Burdindenda
Karlos Linazasoro
Burdindenda
Karlos Linazasoro
Euskaltzaindia , 1998
Burdindenda
Karlos Linazasoro
Euskaltzaindia , 1998
[aurkibidea]

Aurkibidea

Aurkibidea

 

 

Nihil sanantibus litteris

Seneka, Epistolak

 

Emaidazue bere pasioen meneko ez den gizon bat,
eta nik neure bihotzaren erdian ipiniko dut

Shakespeare, Hamlet

 

Es por ser mi mal tan fuerte,
que porque es menos la muerte
me dejo estar con la vida.

Lope de Vega, El castigo sin venganza)

 

 

(Ekitaldi oso-osoa burdindenda batean gertatzen da. Burdindenda zaharkitu bat da, egurrezko mostradore bat duena. Honen atzean saltzailea, agurea berau, eta parean erosle gaztea. Dendak burdinazko apalategi batzuk ditu atzealdean, trastez eta tramankuluz lepo eginda. Ertz batean hozkailu handi bat; horma biluzi batean propagandazko erloju bat zintzilik; honen parean, hau ere zintzilik, egutegi bat non neskatxa lerden bat azaltzen baita, biluzik; gainerakoan, ezer ez bereziki aipagarririk. Denda xumea da oso, eta ez dago apaingarririk edo ukitu femenino baten arrastorik ere. Dena dela, ekitaldiak aurrera egin ahala, dekoratua xehetasunez hornitzen joango da, hasierako biluztasun tristexka hori erabat desagertzeraino)

 

S: saltzailea

G: gaztea

 

(Azken bezeroak irtetearekin batera, gaztea burdindendan sartzen da zalapartaka, arnas-estu larrian. Kalean bero sapa ikaragarria dago. Kamioi baten azantzak dardar batean jartzen ditu dendako kristal hautseztatuak, eta norbaitek birao ikaragarri bat jaulkitzen du. gaztea isil-isilik gelditzen da mostradore aurrean, urduritasunak seko jota)

 

G: Kaixo, eguerdi on. (eskua pasatzen du kopeta izerditsutik)

S: Baita zuri ere, gazte. Zer nahi zenuen?

G: Soka bat, soka puska bat...

S: Zertarako behar zenuen?

G: (guztiz bere onera etorrita, ausart) Neure burua zintzilikatzeko.

S: Xehetasun gehiago eman beharko didazu, gazte. Batek ez du hain erraz bere buruaz beste egiten. (gorputza gaztearengana makurtu eta begiak profesionaltasunez ixten ditu) Ea, gazte, zenbat bezala pixatzen duk?

G: Hirurogeita hamar kilo inguru, ez nizuke ziur esaten jakingo baina hortxe nonbait...

S: Bada, orduan kalibre lodikoa beharko duk, eta sendoa. (kalibrea atera eta soka mordo bat neurtuz jarduten du denbora luzez, guztiz bere baitara bilduta. Bat aukeratzen du azkenean, hori-gorria) Hauxe izango duk egokiena, mutil: lodia, sendoa eta merkea. Ez dago gehiago eskatzerik!

G: (triste aurpegiz) Kolorea, jauna... Ez al zenuke beste kolorekorik? Autobusean soka horrekin ikusiko banindute, txikituko nindukete.

S: (guztiz zakartuta) Eta hik zertarako hartu behar duk autobusa, e, zertarako! Gainera, txukun-txukun bilduko diat nik soka zatarki-paperean, eta hartara ez duk inor jabetuko ezertaz. Ezta hire etxean ere...

G: (triste baina bereari eutsiz, setati antzean) Bada, ez, jauna! Ni soka patriota horrekin ez naiz suizidatuko. Beste zerarik ez baduzu, konpetentziara joan beharko dut.

S: Hire zain egongo dituk konpetentziakoak! Egon hadi horretan! Ba al dakik zer ordu den? Ordu bata eta erdia, amigo! (haserrea disimulatzeko zigarro bat pizten du. Metxeroari gasa agortu zaio, ordea, eta gazteak bere metxeroa ateratzen du patrikatik) Esker mila, gazte. Nahi al duk bat? Nahi al duk hire biziko azken zigarroa nirekin erre? (paketea eskainiz)

G: Ez, jauna. Estimatuta dago, baina ez dut erretzen.

S: Orduan zertarako daramak metxeroa? Aguretxoei sua emateko? (zorrotz aurpegia jarriz) Zer zikinkeria klase erretzen duk hik, e? Porroa? Kokaina? Heroina? Ez daukak gehiago erosteko dirurik? Zertara etorri haiz? Ni atrakatzera? Hobe duk, bai, heure buruaz beste lehenbailehen egitea!

G: (minduta) Egingo dut, bai, zu bezalako nazkanteak begien paretik behin betiko kentzeagatik! Eta ni, jakizu, ez naiz ez drogazale eta ez lapur... Eta orain, bota soka hori!

S: (zigarroa itzali, kaxa batzuetan lardaskan ibili, hainbat kaxoi irekitzen ditu, gaztearen kexuei gehiegi erreparatu gabe) Ni ez nauk hain erraz engainatuko. Ederki ezagutzen ditiat nik hire kastakoak! Nolakoa nahi duk soka? Naturala? Fibrazkoa? Txirikorda estukoa? Gorria? Beltza? Konbinatua? Malgua? Lakarra? Zetazkoa? Merkea? Luzea?... (halaxe luzatzen da gazteak eteten dion arte)

G: Soka bat, soka arrunt bat, nire lepoaren bueltan ipini eta buruaz beste egiteko balioko didana... Gainerakoa, zure esku uzten dut. Ez dizut baldintzarik jartzen.

S: (lehen baino goxoago) Tira, uste diat hau primeran edukiko... Horretarako propio egiten ditiztek. Ekialdean izugarri erabiltzen omen dituk, badakik, depresioak-eta sendatzeko. Eta gosea ere erro-errotik kentzen omen dik honek, zera! (mostradore gainean duen metroaz soka neurtuz) Zenbat metro jarriko ditugu, gazte? Hiru? Lau? Garesti xamarra duk, badakik, inportazioko gauzak ordaindu egin behar izaten dituk...

G: (txanpon solteak behin eta berriro kontatuz, errukia emateko moduan) Zenbat da metroko?

S: Zenbat zer, gazte?

G: Zenbat pezeta metroko...

S: (esku bat lotsagabeki baina oharkabean potroetara eramanez) Mila pezeta inguru. Zerrenda begiratu beharko nikek zehatz-mehatz esateko.

G: Begiratzen baduzu, mesedez.

S: (oraindik eskua potroetan duela) Baina erosiko al didak? Ez zaidak alferrik ibiltzea gustatzen, gero!

G: Ez, noski. Iristen bazait, erosiko dizut. (berriz kontatzen ditu ezkerreko esku ahurrean dauzkan txanpon kolore gabeak)

S: Ea, gazte, egin ditzagun kontuak garbi. Zenbat diru daukak hor?

G: Bi mila eta bostehun eskas, jauna.

S: Beraz, bi metro t’erdi eskas eros ditzakek, oker ez banabil. Horrekin ez duk nahikoa, gazte. Gutxienez, hiru metro behar izaten dituk. (sokak dakarren instrukzio-orria irakurtzen du antiajuak jarriz) Bai, gutxienez hiru metro, baina komenigarrigoa omen duk lau metrorekin lan egitea... Nik, egia esango badiat, gehienetan lau metro saldu izan ditiat, eta ez diat halakoetan erreklamaziorik jaso. (potroetan duen eskua ahoaren parera igotzen du barre-karkarari eusteko) Batzu-batzuk hirurekin ere moldatu izan dituk, baina larri antzean. Hori baino gutxiagorekin, gazte, nik ez nikek gomendatuko... Gainera, gainera... (karpeta urdinkolore bat ateraz) Uste diat debekatuta ere badagoela...

G: Bai, jauna, halaxe da: debekatuta dago. (diruari begira geldituz)

S: (miraturik) Eta hik nola dakik hori?

G: Boletinean irakurri nuelako.

S: Tira, eta zer egingo dugu orduan? Zerbait erabaki beharra zagok! (horman zintzilik dagoen erlojuari begiratzen dio disimulurik gabe, buruari sekulako astinduak emanez) Presa handia al duk, gazte? Ezin al haiz bazkalondoan itzuli? (sabel puztua emaro-emaro ferekatuz, betiere erlojuaren orratzen norabidean) Gose nauk! Ez al dituk entzuten nire urin pankreatikoaren zinkurinak?

G: (agurearengana hurbildu eta belarria honen tripa tzarrean ipiniz) Bai, jauna, entzungo ez ditut, bada! Baina, ahalik eta lasterren amaitu nahi nuke kontu desatsegin honekin. Bestela, nire buruarekin edozein astakeria egiteko kapaz naiz!

S: Astakeria neuk egingo diat oraintxe zerbait jaten ez badut! (tonu inpazientean, gaztea dendatik bidali nahian bezala) Zergatik ez duk etxean goxo-goxo bazkaltzen, hire gurasoekin, hartu kafetxo bat edo ebaki bat edo kafesne bat hire arrebatxoarekin eta gero... (zerbitzari profesional baten aurpegi berbera ipiniz) Ni lauetatik aurrera hemen izango nauk! Eta prezioarena ere hitz egin zezakeagu; badakik, beherapen ttiki bat agian...

G: Nahiago nuke, jauna, beherapen horretaz oraintxe hitz egingo bagenu.

S: Nik tripa hutsarekin ez diat Aita Santuarekin ere hitz egiten, horra!

G: (temati, guztiz serio) Ni ez naiz, ordea, Aita Santua...

S: (entzun berri dituenak ezin sinesturik) Nola esan duk? Zer esan duk? Tira hemendik hire gurasoengana bazkaltzera! Alde!

G: Nik ez dut, ordea, gurasorik...

S: Hire arrebarengana, orduan!

G: (eskuan gordetzen dituen txanponei begira, burumakur) Arrebarik ere ez dut, baina, jauna...

