Gizonak eta Ez, M. de Pedrolo
Egan, 4/6-1969

 

BIGARREN AKTOA

 

Lehendabiziko ekitaldiko apaingarri berak. Harrezkero, urte asko igaro da, jaio ez-ezik kozkortu alegin dira seme-alabak. Eskuiñeko gelan, FABI eta SELENA; aulkiek, batek behintzat, hiru anka soil ditu, eta doi doia egon diteke zutik. FEDA semea, batetik bestera dabil, dena ero aire, zigarrilloa erre eta erre. FABI eta SELENA, FEDA-ri begira-begira. Ezkerreko gelan gauza bertsua gertatzen da: BRET eta ELIANA, eseririk dagoz, aulkitako bat, hiru ankadun da eta doi doia egon diteke zutik; SORNE alaba, geldi dago, burni-habeei lotuta eta beste aldeko gelara begira. Erdiko gelan, EZ; aulkia lehen planora aurreratu du, eta lehengo periodiku hura bera, ari da irakurtzen. Oihala altxa eta, bizpahiru minutuz ez da besterik entzungo ez ikusiko, dena isil. FEDA gora eta behera dabil, gelditu gabe.

 

FABI: (Zerbait asarreturik.) Oraindik ez ahal zera nekatu, Feda?

FEDA: (Bere hartan, gelditu gabe.) Ez.

EZ: (Begiak altxa-eta.) Zer esan duk?

FEDA: Irakur ezak eta isilik hago.

EZ: A! (Bizkarra bil eta hartu duen aholkua jarrai beza.)

SELENA: Gehiegi erretzen duzu, seme!

FEDA: Ez.

EZ: (Begiak altxa eta.) Oraingo hontan ere ez ahal hintzaidan neri ari?

FEDA: (Hurbil bekio.) Ez esaten dudanekoxe ez hadi nerekin sar. Oraintxe aspertu nauk!

EZ: Ni ez.

FEDA: Ni bai.

EZ: Hi haizen aspergaitza!

FEDA: Hi berriz eroa!

EZ: Begira gero zer dioan!

FABI: (SELENA-ri.) Guk ez genuen sekula itsusitu...

SELENA: Ez bide zera oroitzen.

FEDA: Gogoak ematen didan guztia zioat. Ero, iñozu, astakirten... Hago nahi baduk ezin eremanez, baiñan nik gogak ematen didan guztia esango diat. Nere kontra ezertxo ere ezin egin bezake.

EZ: Ezpal onekoa bainaiz!! Baiñan, kontuz. gorriak eta beltzak ez badituk ikusi nahi.

FEDA: (Bizkarra bilduaz.) Hik eman-da ikustekotan... (Zigarrilloa ahoan, gora eta behera jarrai beza. Bapatean, gera bedi eta burniak azter bitza. Berehala, gora eta behera hasiko da.)

FABI: Ezer?

FEDA: Ez oraindik. (EZ-ek «parre txiki» bat du; FEDA-k ez bezaio kasorik egin.)

SORNE: Zegatik penatzen zera horrela, Feda?

FEDA: Ez naiz penatzen. Zer egin behar eta hura dagit. Zedozer onik aterako dudala, seguru naiz.

EZ: (Sudurra sartu nahiez.) Hire gurasoak ere seguru hituen, Sorne-renak ere bai, zuen aitonak ere.

FEDA: (Geldiune.) Aitonek bildur hinduten, gurasoak berriz hirekin hizka-mizka eta diskutitzen hasiak hituen, nik aldiz, mespretxatzen haut.

EZ: Baiñan gauzan lehenean jarraitzen diate.

FEDA: Bai eta zera ere, lehenean danik ez zegok ezer hain zuzen. Periodiku irakurtzaille bat besterik ez haiz hi neretzat.

EZ: Halaz guztiz ere, hor zaudete burnien atzean.

FEDA: Eta zer? Zer adierazi nahi duk horrekin?

EZ: (Parrez.) Giltzapean zaudetela...

FEDA: Bai, eta gaiñera kartzeleroa hi haizela. Hori dala eta gogoan hartzekoa haizela uste ahal duk? Zirriztutik dena begi eta belarri, zer egiten eta esaten dugun jakin miñez, beti hor hago...

EZ: Are gehiago, Feda, are gehiago. Hire isillean, hi lehertzen, hi zanpatzen. Burruka burugabe hau aurrera atera nahi izanik ere... ez baita hire ondorengorik sortuko. Urrutiegi xamar daukak Sorne eta ez hatzaio lotuko. Historia honen azken-fiña zuek zerate.

FEDA: Halaxe duk. Prisionero berririk ez baita sortuko.

EZ: Hori bera; presondegi hontan ez duk besterik iñor sartuko. Ondo ari gaituk.

FEDA: Zuzenez beste ari haiz. Noizpai Sorne-rekin bilduko bainaiz.

SORNE: Beste iñor ez eta gu izango gaituk lehenik libratuko geranak, eta gure seme-alabek burni-haberik izan zanik ez diate jakingo.

EZ: Zuen gurasoak hori bera ziotenan, ez dea Bret? Noizpait aterako ziñatela seguru ziñaten zuek ere...

BRET: (Aulkitik bertatik.) Eta gaudek. Gero eta laburtzenago baita gure hemengo txangoa.

EZ: Geroko gero horrekin zahartu zerate eta hilko ere zerate.

FABI: Gu baiño gogorragoak zetoztek seme-alabak. Gure eziñegonaren eta rebelioaren seme duk Feda, ez zak ahaztu.

EZ: Ez ohi diat ezer ahaztutzen. Gertatu diranaz oroitzeko negok hemen hain zuzen, eta egia... ez ahal zerate harrotzen.

SORNE: Gezur esan duk. Burruka bizian egin nahiez saiatzeak bakarrik nahikoa goratu dizkik. Norbait badirala agertu ditek.

EZ: Hok ume ziranean, hoien gurasoek, mugaz beste aldetik ezin igaro zitekeala irakasten zieten hartan bezelaxe, hor zeudek oraindik ere ordea alkietan eserita.

FEDA: Gurasoek pasa-eziña zala bazieten ere, hok, hi gora-behera, pasa ditekeala ikusi ditek. Guk berriz, pauso bat gehiago joko diagu aurrera. Urteak eta egunak, hire kontra ari dituk, Ez.

EZ: Lehendik ere, zer-nun entzunik ote ditut hitzok? Hire aitak esan zituenez natxiok. Dana dala, esan ez balitu bezala duk, ez baita haietaz baliatu.

FABI: Horixe baliatu dala, egiaren ondorio diranez gero. Gure gurasoekin, dena duk zahar-berritu, dena duk berriz hasi. Burruka latzak ez dizkik agortu, hi berriz lehenean hago, gero eta zaharrago, nekatuago eta gizon bati zor zaion itzalaz eta begiramenaz gabeago. Hire hitzetan, sinistu ere, ez diagu batere sinesten.

EZ: Neri ez eta iñorik sinistuko diozue ba?

FEDA: Hi beste norik ez bazegok, ez diagu ezer besterik gehiago siñistuko. Hori ere, hala edo hola hi desegiteko bide bat duk.

EZ: (Ironiaz.) Ni errukarria hala gerta badadi!

FEDA: Beti gure atzetik habillenez gero, bildur piska bat sentitzen duk bai. Hor haiz dena belarri eta mingaiñ, guk hitz bat esan orduko. Ahaztuko ote haugun, bildurtuxe edo hago, ez dea? Agerian zegok zer nahi dean: gurekin kizketan jardun; alki hori mutur batetik beste muturreraiño ekarri duk, eta zertarako? eta hobeto ikus hazagun. Ahazturik utz ez hindezagun, eta jakiña, baztarren batetan galdurik buka ez hezan. Hori duk bildurraren bildurra, hori!... Tira txo! emak hor periodikua irakurtzen!

