Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
Gau bakar bat
Ixiar Rozas
Hiru, 2004
[aurkibidea]

 

6

 

kazetaria eta emakume gaztea. Jatetxe bateko mahai batean daude eserita. kazetariak asko hitz egiten du jaten duen bitartean. emakumeak ez du txintik ere esaten denbora guztian.

 

KAZETARIA: Primerako ideia izan da, elkarrekin afaltzekoa, esan nahi dut. Izarrak, jatetxe paregabe hau, gaua, ilargia... Badakit ez dagoela ospakizunetan hasteko arrazoirik, ni behintzat izututa nago, oso, panikoa dudala esango nuke. (Tartea) Hain azkarra izan da dena, azkarregia, eta egoera honetan ez dago denbora galtzerik: segundo bakar bat urrea da. Munduko laugarren gerra baino okerragoa da, ulertzen? Hirugarrengoa konturatu gabe igaro dugu, baina orain? (Tartea) Horrexegatik deitu dizut, berehala, segundo bat galdu gabe: zu ikusteko irrikan nengoelako, baita zeu ere, ezta?

 

Isiltasuna. kazetaria erantzun baten zain dago. emakume gazteak, ordea, ez du deus esaten. Zigarro bat pizten du. kazetariak zigarro bat hartzen dio baimenik eskatu gabe, eta piztu egiten du, halaber.

 

KAZETARIA: Egia esan, hasieran ez dut sinetsi, munduaren bukaera, txorakeriak, esan diot neure buruari, amerikarren edo Nostradamusen jarraitzaileen kontu horietako bat. (Tartea) Baina gero baieztapenak etorri dira: nasako zientzialariak, Etxe Zuria, Kremlina, Bush, Blair, Berlusconi, Gobernu guztiak, bata bestearen atzetik. Lasaitasuna eskatu dute, denek, salbuespenik gabe, ez larritzeko, baina nola egon lasai honelako egoera batean? Esan, nola.

 

kazetariak zigarroa itzaltzen du, eta jaten hasten da. emakume gazteak erretzen jarraitzen du, aulkian itsatsita dagoela dirudi.

 

KAZETARIA: Ez dakit zein izan den zure lehenengo erreakzioa, nik korrika batean hartu dut telefonoa, zuri deitzeko, eta hementxe gaude, zu eta biok, gure urte hoberenetan bezala. (Tartea) Ongi, badakit orain ez dela gauza bera, jada ez gaude... elkarrekin, bakoitzak bere bizitza egiten du, baina honek ez du esan nahi ezin dugula bata bestearen berri izan, ezta? Eta nik beste hiri batera joana zinela pentsatzen. (Tartea) Kartzelako lanarekin jarraitzen al duzu?

 

Tartea. emakume gazteak zigarroa itzaltzen du hautsontzian, tinko eta erabateko isiltasunean. kazetaria porru bat egiten hasten da.

 

KAZETARIA: Berdin dio, orain badakit non bizi zaren, telefono zerrendan bilatu dut. Eta ez dut oraindik ulertzen: nola liteke, kale berean bizi gara, ni 17.ean eta zu 19.ean, eta nola liteke orain arte elkar topo egin ez izana? (Tartea) Ez dakit, parkean, txakurtxoa paseatzen, tabakoa erosten, kioskoan... Berdin da, elkarrekin gaude, berriro, dena amaitzeko ordu gutxi batzuk geratzen direnean, eta hori da garrantzitsuena.

 

emakume gaztea zerbait esatera doa, baina kazetariak ez dio uzten.

