Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986

 

Hamargarren agerraldia

 

KATTALIN, ZIRILO, PATXI, MIKEL, ON XATUR, MIREN, ANA eta TERESA

 

PATXI: (Kanpoko atetik agertuko da, Mikel-en laguntzaz On Xatur erdi arrastan duela. Beren ondoren, Miren, Ana eta Teresa, honek lehen zuen makila apurtua duela eskuan). Bejondeizula ama! Ederra zartatekoa benetan!

MIKEL: Bai horixe! Buruaren erdi erdian oraingoan ere!

MIREN: Hori da! Zartatekoa eman diola nere aitari eta zorionak ematea bakarrik palta duzute!

PATXI: Zorionak? Horixe merezi dituela! Ederra naiz bada korrika ibiltzeko! Nork harrapatu behar zuen bestela zure aita?

MIREN: Nekatzean geldituko zen.

PATXI: Hemendik ehun bat kilometrora zenean...

MIREN: Tira, tira... Eraman zazute ohe gainera. (Alde egiten dute Patxi eta Mikel-ek On Xatur erdi arrastan dutela. Miren, beren ondoren joango da).

ANA: (Zirilo-ri) Hik ere alde egitea hobe izango duk hemendik. Bestela, edateko gogoak alde egingo ditek...

ZIRILO: (Mingaina ateriaz, izugarrizko keinua egiten dio Ana-ri). Eta ezer gabe gelditu? Ez jauna! (Ana, etxe barrura doa).

KATTALIN: (Teresa-ren ingurura joanaz) Baina, zuk gelditu al duzu?

TERESA: Gelditu? Bai bapo! Etxe barruan zarata entzun dudanean prestatu naiz eta hurreratu denean, zart! Begiratu zaiozu nere makilari. Bai gelditu ere bapatean hankaz gora, zerualdera begira... Txintirik egin gabe!

KATTALIN: Ondo jo duzu orduan?

TERESA: Zure senarra bezalaxe. Hura atzekaldetik bezala, hau aurrez aurre eta zetorren bezala. Norbaitek nere beharra izan balezake ere berriro, makila berri bat hartu behar dut.

ZIRILO: Neronek ere haize pixkat hartu behar dut eta lagunduko dizut atarira.

TERESA: Zatoz bada... (Alde egiten du, Zirilo ondoren duela, kanpoko atetik).

KATTALIN: (Bakarrik gelditzean) Ezin dezakegu denbora gehiagoan jarraitu, etxean zer dugun jakin gabe. Burua galduko dugu guztiok bestela! Gauza bat da urrea edo aberastasuna izatea eta bestea berriz guztiok erotuta bukatzea. (Deituaz etxe barrura). Patxi! Mikel! (Beretzat). Oraintxe bertan erabaki behar dugu zer egin... On Xatur edo delako horrek zerbait egingo duelako ustean bagera, urte osoa igaroko dugu ezer jakin gabe...

 

Zirt eta zart, Imanol Elias Odriozola
Egan, 5/6-1986