EZ: Herronka herronkaren gaiñean, hori duk maite. Norbait bahaizela azaldu naiez, horrelaxe pozten haiz, ez da? Zer iñozua! ni gabe ez huke zer egin jakingo eta hortaz ez haiz iñozo hori! konturatzen!

FEDA: Besterik duk gizona, besterik! Hirekin bai ez dakidala zer egin, beti bide erdian estropozo egiten. Zer nolako kaltea egiten dean, konturatuko bahintz!

SORNE: Ez egiozu hitzegin!

FEDA: Zer esan duzu?

SORNE: Gehiago hitzik ez zuzentzeko. Horrena guk konponduko dugu. Ekiozu zere lanari, hori ez balitz bezala.

BRET: Zuzen ari da Sorne!

FABI: Horren esanetara jarri zaitez.

FEDA: (Parrez.) Bai. Dagoela hortxe erneatuta. Hori gehiago. Agur, Ez. (Eskuaz oso jestu berariazkoa dua.) Bion artekoak egin dik! Kito! (FEDA gelaren barru alderat, bijoa; FABI, SELENA, BRET eta ELIANA, aulkietatik altxa eta Ez-engana hurbil bitez; hau zertan dan burnien atzetik begira gera bitez.)

FABI: Gu geldituko gatzaizkik, laguntze-alde. Hain era negargarrian hi ikusita, kupittu egin gaituk.

EZ: Ez zerate sekula zentzatuko iñozu burugabeok! (Periodikua irakurtzeari lot bekio.)

SORNE: (Gelaren barru alderat joan eta gero.) Feda... ezer onik lortuko dugula uste ahal duzu?

FEDA: Bai, Sorne. Hortara egiazki jartzen bagera, lortuko dugu.

SORNE: Gure gurasoak ez ote ziran hortara egiazki jarri? Esan digutenez, behintzat...

FEDA: Egin zuten guztia ordenarik gabe egin zuten... gaur hau, bihar hori. Ez ditut itsusitu eta beztu nahi. Izan ere, besteak beste, historia honek ez zezakeala horrela jarrai, beste iñor ez eta lehenik beroiek konturatu baitziran.

SORNE: Zer egin dezakegu? Une hontan zer egin genezakean pentsaturik ahal duzu?

FEDA: Lehenik, bizi geraneko leku hau mia dezagun.

SORNE: Zer diozu?

FEDA: Bizi geraneko lekuok, ezagutu ere ez ditugula ezagutzen, ez ahal zera ohartu? Ezagutzen ez dugun barruti batean bizi gera...

EZ: (Begiak altxatu eta.) Hori behar genian! Zuzenez beste hitzegiteko gogoa behar da gero!...

SORNE: (FEDA-ri.) Berriz ere zaunkaka hasia dugu.

FEDA: Bai, eziñegonez dago. Hobe! Eziñegonago eta itxaropen haundiagoa.

EZ: Ametsetatik bizitzea bezelakorik ez da. Hortxe bai zeratela mutiko iaioak.

FABI: Bai, Ez... (Bapatean isil eta irrikarkaraka has bedi. Gero, besteei.) Ohartu ahal zerate?

ELIANA: Zertaz?

FABi: Bai, Ez... Bai, ez...

SELENA: Bai, ez...

FABI: Gaurti aurrera jakiñeko erantzuna dukek? Bai, ez. (Denak parrez.)

EZ: Ero arraioak!

DENAK: (FEDA-k eta SORNE-k ez beste guztiek.) Bai, ez! (Danak parrez.)

FEDA: Gure lehenbiziko eginkizuna hauxe da beraz: arra bete bat utzi gabe, gure gelok goitik geheraiño mia. Orain arte ez du iñork lan hau burutu. Burniak eta burniak, besterik ez genuen begi-bistan, eta kito! hor geratu gera. Baiñan, ingurumarian dauzkagun beste paretok? eta zorua? Burni-habe hoiek beroiek, ez ote dute nun edo han zuloren bat, hutsarte haundiagoren bat?... Konturatu ahal zera, Sorne?

SORNE: Hontan hasten bagera, bizitza osoa joango zaigu.

FEDA: Batek bost badaki! Suerte piska batekin... Gaiñera gazteak gera oraindik. Bestalde ni ez dut ikusten beste irtenbiderik.

SORNE: (Inguruetara begira.) Hain ondo bakarrik mugaturik eta ordenaturik, dago dagoen guztia...

FEDA: Eta zer? Itxuraz dagoke ondo mugatuta... Susmo txarrik hartuta bainago, ez ote diguten iruzur egin eta joku zikiñik sakatu.

EZ: (Sudurra sartu nahiez.) Zein joko legez baliatzen ikusidan behar! Ez da zuei jokoaren legeak ipintzen hastea...

DENAK: (FEDA eta SORNE ez.) Bai, ez!

EZ: (Nazkatuta.) Uf!

SORNE: (FEDA-ri.) Ez-ek dionak zentzu piska bat bide du...

FEDA: Zer diozu?

SORNE: Beharbada, jokoa nork asmatu duen jakitea izango litzakeala onena, hori esan nahi nuke.

FEDA: Gurekin joku zikiñik egin badute, nun dan zikin jakin dezagunean jakingo dugu zuk diozun hori. Eta orduan bai, orduan baztar guztiak sutan jarriko ditugu.

SORNE: Ondo da. Nundik nora nahi duzu has gaitezen?

FEDA: Zorua mihatzen hasiko ahal gera?

SORNE: Bai, zuk esan bezela egingo dugu.

FEDA: Jo zagun hortik beraz! (Zigarrilloa bota, ahuspez jarrii eta zorua aztertzen has bedi, hemen kaska eta han kolpe... SORNE-k hori bera egin beza. Denak haiei begira; EZ ere, periodikua utzi eta altxatu egin da, gertutik hobeto ikusteko asmoz.)

EZ: (Buruari eragiñaz.) Hori da denbora alperrik eman beharra!

BRET: Bai, ez!!

EZ: Aspergarri huts bihurtu zeratela ez ahal dakizue?

FABI: Hik ez daukak hemen sudurra zertan sartu beharrik.

EZ: Zuek beste eskubiderik ba diat.

FABI: (Besteei.) Aditu ahal duzue?

BRET: Gutxi gora-behera bai.

ELIANA: Zer artzai mutilla! Artzaiñor bat bezin txintxoa!

EZ: (FEDA-ri.) Adizak hi! Zer aurkituko deala uste duk hor?

FABI: Lehen ere esan diate. Denok iges egiteko moduko zulo baten billa arigaituk.

EZ: Ez zegok iñon horrelako zulorik.

BRET: Hala bada, hago geldi eta lasai. Hire eskumenean hain seguru bagauzkak, hoa eta eseri hadi eta periodikua irakur ezak.

EZ: Zuen ordenatzallea ni nauk ordea, eta errespetoa zor didazute.

SELENA: Beti bere hortan dagoen ordena ez duk on ezertarako.

BRET: Errekondoko bazterrak gora behera, beti aurrera, bizi, ibilian dijoan ibai laisterra bezelako zerbait duk ordena...

EZ: Eta lurrin bihurtzen dan hur putzuko ur geldia bezelakoa...

BRET: Heuk esan duk: lurrintzen dan bezelakoa. Dabillen zerbait beraz, mugitzen dan zerbait!

EZ: (Zer esan ez dakiela.) Bai, hitzez ondotxo orniturik zerate...

BRET: Hi berriz oso gaizki. Jokoa galtzen hasia edo haiz dagoaneko.

EZ: Zuek bakarrik jokatzez gero, ez nezakek gal. Kartetan bakarrik aritzen diranak bezela ari zerate... nik, zer nola ari zeraten gaiñeti begiratu besterik ez dut egiten.

FABI: Beti enbido eta ordagoka jokoa nahasteko...

EZ: Bai, kartaren bat falta zaizuela ere jakiñaren gaiñean nagoela esango duk, eta horixe, ez dala beraz ez irabazlerik ez gaitzaillerik izango...