S: Bada, bada... (garrasi itsusiak eginez) Nahi duan lekura, baina fuera! Apopilo-etxera, igoal!

G: (burua jasoz, begirada zorroztuz, hizketamodua gaiztotuz) Eta zuk nola dakizu han bizi naizela?

S: Non?

G: Apopilo-etxean. Nork esan dizu ni han bizi naizela? Nork?

S: (harridurak jota) Nik ez zakiat ezer hitaz, gazte. Esateko modu bat besterik ez zuan.

G: (saltzailearengana hurbilduz, tonua bajatuz) Zer gehiago dakizu nitaz? Tira, esan! Zer zara zu, polizia zikin bat?

S: (apur bat asaldatuta, baina tinko) Esan diat, gazte. Esateko modu bat besterik ez zuan. Ez haut ezagutzen, ezta beharrik ere! Eta, polizia, hire aita izango duk, aditzen? Hire aita!

G: (lehengo planta tristexkara itzuliz) Nik ez dut, ordea, aitarik, jauna...

S: Bada, orduan, hire ama!

G: Amarik ere ez, jauna...

S: Noski, noski... (burdinzale mesfidatiek jarri ohi duten begiratu ikaragarriz) Eta orain esango didak umezurtza haizela, eta ez duala ez aitonik ez amonik ez krixtorik, eta bakarrik hagoela munduan...

G: Bete-betean asmatu duzu, jauna, zoritxarrez.

S: (une batez noraezak jota bezala gelditzen da, esatekorik asmatzen ez duela. Joan-etorri presatsuak egiten ditu mostradore atzean, bufaka, edo agian errezo zentzugabe bat murmuriatuz. Halako batean, gaztearen aurrean gelditzen da) Baina, hik niri pipa jo nahi al didak, edo zer arraio? Hik zer uste duk, atzo jaioa naizela, ala? (ez du ezer tajuzkorik esaten asmatzen, eta ondoeza disimulatzearren ogitarteko luze bat ateratzen du mostradore gainera; zahatoa ere bai) Tira, jan ezak puska bat eta gero hitz egingo diagu hik eta biok...

G: Esker mila, jauna, baina ez naiz gose.

S: (ogitartekoa erdibituz) Bada, hire buruaz beste egiteko, hobe zerbait jaten baduk. Newtonen printzipioen arabera, zenbat eta pixu gehiago izan, orduan eta lehenago iritsiko haiz...

G: Tira, hala bada... (ogitartekoa gogo txarrez bezala hartuz)

S: Beste zer edo zer nahiago baduk, arraultz frijitu pare bat, xerra..., eskatu besterik ez daukak, gazte. Hire azken orduak atseginak izatea nahi nikek.

G: Baina ez al duzu denda itxi eta etxera joan behar? Emaztea zain ere izango duzu honez gero.

S: (zahagitik trago galanta eginez) Ni hemen bizi nauk, gazte. Hau duk nire etxea. (besoak zabal-zabal egiten ditu, apaizek konsagrazio orduan egin bezalaxe) Emaztea ere nirekin bizi duk, bai, baina ez dik aspaldian ezertxo ere jaten, koitadoak.

G: Ederra dago ogitartekoa, jauna. (azken zatiak sekulako abailan irentsiz) Honek suizidatzeko gogoak ere kentzen ditu, alajainkoa! (barre egiten du gogotik ateraldiarekin)

S: (berriz ere serio, minduta bezala) Hi oso heurekoia haiz, ezta, gazte? Ez al didak galdetu behar zergatik bizi naizen hemen? Ez al didak ezer galdetu behar emaztearen gainean?

G: (apurrak alkandoratik kenduz; tonu axolakabean) Nik nire arazoarekin badut nahikoa, jauna; ez al zaizu iruditzen? (kaxa baten gainean eseriz) Zu hemen edo han bizi zaren niri, egia esan, bost axola..., baina nahi baduzu, kortesiaz, galdetuko dizut: zergatik bizi zara denda honetan, jauna?

S: (tonu txantxati berean) Potroetan jartzen zaidalako, hara! Eta hi zergatik bizi haiz apopilo-etxean, hain lixtoa eta hain goapoa izanik?

G: Zure emazteak ederki zekielako harainoko bidea! (barre-karkara lazgarri bat irteten da gaztearen eztarri leunetik, kaletik ere entzuteko modukoa; kanpoan hain ugari den trafikoa gelditu egiten da bat-batean, oihu izugarria suhiltzaileen sirenotsa dela pentsatuz; geldiketaren ondorioz, ez dira falta kalean istripuak, kolpeak, istiluak, zenduren bat ere bai tarteka-marteka; laster azalduko dira suhiltzaileak sirenotsa piztuta dakartela, eta orduantxe ohartuko dira gidari jipoituak entzun duten zera hura ez zela suhiltzaileen sirenotsa, beste zarata ezezagun bat baizik, Apokalipsi tronpeten antz handia duena, dena dela)

S: (leihotik kanpora begiratu ere egin gabe; lasai) Hortaz, asko ezagutzen huen nire emaztea... (mostradore ertzean dagoen hozkailu erraldoira joan eta gazteari hurbiltzeko agintzen dio; poliki-poliki tapa altxatzen du gero) Hau al da bisitan joaten zitzaiana? Hau al da? Errepara egiok ongi, nahi baduk piztuko ditiat beste argi hauek ere...

G: (batere asaldatu gabe, interes aurpegiz) Ez, noski, jauna..., ez da hau, horregatik lasai egon zintezke...

S: (tapa ixten du danbateko ozen batez; bat-batean, aulki ttiki gorri batean eseri eta negarrez hasten da) Nola izango duk..., nola izango duk, dohakabea, hi jaiotzerako nire emaztea hilda zegoan eta... (sudurzapi motadun batekin malkoak lehortuz)

G: Eta zenbat urte da hil zela, asko galdetzea ez bada?

S: (guztiz bere baitara bilduta) Nor, gazte?

G: Nola nor? Zure emaztea... Hozkailuan sartuta daukazun emakume polit hori...

S: A, hori! (mukizapia ikurrin bat bezala astinduz) Hogei urte izango dituk... Eta hik zenbat urte dauzkak, gazte?

G: Hemezortzi beteko ditut laster. Eta zergatik daukazu urtetan eta urtetan emazte gajoa hor sartuta? Ez da giro izango hor barnean...

S: (azken galderari entzungor eginez) Hemezortzi, hemezortzi... Guk ere izan genian hire garai beretsuan jaiotako semetxo bat... (begi ameslariak jasotzen ditu izartegian artizarra ikusi nahi denean egin ohi den tankeran) Bi urte zituela galdu genian; uholde ikaragarri batek eraman zian...

G: (interes handiz; gupituta) Eta?

S: Bada, geroztik ez dugula haren berri gehiago jakin; ez deirik, ez gutunik... (etsipenak jota baina osotasunez) Ezertxo ere ez!

G: Deskuido ttiki bat nahikoa da hondamendira iristeko.

S: (haserre, mostradorean ukabilkada bortitz bat joz) Ze deskuido eta ze deskuido! Propio alde egin zian-eta!

G: (harriduraz; zapatilako lokarria korapilo bikoitzez lotuz) Bi urterekin! Ba al zekien, baina, igerian?

S: Orduantxe ikasi berria zuan; poliki antzean moldatzen zuan, bai... (berriz ere begirada zeru amaigaberantz jasoz) Mutiko azkarra zuan; sehaska untzi modura prestatuko zian eta han joango zuan... Kolpe latza, gazte; nire emazteak ez zian inoiz gainditu, eta pena horretxek eraman zian hilobira...

G: (zorrotz) Hozkailura esan nahiko duzu.

S: (zuzenketa gogo onez hartuz) Bai, hozkailura...; ezen, ez bainuen orduan beste erremediorik izan. Emazteak erraustua izan zedila eskatu zidaan azken borondate gisa, eta nik baietz agindu nioan, gogo txarrez izan bazen ere; hura panteista zuan, eta ni, berriz, kristau... (apur bat animatuz) Sekulako eztabaidak izaten genitian: Jainkoa eta mundua gauza bera zirela, hark; nik, berriz, Jainkoak sortu zuela mundua eta gauzak oro... Egun batean hainbeste haserretu gintuan, non erratzarekin burutik behera eman bainion... (barre ttikiak eginez)

G: Ez duzu, ordea, emandako hitza bete.

S: (atzera serio jarriz) Ez. Saiatu ninduan bere garaian sos haiek biltzen, Jainkoak zakik; baina zorrak... Hortxe sartu nian, eta hortxe gelditu duk...

G: Zergatik? Kristau-kontzientziak gorpu bat erretzea eragozten dizulako...

S: Oi, ez, gazte! Aspaldi utzi nioan kristau izateari. Biziak gorabehera asko izaten dik, ezusteak, jukutriak... Ez huke ulertuko. (beste zigarro bat piztuz)

G: (interes handiz; zuzenean aurpegira datorkion ke-hodei grisaxka saihestuz) Eta noiz utzi zenion kristau izateari? Zergatik?

S: Zergatik? Arrazoia begibistakoa duk, gazte: Jainkoa aspaldi hil zelako.

G: Nire aita ere kristaua zen; burdinazko barra batez jotzen ninduen burutik behera. (saltzailearengana hurbildu eta kaskezur hondoratua erakusten dio)

S: (ikusten duena ezin sinesturik) Kristaua zelako?

G: Ez, jauna. Edan egiten zuelako.

S: (sentimendu handiz; gazteari burua ferekatuz) Bada, orduan ez huen hire aita izango; aita batek ez liokek sekula bere semeari burdinazko barra batez burua txikituko. Putakumea!

G: (patxada ederrean; harro) Bion artean garbitu genuen.

S: Nortzuek?

G: Amak eta biok. Mozkor-mozkor eginda etorri zen egun batean, amak labana hartu eta jo eta zintzurra ebaki zion; nik burua txikitu nion burdinazko barra madarikatu harekin.

S: (txalo eginez, pozarren) Ederki egin huen, gazte! Ez zian beste akaberarik merezi!

