nire garaian, txukuna baino txukunagoa izan arren, beti geratzen zunan “emakumeon egun berezi horietako” arrastoren bat...

ALABA: Tira, eskerrak garaiak aldatu diren. Ez dut nik neure burua ikusten farmaziara joaten “errazionamentu kartilarekin”. (Antzezten) “Egunon, hegadun konpresa sorta bat emango zenidake? Super, mesedez” Ama! Batzutan ematen ez badu ere, xxi. mendean bizi gara eta!

AMA: Eta, zer? Baditun denborarekin aldatzen ez diren gauzak.

ALABA: Begira, horretan arrazoi eman behar dizut. Argizariz egindako depilazioak tortura hutsa izaten jarraitzen du. Nork esango luke 2002. urtean! Sinestezina, benetan, emakumeok ze gutxi aurreratu garen arlo horretan Inkisizio garaitik. Jakina, gizonezkoek depilatu behar ez dutenez...

AMA: Ez ezan barrerik egin edo jata....

ALABA: Aber, ama. hogeita hamabi urte ditut.

AMA: (Letxe txarrez) Hogeita hamabi, ez, hogeita hamabost.

ALABA: Baaaleee! 35 urte. Emakume independentea naiz... beno, gutxi gora behera... Duela 10 urte ez naiz etxe honetan bizi. Eta astean behin, zuri bisitan natorrela eta dutxa bat hartzen ari naizela aprobetxatuz, kuleroak lapurtu behar badizkidazu, ondoren, pasillutik ihes egiteko txiitar terrorista bazina bezala... ba, ez zait oso duin iruditzen, ez dakit nola esan. Ez al duzu uste askoz errezagoa izango zela zuzen eta argi galdetuko bazenit?

AMA: Baita zera ere! Kontu zikin horietaz ez dun alabarekin hitz egiten.

ALABA: Jakina! Duda gabe, askozaz ere beharrezkoagoa da urteetan zehar familia barruan sekretupean gordetako kabratxo-pudinaren errezeta paregabea belaunaldiz-belaunaldi pasatzea. Ama, faborez!

AMA: Hik... Hik zoratu egin nahi naun, ezta?

ALABA: Gehiago?

AMA: Ai, ai, ai... aita bizirik balego!

ALABA: Gure aita bizirik balego, seguruenik, zuri muturra berotzen jarraituko luke gaixotasunak galerazi arte egiten zuen bezala. Ama, ez ezazu aldare batean jarri, kabroi hutsa zen eta.

AMA: (Aitaren, kuleroak eskuan dituela) Ixo, alaba lotsagabe halakoa! Nola ausartzen haiz hire aita gizajoaz horrela hitz egiten?

ALABA: Egia delako. Baina, tira, gaur ez dut zurekin eztabaidatzeko bat ere gogorik. Nire kuleroak bueltatuko dizkidazu? Lagun batekin geratu naiz eta, dagoeneko, berandu noa. Eta kulerorik gabe joatea.... ez zait, ba, iruditzen...

AMA: Lagun batekin? Gizona?

ALABA: (Pazientzia galtzen hasita) Ama!

 

amak kuleroak bueltatzen dizkio.

 

ALABA: (Badoa) A, portzierto! (Kuleroak erakusten dizkio) Garbi daude “salvaslip” izeneko gauzatxoak erabiltzeaz gain, hilero hilero (Bakeroen atzeko poltsikotik tanpax bat ateratzen du. Eman egiten dio) garai honetako “Tampax” salbatzaileak erabiltzen ditudalako. (Muxua. Badoa).

 

ama bakarrik geratzen da.

 

AMA: (Poltsatxoari begira. Harridura) Tampax-a? (Mespretxuz) Tampax-a! Marka da, gero!... Tira.... sartu eta sartu. Sartu eta sartu! Hori... hori, gizonen kontua izan da beti... Ai, ene, Jaungoiko maitia! Hamaika ikusteko jaioak gara!

 

Iluna.

 

MUTILA 2: Ba, bai. Izugarri gustatzen zait txortan egitea. Zuei ez? Mundu honetako gauzarik zoragarrienetarikoa da... inondik ere. Dibertigarria, merkea da —edo txarrenean jarrita, ez oso garestia—. Osasungarria da, kirola praktikatzen duzu eta, aizu! Bide batez, usain desberdinak aurki ditzakezu, textura desberdinak, gorputz desberdinak, eta batzutan, baita sexu desberdinak ere...