BRET: Eskerrik asko hire borondateagatik. Halaz ere, hobe duk isili egotea, noraiño iritxi gaitezkean gerok ikusiko baitugu.

FEDA: (Ahuspez bezala, lehen planoraiño etorri da; burua altxa beza. SORNE-ri.) Ezeren aztarrenik bai ahal da, Sorne?

SORNE: Lehendik ezagutzen genuena besterik ez da ageri: zorua zurezkoa da.

FEDA: Txulo txiki-txikienik ere ez ahal da alde hortan?

SORNE: Ez txulo eta ez zulo, oraindaiñoko hontan behintzat. Oholak oholen ondoan, gogorrik eta hestu-hesturik daude.

FEDA: Hemengoen arabera beraz. (Buruari azka egin.) Arian arian oiñ-pausoz gastatuko dugu...

SORNE: Oiñ-pauso asko beharko da...

FEDA: Bai, hala da. Zer edo zer aurkitu dugunik ez ahal zaizu iruditzen, halaz ere? Orain ba dakigu behintzat, halako batez zoru honenak ere egingo duela. Ez da betirako, beraz.

EZ: Betirako danik ez da ezer. Ez ni, ez zuek.

FABI: Hori duk sartu beharra, hori! Emaiek pakea! Hizketarako gogoak bahago, sark adi gurekin.

FEDA: (SORNE-ri mintzo.) Betirakoa ez bada, sistema honek ba du zulo.

SORNE: Txulo hori zulo egiterako, bagaude puska baterako.

FEDA: Hala da. Hortik jai dugu oraingoz. Jo zagun aurrera.

EZ: Burrukatu nahi ninduzuten alkien zango haiekin eta burnien kontra lehertzen ziñaten sasoi eta su haiekin, hauek baiño ondotxoz atsegiñagoak ziñaten, zalaparta!

FABI: Hori maite huen, ez da? Hire barreneko poza, nahiz eta aurpegi-zimur agertu! Baiñan, hok, beste belaunaldi batekoak dituk, gaiñera joka-molde berriak asmatu dizkitek, eta iñondik ere gu baiño argiagoak dituk.

BRET: Bizitzaren berri eta esperientzia gehiago ditek.

EZ: (Oso gogoz.) Bizitzaren berri eta esperientzia gehiago? Zuek baiño gazteago baitira!! izan eta!!!

SELENA: Zaharrago dituk. Beroienaz eta gure esperientziaz bat egin baitute.

ELIANA: Zuzen ari zera, Selena.

EZ: Zuen gauzak aztertzeko eta lotzeko arterioa, bitxia da egiazki... ez diteke uka. Nor, eta semeak gurasoak eskolatzen...

BRET: Orain eta beti horrela gertatu duk, nahiz eta gurasoak honelakorik entzuterik ez dugun nahi izaten.

FABI: Gauza bat bururatu zait... Entzun idazute: noizpait Ez deseginduko dugula orain seguru naiz. Eta zergatik?

DENAK: (EZ ez beste guztiak.) Zergatik bada?

FABI: (EZ'i.) Hik, hik ez ahal duk jakin nahi?

EZ: Bai, bai, esak!

FABI: Gure esperientzia honena baiño milla aldiz haundiagoa egingo da, izan ere, gizon hau, bat eta hura baita beti. Beste guztiak bezela, gero eta zaharrago, kazkagorrago, kaskailluago eta elkorragoa baita, bizi duen guztia berak bakarrik bizi nahi du, gozatu nahi du, eta honela, ez lezaioke iñork ezertxo ere erakutsi.

EZ: (Suminduta.) Aparteko teoria eraginkorra da, ez da dudarik!

FEDA: (Hitza hartu nahiez.) Zuzen ari dala uste dut aita; bide berriren bat iriki digu. Ez dakit noizkorako izango dan baiñan...

FABI: Hori ba!

FEDA: Baiñan bide berri horren beharrik ez dukegu. (Billaka jarrai beza.)

SORNE: (Billaka ari dalarik, kolpe haundi bat jo du zoruan.) Huts-unearen zantzua sentitu ote dudan edo... (BRET eta ELIANA gerturatu dira eta ahuspez jarri. FEDA'k kolpe bat jo du zoruan.)

FEDA: Hemen ez dago ezeren zantzurik.

SORNE: (Zenbait kolpe berriz.) Eta orain, zer iruditu zaizue?

BRET: (Makurtu egin da eta han eta hemen zenbait kolpe jo beza.) Hemen eta han eta nun-nahi, kolpe-hots bera entzuten dala dirudi.

SORNE: Agian, dena huts eta zulo dalako edo da.

BRET: Ez dirudi hutsunerik dagoenik. Hala balitz ere, zura altxatu beharrean aurkituko giñake. Nola?

SORNE: Egia... esku-hutsik gaude.

FABI: (Ironiaz.) Onenean Ez'ek beharrezko genuken zera hori utziko liguke.

BRET: (ELIANA'rekin burni-habeetara hurbildu ondoren.) Gu bezin esku-hutsik dago hori... Arranea, arranea!... harritzekoa (modukoa ere) ba da hori!

FABI: Hori esazu! Halaxen da.

SORNE: Zer egingo dut, Feda? Lehenean jarrai?

FEDA: Oraingoz, bai. (Zorua aztertzen jarrai bezate.)

BRET: Periodikua ezik, guk duguna besterik ez du horrek eskuartean.

FABI: Nola diteke hori, Ez? Esak.

EZ: Ez duzue nere azalpenen beharrik. (Mespretxuz.) Buruz hain argi izanik, iñoren azalpenenik gabe ikasiko baituzue hemengo bazterren berri.

FABI: Agian bai. Denbora pasa galdetu diat... hi zerbaitetan entretenitzeko. Ezan ere, ostra bat bezin bakarrik eta asperturik bizi baihaiz.

EZ: Hire baitan dituan sentimenduak ez hitzak besteren egin nahi izan.

FABI: Ez baitira nereak. Ez nauk sekula bakarrik bizitu! Ez ni eta ez guretakorik iñor. Orain, iñoiz baiño gutxiago.

EZ: Nik ere, hemen zauzkatek zuek.

ELIANA: Baiñan, kontra.

FEDA: (Lehen planoraiño heldu dabere azterketan.) Hara! Gelaren muga!

FABI: (Itzul-eta.) Zer diozu?

FEDA: Gure gela honek hortik aurrera ez duela segidarik.

SORNE: (Lehen planora heldu-eta.) Honek ere ez du! (FABI eta SELENA, FEDA'rekin bildu dira, eta ELIANA eta BRET berriz SORNE'rekin. EZ bakar bakarrik geratu da. Denak oso urduri eta eziñegonez.)

SELENA: Gure gelok hor bukatzen dirala?

BRET: Zer esan nahi duzu, Sorne?

SORNE: Gurearen segidan ez dago besterik. Bapatean, haratx! ... Begira!

FEDA: Hutsartea! (Denak aurrera jo bezate; salari buruz.)

FABI: Hutsa... hutsartea...

FEDA: Ez paretarik, ez burni-haberik...

SORNE: Ez ezer.

EZ: (Mugitu ere gabe.) Hori bera.

BRET: (EZ'engana itzuliaz:) Hori bera, zer?

EZ: Ezer ez dagoela, alegia.

FEDA: Badagoke beste zerbait. Gauza baten bukaera beste baten hasiera ohi da. (Lurretik bertatik, hurrutira begira beza.)

FABI: Zer dakusazu? Zer ikusten duzu?

FEDA: Hutsartea, luze-laburrik, zabal-meharrik ez duen hutsartea... (SORNE'ri.) Zuk, Sorne, zer dakusazu?

SORNE: Dena zabal, dena luze dan hutsarte ikaragarria. Ez bide du hondorik.

FEDA: Mundu berri bat... Aurkitu dugunaz ohartu ahal zerate?

FABI: Ez.

SELENA: Bai.

FEDA: Ez gaude barrutian, gauden artizkune hontan hesiturik, uste genuen bezela. Ez lezaiguke iñork eta ezerk galeraz...