G: (saltzailearen oniritzia eskertuz, baina triste) Nik ihes egin nuen; ama kartzelara sartu zuten. (negarrari ezin eutsiz) Hantxe hil zen, gaitz batek jota... Eta ni, orduz geroztik, judu erratuaren antzirudira nabil, batetik bestera...

S: (gaztea animatu nahian) Denak bezala, hik zer uste duk? Ni ere halaxe nabilek, batetik bestera; hemendik atera gabe, baina batetik bestera, ezin sosegaturik... Bizia oso gauza zaila duk; guk helduleku finko bat nahi genikek, faro zuhur bat, euskarri mugikaitz bat, baina ez duk halakorik existitzen.

G: Etengabeko aurkikuntza beldur kosmikoari eta telurikoari aurre egiteko...

S: Bai, halaxe duk, gazte. (bat-batean, aurrean duen gazteari begiratzen dio, entzun dituen hitzak haren ahotik irten direla ezin sinesturik; hala ere, harridura ezkutatu eta hizketan normal-normal jarraitzen du) Eta hik badakik zahar txoro honek zenbat kai iragan dituen etengabeko bidaia horretan alargundu zenez geroztik? Bada, mordoa, gazte, eta halaxe goazak aurrera.

G: Tirriki-tarraka.

S: Bai, beharko! (gazteari kafe egin berria eskaintzen dio, kikara, azukre eta guzti) To, edan ezak, barrenak goxatzeko!

G: (kikara esku dardaratiz hartuz) Eta zer zara orain? Zein kaitan zabiltza?

 

(saltzaileak hatz erakuslea ezpainetara eramanez isiltzeko adierazten dio. Atetik gizon bat sartzen da dendara, poltsa beltz bat zintzilik daramala. Bi hauen aurretik pasatzen da, pauso arinez, agurrik egin gabe. Dendako izkina batera joan, kaxa pare bat mugitu, egurrezko tapa bat altxa eta zuloan behera barneratzen da. hiruak puntu-puntuan dira)

 

G: (harrituta; kikara hustuz) Hori edukazioa... Nor zen hori?

S: Estolda-ikuskatzailea. Baina, tira, jarrai dezagun gurearekin. Zer galdetu didak?

G: (gogo txarrez, ikuskatzailea nondik sartu den ezin sinesturik oraindik) Hauxe galdetu dizut, zehatz-mehatz, oker ez banago: Eta zer zara orain? Zein kaitan zabiltza?

S: (ez du ulertzen gazteak egin dion galdera metaforikoa, alegia kaiaren sinbologia, eta bidenabarretan galtzekoak egiten ditu) Begira, gazte, ni lehorrekoa nauk, eta ez diat gainera itsasoaren batere nostalgiarik sentitzen... Bizia aukeraz betetako oihan bat duk, arriskutsua batzuetan, erosoa bestetzuetan... Eta, gainera, beste gauza bat esango diat: lurra, lurra lantzen duenarentzat duk, horretan ez diat iritzirik aldatuko...

G: (pazientzia handiz) Hori guztia oso ongi dago, bai; baina nik galdetzen nizun ea zein txalupatan zabiltzan orain, kristautasunaren kaia utziz geroztik zenbat kai desberdinetan bota duzun aingura...

S: (metaforaren zentzua harrapatuz; guztiz liluratua) Hik hitz egiten duk dotore! Poeta ematen duk!

G: Poesiak zorigaitza besterik ez dit ekarri niri, jauna.

S: Horretan ados nagok hirekin, gazte. Zorigaitza eta beherakoak, ez besterik. Ongi egin zian Sofoklesek poeta guztiak bere erresumatik bidaltzean...

G: Hura ez zen Sofokles izan, Platon baizik.

S: Platon, zer, gazte?

G: Platonek bidali zituela poeta guztiak bere errepublikatik kanpora.

S: Bai. Eta? Horrekin zer esan nahi didak, gazte? (diruak gordetzen dituen kaxoian eskua sartu eta bertatik diru-paper mordo bat hartu eta airera botaz) Dirurik ez zutelako bota zituela? Pobreak zirelako? Alferrak zirelako? Tira, esan ezak...

G: (nahikoa galduta; lurrera erortzen diren diru-paper koloretsuak jasoz eta mostradore gainean utziz) Zuk Sofokles aipatu duzu, eta erresuma, eta nik nahastea zuzendu besterik ez dut egin...

S: (oilartuta) Sofokles? Sofokles? Zer pintatzen dik Sofokles txatxuak guzti honetan? Ez al gintuan bada Platonekin ari? Ez al diat bada galdetu zein kaitan ibili zen Platon diruzalea poetak idazten zizkioten bertsoak salduz? Ez al diat hori galdetu? Hirekin ez zagok hitz egiterik! Dena nahasten duk!

G: (zaharraren haserrearekin guztiz animatuta) Hau agure txoropitoa! (irribarre konplize bat eginez) Arrazoi duzu, ez dut ezertxo ere ulertzen... Izan ere, Protagorasen errepublika aipatzea...

S: (kontent; gaztearen apaltasunaren aurrean harro) Horixe duk, gazte! Arrazoia ematen ere ikasi beharra zagok! Eta, ba al dakik zergatik bidali zituen Protagorasek poeta guztiak bere itsasuntzitik?

G: (buruarekin ezetz eginez) Ez, ez...

S: Bada, igerian ez zekitelako...

G: Orduan, zure semea ez zen poeta...

S: (kokotsari eutsiz, pentsakor) Ez, bada... Hara! Sekula ez nian halakorik pentsatu. Oraingoan argi ibili haiz, gazte! (bat-batean hozkailura hurbiltzen da; aulki gorri ttikian eseri eta hozkailuari begira jartzen da; hitz batzuk xuxurlatzen ditu, isilpean, aitorpen baten modura; gero, jaiki, hozkailuko tapa ireki eta botila bat ateratzen du bertatik; azkenik, mostradorera itzultzen da, gaztearen begirada axolagabearen aurrean) Emazteari esan zioat gure semearena. Asko poztu duk, koittadoa... Badakik? Nire emazte zenak ez zitian begi-bistan ikusi nahi poetak...

G: Eta nobelista edo elaberrigileak?

S: Uff! Horiek gutxiago oraindik! Denak misoginoak zirela esaten zian...

G: Eta emakumeak?

S: Nola, emakumeak?

G: Alegia, emakume nobelista edo elaberrigileak...

S: A! Horiek ere bai, misoginoak... Pentsa ezak nolako astakeria! (botila irekiz) Nahi duk? Patxarana duk, gozo-gozoa eta fresko-freskoa...

G: Ez, jauna... Erreparo pixka bat ere ematen dit...

S: (harrituta) Zerk hala, gazte?

G: (hitz egokiena ezin asmaturik bezala) Zera ere banaizela... eskrupuloso xamarra...

S: (sano-sano) Horregatik lasai, gazte. Emazteak aspaldi honetan probatu ere ez dik egiten-eta. Lehen muturretik edaten zian, gogotik edan ere... Badakik, koittadoa, bakardadea ez duk hor barnean nolanahikoa izango...

G: Eta hotza... (eskaintzen dion kopatxoa hartuz)

S: Bai, hotza... Hotza eta bakardadea... Baina eskua joaten hasi zitzaioan, eta apur bat ubeltzen hasi huen, itxuragaiztotzen..., eta errotik moztu behar izan nioan edan kontua, zoritxarrez.

G: (kopatxoa kolpetik hustuz) Biziak noiz edo noiz erabaki gogorrak hartzera behartzen zaitu...

S: Gero, noski, hirian orain dela zortzi urte izandako itzalaldi orokor hark ere ez zioan batere mesederik egin. Ez zioagu erru guztia pattarrari botako...

G: Ez, ez... Erdia pattarrari eta beste erdia itzalaldiari. Zer iruditzen zaizu?

S: (begiratu mesfidatiz) Oso arin jaulkitzen diutala hik iritziak, mukizu horrek! Izan ere, ezjakintasuna hagitz ausarta duk, eta bidaialagun txarra. Utikan! (beste kopatxo bat eskaintzen dio, bete-bete eginda)

G: (kopatxoa hartu eta kolpetik hustuz, berriz ere) Kontuz ibili beharko zenuke itzalaldiekin, jauna. Beroak kalte gehiago egiten dio zure emazteari alkoholak baino.

S: Bazakiat. Horregatixe erosi nian ekipo-elektrogenoa. Ez naitek ez atzera deskuidatuta harrapatuko!

G: Eta zergatik ez duzu behingoz errausten? Hala ez zenuke pattarraz eta itzalaldiez gehiago arduratu beharko. Ala, oraindik zorretan zaude?

S: Jakingo bahu, gazte... (bat-batean gorputz abaildu baten itxura hartzen du bere irudiak) Ezin kitatuzko zorra zeukaat, bizi guztirakoa...

G: (isilune mingarria denbora luzez errespetatuz) Zer nolakoa duzu horrenbeste atsekabetzen zaituen zor hori, jauna? Metafisikoa? Etikoa? Politikoa? Zor parnasianoa, agian?

S: (ahots-hari ahul batez) Ez, ez, parnasianista ez... Ni ez nauk sekula parnasianista izan... Ni kristaua izan ninduan lehenbizi, urte luzez...

G: Proudhonek esan zuen arte: “Jainkoa da Gaizkia”. Orduan utzi zenion kristau izateari...

S: Barkatu, baina nik Proudhon ez diat jasaten... Nahiago diat mila aldiz Voltairek esan zuen hura: “Jainkoa existituko ez balitz, asmatu egin beharko genuke bat derrigor”.

G: Eta zuk ez zenuen zeurea asmatzen jakin, eta kristau izateari utzi zenion. Beraz, oker ez banago, zure zor ordainezin hori metafisikoa da, arimari dagokiona...

S: Nire txalupak kai asko pasa ditik, gazte..., ekaitz izugarriak. Kristau izan ondoren enpirista izan ninduan, estoikoa, humanista, razionalista, erromantikoa, dadaista...

G: (bi kopatxoak betez; interesaturik) Eta mistikoa?