            Gainera, begira, arrazoi ugari daude larrua jotzeko... edo saiatzeko, behintzat.

            Hona hemen zerrenda laburra. Txortan egin dezakezu:

            Maite duzulako, gorroto diozulako, Soriako zure lehengusinaren kriston antza duelako, inoren antza hartzen ez diozulako, oso estresatuta zaudelako, oso erlajatuta zaudelako, beste zereginik ez duzulako, zeregin handia duzulako baina nahiago berarekin ohera joan.

            Horretaz gain... zure etsaiaren lagun-mina delako, zure lagunminaren etsaia delako, oso ixila delako, ixiltzen ez delako eta agian, horrela... Ninfomana dela esaten dutelako, frigida hutsa dela esaten dutelako, lesbiana dela esaten dutelako, berak zu marikoia zarela esaten duelako, larunbata delako, kanpaia jotzeaz nazka-nazka eginda zaudelako, kanpaia jotzen ez dakizulako...

            Badaude arrazoi gehiago, (Hausnartuz) ...egon: Aspaldi ikusi ez duzulako, egunero ikusten duzunez, ba... Apostu bat egin duzulako, apostua galdu egin duzulako, morboa ematen dizulako, pena ematen dizulako, “porkulo” ematen dizulako, nahi duzulako, eta zer? Izorratzeagatik, bere senarra (Hau da, zure nagusia) izorratzeagatik, titi handiak dituelako, tititxo txikiak dituelako, ezpain haragituak dituelako eta beti esan da goikaldea holakoa bada...

            Eta diot nik. Txortan egiteko horrenbeste arrazoi baldin badaude... zergatik egiten dugu han gutxitan, ein?

 

Iluna.

 

mutila 1 eta mutila 2 agertzen dira. Adoleszenteak. Idazten ari dira maltzurkeria punttu batekin.

 

MUTILA 1: (batek diktatu, besteak idatzi) ...eta oso biziotsua izan behar du. Ez oso zaharra, gehienez... (Kontsulta) Hogeita bost urte?

MUTILA 2: Jarri hogeita hamar, bada ezbada ere. (Hausnarketa) Ezin gaituk selektiboegiak izan.

MUTILA 1: Konforme. Titi handiekin?

MUTILA 2: (Buruarekin baietz) ... Ji ji ji ji...

 

neska 1 eta neska 2 agertzen dira. Hauek ere adoleszenteak. Kontaktu aldizkari horietariko bat irakurtzen.

 

NESKA 1: (Irakurtzen. Tonu lizun barregarria) ...Emakume; txakur eme bat bezala menperatuta sentitu nahi baldin baduzu...

NESKA 2: (Txakurrarena egiten) Auuuuuuu! Arf! Arf! Arf!.... Guau! Juajuajuajua.

NESKA 1: Juajuajua, ixo! (Jarraituz) ... jabe zorrotz eta krudel baten plazerra ezagutu nahi baduzu, mugarik gabeko umiliazioa dastatu nahi baduzu... Ausarta eta aurreritzirik... Aurreritzi?

NESKA 2: (Itzulpena) Prejuicio.

NESKA 1: A! Ausarta eta aurreritzirik gabea bazara...

MUTILA 1: (Idazten jarraitzen du) ... Jostarina eta mugarik gabea... irudimen eta esperientzia handikoa... Denetatik egiteko prest dagoena...

MUTILA 2: Ez ahaztu biokin “egiteko” prest egon behar duela.

MUTILA 1: O.K... Lehoikume birekin korritu nahi baduzu...

MUTILA 2: Hori ez, moteil! Ez hadi alua izan!

MUTILA 1: Zer, ba? Ausartegia iruditzen zaik?

MUTILA 2: Ez, baina korritu aditza ez duk oso... euskara jatorra...

MUTILA 1: (Amore emanez) A! (Azken esaldia ezabatuz)

NESKA 1: (Irakurtzen jarraitzen du) ... Gaztea naiz, 37 urte.

NESKA 2: 37 urte eta gaztea? Balorea behar da (dun), gero! (Barre)

NESKA 1: (Barrez lehertuz) Juajuajuajua! Hago ixilik, utzidan jarraitzen! Juajuajua. (Berriro irakurtzen) Idatzidazu beldurrik gabe... Gogorra eta autoritarioa naiz. Ez dizut hutsik egingo. Erreferentzia: 309. Apatamonasterio.

NESKA 2: Ez dun, ba, pentsatuko...

NESKA 1: Zergatik ez?