EZ: (Hitza hartu nahiez.) Leize-zuloak.

SORNE: (Aurrera makurtuta.) Ez zaio hondorik ikusten.

FEDA: (Gero eta aurrerago.) Ez zaio ikusten. Zuzenik eta zorrotzik, beheraiño!

BRET: (Makurtula eta aurreratuxe.) Paretak eta burni-habeak baiño ondotxo okerragoa da hau...

FEDA: Paretak eta burniak baiño okerragorik ez da ezer. Arnasa piska bat har genezake orain... hau besterik da... (Gurasoei.) Zuek zer egin zenuten horrera behiñere begiratu gabe?

FABI: Ez-ek galerazten baitzigun.

FEDA: (Harri eta zur.) Debekatu, esan duzu?

FABI: Debekatu ez baiñan... ez dakit nola adierazi. Horra: Ez beti aurrean genuen, orain ere dagoen bezela, eta beste iñora begiratzen ez genekiela esan zitekean.

BRET: Hemendik ateratzeko, iñondik bai eta alde hortatik beste iñondik ez giñala aterako iruditzen zitzaigun. Alderdi hontan Ez'i genuen arretarik jarri.

EZ: Eta horrela, uste ustelen ondorioetatik libratu zinduztedan. Zuen seme-alabak baiño ondotxoz zuhurrago jokatu ziñaten!

BRET: Aski diagu ba orain horrelako zuhurkeriaz. Izan ere, batekoz beste, ziri ederrik sartu diguk!

ELIANA: (EZ-engatik dio.) Lasaiegi ageri da, hemen gauza onik egoteko.

SORNE: Zer ba?

ELIANA: Gure azken helburutik aldentzen apartatzen eta urrutiratzen gaituen seiñale dalako. Ez genezake ezertxo ere egin... (Hutsartea markatuaz.)

FEDA: Ezetz? Salto edo jauzi egitea aski genuke.

SELENA: Gure buruaz beste egitea litzake.

FEDA: Irtenbide bat ere.

EZ: Jo zak aurrera, beraz.

FEDA: Ez. Lehenik, beste zerbait billatzen saiatuko gaituk.

SORNE: Sokarik bagenu...

BRET: Bagenu eta ez bagenu... Ez daukagu ezer, beti egon gera esku-hutsik...

FABI: Behin batean nere alkandoraz baliatu nintzala, gogoan dut.

BRET: Ez hontarako. Orain metroka eta metroka beharko genuke. Hondorik ez baitzaio ikusten!! (Burua aurreratu beza.) Zabalune ikaragarria, hori da ikusten dana.

ELIANA: Zer edo zer bota dezagun...

SORNE: Zertarako?

ELIANA: Hemendik hondoraiño zenbat denbora behar duen jakiteko.

FEDA: Ez genuke harri hotsik entzungo. Sakonegia baita, hondorik gabekoa. (Leize zuloaren ahoan jarri eta hondoa arakatu beza.)

ELIANA: Ezer berririk aurkitu arte ez dezagun etsi, bainan!

FEDA: Hori behar genuen: etsi! Jo dezagun aurrera.

SORNE: Zerbait berririk billa genezake.

EZ: Eta uste ustel gehiago izango duzue zeokin...

FABI: (Bapatean berotu da.) Has gaitezen billaka denok batera!

FEDA: Ez, aita.

FABI: Lehenago billatuko dugu...

FEDA: Ez.

FABI: Zergatik ez?

FEDA: Denok billaka hasten bagera, gela guztia, gela osoa aztertu dugun ala ez, ez baitugu sekula jakingo.

FABI: Ez dut konprenditzen! Zerbait bi aurkitu ondoren, bil aurkitutakoaren ospe guztia zuretzat gorde nahi ahal duzu ala?

FEDA: Libertadearen billa dabillanak, ez du zuk diozun ospe horren goserik sentitzen. Dana dala, nahi baduzu, has zaitezke billaka. Baiñan, zu bakarrik ariko zera lanean, iñor besterik ez.

SELENA: Ez, Fabi, horri da orain lan egitea. Bere txanda da, ez gurea.

FABI: Ondo da. Zerbaitetan lagundu, ez nuen besterik nahi.

SORNE: (Bere gurasoei.) Zuei, ni hontan jardutea, ondo iruditzen ahal zaizue?

BRET: Gizonen egitekoa dirudi, Baiñan...

FEDA: Libertadearen egarria, gizonetan eta emakumeetan, berdin berdiña da.

ELIANA: Uztazu, eta saia dedilla. Badakite zer ari diran. Gutxi bada gutxi, leize zuloa behintzat aurkitu dute.

BRET: Bai, egia da, hala da... baiñan... eskuak antxumatuta, kolkoari begira, kolperik jo gabe egon zaitez ba!

FABI: Hori bera gertatzen zait. Ezer onik ez ote dezakegu egin da?

SELENA: Leize zuloa zain genezake...

DENAK: (EZ ez beste guztiak.) Zaindu?

SELENA: Bai, hemendik goitik.

FEDA: Nola?

BRET: Zertarako?

SELENA: Kanbia diteke.

FABI: Alda ditekela?

SELENA: Oraintxen ere aldatu dan bezela. (Denak leize zulorat begira.)

FABI: Ez naiz ohartu.

SELENA: Ez ni, ez zuek. Orain arte behintzat.

FABI: (Zerbaiten berri jakin nahiez.) Zer esan nahi duzu? Zer ikusi duzu?

SELENA: Leize zuloa.

FABI: Bai, eta zer? Nun zer aldatu da?

SELENA: Dena aldatu da. Lehen ez zan.

FEDA: Ez dakigu zer esan nahi duen. Lehen, zer ez zan?

SELENA: Leize zulorik ez zan.

FEDA: Hori ahal zan guztia!

SELENA: Horixe zan.

FABI: Ba-zanik ere ez baikiñan ohartu.

SELENA: Nola ohartuko ziñaten, lehen ez bazan. Hori dala eta kanbia diteke.

BRET: Geletako zoko-moko guztiak arakatu gabe, Selena, ba zanik ez dakikegu.

SELENA: (Bere hartan, kaskagogor.) Baldin izan bazan, ohartuko giñan.

BRET: Ez. Burni-habeon ondoan egoten giñan beti, zuk ondo dakizun bezala.

SELENA: Leize zuloa ikusi diteke ordea, ikusi.

FABI: Orain bai.

SELENA: Lehendik izan bazan, lehenago ere ikusiko genukena. Pareta bat zala guztia, uste izandu genuen beti.

FEDA: Pareta bat ez, eta zer da ba?

SELENA: Beste pareta hoiek bezelako pareta ez da.

FABI: Ez dakigu oraindik. Ondo arakatu eta miatu baiño lehen, ez eta jakingo ere.

SELENA: Ez dago aztertu beharrik. Ikus dezakegu hemen gauden guztiok. (Paretei buruz itzuli da, eta besteek ere gauza bera egin bezate.) Begira!

FABI: Orain bai, orain!

SELENA: Ez dakit. Ez gagozke seguru. Erabat aldabera dan munduan bizi gera.

BRET: Gu gera aldabera, ez mundua. Begi berriak atera zaizkigu.

SELENA: Ez dakigu zuzen. Zaindu beharrean gaude, beraz.

EZ: (Isekaz.) Zaindu, zain ezazue!

ELIANA: Ez parrez ari da. Okerretik jo dugula esan nahi du horrek.

SELENA: Uztagun hor zokoan Ez. Horrek berak ez baitakike zertan diran gure historiak...

SORNE: Zer egingo dugu, Feda?

FEDA: Arakatzen eta ikusmiratzen jarrai dezagun. Gogoak ematen badie, leize-zuloa zaintzen jarrai dezatela hoiek.

SORNE: Zure amak dionak uste ahal duzu bururik...?

FEDA: Ez dakit. Harritzekoa da halaz ere, beste zerbait egon zitekeala ez baitaratzea.