S: Ez, jainkoarren! Beti pentsatu izan diat “ni”-ak gizatasunaren baitan bizi behar duela, eta ez bere baitatik at... Zer iritzi duk hik?

G: Bat nator zurekin. Gorroto ditut estasi-uneak!

S: (apur bat animatuta; kopatxoa trago batez hustuz) Guk ezagutzen dugun estasi-une bakarra hauxe duk, gazte! Je, je, je... (kopatxoak betez atzera)

G: (ezker begiarekin keinu pikaro bat eginez) Badakit. Sexu zor bat daukazu, agure egarbera horrek!

S: (barre ttikiak eginez) Zergatik diok hori? Egutegiagatik? (horma zikin-zikin baten erdian zintzilik dagoen egutegia seinalatzen du buruaz; bertan, emakume bat ageri da, bi titi lerden bistan dituela, biluzik; ezker izterra jasoxea du, eta postura horrek eragozten du gainerakoaren ikusmira; hala ere, pixka bat hurbilduz gero, emakumearen sasitza beltzarana antzeman liteke, polit askoa) Ez, motel, aspaldidanik haratuztea praktikatzen diat...

G: Barkatu, jauna, baina hori nafar pentsamendua bezalakoxea da: alegia, “contradictio in terminis”...

S: Zer esan nahi duk horrekin? Nafarra naizela? Ez dudala pentsatzen? Eunuko txatxu bat naizela? Tira, laster, argitu ezak!

G: (lasai; zaharraren nahaspiletara ohitzen hasita) Esan nahi nuen abstinentzia ezin litekela praktikatu. Nola praktikatzen da praktikaeza? Bada, ez praktikatuz, eta ez, zuk esan duzun bezala, praktikatuz! Nik eguna bezain argi ikusten dut...

S: Ja! Eta zergatik esan duk eunuko txatxu bat naizela? Nondik atera duk faltsukeria gorri hori? Gauza bat duk haratuztean bizitzea, eta beste bat potrorik ez izatea!

G: (tonu txantxatiz) Bada, kastizismoan bizitzeko ez dizu prezisamentean egutegi horrek laguntza handirik eskainiko...

S: (kopatxoak betez) Gauzak ez dituk izaten diruditen bezalakoak, diren bezalakoak baizik.

G: Alegia, ez daukazula egutegia hor zintzilik jarrita zakilgorri bat zarelako, beste arrazoi bategatik baizik...

S: Hooorixe...

G: Adibidez?

S: Jendea engainatzeko, hirekin egin bezalatsu... (kopatxoa hustu eta korrokada bat botatzen du, batere erreparorik gabe) Egutegia ikusi eta zer pentsatu duk nitaz instantean? Zakilgorri bat naizela. (barre ttikiak eginez, jostalari) Inork ez zidaan oraindik horrela deitu. (koaderno marroixka bat ateratzen du kaxoi batetik) Hemen apuntatzen ditiat oparitzen dizkidaten loreak.

G: (koadernoa hartu eta bozgora irakurriz) Hedonista, falokrata, lizuna, erotofoboa... (barre eginez, iztarrean kolpe ozenak joz) Begira hau!: ondinista... Eta beste hau, ze polita: priapista!

S: Ba al dakik zer esan nahi duen horrek? (kopatxoak betez)

G: Zakila beti zut daukanari esaten zaio horrela; Priapo, Afrodita eta Dionisoren semea, beti zakilixut, ugalkortasunaren sinbolo...

 

(Kopatxoak hustutzearekin batera, estolda-ikuskatzailea zulotik gora azaltzen da; bi edaleen aurretik pasatzen da, isilik, serio, herren ttiki bat eginez, agurrik ere egin gabe; irteterakoan atea danbateko bortitz batez ixten du, haserre balego bezala; kanpoan eguzkiak gupidagabe astintzen ditu bazterrak. Arratsaldeko laurak puntu-puntuan dira)

 

G: (asaldatuta) Ikusi al duzu? Ez zeukan aurpegirik! Bere bisaia orban uniforme bat zen, Rothkoren koadro bat bezalakoa!

S: Baina, ezagutzen al duk Rothko?

G: Bai, noski, apopilo-etxean bizi den lagun bat da...

S: Eta zer duk, abangoardista?

G: (duda eginez bezala) Ez, ez..., uste dut umezurtza dela, ni bezala... Mantxa uniforme zabal batzuk pintatzen ditu beti, marra lodiska kolore bakarrekoak... Gizon horren aurpegia bezalakoxeak!

S: Ez itzak kontzeptuak nahasi, mesedez... (kopatxoak betez) Rothkok izpiritua pintatzen zian, eta putakume horren aurpegia, hain justu, antizpiritualitatearen paradigma duk... Zekenkeriak jan zizkiok begiak, inbidiak ahoa, basakeriak sudurra...

G: (kopatxoa hustuz; agurearen hitzekin beldurtuta) Jesus! Ez da fidatzekoa izango, orduan!

S: (gorrotoa begizuloetatik at) Putakumea! Bizkarroia! Mafioso zikina! Odol-zurrupatzailea! Laster iritsiko zaik hiri ere ordua!

G: (bi kopatxoak betez; agurea lasaitzekoak eginez) Lasai, ez zaio zure bihotzari estutzerik komeni... Lasai!

S: (lehen baino asaldatuago) Zer dakik hik nire bihotzaz! Txoroa!

G: Ez zintuzket larritu nahi, jauna, baina taupagailua oso bistan daramazula iruditzen zait...

S: (esku batekin bularraldea gogor sakatzen du, tresnatxoa bere lekura eramateko ahaleginean) Oraintxe nazka-nazka eginda niaukak traste honek. Gustura botako nikek errekara! Izan ere, zulo handiegia egin baitzidaten, eta pixka bat asaldatzen naizenero, bada irten egiten zaidak...

G: Tira, tira..., ez dirudi estolda-ikuskatzailea lagun-mina duzunik. Horiek losintxak!

S: (lasaiago; tristeturik) Ba al dakik zer egiten duen putakumeak hor behean bizi den jende gizarajoarekin?

G: Ez.

S: Larrutu, isunak kobratu, zergak ipini, bitxi eskasak kendu, mehatxatu, gazteak zigortu, emakumeak bortxatu, gizasemeak giltzaperatu, agureak fusilatu... Hire irudimenak sekula santan irudikatuko ez lituzkeen basakeriarik ankerrenak..., eta dena Estatuaren izenean!

G: (sututa; hiraz beterik) Eta zergatik ez dute denen artean garbitzen!

S: (etsipenez) Funtzionario maila duelako...

G: Horrek ere bai! Lastima!

S: Bestela, neronek garbitua izango nian aspaldi eskutxo hauekin... Ongi irabazita zeukaat pribilejio hori.

G: (kopatxoak atzera betez) Horrenbeste gorrotatzen al duzu? Horrenbeste min egin al dizu?

S: Akordatzen al haiz nire zor ezin kitatuzkoaz?

G: Noski...

S: Bada, horixe duk...

G: Zein, horixe...

S: Gizon hori, motel... Gizon hori duk nire kondena, nire bizi guztirako zorra...

G: (kopatxoa hustuz; agurearengana hurbilduz) Nola, gizon hori... Ez dizut ulertzen.

S: Ostia, gazte! Makal habil! Zerga mafioso bat ordaindu behar zioat hilero-hilero putakume horri, eta halaxe zeramatzat... emaztea hil zenez geroztik.

G: Eta, zer dela-eta?

S: Bada, emaztearengatik, hain zuzen ere...(malko batzuk irteten zaizkiola)

G: Alegia, ulertzen dut... Emaztea hozkailuan edukitzearen truke, hainbesteko zerga bat ordaindu behar diozu tipo horri... Bestela, hitz egin eta polizia bidaliko lizuke... Asmatu dut?

S: (etsiak jota; torloju-kaxa bat bere lekuan ipiniz) Bai.

G: Eta horrexegatik ezin izan duzu sekula emaztea errausteko adina diru aurreztu...

S: (kopatxoak betez) Bai.

G: Eta horrexegatik ezin izan duzu sekula etxebizitza bat erosi...

S: (malko lodiak masailetan behera irristatzen zaizkiola) Bai.

G: Eta horrexegatik bizi zara hemen...

S: (begiak gorri-gorri eginda) Bai.

G: Eta horrexegatik egin zinen estoikoa...

S: (negar gordin batean) Bai.

G: Eta humanista, eta erromantikoa...

S: (negar-zotinka; kopatxoa hustuz) Bai.

G: Eta horrexegatik gorrotatzen duzu horrenbeste...

S: (negarrari utziz, mostradore gainean ukabilkada sumin bat joz) Eeeeez! (beste ukabilkada bat joz, lehengoa baino suminagoa oraindik, halakorik ahal baledi) Ez horregatik bakarrik! Madarikatua!

G: (ikaratuta; kopatxoak betez) Zer gehiago egin dizu, bada...

S: Zer gehiago? Zer gehiago?

G: Bai, gizona, zer gehiago...

S: Behin, ordainketan egun batzuk atzeratu ninduan...

G: (begiak ireki-ireki eginda, entzungo duen krudelkeria aurresentituz bezala) Etzazu esan..., etzazu esan...

S: Atzeratu egin ninduan, bai... Ez nian dirua biltzerik lortu, eta...

G: (hatz erakusleekin belarri-zuloak tapatuz) Etzazu esan..., ez dut halakorik entzun nahi...

S: Ez nian dirua biltzerik lortu; etorri huen..., etorri huen, eta nik dirurik ez... (kopatxoa hustutzen du, bakeroen filmeetan egiten duten planta beretsuan) Ez zegoela dirurik esan nioan...

G: Basta, mesedez...

S: Oraintxe nagoen bezalaxe, eskua mostradore gainean jarri, eta riii-raaa, riii-raaa... (zerrarekin ariko balitz bezala egiten, mihia hortzartean duela, nahikoa barregarri) Eskua moztu zidaan putasemeak...

G: (hatzak belarri-zuloetatik kenduz; biziki interesaturik) Sekulako marruak botako zenituen...