NESKA 2: “Mate”ko irakaslea ere gogorra eta autoritarioa dun... Eta gaztea ere badun... Horretara jarrita...

NESKA 1: Bai neska, baina orain plazerraz ari gaitun.

 

Badoaz. Mutilek jarraitzen dute.

 

MUTILA 1: Joe, moteil! Hainbeste hostiarekin katxondo jartzen ari nauk.

MUTILA 2: (Eskua lagunaren hankartera) Hostia! Egia duk! (Gustokoa du, antza)

MUTILA 1: Ikutu, ikutu... Ikusten? (Eskua bestearen praketara) Etahi?

MUTILA 2: Ni ere bai. Jode, tio! Zer? Zure xaharraren garajera joango al gara?

MUTILA 1: Bale! (Mutis) Ei! Baina, gaur, hiri tokatzen zaik, e!

 

 

Badoaz. Iluna.

 

Ostatu bateko barra. Aulki bi. gizona eta emakumea. Hizketan.

 

GIZONA 1: Ezin dut sinetsi!

EMAKUMEA 1: Zer?

GIZONA 1: Zera... Ba, hau... zu bezalako emakume puxka nirekin hizketan egotea...

EMAKUMEA 1: Ordaintzen duzun bitartean... (Tragoa)

GIZONA 1: Jakina!... (Isilunea)... Zera... Beraz, neskame zinenean etxeko jabeak seduzitu zintuen?

EMAKUMEA 1: Ni? Ez.

GIZONA 1: Ja! Orduan, mutil-lagunak alde egin zizun ezkontza egunean...

EMAKUMEA 1: Ezta ere.

GIZONA 1: Orduan, honetan aritzen zara gustatzen zaizulako?

EMAKUMEA 1: Beno, baina zu tontotuta zaude, ala? Aber! Ez dizut señoritoarena edo nobioarena kontatuko, oso ikusita dagoelako. Denek kontatzen dute. Munduko ofiziorik zaharrenean ere modak eta modak daude. Hau, nolabait esateko, Euskaltzaindiako bilerak bezalakoa da.

GIZONA 1: Ez konparatu, neska. Ez da gauza bera.

EMAKUMEA 1: Ba, bai. Bada. “Eman” ta “zabal zazu”. Lanbide honetan ere eguneratu egin behar dugu.

GIZONA 1: Emakumea! Baztertutako neska gajoaren historia ez da inoiz modaz pasatzen. Beti elegante-elegante geratzen da. Bartzelonan, izugarri ongi kontatzen zuen bat ezagutu nuen.

EMAKUMEA 1: Prezio normalean?

GIZONA 1: Bai!

EMAKUMEA 1: Gehigarririk gabe?

GIZONA 1: Ez.

EMAKUMEA 1: Jode, “intrusismo profesionalarekin”!

GIZONA 1: Ba, oso hunkigarria da. Eta horrela, gainera, ni ez naiz hain errudun sentitzen.

EMAKUMEA 1: Geldi hor! Kieto parao! Hau putetxea da, ez talde terapia.

GIZONA 1: Ez ez da horregatik. Zera esan nahi dut: horrelako dramaren bat kontatzen badidazu kanailla hutsa sentituko naiz, baina honetan sartu zintuen putasemea baino gutxiago. Lasaitu ederra hartzen du batek.

EMAKUMEA 1: Hara, txiki! 10 euroren truke zerbitzu arrunta eta kitto. 20 eurorengatik “señoritoarena” kontatzen saia naiteke, baina hori bai, Andaluziatik kanpo. Hor ikusiago dago eta dokumentazioa eta erakutsi egin behar da errealismoa emateko.

            30 euro eta “nobioarena” kontatuko dizut, baina gaurkotutako bertsioan: ong batekin Nikaraguara zihoala esan eta ppko zinegotzi batekin desagertu zen.

            40 euro eta “apaiz likitsuarena” kontatuko dizut. 50 euro eta apaiza beharrean New Yorkeko gotzaia izan zela kontatuko dizut, bertako egunkari-ebakinak eta guzti.

            60 euro eta “show-busines”ko bertsioa luzatuko dizut: Pedro Almodovarren azken filmarako kasting batera nindoala uste eta pomo-argazkilariak akosatu ninduenekoa...

            70 euro eta zure famialiako hildako guztiak aipatuko dizkizut eta ez zara konturatu ere egingo...

GIZONA 1: Neska! Holan, esaten ba duzu, begibistakoa da gezurretan ari zarela...