FABI: Ez zitzaigun bururatu ere egin honelakorik. Gelok, paretok, hori zan guztia guretzat.

SELENA: Orain berriz, zerbait gehiago ba dala dakigu.

EZ: Zaudete zaudetenean, gauza guztiak nahastu gabe!

BRET: Hik ez daukek hemen zertan sartu beharrik.

EZ: Iñun sartzeko, ez diat iñoren baimenaren beharrik.

BRET: Hor egon beharrik ere ez daukak. Ez haugu ezertarako behar.

FEDA: Bai, zerbait egiten galerazteko. Hori gabe askoz ere errezagoa izango litzake. (SORNE-ri.) Jo zagun aurrera. (Zorua arakatzen, miatzen jarrai bezate; lenengo planotik barren alderat has bitez, aulkiak dauden alderditik.)

SELENA: Nagoaneko hontantxe geldituko naiz.

FABI: (Beste gelakoei.) Zuek eta guztiok, gaudeneko hontantxe geratuko gera, ez da?

BRET: Jakiña ba! Nun zer egon ditekean, ez gerala seguru, lehen ere esan dugu. Geletako lau zoko-mokook miatzea eta arakatzea nola ez ote zitzaigun bururatu?

FABI: Ahal dakit nik. Bururatu ez zaigun gauza asko dago. Feda-ri berari bururatu gabe geldituko zaion asko ere bai...

ELIANA: Ez eta beharrik ere. Bide zuzenetik jo dugula uste dut.

FABI: Zer esan nahi duzu?

ELIANA: Bide berri bat ez ote du aurkitu Feda-k?

FABI: Egia diozu, hala da. Sorne-k eta biok aurkitu dute. Baiñan, oraindik behintzat, bide hori ez da iges-bide gertatu.

ELIANA: Hasi, hasi besterik ez dute egin-eta.

EZ: Ez ote zerate optimistaegi eta baikorregi? Hasiko ez hasiko, zorua, burni-habeak eta gelaren alde hau miatu dute dagoaneko. Gelaren erdia baiño gehiago, agiri danez.

SELENA: Ez da egia. Burni-habeak ez dituzte oraindik arakatu.

EZ: Zuek bai ordea. Hamaikatxo aldiz saiatu ziñezten burni-habe hoekin.

FABI: Ez hamaika aldiz eta ez behiñere.

BRET: Behiñere ez, hori daduk egia. Burnien tartetatik begiratzen genian. Hiri begira egon, hori duk egiten genuen guztia.

EZ: Lehen esan dudana.

FABI: Ez zaidak hola danik iruditzen. Hik, hik ez huen ikusten uzten.

BRET: Beharrik gero eta ttikiago haiz, gero eta gutxiago.

EZ: (Isekaz.) Gauza bera esanaz eta esanaz, halako batean haize bihurtuko nauzue, hori bai!

FABI: Eta zergatik ez?

BRET: Gero eta nortasun gutxiago deala, hori behintzat ez zitekek uka. Zergatik ote da?

FABI: Gero eta txotx bati baiño garrantzi gutxiago ematen diogulako.

BRET: Zahartzen ari dalako ere da.

FABI: Periodikuak asto bihurtu du.

BRET: Bakarrik bizi beharrak ere.

EZ: (Oso lasai.) Bakarrik ez nintzanean izan dudan lagunarteak ere bai. Izan ere a zer lau mandako eta hondakin ditudan inguruan!

ELIANA: (Min egin dio.) Mandako, hondakin eta guzti, bainan egunik galdu gabe burrukatu eta bildurtu hauten mandakoak. Orain ez hintzake lokartzen ausartuko ez!

EZ: Hori nahiko zenuteke, ez da? Traizioz ni garbitzeko a zer egokera!

FABI: Hi beste traidorerik ez duk hemen. Ez diagu kalterik egin eta halaz guztiz ere preso altxatu gaituk. Zergatik?

Ez: Zerok dakizue zeron berri, galde bezaio bat bederak bere kaskoari. Hortarako ez eta bestetarako ez bide duzue balio haundirik.

BRET: Hemendik ateratzerik ez badugu izan, barru hontatik ez ba gera atera, balio dugun ala ez agertzeko egokierari ez bazaigu eman, zer dakik gure balioaren berri?...

EZ: Zikoitz, bekaizti, iñozu, harro... batzuek zerate.

SELENA: Hire antzekoak beraz.

ELIANA: ...gu burniz barrutik egotea, hi kanpotik. Alda gaitezen apur baterako.

EZ: Zer alda?

ELIANA: Lekuz. Orduantxe bai pozik ikusiko nukeala hire muturra.

EZ: Ez dakizute zer ari zeraten. Ez dakizute zeren billa ari zeraten, ez nondik-nora zoazten.

FABI: Esaiguk hik, jakintsu-putzu horrek!

EZ: Zerbaiten billa denbora ematea hobe duzue. Bestenaz, zertan eman zenezateke astia?

BRET: Bizitza guztia katez gure lepoei loturik pasa deala pentsatzeak ere lanak dizkik. Hi haiz azala, hi!

SELENA: Uztagun pakean eta zain dezagun leize-zuloa. Gure lanetatik aparta egin nahi gaitu. Gure ez-jakiñean beti darabil zerbait esku-artean. Ez gaitzala berriz engañatu.

FABI: Zuzen ari zera. Dagoela hortxe bere periodikuarekin.

EZ: Zain ezazue zain zuen leize-zuloa! (Periodikua har eta alkian eseri bedi. Beste laurak lehen planoan gera bitez, baiñan, FEDA eta SORNE ikusteko moduan.)

FEDA: (Gelaren barruraiño ia heldu da.) Sorne!

SORNE: (Gelditu-eta.) Zer duzu, Feda?

FEDA: Ezeren aztarrenik?

SORNE: Ez. Eta zuk?

FEDA: Ez. (Altxa bedi.) Burni-habeok araka ditzagun orain. (SORNE ere altxa bedi, eta bata ta bestea burni-habeak astintzen has bitez; deus onik ez dute atera.)

FEDA: Gogorrik daude burniok...

SORNE: Burniokin ezer onik ez dugula egingo iruditzen zait...

 

(Lehen planora abiatu dira, burniak banaka banaka astinduaz.)

 

FEDA: Ahulegi gera burniok dauden lekutik kentzeko.

SORNE: Sendo tinkaturik baitaude.

FEDA: Lima batez, luzarora zerbait iritxi zitekean...

SORNE: Hori bagenu! Horra: esku-hutsik gaude.

FEDA: Okerrena hori da; burrukan ari izateko ezer ez baitigu eskuetaratu iñork. Doi-doi dugu buruan muiñ piska bat hori da dana. (EZ: bere alkitik parrez hasi da.)

SORNE: (Buruaz EZ señalaturik.) Jolasgureak dago.

FEDA: Itxuraz dirudien bezin lasai ez dago, ez.

SORNE: Hori esan. Eguraldi garratza atera dakioke gaurko honetan

EZ: Betiko ametsekin ari gera oraindik ere!

FEDA: (EZ-engana bihurtu dan SORNE-ri.) Ez iozu erantzun.

SORNE: Hori: hor konpon dedilla bera bakarrik.

EZ: Zuek zaudeten baiño bakarrago!...

FEDA: (SORNE-ri.) Ohartu ahal zera? Isilik ezin egon diteke, hori da bere pekatu txikia. Azken hitza bere du beti.

SORNE: Denak entzungor egiten baitiote... Noizik behin ez ahal zatzazkio urrikitzen?

FEDA: Gutaz sekulan urrikitu danik ez da ezagun. Ezerez bat da gizon hau.

SORNE: Ezerez bat? Gauza bitxia da...

FEDA: Zer da hor bitxirik?

SORNE: Gizon hontaz guztiok iritzi berdiña baitugu!

FEDA: Hala da, ta gero eta iritzi berdiñagoa izango dugu gizon honi buruz. Zer nolakoa dan ikasten hasiak baikaituzu .

EZ: Bazegok, mutillek!, jende kaskagogorrik!...