S: (harro; lehenengoz esku ortopedikoa erakutsiz) Ezta txintik ere, amigo! Ederki izorratu nian borrero nazkagarri alaena! Nire malkoak ikusi nahi zitian kabroiak, eta nik ixuri ez... Han joan huen buztana hankartean zeramala!

G: (txalo eginez; agureari sorbaldan joz) Horrela portatzen dira gizonak! Ni ere, aitak burdinazko barrarekin burutik behera jotzen ninduenean, ez nintzen batere kexatzen... Ezta batere!

S: Batere-batere ez?

G: (lurrera begiratuz) Beno, tira... pixkatxo bat batzuetan. Eta zu?

S: (hau ere lurrera begira jarrita) Ni ere, egia esan, pixkatxo bat bai..., halako zinkurin ttiki ahul bat noizean behin..., baina ez oinazeagatik, ez, zerrak hezurra moztean hozkia ematen zidalako baizik...

G: (animaturik) Horixe! Hozkia! Burdinak hezurra ukitzean... (barre eginez, pozarren) Hortaz, biak elbarriak gara! A ze parea, burdinzalea eta gaztea!

S: Hi, barre gutxiago nire lepotik, aditu? Nondik nora haiz hi ere elbarri?

G: (kopatxoak betez; agurearengana hurbilduz) Errepara egidazu ongi... Ez al didazu ezer arrarorik ikusten?

S: Ez..., horrela, lehen begiratu batean, ez... Bazakiat! Zakila falta duk!

G: Ez, ez. Gorago da.

S: Gerritik gora ala gerritik behera?

G: (pazientzia handiz; kopatxoa hustuz) Gerritik gora.

S: Soinean edo soin-adarretan?

G: Ez soinean eta ez soin-adarretan ere.

S: Orduan ez da posible!

G: Bai, posible da.

S: Non, bada?

G: Buruan izan liteke...

S: Buruan? Kaxkoko zuloaz gainera?

G: Bai, aurpegian.

S: (gaztearen aurpegira hurbilduz) Ez diat hor ezer arrarorik ikusten...

G: Begiak...

S: Begiak bere tokian zaudek...

G: Bat, ordea, kristalezkoa duk, jauna...

S: No me jodas! Hori ere ba al dugu! Ea, ea..., utz egidak begiratzen... Ia antzeman ere ez da egiten-eta! Eta... eta zein duk kristalezkoa?

G: (triste xamar) Lurrunduta dagoena...

S: Lurrunduta? Biak berdin-berdinak ikusten ditiat nik...

G: (irribarre erorixez) Benetan?

S: Noski benetan, gazte. Eta nola galdu huen, bada? Aitak jota, seguru...

G: Ez, ez..., bestela. Nire erruz, egia esateko...

S: A, bazakiat, bazakiat... Itxaron, itxaron..., neuk asmatuk diat. Ea, ikus dezagun: Benito Arias Montano? Juan Valera? Severino Boecio? Cayo Salustio? Antonio Gramscy? Escoto Erigena, agian?

G: Ez, ez..., hurbilago...

S: Hurbilago? Ongi, ikus dezagun: Herman Broch? Noam Chomsky? Emile Zola? Benito Perez Galdos, akaso?

G: Ez, jauna. (damuturik; ahots-hari entzunezin batez) Clarin...

S: Nola? Nola? Zer esan duk? (guztiz haserreturik)

G: Clarin, jauna...

S: Ez da posible! Ez da posible!... Zentzugabea! Tentela! Zoroa! (pixka bat lasaituz) “La Regenta”, noski...

G: (burua makurtuz, etsipenez eta lotsaz) Bai, bai...

S: Baina nolatan, gazte? Halako astakeriarik!

G: Oharkabean hasi, txantxetan bezala, eta konturatzerako... (negarrez hasten da, deskontsolaturik) Begiak ez zuen tortura jasan...

S: Beno, tira, tira, nahikoa... (gaztea animatu nahian; kopatxoak bete eta botila hustuz) Eta non lortu huen begi polit hori? Benetan, urrundik antzematen duk kalitate handikoa dela; gutxien-gutxienez alemaniarra... eta ez dik askorik ere faltako suitzarra izateko!

G: Benetan diozu? Bada, hilerri ondoko merkatu ttikian erosi nuen, egia esateko...

S: (kopatxoa hustu eta beste botila bat ateratzen du hozkailutik, lehengoa bezain gorria) Etzak esan! Nori? Ez hioan hango ijito bati erosiko, ala?

G: Bai, zerari...

S: Anakletori!

G: Horixe, Anakletori... (zaharraren berebiziko interes hori zergatik izan liteken asmatzen ez duela) Zer, bada?

S: Eta noiz erosi hioan begia, gazte? Akordatzen al haiz?

G: Bai, noski: orain justu hamar urte, eguberri partean.

S: (mostradore atzean jauzika, barrez lehertu beharrean) Orduan, hire begia ez duk ez alemaniarra eta ez suitzarra ere... je, je, je... Autoktonoa duk... nire eskua bezalaxe!

G: (zaharraren barreaz kutsaturik; begia bere zulotik ateratzen duela) Eta nola dakizu zuk nire begiaren berri? (kanika bat balitz bezala jaurtitzen du airera pozarren)

S: Hire begia eta nire eskua ijito berari eta garai berean erosi genituelako, gazte! Ze gauza den patua! Ze ezuste gordetzen dituen biziak! Hau benetan ospatzekoa da! (kopatxoak bete eta topa egiten dute emozioz lepo) Guregatik!

G: Urte askotarako!

 

(Bat-batean saltzailea isilik gelditzen da; dendako atea itxi eta, egonarriz, Rodinen pentsalariaren postura berbera hartzen du; halaxe egoten da minutu pare batez-edo, meditazio sakonean. gazteak, bitartean, gogotik astintzen du patxaran-botila, beste eginkizun hoberik ezean. Dendako erlojuak bostak puntuan markatzen ditu, baina esan beharra dago erloju horrek aspaldidanik bost minutuko atzerapena daramala, baieztapen honek garrantzi handirik ez duen arren)

 

S: (bere onera etorriz; kopatxoa betez) Oraindik ez didak gauza bat galdetu, gazte.

G: (apur bat txispatuta) Garrantzitsua?

S: Oso, gazte. Nik neronek ere uste nuen baino garrantzitsuagoa, inondik ere.

G: Gure erosketarekin zerikusia duena, ala?

S: Ez hoa bide okerretik...

G: Badakit zer ez dizudan galdetu... Eta zuk, badakizu zergatik ez dizudan galdetu galdetzea nahi zenuen gauza hori?

S: Nahastu haiz berriz ere... eta ni nahastuko nauk!

G: (zaharraren kexuei entzungor eginez) Oso erraza da. Ez dizut galdera garrantzitsu hori egin badakidalako zer erantzungo didazun.

S: Ez duk ezer ulertzen, gazte... baina ez ziok axolarik. Neronek egingo diat galdera: zergatik da hire begia eta zergatik da nire eskua autoktonoa? Zergatik esan dezaket gure erosketak autoktonoak direla?

G: Bada, dudarik gabe, beren lehengo edo jatorrizko jabeak hemengoak zirelako; alegia badakizulako nortzuk ziren jabeak, edo, behintzat, nongoak ziren...; edo, itxaron, zuzen esango dut: nongoa zen...; zuzenago oraindik: nor zen...

S: (txunditurik; esatekorik asmatzen ez duela) Nola... nor zen... Esan nahi didak badakiala geure zerak gizon berberari dagozkiola, hire eskua eta nire begia gizon berberarenak direla...

G: Alderantziz, jauna. (kopatxoak betez)

S: Nola, alderantziz? Zer diok alderantziz? (sututa; zigarro bat piztuz)

G: Zure eskua eta nire begia, eta ez zure begia eta nire eskua... Horixe esan nahi nuen.

S: Horixe esan nahi huen? Horixe esan nahi huen? Eta zergatik esan duk orduan alderantziz?

G: Nik ez dut alderantziz esan, jauna, zuk baizik...

S: Nik? Nik alderantziz? Potroak galantak behar dituk, gero! Ez al didak oraintxe esan alderantziz esan duzula? Eta, beste gauza bat: nola dakik hire begia eta nire eskua zendu berarenak direla?

G: Hortaz segituan jabetu nintzen, zure eskua ikusi orduko...

S: Tira, txo, ez idak adarrik jo! Zera esango didak orain, munduko esku guztiak ezagutzen dituala!

G: Ez, eskuak ez, baina zigilu-eraztun hori bakarra dela esango nuke, bere itsusian...

S: (triste) Ez al zaik gustatzen?

G: Ezta batere, jauna.

S: (haserre; bozgora) Ezta niri ere hire begia, hara!

G: (minduta) Ez?

S: Ez arranea! Benetakoa baino handiagoa duk, eta gainera lurrunduta zagok.

G: Lurrunduta? Lehen ezetz esan didazu...

S: (kopatxoa hustuz eta zigarroa errez) Gezur errukitsu bat huen, ez besterik.

G: (pentsakor) Bada, niri ez zait zure eraztuna hain itsusia iruditzen, egia esan...

S: (alai; kopatxoak betez) Benetan? Orduan zergatik esan duk itsusia zela?

G: Gezur errukitsu bat zen, ez besterik...

S: (harrituta) Baina gezur errukitsuak ez al dituk esaten lagunak ez mintzearren?

G: Ez beti, jauna. Gauzak ez dira beti txuri edo beltz izaten... Zenbat gustu, hainbat kolore. Ez al da hori legea?

S: Bai, horretan arrazoi duk, gazte... Niri, adibidez, gehien gustatzen zaidan kolorea urdina duk.

G: (kopatxoa hustuz) Itsas-urdina edo zeru-urdina?

S: Eeez! Urdin-anila!

G: Nire begiak bezala...

S: Bai, alajainetan! Begi ederrak dituk hik...

G: Gustatzen al zaizkizu? (irribarretsu; kopatxoak betez)

S: Gustatu? Bai, koanto! Asko!