EMAKUMEA 1: Baina... zu... ez zara oso-osoa, ezta?

GIZONA 1: (Pausa. Hausnarketa) Orduan, zergatik sartu zinen ofizio honetan?

EMAKUMEA 1: Ea, ba. Zuk non egiten duzu lan?

GIZONA 1: Babckok-Wilkoxen. Zer, ba?

EMAKUMEA 1: Eta zuk zer egingo zenuke egunen batean konturatuko bazina urteak daramazkizula lanean, doanik eta dibertitu gabe?

GIZONA 1: Jakina. Gutxienez kobratu, ezta? Ez zegoen beste irtenbiderik?

EMAKUMEA 1: Bai, ba zegoen. Lesbiana sartu.

GIZONA 1: Ja, eta ez zenuen nahi, ezta?

EMAKUMEA 1: (Irribarre maltzurra) Hori, galdetuiozu nire neskalagunari.

 

Iluna.

 

Azkenean, ohean!!!

 

GIZONA 2: (Zigarro bat piztuz. Bai, badakit topikoa dela, baina erretzailea da) Zer? Gustatu zaizu?

EMAKUMEA 2: (Gezur nabarmena) Bai... izugarri!

GIZONA 2: Ongi egiten dudala iruditu zaizu?

EMAKUMEA 2: (Ixilunea. Ikuspuntua) Ez dut deskribatzeko hitz egokirik aurkitzen.

GIZONA 2: Galdera pertsonala egin diezazuket?

EMAKUMEA 2: (Deskolokatuta) Bai, noski...

GIZONA 2: Ni baino... ni baino maitale... maitale hobeagorik ezagutu al duzu?

EMAKUMEA 2: (Intentzioz) Zera... Egia esan... zaila litzaidake... Are eta gehiago, ezinezkoa esango nuke.

GIZONA 2: Benetan diozu? Bene-benetan?

EMAKUMEA 2: (Ahozpez) Pene-penetan... (Gezurretan berriro ere, zer erremedio!) Zin dagizut ez dudala inoiz zu bezalako maitale.... (Adjektiboa??... Atzera) ...maitalerik ezagutu!

GIZONA 2: (Harrotuta) Pssss! Banekien. Berehala konturatu naiz izugarri disfrutatzen ari zinela. Begi-ninien dilatazioan jabetu naiz. (Kalada. Janfry)

EMAKUMEA 2: (Harrituta) Barkatu?

GIZONA 2: Ez da harrokeria. Baina, begira, ematen ez badu ere, ni gizon kontzientziatua naiz, badakizu? Matxismoaren etsai amorratua.

EMAKUMEA 2: (Koña) Ez esan!

GIZONA 2: Bai. Asko kezkatzen nau emakumeen eskubide eta berdintasunaren aldeko kontu horrek. (Pedante oso) Baita sexu esparruan ere, noski. Plazerra ez da gizonaren eskubidea, bakarrik.

EMAKUMEA 2: A, ja! Madelman & Jhonsongoitia irakurri duzu!

GIZONA 2: Serio ari naiz, neska.

EMAKUMEA 2: Serio? Serio? Zu bezalako tontolapikoak ezin du serio hitz egin. (Ohetik altxatuz, eta janzten) Gaizki ulertutako lau txosten ziztrin irakurri duzulako emakumeen barne-mundua konpartitzeko gai zarela uste al duzu? Inoxente halakoa! (Mutis) A! Portzierto... Lehengo orgasmoa dela eta... ez zen benetakoa... Itxurak egin ditut. Agur. (Koña marinera) “Izan untsa”!

 

Iluna.

 

Aktoreak banan banan agertuko dira. Erabili berri den ohearen inguruan. Gurutzatu egingo dira harremanik gabeko balleta balitz bezala.

 

MUTILA 1: Gizona! Konplexuz beterik bizi zara?

NESKA 1: Emakumea! Konplexuz beterik bizi zara?

MUTILA 1: Garailea izan nahi al duzu?

NESKA 1: Garailea izan nahi al duzu?

MUTILA 1: Guk dugu konponbidea.

NESKA 1: Guk dugu konponbidea.

MUTILA 1: Luzatu zure zakila.

NESKA 1: Haunditu zure titiak.

MUTILA 1 eta NESKA 1: Emaitza garantizatua.

MUTILA 2: Eta garantia, noiz arte? Sei hilabete minipimerra bezala?