FEDA: (Entzun ez balio bezala.) Ez du horrek ordea sekula baietsiko, guri arrazoia emateko ordua etor dakion baiño lehenago, hilko baita. Ez ahal zaizu iruditzen?

SORNE: Bai, Feda.

EZ: (SORNE idurituaz.) Bai, Feda!... Aski da bat horroizka hastea, bestea ere hala moduz hasteko.

FEDA: (SORNE-ri.) Nork esan du hor iñozukeriarik!

SORNE: Inguruka dabillen gixajo batek. (Biak parrez; eta piskanaka piskanaka lehen planora datoz.)

FABI: Ezeren aztarrenik bai ahal da?

BRET: Ezeren berririk bai ahal duzu, Sorne?

FEDA: (Bion partez.) Ezer ez oraindik.

SELENA: Bi pareta besterik ez zaizue gelditzen...

FEDA: Bi bakarrik, egia da. Eta, zer zuek?

FABI: Ezeren arrastorik.

FEDA: Leize-zulo bat da, hori da.

SELENA: Ez izatera etorri liteke.

FEDA: Uste horretan bizitzea, ondo dago. Hortan badirauzu, nahiko zenukean aldaketa zuk zerorrek sortaraz zenezake agian.

ELIANA: Ziñez uste ahal duzu, Feda?

FEDA: Bai, ziñez sinisten dut. Zuen fedearen eta sinismenaren ondorio ez ote gera Sorne eta biok?

ELIANA: Hala da.

FEDA: Zerbait gerta ditekeala ziñez sinisten baduzu, orain ere egiazki gerta diteke.

SORNE: Baiñan hori dala eta ez dezagula lurrerat erortzen utzi gure billaketa-inbestigazioa.

FEDA: Ez horixe. Ahal duenak ahal duen bezala burrukan egin beza. Zuen sinismenaz zuek, sinismenik gabe guk.

FABI: Sinismenik gabe?

FEDA: Bai, hala esan diteke, hots, sinismenik gabe. Iñoiz beste izandu duzuen inspirazioneaz aparte, gela hitxi eta irterarik gabeko batean sinistu duzue beti. Hori dala eta ataka gaizto hortatik ateratzeko ezer gutxi egin duzue. Sorne-k eta biok ez diogu sinismenik zor honelako munduari eta honelako baldintzei; nahiz eta gure aurrean iduk, Ez-i berari ere ez diogu batere sinismenik zor.

EZ: (Periodikua utzi-eta.) Hi mutiko, hago piska bat!

FEDA: (Ez bezaio kasorik egin.) Oraindañokorik ez dugu ezer sinistu eta zalantzan jarri dugu guztia; hasiera hasieratik hasi dugu billaketa hau, inbestigazio hau, gauzen azalari baiño mamiari arreta gehiago jarriaz, gauzak txuxen eta argi ikusiaz, ezen ez eta halako batean berriki lanean hasi beharrik izan ez dezagun. Intuizioari, hots, senari ere lekurik eman diogu... ez dea Sorne?

SORNE: Bai. Selena-k bere uste eta sinismena leizearen kanbioan jarririk badaduka, zuzen da begira dezagun, eta bere hortan jarrai dezan bihotz-berotu dezagun. Ezagupidearen bi bide mueta dira, eta alkar ondo konpontzen dira.

EZ: Hago piska bat, neskato «bas bleu»...

FEDA: (EZ-ek esan duanari batere jaramonik egin gabe.) Zuzenez beste ari gerala azaltzearren Ez-ek zerbait esan edo ahalegiñak egingo dituela, ondotxo dakigu. Baiñan, zuek ere, gaurtik aurrera, ekiozue lanari zuen bistatik Ez galdurik balitz bezela... Burniez bestaldera begira zazue! Iñor bai ahal dago?

FABI: Iñortxo ere...

FEDA: Bret?

BRET: Iñoren zantzurik ez da hor, Feda.

ELIANA: Ez; bakarrik gaude.

EZ: Hiorrek esan dun: Ez, bakarrik gaude. Erregu baten antza diñ. Laguntza-eske baenbil bezala...

FEDA: Nundik nora heldu diran ez dakigun hamaikatxo oihu hotsik entzun ohi da.

SELENA: Ez dakit...

FEDA: Hala da, ama, ez dakigu nundik-nora datozen, eta nor ari dan oihuka... Joka dezagun azken hondarreraiño, sar gaitezen burrukan buru belarri, gal ala irabaz, jar dezagun arriskuan dena den dena.

SELENA: Zuzenez beste gauzak aterarik gal bageneza?

FEDA: Ez genezake galdu.

SELENA: (Bere hartan kaskagogor.) Bai, baiñan, zure usteak eta guzti, halaz guztiz ere gal bageneza?

FEDA: Ondo da. Ospez beteta eroriko gera. Ondotxo dakizu, halaz ere sekula ez duela gurekin burutu eta ez gaituela burrukatu!

BRET: Hori bai, hori egia da.

EZ: (Isekaz.) Burni-habeen kontra hire burua bota hueneko hartan ezik...

FEDA: (Ermo.) Iñork ez du gutaz beste egin, iñork ez gaitu burrukan hautsi. Berriz burrukan hartzeko odolik izan ez duenak, hel dira burrukatuak. Guretako nork ez du berriz burrukan hasi nahi izan?

ELIANA: Iñork ere.

SORNE: Egunik ez dugu igaro zerbaiten billa ibilli gabe.

FEDA: Han edo hemen beti aurkitu dugu zerbait. Orain arestian, haste-hastetik, leizezulo hau. Garaitzapen haundia da guretzat, nahiz eta ezdakigun zer egin horrezaz. Bañan, gure inbestigazio-billaketa honek fruturik ekartzen ez balu ere, Selena-k ondotxo gorderi du. Itxurak goiti-beheiti, jakin ez, dakigu bideren bat ote dan hala...

EZ: Hire lillura txoroez aldez aurretik sendatzeko, sendagaillu egokia hartu duk!

FEDA: Orain Sorne, nahi izan ezkero behintzat, alboko pareta hori miatzen has zaitezke. (Alboko pareta seiñalatu bezaio.)

SORNE: Hala egingo dut, Feda. (Alboko paretara doa bat bedera. EZ gora eta behera pasean hasiko da; FEDA eta SORNE berriz, pareta arakatzen lehen planoan gera bitez. Hemen uki, han jo, beste hartan aztertu eta ondo begiratuaz, FEDA eta SORNE lehen planotik pisanaka gelaren barruraiño joango dira.)

FABI: Buruz argia da Feda.

BRET: Guk genituen aurre-iritzi eta prejuizioak erreka zulora bota ditu; guk egin ez genuena.

ELIANA: Hori dala eta hor ditugu ondorioak. Presondegi honek laister joko du azkena.

SELENA: EZ dakit ba...

FABI: Kanbio bat gertatu dala zerorrek ezagutu duzu lehen...

SELENA: Zer kanbiamentu mueta dan ez dakit ordea.

BRET: Galerarik ez datorkiguke behintzat. Orain ez bezela galduta genbiltzan lehen. Zer nahi dugun, badakigu orain.

SELENA: Jakin, hori beti jakin dugu.

FABI: Ez Feda-k beste. Leize-zuloa nun zegoen horrek du aurkitu.

SELENA: Bai... Baiñan, guzti hori bere idurimenaren seme balitz?

DENAK: (EZ ez beste guztiak.) Zer esan nahi duzu?

SELENA: Seiñale bat izan diteke agian...

EZ: (Bapatean gelditu-eta.) Gauza argi eta garbi Selena-k beste iñork ez du ikusten.

FABI: Ez iozue erantzun.

BRET: Nori erantzun? Nik ez dut txintik aditu. Zuek zer edo zer aditu ahal duzue ala?

FABI: Nolabaiteko bozak entzun dira.

ELIANA: Bide zuzenetik okertu nahi gaituzten bozak.