G: Niri ere bai zure zigilu-eraztuna. Asko.

S: Eta, izan ere, gazte: zergatik ez didak galdetzen zertan ibili dudan pentsamentua hain nire baitara bilduta egon naizen isilune luze horretan?

G: (kopatxoa hustuz) Benetan hori nahi al duzu?

S: Bai, gazte, biziki estimatuko nikek.

G: (tematu samartuta) Baina, bereziki biziki, edo arrunt biziki?

S: Ez, ez... Bereziki biziki, noski.

G: Eta, mesedez galdetuko dizut, ala besterik gabe atrebentziarekin?

S: (minduta) Ez al gara adiskideak? Bada, orduan atrebentziarekin!

G: Ongi, jauna. Zer pentsatu duzu isilune luze horretan, atrebentziarekin?

S: (arnasa sakon harturik; infinitora begira) Giza-destinoaren bihurgune sarrietan inoiz ez dakiala zer topatuko duan... “Fata viam invenium”, Virgiliok dixit...

G: “Omnibus hora certa est, et tempus suum cuilibet coepto sub coelis”, Eklesiastes III, 1.

S: Horretan arrazoi duk, gazte. Hori ez zagok ukatzerik... (leihora hurbilduz, zerhait itxarongo balu bezala) Konparazio batera: hi jabetu al haiz geureaz? Konturatu al haiz nola jokatu duen patuak gurekin? Hi eta ni, gazte, gizon beraren bizi-hartzaileak gaituk... Hi eta ni, neurri batean, gizon berbera gaituk!

G: Bai, bai... Jekyll eta Hyde moduko zera bat, munstro bat... (ezin barreari eutsiz)

S: (bere horretan serio) Hainbeste eta hainbeste urteren buruan, etorri haiz halako batean, ezustean, eta hara non jakiten dugun... (bat-batean isildu egiten da. Buruari hazka egiten dio, zerbaitetaz akordatu nahi eta ezinean balebil bezala) Eta, izan ere, gazte, zertara etorri hintzen burdindendara? Ez nauk akordatzen...

G: (burua estutuz) Ez dakit, jauna. Ni ere ez naiz akordatzen...

S: Zerbait erostera...

G: Hori seguru...

S: Baina horrenbeste gauza saltzen ditiat hemen...

G: Bai, gutxi egongo dira zurea bezain ongi homituak...

S: Eskerrik asko.

G: “Vitam impendere vero”, jauna. Juvenalek esana. Bizia eman egiaren alde...

S: Horretan ez nagok hirekin ados, hara. Nik bizia ez nikek aberriarengatik ere emango...

G: (kopatxoak betez) Eta abendarengatik? Eta lutelestiarengatik?

S: (enfatikoki) Are gutxiago oraindik!

G: Ikusten dudanez, oso zeurekoia zara; egolatra nazkagarri bat!

S: Horretan bat natorrek hirekin, gazte: niregatik balitz, laster joango huke mundu hau pikutara; zer esanik ez gure ondorengoak eta gainerako krixto guztiak... Bizia ez duk inoren alde eman behar: inork ez dik merezi sakrifizio hainbestekorik!

 

(Halaxe daudela, eta seiak puntu-puntuan direnean, ate gainean dagoen leihatilatik uso laranja-koloreak sartzen dira saldoan, oilar kalparmoreak, elefante hegadunak, onagro txuri infinitoak, bolizko antxeta itsuak, kartoi-harrizko tigreak, jirafa orojale estukatuak, mitxeleta multikoloreak, oreinkume burubikoak, heliotropozko katuak, suge lizun abeslariak, urrebitsezko axeriak... gaztea miratuta gelditzen da ikuskizunarekin, begiak erakusten diona ezin sinesturik. Une batez, ehundaka piztia biltzen dira dendako sabai aldean, eta zurrunbilo zoragarri horretan dantza ikonoklasta bat dantzatzen dute saltzailearen ohoretan. Gero, honen baimen emozionatuz, animalia guztiak atexkan behera dihoaz. Bisitariak desagertu direnean, badirudi hustasuna ikusi egiten dela, entzun isiltasuna. Baina ez da halakorik ezer: soil-soilik oroimenaren purutasuna gelditzen da)

 

G: (emozionaturik; begia malkotan blai) Zer zen hori? Zeintzuk ziren? Nondik etorri dira? Zer nahi zuten? Nora joan dira? Nora joan dira?

S: (kontent, baina neurrian) Gustatu?

G: Ez dut sekula hain gauza ederrik ikusi!

S: Pozten nauk, gazte, pozten nauk... Bihar gehiago etorriko dituk.

G: Nora? Hona?

S: Noski.

G: Eta gero, nora joaten dira? (interes biziz)

S: Zera, estoldetara. Azken bi hilabete hauetan oihan izugarri bat egiten ari dituk, eta horretarakoxe behar ditiztek animaliak...

G: Etzazu esan! Joango gara?

S: (irribarre tristexkaz) Guk ezin diagu, gazte. Gu ez gaituk, zoritxarrez, gizaki mitologikoak...

G: Eta mozorrotuko bagina?

S: (gaztearen ilusioaz harriturik) Zertaz, txoro hori... Gu bezalako bi elbarri, mozorrotu? Ez genikek lehen kontrola ere pasatuko.

G: Jupiter bezalaxe itxuraldatuko bagina, ni arrano eta zu zezen...

S: (haserre) Eta zergatik ez alderantziz! Ni arrano eta hi zezen...

G: (zaharrari aurkez aurke begira) Nirea izan delako ideia!

S: Baina denda nirea duk! Hara bestea!

G: Zer denda? Hau al da denda? Balorea behar da gero kobazulo honi denda deitzeko!

S: (sututa) Zertara etorri haiz orduan? Behartuta bidali al haute? Tira, esan zer behar duan, azkar!, eta alde hemendik...

G: (setati; kopatxoa hustuz) Nik jaitsi egin nahi dut!

S: Baina zoratu al zaik! Hi ez haiz Jupiter, ni ez nauk Herkules; hi ez haiz Orfeo, ni ez nauk Midas; hi ez haiz Eolo eta ni ez nauk Perseo...

G: Bada, nik jaitsi egin nahi dut!

S: (gazteari lepotik helduz eta bortizki astinduz) Baina ez al duk ulertzen! Hor behean laberintoa zagok! Hor behean minotauroa bizi duk! Eta gu ez gaitik ez Teseo eta ez Ariadna! (lepoa askatu eta kopatxo bat eskaintzen dio)

G: (axolagabeki; kopatxoa hustuz) Orduan hementxe bukatzen da gure elkarrizketa. Emaidazu, mesedez, eskatu dizudana, eta banoa.

S: (gaztea bezain mezpreziati) Ongi. Eta zer nahi huen?

G: Eskatu dizudan horixe, ez besterik.

S: (eskuak mostradore gainean jarriz, zabal-zabal) Eta zer eskatu didak, jakin baliteke?

G: Ez al zara zu saltzailea?

S: Ez al haiz hi eroslea?

G: Ez duzu ez asko salduko ganora horrekin...

S: Erosleak berak zer nahi duen ez badaki, ez diat nik ez deus askorik salduko...

G: (borondatetsu) Gauza bat egin dezakegu honekin guztiarekin amaitzeko.

S: Bota; ez haut oraintxe begien bistan gehiago ikusi nahi...

G: Errepika dezagun lehen eszena bere hartantxe, eta hala zertara etorri nintzen jakingo dugu. Konforme?

S: Tira.

G: (kalera irten eta atzera dendara sartuz) Kaixo, eguerdi on. (eskua pasatzen du kopeta izerditsutik)

S: Berdin, gazte. Zer nahi zenuen?

G: Soka bat. Soka puska bat...

S: Zertarako behar zenuen?

G: (guztiz bere onera etorrita, ausart) Neure burua zintzilikatzeko.

S: (iztarretan kolpe ozen bana joz) Hara! Beraz, hire buruaz beste egiteko asmoarekin etorri haiz...

G: Halaxe dirudi, bai. (guztiz harrituta)

S: Eta? Hire asmoak horretan al dirau?

G: (minduta bezala) Ez! Ez dirau horretan, lehen baino tinkoago baizik!

S: Zergatik lehen baino tinkoago, gazte?

G: Zure maltzurkeria ankerrak nire erabakia sendotu besterik ez duelako egin.

S: (umil-umil) Pozten nauk zerbaitetan lagundu izana... (beste kopatxo bat eskainiz) Ez diok, hala ere, uko egingo azken kopatxo hau nirekin hartzeari...

G: Ez, jauna. Gustura hartuko dut... Topa! (kopatxoak jasoz)

S: (tonu profesional hotzera itzuliz) Eta, zertan geundean sokaren asuntoarekin? Ez nauk akordatzen...

G: Metroko mila pezeta balio zuen batekin ari ginen...

S: A, bai, honetxekin... (eskuetan hartu eta tira egiten dio, bezeroari zein sendoa den erakutsi nahian) Eta zenbat diru daukak?

G: (txanponak poliki-poliki zenbatuz) Bi mila eta bostehun pezeta eskas...

S: Redio! Horrekin ez haiz urrutira joango!

G: (apal, tonua jaitsiz) Hemen, auzunean dagoen parkeraino besterik ez dut joan nahi...

S: Baina, txanda eskatu al duk? Eman al ditek ordua?

G: Ez, jauna..., nik ez nekien...

S: Ez henkiela? (guztiz sututa) Baina non arraio bizi haiz! Gaurko gazteriarekin ez zagok etorkizunik! Ordurik ez, dirurik ez, sokarik ez, hori al duk suizidatzeko fundamentua! Kalamidadea! (gaztea ia negarrez dagoela oharturik, gupidatu egiten da) Tira, lasai, moldatuko gaituk...

G: Ez nekien suizidatzeko ere horrenbeste betekizun behar zenik...

S: Desanimatuta?

G: Pixka bat...