MUTILA 1: Hirugarren besoa. Hori da behar dudana... Hirugarren besoa... Imaginatzen al duzu?

NESKA 2: Emakume bionikoa? Hori da nahi dutena, emakume bionikoa? Horra hor marketingaren eragin kaltegarria.

MUTILA 2: Sexua? Sexua aitarekin deskubritu nuen. Ez, ez gaizki pentsatu. Berak eraman ninduen lehendabizikoz putetxe batera.

NESKA 1: Etxea garbitu? Sentitzen dut baina jantzi eder bat erosi dut eta estreinatu nahi dut. Norentzat? Niretzat, laztantxo, niretzat bakarrik. Aguuuur!

NESKA 2: Ez naiz zure esklabua, ulertzen? Zoru-garbigailua erabiltzeko instrukzioak labadoraren gainean utzi dizkizut. Aguuuur!

MUTILA 2: (Kanpaia jotzen) Ea, ba! Ea nor iristen den urrutien!

MUTILA 1: (mutil 2ren jokuari jarraituz) Horrek ez du meriturik, nik luzeagoa daukat.

NESKA 2: Hau ez da lasterketa, noñono: Luzeena, lodiena, gogorrena... Hainbeste neurtu beharrean, erabiltzen ikasiko bazenu?

MUTILA 1: Maitasuna? Maitasuna diozu? Maitasuna sartzen dizuten tokitik sartzen da.

NESKA 1: Nazka-nazka eginda nago. Ez dut printze urdinik nahi. Ez dut aita babesgarririk behar. Bost axola Superman. Bikotekidea nahi dut. Bi-ko-te-ki-de-a. Hori baino ez. Hain zaila al da?

MUTILA 2: Birjinitateak minbizia eragiten du. (Paketea helduta) Tori! Jarri Txertoa!

NESKA 2: Jarriozu zeure amari. Sexua hankartean daramazun artxo penagarri hori baino askoz aberatsagoa da. Sexua buruan dago, baina, jakina, zuk ez duzu horrelakorik.

MUTILA 2: (Tontotuta) Ein???

NESKA 2: Ezer ez.

NESKA 1: Sexua ez da naturala. Ez du biologikotik ezer. Sexua heziketa soziala da. Gizon emakumeok, dagoeneko, ez gara instintuaren diktadurapean bizi. (Hausnarketa) Sena eskuindarra izango ote?

MUTILA 1: Miren... (Erregutuz) gaur larunbata da... ea, ba, emakumea, esnatu pixkat... Beno, nahi ez baduzu segi lotan, nik zulotxo batekin nahikoa dut.

MUTILA 2: (Garaile) Iristen ari naiz! Iristen ari naiz! (Orgasmoa) Iritsi naiz!!!

NESKA 1: (Kondeszendiente) Txapeldun! Horri iristea deitzea ere!... Domina jartzea nahi? Non? Zakilaren puntan?

MUTILA 1: Nire zakila gustatzen zait... Kezkatzen hasita nago. Marikoia izango al naiz?

NESKA 2: Libra gaitzazu, Jauna, tabu eta aurreritzi zaharretatik...

NESKA 1: Emaizkiguzu tabu berriak eta aurreritzi modemoak.

NESKA 2: Bilatu “G” puntua.

MUTILA 1: Bilatu puta hiztegian.

MUTILA 2: Ordago!

MUTILA 1: Enbido!

NESKA 2: Paso!

MUTILA 2: Sexua!

NESKA 1: Laztanak.

MUTILA 1: Sexua!

NESKA 2: Komunikazioa.

MUTILA 2: Sexua!

NESKA 1: Penetraziorik gabeko jolasa.

MUTILA 1: Sexua!

NESKA 2: Azal biren —edo gehiagoren— berotasuna.

MUTILA 2: Sexua! Sexua! Sexua! Sexua!...

MUTILA 1: Sexua! Sexua! Sexua! Sexua!...

NESKA 1: Beno, nahikoa duzue! Jaiotzen zaretenean hori baino ez al dizuete buruan sartzen?

NESKA 2: Zuena, genetikoa al da? Inoiz aldatuko ahal zarete!

MUTILA 1 eta MUTILA 2: (Stop) Barkatu.

NESKA 1: Barkatuta zaudete... berriro ere.

NESKA 2: Edozein modutan ere.

MUTILA 1: Egiten duzuna egiten duzula.

MUTILA 2: Estu eta larri bazabiltza ere.

NESKA 1: Beti, kondoia. Bale?

 

Iluna.

 

amaiera