EZ: Selena-ren beraren boza zenuten, horra. Hori eta biok bide batetik ari gera.

FABI: Zeren bildur zera, Selena?

BRET: Bai, Selena, esaiguzu; ez dizugu ulertu...

SELENA: Nik neronek zer diodan baneki! Nahi nuke eta halaz ere bildur naiz. Zuek bezelaxe, zerbait espero dut, baiñan barru honek zerbait besterik ote dion, nago...

FABI: Esan behar duzuna, esazu. Barru horri zer ari zaizu?

SELENA: Azkarregi ote gabiltzan. Ez, ez da erabat hori...

BRET: Zer da, beraz? Leize-zuloaren ondorioetan sinismenik ez baduzu, zer dala eta zaintzen duzu?

SELENA: Sinisten dut; nere begiek hain garbi ikusten dutena, ezin nezake uka. Baiñan, sinistu, zer nola sinisten dudan ez dakit. Leize-zulo horrek kanbiorik ez duela ohartzen naizenean, badirudi, etsai berri bat, kartzelero berri bat sortu dugula. Itxaropen osoa eman eta gero batere betetzen ez duen kartzelero berri bat, lehenagokoa baiño askoz ankerragoa sortu dugula iruditzen zait, alegia.

FABI: Itxaropen hoiek osatzea eta egia bihurtzea, gure eginkizuna da, Selena.

SELENA: Bai, ba dakit. Desarmaturik gaude ordea, esku-hutsik.

BRET: Ez zazula uste izan. Ba dugu harmarik, onik gaiñera: Feda.

SELENA: Ez da harma. Guretako bat da.

ELIANA: Gu baiño gehiago da. Horrexengatik da arma. Egunen batez iritxiko dugun askatasunean pentsatuaz gure gelen bakardadean geuk sortu ditugun bi gauza bezala dira Feda eta Sorne.

SELENA: Demagun hala dala. Halaz ere... ez dakigu duen harma hori gure helburua lortzeko egokia danez. Geronen kontra bihur baititeke.

FABI: Selena! Gure semea da!

SELENA: Ba dakit gure semea dana. Baiñan noizik eta behin semeak galdu egiten dira eta beaiekin gurasoak dituzte galtzen.

FABI: Genuen guztia galdurik dugu.

SELENA: Beharbada ez.

EZ: Hori da, Selena. Beharbada ez. Zuek Ez hotsegiten zenioten hura zan zuen salbatzaillea beharbada, eta zuek ez-ikusia egin diozute.

BRET: Gure alde ezertxo ere egin ez duten, gu eta gu baiño lehen gure gurasoak presondegi hontan giltzapean iduki gaituzten boza kaltegarri hoiek, goxo eta ezti nahi luteke izan orain.

ELIANA: Iñoiz bai eta oraintxe billatzen ahal du iges-bideren bat Feda-k... (Aulki batera igotzera doa FEDA, baiñan alkiak irrist egin dio. Danak ari begira.)

SORNE: Zer dagizu, Feda?

FEDA: Alkiaren gaiñera igo nahi dut. Hor gorago beharbada... (Alkia berriro paretan ondoan jarri beza.)

SORNE: Hor gorago?

FEDA: Gure eskuak iristen ez diran hortatik gora, paretaz besterik ez dagoen, nork daki... Aita!

FABI: Zer duzu, Feda.

FEDA: Alkiari heutsiko ote zenioke? (Alkiraiño joan eta eutsi bezaio; FEDA gaiñera igo da. SORNE lurrean gera bedi, eta beste guztiak bezela jar bedi hari begira; EZ ere, FEDA-ri begira. FEDA han eta hemen, pareta arakatzen ari da.)

FABI: Ezeren aztarrenik bai ahal da?

FEDA: Itxuraz dena berdiña da: behetik goraiño dena pareta. (Jetsi eta beste aldeko paretara bedi.) Zurean ere hala ahal da, Sorne?

SORNE: Ez dut arakatu. Aita, lagunduko ahal didazu? (BRET-ek lagundurik, lehen FEDA-k egin duena SORNE-k egin beza. Besteak, haiei begira.)

SELENA: Ez du ezer aurkituko.

FEDA: Ez segurasko. Biak ala biak berdiñak dirala dirudi; halaz ere, saio bat egitea ez da batere kostatzen. Nahiz eta emakume izan, eta hain zuzen ere emakume dalako, ni ikusi dudanik ikus dezake.

SORNE: (Pareta han eta hemen ikutu eta ikusmiratu ondoren.) Hemen hor bezela: ezer ez. (Alkitik jetsi bedi.)

EZ: (Jolasgureak bezela.) Ez dakit ohartu zeraten baiñan, gorago ere ba da paretarik. Gurasoen bizkarretara igo zaitezte eta ekin hortxe! goena jo arte. Tximukeriak egiten hasi ezkero, nahi nuke zerbait gehiago ere!

FEDA: Jo dezagun aurrera, Sorne.

SORNE: Denbora alperrik galtzen ez ote gera ari, Feda?

FEDA: Danai usi arte, dana arakatu arte ez dakikegu. Nola edo hala, azken mugaraiño iritxi beharra dago. Gure pentsamenduen bukaeraiño, hondoraiño lehenik. Bihotz-gabeturik ote zera, Sorne?

SORNE: Ez, baiñan... hain da berdiña, hain da fiña eta leguna pareta hau!

FEDA: Ez zazula uste! Beharbada, hala dirudi, baiñan ez da hala. Gutxienik usteko dugunean, beste leize-zulo batekin aurkitu gintezke. Jarrai dezagun aurrera, beraz. (FABI eta BRET, lehen planora etorri dira, hots, SELENA eta ELIANA-ren ondora. Ez, bere gelaren erdian, ezin egonez bezela dago, FEDA eta SORNE, paretaren kontra aurrera eta aurrera doazela ikusten baititu. Ezker-eskubi itzuliaz, nun nor aurrerago doan begira dago.)

FABI: (SELENA-ri.) Ikusi duzula? Begiratu gabe ez du ezer utziko, Feda-k...

BRET: (ELIANA-ri.) Egia esan, hoien inbiri naiz. Billaka hartzea baiño gauza bikaiñagorik ez da. Zer nola ez zitzaigun sekula honelakorik bururatu?

ELIANA: Eziñezkoa zan, Bret. Beti izan gera Ez-en bildur.

BRET: Lokartu zaneko hartan ere, bildur izan giñan da!

ELIANA: Gure baitan ezurretaraiño sartuta generaman horri sotzeko eta aparte bizitzeko. Egin behar genuen eta egin genezakean bakar hura egin genuen: seme-alabak horri bildurrik gabe hazi. Irtenbideren bat topatzen badute, geok topatu bagenu bezela izango da. Billatzen badute, gu geralako billatuko baitute.

FABI: Ez bataiatu genuenean hasi giñan gure askatasunaren alde lan egiten. Iturritik ura bezela etorri da geroztik etorri dana: gure erasoa, ezerezetik zerbait izatera etortzeko sofritu genuen erdi-miña...

EZ: (FABI-rengana itzuliaz.) Berriz ere illunpetan murgiltzeko.

BRET: (EZ markatuaz.) Honek ez du sinisten gure buruetan argi-izpirik baiño zerbait gehiago egon ditekeanik...

FABI: Bere burua da honentzat guztia, besteenetan ez dezake sinets. (Argi guztiak itzal eta proiektore bat pizt bedi; Proiektorearen argiak SORNE argi beza; FEDA baiño lehenago, hondoko paretaraiño heldu da, eta oihalaren gaiñean eskua ezarri du.)

SORNE: (Oihu bizi bat: denak isilarazi ditu.) Feda!

FEDA: (Harengana itzuli eta.) Zer da, Sorne?

SORNE: (Larri-miñez eta erdi-zorabiatuta erabatean.) Zerbait aurkitu dudala uste dut!

FEDA: Zer aurkitu duzu?

SORNE: Pareta... (Ez ez beste guztiak gelaren barrenera joan bitez; bitarte hartan, lehengo argiak pizt bitez.)