 

KAZETARIA: Badakit, badakit zer esango didazun, oso ondo ezagutzen zaitut, amaiera iritsi behar izan duela elkarrekin egon ahal izateko. Bada, ez, egunak neramatzan, asteak, agian hilabeteak, zure izena nire agendan jartzen: deitu behar diot, nola dagoen jakin behar dut, deitu egin behar diot. Beraz, berdin-berdin deituko nizun, amaiera iragarri ez balute ere. (Tartea) Gainera, zorionez, oraindik ordu batzuk geratzen zaizkigu, gau oso bat, 720 minutu, 43.200 segundo, hain zuzen ere. (Begietara zuzenean so eginez) Eta ba al dakizu 43.200 segundotan egin daitekeen guztia?

 

emakume gaztea jaten hasten da, modu konpultsiboan. kazetariak porrua eskaintzen dio.

 

KAZETARIA: Nahi? (Leihotik begiratzen du) Ongi, nahiago duzu isiltasuna, ez kezkatu, neuk jarraituko dut, ez nago prest, segundo gehiago galtzera, zeren, ez duzu pentsatuko afaltzeko bakarrik deitu dizudala, ezta? Azken afariaren antzeko zerbait egiteko, edo. (Tartea) Izan ere afaria aitzakia bat da, aspaldi esan nahi nizun, denbora asko da barkamena eskatu nahi nizula... ez dizudalako seme-alabarik eman.

 

Isilune luzea. emakume gazteak ezpainak garbitzen ditu zapiarekin.

 

KAZETARIA: Badakit, badakit zertan ari zaren pentsatzen. Dena nire errua izan dela. Ba ez, ez dut nik erru osoa. (Tartea) Izan ere, batek ezin du besteak ez badu nahi. Baliteke bietako inork ahal ez izatea, ez dakit. Baina kontua da bagoazela, eta nik ez dut oinordekorik utzi gabe joan nahi!

 

emakume gazteak janaria kentzen dio kazetariari plateretik.

 

KAZETARIA: (Zur eta lur) Uste nuen mariskoa ez zela zeure gustukoa. Berdin da, denok dugu iritziz aldatzeko eskubidea, are gehiago denbora aurrera doanean. (Ordularia begiratzen) Izan ere, 32.166 segundo bakarrik geratzen zaizkigu, baina gaua oraindik luzea da. (Zerurantz begira) Zoragarria... Ikusi al duzu izar iheskor hori? Ozta-ozta eman dit desira bat eskatzeko astia. (Seduktore) Eta zuk, zer eskatu duzu?

 

Isilune luzea. emakumeak mastekatzen jarraitzen du.

 

KAZETARIA: (Etsita) Zure isiltasuna ez ulertzen hasi naiz. Ongi, onartzen dut, agian berriro maitemindu zara, edo baliteke maitale asko izatea, nork daki, bat astebururo, edo bat egunero. (Tartea) Berdin dio dena gehiago korapilatzea, gehiago, esan nahi dut, zeren ez didazu ukatuko bion artekoa beti izan dela korapilotsua.

 

emakume gazteak ogiarekin garbitzen du platera.

 

KAZETARIA: Eta horrela ez, horrela ezin genuen umerik ekarri! (Tartea) Orain, ordea, oso ondo ulertzen dut emakume batentzat beharrezkoa dela ama izatea, amatasuna, eta aitarentzat, aitatasuna, jakina. (Tinko) Horrexegatik etorri naiz, inoiz ez delako berandu, eta etzazu gaizki pentsatu. (Tartea) Edo bai, hobe, pentsa ezazu gaizki, inoiz ez delako berandu ume bat ekartzeko, 20.000 segundo bakarrik geratzen badira ere.

 

kazetariak eskua hartzen dio emakume gazteari. emakumea zutitu egiten da, platera hartu eta lurrera botatzen du indar handiz.

 

EMAKUME GAZTEA: Erori egin zait.

 

Jarraian bere gauzak bildu eta badoa ezer gertatu izan ez balitz bezala.

 

KAZETARIA: Egon, ez zaitez joan, horrela... Musurik eman gabe, azken musua...

 

kazetaria zutitu egiten da. Begiradarekin jarraitzen ditu emakume gaztearen urratsak.

 

Argiak jaisten dira.