S: Normala duk, gazte. Ez ditek batere erraztasunik ematen; ez diat nik esaten erabateko doakotasun bat, ez, baina laguntzaren bat, bekatxoren bat..., batik bat gazteentzat eta zaharsaridunentzat eta elbarrientzat... En fin. (etsipenez beterik) Halaxe zaudek gauzak eta halaxe hartu behar... Ongi; sokarengatik ez hadi kezka... Bigarren lepokoak ere bazauzkat hor batzu-batzuk, baina, ez..., hik zerbait hobea merezi duk.

G: Estimatzen dizut...

S: Ez duk ezer, gazte. Gizatasunak horrenbeste eskatzen dik... (kaxoi batetik orri bat ateratzen du) Tok!

G: (orria hartuz) Zer da?

S: Formularioa. Hau ere ez huen noski beteko, ala?

G: Ez, ez...

S: Osasun Ministerioaren txorakeriak, badakik. Bestela, guretzako gero jipoiak... (orria txukun-txukun betetzen lagunduz) Jesus, zenbat galdera!

G: (larrituta) Eta hemen zer jarriko dut?: “arrazoia edo arrazoiak”.

S: (formulariora hurbilduz) Non, gazte? Ez diat ikusten.

G: (hatzarekin seinalatuz) Hementxe, justu “Agintariek ohartarazten dute suizidatzea kaltegarria izan litekeela osasunarentzat” horren gainean. Ikusten?

S: Bai, bai... Tira, bada jarri ezak aitak burdinazko barra batekin burutik behera jotzen ninduelako, eta kristalezko begi bat daukadalako...

G: (eserlekuan jauziak eginez, urrezko luma pikutara jaurtiz) Ez! Hori ez! Hori ez!

S: (zeharo txundituta) Zer duk orain, harroa!

G: Ez duzu ezer ulertu! Ez duzu ezer ulertu! Argiagoa zinela uste nuen... baina oraintxe erakutsi didazu ez zarela zu gainerakoak baino jasoagoa... (etsipenez beterik)

S: Baina... baina zer ez diat ulertu, gazte. Zer arraio esan nahi didak?

G: Arrazoiak, nire arrazoiak...

S: (giltza batekin belarri-zuloetako argizaria ateraz) Zer?

G: (zaharraren jarduna imitatuz) Ez direla zuk esandakoak, hain arinki esandakoak...

S: Zer esan nahi duk horrekin? Zer esan nahi duk arinki horrekin? Arinki hitz egin dudala, agian? Arinki juzkatu haudala, akaso?

G: (txalo eginez, isekari) Horixe, horixe...Asmatu duzu!

S: Eta asmatu badut, ze kexu daukak? Bete ezak formularioa txukun-txukun eta amai dezagun behingoz.

G: Eta zer jarriko dut orduan epigrafe horretan?

S: Bada, lehen esandakoa: aitak burdinazko barra batekin jotzen...

G: (garrasika, itxura gaiztoan) Ezeeetz! Hori ez dela arrazoia!

S: (mailu batekin mostradorean joz) Kaguen laputa! Ez al didak oraintxe esan asmatu dudala? As-ma-tu du-da-la!

G: Horixe esan dudala! Asmatu duzula zergatik esan dudan arinki hitz egin duzula, eta ez asmatu duzula zeintzuk diren suizidatzeko nire arrazoiak!

S: Beraz, zertan gaituk, gazte? Asmatu dut ala ez dut asmatu? Aitak jotzen hinduen ala ez hinduen jotzen? Begi bat falta duk ala ez duk begirik falta? Hire buruaz beste egin behar duk ala ez duk hire buruaz beste egin behar? (kopatxoak betez)

G: Barkatu, jauna, baina galdera horiek guztiak erretorikoak dira, hau da, erantzuna bere baitan daramatenak; eta honelako galderak jaulkitzen dituztenak galtzaileak eta derrotatuak izan ohi dira gehienetan, eta kasu gutxi batzuetan, notarioak...

S: (interes biziz) Zergatik notarioak?

G: Honelako bidenabarretan galduz, denbora irabazten dutelako. Eta dirua.

S: Eta, ni, notarioa al naiz?

G: Ez, jauna. Zu burdinzalea zara. Primerakoa gainera, agi denez.

S: Esker mila, gazte. Hi ere ez hago gaizki.

G: Osasunez ala fisikoki?

S: Osasunez, gazte, osasunez.

G: Itxura besterik ez da, jauna. Ziplo eginda nago.

S: (gazteari sorbaldan joz) Ez duk horrenbesterako izango...

G: Bai, benetan ziplo eginda...

S: Ez hadi larritu, gazte. Denborak bere onera ekartzen dik dena...

G: Soka bat nahi nuke.

S: (lapitza belarri gainean ipiniz, dotore asko) Nolakoa, gazte? Edo hobe oraindik: zer nolakoa, gazte?

G: Barkatu, jauna: zu arotza zara, edo burdinzalea?

S: Burdinzalea.

G: Eta orduan, zergatik jarri duzu lapitza belarrian, jauna? Ez al dakizu hori zurgin izaerari dagokiola soil-soilik? Ala, idiosinkrasia-lapur bat zara, menturaz?

S: (lotsaz gorriturik, damututa) Barkatu, barkatu... Keinu mekaniko bat besterik ez duk izan..., inolako intentzio txarrik gabeko zera bat...

G: Ongi, horrela bada, ongi. Bada, esan bezala, soka bat nahi nuke.

S: Zer nolakoa, gazte?

G: Nire burua zintzilikatzeko aproposa...

S: Ziplo eginda hagoelako, noski.

G: Horregatixe, hain justu.

S: Bazakiat: aitak burutik behera jotzen hinduen burdinazko barra batekin, eta kristalezko begi bat daukak. Baina ez dituk horiek arrazoiak.

G: (lakonikoki) Ez.

S: Ez, noski. (taupagailua bere lekuan ipiniz, zakarki) Hirea ez duk arazo fisiko bat; ez duk bakardade arazo bat; ez duk arazo ekonomiko bat...

G: Ez.

S: Aurkikuntza arazo bat duk, inondik ere.

G: Bai.

S: Eta nik bazakiat aurkikuntza horren izena.

G: (sinesgogor) Asko dakizu orduan...

S: Ez hik bezain beste... (soka-mataza bat atzera mostradore gainean ipiniz) Hau sendoa duk oso, primerakoa. Beherapen ttiki bat egingo diat, eguberriak izango balira bezala...

G: (gogaituta; muturra okertuz) Eguberrietan? Zer, bada? Asko saltzen al da halakotik eguberrietan?

S: (imentzio beroz) Oi, izugarri! Erregetarako batez ere: aitak semearentzat, semeak aitarentzat, bilobak amonarentzat, suhiak amaginarrebarentzat, koinatak koinatuarentzat... Oso opari sokorritua duk, edonoren aurrean ongi gelditzeko modukoa.

G: (sekulako disgustoarekin; negarrez hasteko zorian) Baina nik uste nuen...

S: Oso orijinala hintzela... Bada, ez, gazte: honetan ere dena asmatuta zagok. Orijinalitatea aspaldi hil huen, kasik Jainkoarekin batera...

G: Hortaz, ez naiz suizidatuko!

S: Baina zer diok, buruarin horrek! Etzak orain txorakeriarik egin! Ez hadi orain itsutu orijinaltasunarekin! Aurre egiok hartutako erabakiari!

G: (batera eta bestera dabilela, burumakur) Ez dakit, ez dakit...

S: Animo, gazte! Suizida hadi! Uxa itzak higandik mamu zikin guztiak!

G: Ez dakit, jauna, ez dakit... Tristura hondorik gabeak jo nau batbatean, eta ez nago oraintxe neure buruaz beste egiteko egokieran...

S: (suharki) Txorakeriak! Hik hireari erreparatu behar diok soil-soilik! Allakuidaus besteena!

G: Gogoak ere joan zaizkit oraintxe... (ortzemugara begira bezala, nostalgikoki)

S: Erabakiei aurre egiten ikasi behar duk, gazte! Ze etorkizun daukak bestela!

G: Bai, hori ere egia galanta da...

S: Non zagok arazoa orduan? Orijinalitatea egun bateko fruitua duk, handiusteen gailur efimeroa besterik ez. Garrantzitsuena hilezkortasuna lortzea duk, eta hori heriok soil-soilik ematen duen grazia duk. Etzak ahaztu.

G: Nik ez dut, ordea, hilezkor izan nahi...

S: (txantxaz bezala) Nik ere ez burdinzale! Hara bestea! Baina patuak ekartzen digunarekin konformatu beharra zagok... (egonarri kristauz)

G: Eta zuk zer nahi izan zenuen, bada?

S: Nik?

G: Bai, zuk.

S: Idazle... Poeta epigramatiko, hain zuzen ere...

G: Baina emazteak gorroto zituen idazleak, eta utzi egin behar izan zenion epigramak idazteari...

S: Bai, gazte. Orduz geroztik min diat ariman, min etsia irribarrean, arazo mekanikoak taupagailuan... Ez gaituk ezer handirik, ikusten duan bezala.

G: (apur bat animatuta) Eta zergatik ez zara suizidatzen? Zergatik ez zara oraintxe bertan suizidatzen?

S: (egindako proposamena serioski aztertuz) Bada, ez zitzaidaan sekula aukera hori burutik pasatu ere egin, egia esan...

G: Abantaila handiak omen ditu; horietako bat, agian aipagarriena, hilezkortasuna...

S: (seko haserre, mailuarekin portzelanazko bi plater egipziar txikituz) Hilezkortasuna? Zer da hilezkortasuna? Non dago hilezkortasuna? Zertarako balio du hilezkortasunak? Hori amarru bat besterik ez da! Aditzen, gazte? Jukutria zikin bat! (urduritasunez kopatxoak betez) Nork esan ditik zitalkeria horiek?

G: Zeuk, jauna, oker ez banago.

S: Neuk? Neuk? Eta, zer? Zer esan nahi duk horrekin, gazte? Neuk esan ditudala zitalkeria horiek?