FEDA: Pareta bat, eta zer?

SORNE: Mugitzen dana... Zurea ikutu ezazu.

FEDA: (Barreneko pareta hunki beza, eta sendo ez dagoela ohar bedi.) Ez da pareta!

GUZTIAK: (EZ, ez beste guztiek.) Ez da pareta...!

FEDA: Oihala dala esango nuke... (Eskuak luza bitza.)

EZ: (Ukan duen dardara pasa zaio eta bere onera etorri da.) Ez zak ikutu!

FEDA: Boza hoiek...

EZ: (Oso kementsu.) Begira gero ikutu. Atzera hortik! (EZ-ek bildur piska sartu bide dio, eta atzera bezela egin beza. Berehala ordea, luza bitza eskuek.)

EZ: (Aurreratuaz.) Berriz esango diat: geldi hor! Geldi, Feda!

FEDA: Zerk hau penatzen, Ez?

EZ: Oihal hori ikutu bahezak, zuenak egin dik. Antzina, hi jaio baiño lehen, itxaropen guztien kaltetan ari zirala, esan niean hire gurasoei...

FEDA: Eta zer neri hori?

EZ: Ohial hori zabaltzen baduk, beste heldu-lekurik ez zaik geratuko. Behingoz, dean eta izan hintekean guztia hortxe hondatuko duk.

FEDA: Gure gaiñera heriotza etorriko dala esan nahi ahal duk?

EZ: Milla aldiz txarragorik. Nun zer billatu ez duk jakingo, eta hutsaren urrena izango haiz...

FEDA: Orain, zer dudala uste duk? Zer dugula uste duk?

EZ: Zer daukazuten ez dakizute, baiñan euki liteken guztia zuekin duzue. Zer-nahi amets eta nora-nahi egan egin dezakezuenez gero, zuen esku zegok mundua...

SORNE: (Oiñazez beterik.) Barru hontatik atera gabe...

EZ: Bai eta zera ere! amaika aldiz atereak zerate dagoaneko. Egia esan, hemen ez baiñan kanpoan bizi zerate, zuen ametsak mugaz bestaldetik baitituzue. Zuen esku zegoen dana lortu duzue.

FEDA: (Oihala behatzez seiñalatuaz.) Iñolaz ere, bestaldetik ba dagoke zer edo zer...

EZ: Ezer ere. Isiltasun osoa, bukaerarik ez duen presondegia...

FEDA: Dana dala... (Berriro eskuak luzatzera doa.)

SELENA: Feda!

FEDA: Zer duzu, ama?

SELENA: Zer egin behar duzu?

FEDA: Oihala milla puska egin.

SELENA: Ez zuzen ari balitz?

FEDA: Ez, ez, sekula ez da gure alde jokatu; egin nahi genuen hura galerazi baizik, ez du egin. Nola dieteke fia horren hitzei?

EZ: (Erreguka.) Zuen adiskide naiz, Feda; zuen adiskide izandu naiz beti, nahiz eta zuek honelakorik ez duzuen aditu nahi izan. Zorion osoa opa izan dizutet beti...

FEDA: Gure zoriona! Erdi usteldurik gauden presondegi hontatik hori dala eta galerazi ahal diguk irtetzea?

EZ: Orain zeraten baiño zuen eskurago, libreago ez zerate, behiñere izango. Oihala zabal bazenezate berriz...

FEDA: Entzun zak, Ez. Demagun, behingoz arrazoi deala, egia esan deala. Baiñan hik esan dean bezela gure salbazioa eta gu gaitz guztietatik gordetzea nahi izan baduk, pareta bat ez baiñan oihal bat zala hori guztia lehenago esan behar higuen... Oihalaz beste aldetik zer dagoen ikusi arte ez dugula atsedenik hartuko, ez ahal duk konprenditzen?

EZ: Ahaztu ezazue oihal hori.

FEDA: Ez genezakek sekula gehiago ahaz... Aita bera etorriko balitz eta esango balit: «Feda, ez zazu iriki», iriki egingo nuke. «Bestalde hortatik ibili naiz eta ez dago ezertxo ere» esango balit, ez nuke haren esanik egingo. Bestaldetik zer dagoen ez baitut ikusi, nere begiz ikusi arte ez dut etsiko. Eta hi, hi ez haiz nere aita: Ez haiz hi, nere eta nereen etsai betikoa, burdin-habeen tartean gauzkean kartzeleroa... Konprenditu ahal duk orain?

EZ: (Biziro umil.) Bai, Feda. Ahaztu zak, halaz ere.

FEDA: Ezin nezakek horelakork egin; ez naitekek hire hitzetara jarri, hik hiorrek ondo asko dakik hori. Hori egin baneza, adio nere bihotzaren pakea. Naiz eta garratza eta uste on guztien kontrako akabera izan, bukaeraiño iritxi gabe ez nauk geldituko. Bestalde, hik eta guk gauzen ikuspegi bera ote dugu? Hiretzat heriotza dana guretzat bizitza danez, nork daki?

EZ: Uztak pakean oihal hori eta urrutira hadi... Hi ere bai, Sorne.

FEDA: Sekula ere. Sorne eta biok oihalaz bestaldera igaroko gaituk.

SORNE: Ez. Ni, ez dakit ba, Feda. Bildurtzen naiz...

FEDA: Bildurtzea, berezkoa da, Sorne. Iñor bai eta gu izandu gera eta oraindik gerade bildur, ez dea?

DENAK: Bai.

FEDA: Baiñan bildur hori, oztopogarri ez baiñan eragingarri izan zaigu.

SORNE: Orain besterik ote dan...

FEDA: Lehen bezela orain, Sorne. Dugun guztia emango dugu; azken mugaraiño iritxiko gera; mundua gaiñera eror badakigu, koldar eta bildurti izan geralako ez dedilla izan.

EZ: Ezeren aztarrenik ez danean, koldar ala odoltsu izan, berdin da...

FEDA: Hori horrela dalarik, ez du garrantzirik, hori da. Baiñan bai orain... baitakigu noraiño jotzeko eta iristeko ausardia dugun. Orain soilik, alkarri buruz-buru begira egoteko gauza geraneon, alkarri txu eta parra egiteko gai gerañean... Konprenditzen ahal didazu, Sorne?

SORNE: Bai, Feda; egin behar dugula uste baduzu.

FEDA: Hala uste dut. (Besteei.) Eta zuek, zer uste duzue? (Guztiak buru-makur; ez da erantzunik.)

FEDA: Agiri danez, ez duzue zuen bizkar hartu nahi lan hau... Egiteko eta erresponsabilidade guztia nere gain uzten duze... Milla puska egingo dugu oihal hori!

EZ: (Erreguka.) Ez, Feda, ez!...

FEDA: (Ez bezaio kasorik egin.) Gertu ahal zaude, Sorne?

SORNE: Bai.

FEDA: Hel giozu, beraz! (Bion artean hel bezaiote oihalari; EZ belauniko, lurrera erori da, eta erdi negarrez ari da.)

EZ: Ez, Feda, ez... (Oihala ken, eta burni-habe luze bat azaldu da: eszenarioaren barrena, batetik bestera, alderi alde hesitzen du; agiri danez, bi familiak ez ezik EZ ere preso dago. Hiru gizon agertu dira, geldi eta isilik, beltzez jantzita.)

DENAK: (Atzera egiñaz.) Burniak!

FABI: Selena-k ziona: igaro ez ditezkean burni-habeak dagoz bestaldeti...

SORNE: Berriz ere burniak...

FEDA: (Parra garratza du; etsipenak harturik bezala, lurrean eroririk dagoen EZ seiñalatuaz.) Gu bezin preso bera! Are presoago, baitzekien preso zegoela. Denok, guztiok gaude burni-habeen artean lotuta! (Parre zoroa du, ero batena; berehala. bapatean, Oihala eror bedi.)

 

AZKENA

Gizonak eta Ez, M. de Pedrolo
Egan, 4/6-1969