G: (lasai, hitzak poliki ebakiz) Halako zerbait, bai. Nolanahi ere, aholku bat besterik ez zen; ez dira gauzak hain estu hartu behar, gizona! Gainera, zuk ez daukazu zure buruaz beste egiteko arrazoi sendorik...

S: (irribarre burlatiz) Hara! Hitz egin dik psikiatra ttikiak, arima torturatuen apaizak, giza-izpirituaren ezagule askojakinak! Nik ez diat, eta hik bai! Mukizu alaena!

G: (ausart eta burgoi) Mukizua, bai, baina nik potroak behar den lekuan dauzkat, eta zuk, berriz...

S: Nik, zer, gazte? (barrabilak mostradore gainean jarriz, ekintza guztiz inpudiko batean) Zer derizkiok, gazte? Ez al dira ederrak?

G: Bai, alajainetan! Arte klasikoaren patroiak errespetatzen dituztela esango nuke, huts egiteko beldur handirik gabe!

S: (bene-benetan hunkituta, negar-zotinka) Eskertzen diat lorea, bihotzez eskertu ere... Inoiz ez zidatean hain gauza ederrik esan...

G: Ezta emazteak ere?

S: Oi, ez, mutil... Emaztea zera huen, frigida...

G: Baina, ez al zen Brigida? Brigida Hotzaldi? (harriturik; sabaira begira)

S: Bai, gazte: Brigida eta frigida...

G: Hori bateraezina dela erakutsi zidaten niri eskolan, oker ez banago.

S: Arrazoi duk, bai: berez bateraezinak dituk, baina nire emaztearena erregela baieztatzen duen salbuespena huen, nire zoritxarrerako...

G: Hain barrabil ederrak izanik, gehiago aprobetxatu behar zenituzke, gizona...

S: (barrabilei xamurki begira, nostalgia puntu batez) Hik uste, gazte?

G: Noski eta noski! Edertasunak ez du gordean behar; edertasuna herriarena da!

S: Horretan bat natorrek hirekin; sozializatu egin behar duk artea, zabaldu poesia, edertasuna plazer-iturri bihurtu...

G: (umil-umil, adeitsuki) Joko al dizut kanpaia?

S: (erlojuari begira) Hogei gutxi dituk oraindik...

G: Hortaz, beste baterako utzi beharko dugu...

S: (etsipenez; barrabilak bere lekuan gorde eta brageta itxiz) Bai, beste baterako...

 

(Une batez biak isilik gelditzen dira, zer esan asmatu ezinik. Sabaira eta leihora begiratzen dute irribarre erorixez, zerbaiten esperoan bezala. Isiltasuna urdina dela esan liteke, urdina ez ezik metalikoa ere bai. Apalategi zahar baten goialdean txori horixka bat dago; hain geldi egon ere, ezen ez bailitzateke zentzugabea pentsatzea trapuzko txori bat dela, hain zuzen ere trapuzko kanario bat. bi pertsonaiek, ordea, ez dute xehetasun oskil horretan erreparatzen; aldiz, erreparatzen dute, bai, eta aldiberekotasun guztiz susmagarrian gainera, egutegiko neskato lerden biluzian, eta lerdea dariela jartzen dira batere ahalkerik gabe, hau da, gizontasunak eskatzen duen moduan)

 

S: (egutegiari begira) Akordatzen haiz, gazte, nola esan nian gauzak ez direla izaten diruditen bezalakoak, diren bezalakoak baizik?

G: Bai, ongi akordatzen naiz. Egutegiarengatik zen: ez zenuela hor ipini zakilgorri bat zarelako, jendea engainatzeko baizik.

S: Horixe, gazte, horixe esan nian, bai.

G: Oroitzen ez dudana arrazoia da; alegia zein engainatu nahi zenuen eta zergatik...

S: (koaderno marroixka kaxoi batetik ateraz) Begira!: hedonista, falokrata, lizuna, erotofoboa, ondinista... Priapista! (barre eginez, izterrean kolpe ozenak joz) Arrazoia, arrazoia... Badakik zergatik ez duan arrazoiarena oroitzen?

G: Ez, jauna.

S: Bada, oso erraza duk: ez nialako esan.

G: Eta, susmatzen dudanez, orain esango didazu...

S: (hantuste xamar) Mesederako izango duk, dudarik ez, horren galdera egiten badidak...

G: Zergatik?

S: Hori gero jakingo duk, nire erantzunarekin batera.

G: (jakinmina ezin ostendurik; meniskoak ukituz) Tira, tira... Egin egingo dut galdera orduan: zergatik engainatu nahi zenuen jendea egutegi horrekin?

S: (kontent; esku postizoarekin kriskitinak joz) Zakilgorri priapista dei nintzaten.

G: Zertarako?

S: Jendeak ez naizen hori naizela pentsa dezan; alegia zakilgorri priapista bat...

G: Eta zergatik amarru hori?

S: Bada, denda honetan gauza eder bat ezkutatzen dudalako, jada inork ez daukan gauza bat..., justu egutegi horrek erakutsi nahi duenaren kontrakoa...

G: Zer hala, jauna? Esan!

S: Hire zerak sendatuko dituen altxorra, besteak beste.

G: Hori, barkatu, jauna, baina ezin dizut sinestu...

S: Hire aurkikuntza-egarri hori asetuko duen iturri oparo eta kristalinoa...

G: (interesaturik) Kristalinoa ere bai?

S: Hire begi lurrundu hori bainoago, inondik ere.

G: Hainbesterako bai ote? Bai ote hainbesterako? (pozez txoratzen hasita)

S: Hori eta gehiago, gazte. Ez zagok hitzez aditzera ematerik edertasun hainbestekorik...

G: Ni sendatzeko adina bai ote? Neure buruaz beste egitetik libratuko nauen adinako altxorra bai ote zuk gordetzen duzun hori?

S: Etzak dudarik egin, gazte. Ni salbatu nindian, eta hi ere salbatuko hau.

G: (temati xamar; poza baretzen doala) Zu eta ni oso desberdinak gara, ordea; guztiz desberdinak esango nuke...

S: Nik, aldiz, berdin-berdinak garela pentsatzen diat: biok zeukagu zaurituta arima, biok gaituk isiltasun beraren buhame, biok tristuraren margolari ardailatsu...

G: Kierkegaarden ezpalekoak, nolabait?

S: Beno, ez zehazki, baina hortxe nonbait... Ea, gazte, iritsi duk ordua, jauzi mortalaren garaia, erabaki atzeraezinaren unea...

G: (kopatxoa hurbilduz, pattar eske) Tragoska batera gonbidatuko bazenit... (kopatxoa kolpetik hustuz) Ongi, jauna, prest nago.

S: Oraintxe erakutsiko diat zein berdinak garen! (kontent, bere sekretu preziatua erakusteko irrikitan) Oraintxe topatuko duk hire aurkikuntza aurkiezina! (egutegira hurbiltzen da; aluminiozko eskailera batera igo eta neskatxaren eskuin titiburuari sakatzen dio, kontu handiz; berehala, ezker aldeko horma tzarra oso-osorik mugitzen da errail batzuen gainean, guztiz desagertu arte; haren atzean, ezkutuan, kaobazko apaladi erraldoi bat agertzen da liburuz josita, txukun-txukun klasifikaturik) Horratx, harmonia! (keinu teatralak eginez)

G: (txoro-txoro eginda, ikuskizuna ezin sinesturik) Oi, oi, oi! Harmonia! Nola ote da posible! Dozenaka liburu! Ehundaka liburu! Milaka liburu! Hauxe da, bai, harmonia! (agureari kopetean muxu dunbotsuak emanez, guztiz liluraturik) Oi, ai, oi, harmonia! Honetxeren bila nenbilen!

S: Berdinak gaituk, edo ez gaituk berdinak, gazte?

G: (negar kontsolaezin batean) Horixe bai berdinak, horixe bai...

S: Eta, izan ere, gazte: zer da hiretzat harmonia? Esaidak bi hitzetan.

G: Bi hitzetan? Bada, desioa eta ilusioa...

S: Eta esperantza? Edertasunaren esperantza? Arimaren transmutazioaren esperantza? Utopiaren esperantza?

G: Hori ere bai, noski, baina desioaren eta ilusioaren atzetik. (liburutegi zoragarritik begiak ezin kendurik) Sar naiteke, jauna?

S: Nik ateak ireki ditiat, gazte. Hortik aurrerakoa hire esku zagok. Badakik, hala ere, itzulerarik ametitzen ez duen bidaia baten atarian hagoela, behin hor barruratuz gero galdu egiten direla denbora eta espazioa, errauts azkengabe bihurtu... (irribarre konplize batez) Baina sar hadi, ez zaik-eta damutuko...

G: (sartzera doala, bat-batean gorputza jiratuz) Eta Inkisizioa?

S: (begi-keinu pikaro batez) Etzak dena jakin nahi izan, eta segi ezak aurrera!

G: (maitekiro) Zu bai bitxo galanta!

S: Sua ez diat gustuko lagun izan! Sua infernua duk, gazte, eta hau, berriz, zerua!

G: Horixe zerua! Ikusi besterik ez dago hemengo aingeru-argi urdin dizdizaria, hemengo bake zerutiar berdingabea, hemengo zeraren zera... (liburuak errepasatuz) Hara!: Goethe, Shakespeare, Konfuzio, Sade, Txekhov... Oi, oi, oi, zoragarria!: Kafka, Borges, Cortázar, García Márquez, Cervantes, Quevedo, Vizcaíno Casas, Done Jon Gurutzekoa... Oi, jauna! Miragarria! Liluragarria!: Federiko! Federiko!

S: (gaztearen pozaz kutsatuta; ia negarrez) Bai, bai, gazte: Garcia Lorca...

G: Ez, jauna, ez! Krutwig! Federiko Krutwig! Federiko Krutwig Sagredo! Emak Jakintza Baitha! Emak Bakia Aintza! Emak Batita Ardantza!...

 

(Eta halaxe, pozaren gailur zurrunbilotsuan, elkar besarkaturik, ilundura gailentzen zaio argi jada agonikoari, erabateko belztasunak dendako bazter guztiak hartzen dituen arte)

 

96-X-3