Indartsuena, August Strindberg
euskaratzailea: Labayru / Zubizabal 6, 2001

 

(X ANDREA sartuko da, neguko arropak aldean, kapela eta berokia jantzita, saski japoniar ederrarekin. Y ANDEREÑOAk erdi hutsik dagoen botila bat garagardo edukiko du aurrean. Aldika aldatuko duen aldizkari ilustratu bat irakurtzen arituko da)

 

X ANDREA: Egun on, Amélie maitea., zer egiten ari zara bertan jarrita bakar-bakarrik. Eguberri bezpera-bezperan, neskazahar gaixo baten modura?

 

(Y ANDEREÑOAk begiak altxatu eta irakurtzen jarraituko du gero)

 

X ANDREA: Esan behar dizut... min ematen dit, benetan, zu hala ikusteak, bakarrik, kafetegi batean, eta Eguberri bezpera-bezperan. Min berbera hartu nuen Pariseko jatetxe batean ezkontza bat ikusi eta emaztegaia aldizkari komikoa irakurtzen topatu nuenean, senargaia lekuko batzuekin billarrean ari zen bitartean. «Hara —pentsatu nuen—, nolako hasiera, halako jarraipena, eta halako ezkontza!» Senargaia billarrean, bere ezkontzako arratsaldean bertan! Eta emaztegaia aldizkari komikoa irakurtzen! Zer deritzozu? Tira, egia esan ez da kasu berbera.

 

(ZERBITZARIA sartu eta txokolate bete kikara jarri eta atera egiten da)

 

X ANDREA: Zer nahi duzu nik esatea, Amélie, esango nuke ez zenuela joaten utzi behar. Ez al duzu gogoan neuk esan nizula aurrenekoz barka zenezala? Ez al duzu gogoan? Orain ezkonduta egongo zinen, etxe eta guzi. Ez al duzu gogoan ze pozik egon zinen iazko Eguberrietan, zure senargaiaren gurasoen etxera joan zinenean? Etengabe esaten zenuen etxea izatea ederra dela, eta teatroa utzi nahi zenuela! Bai Amélie maitea, onena da etxea... teatroaren ostean... eta seme-alaben ostean, jakina... baina hori ezin duzu ulertu.

 

(Y ANDEREÑOA erdeinu-keinuz)

 

X ANDREA: (Txokolate koilarakada batzuk hartuko ditu; ondoren, saskia zabaldu eta Eguberrietako opariak erakutsiko ditu) Begira zer erosi diedan nire txerritxoei (Panpina bat aterako du) Begira! Lisarentzat da hau! Erreparatu begien eta samaren mugimenduari! Baina, begira! Eta pistola hau Majarentzat da, kortxoak jaurtitzen ditu. (Kargatu eta Y ANDEREÑOARI egingo dio tiro)

 

(Y ANDEREÑOAk izu-keinua egingo du)

 

X ANDREA: Ikaratu egin zara! Baina, laztana, benetan tiro egingo nizula uste al zenuen? Zu bai zu! Ederra kontua, eta benetan pentsatu duzu! Baina zuk botako bazenit tiroa niri , gutxiago harrituko nintzateke, azken finean, neu jarri nintzen zure bidean, eta ondo dakit hori ezin duzuna ahaztu, nahiz eta argi dagoen ni errugabea naizena. Zuk buruan sartuta daukazu oraindik azpijokotan ibili nintzela zu teatrotik botatzeko, baina zin dagizut ez dela egia. Ez da egia, ni izan nintzela buruan sartuta badaukazu ere! Baina berdin dio ni ez nintzela izan esateak, pentsatzen jarraituko duzulako, esatekoak esanda ere. (Txapin brodatu parea aterako du) Eta hau nire gizonarentzat da, nik neuk brodatutako tulipa-loreak eta guzti; niri, tulipa-loreek, egia esan, nazka ematen didate, baina berak zopan ere jango lituzke.

 

(Y ANDEREÑOAk begiak aldizkarik altxatuko ditu, ironiaz eta ikusminaz)

 

X ANDREA: (Txapin bakoitzean esku bat sartuko du) Begira zelako oin ttikiak dituen Bobek! Begiratu al diezu? Eta ikusi behar zenuke ibiltzeko ze modu dotorea duen! Ez duzu sekula txapinak jantzita ikusi... neska! (Y ANDEREÑOA barrezka hasiko da) Begira, begira, erreparatu honi. (Txapinak mahai gainean mugituko ditu, ibiltzen ari balira bezala)

 

(Y ANDEREÑOAk ozen egingo du barre)

 

X ANDREA: Haserre dagoenean zarata handia egiten du zapaltzean, halaxe: «Zerbitzari madarikatuak, ez dakite behar bezalako kafea egiten! Aj ! Eta orain, astakilo halakoak, ez dute kriseiluko metxa mozten asmatu! »

»Zoruko oholen zirrikituetatik hotza sartu eta oinak izozten zaizkionean, amorratzen jartzen da! "Mila deabru, hau da hau hotza, eta lelo porrokatu hauek beheko sua piztuta edukitzen ere ez dakite!»

 

(Txapin baten zola bestearen goiko partearen kontra igurtziko du)

(Y ANDEREÑOA algaraka hasiko da)

 

X ANDREA: Hara, eta etxera heltzen denean, beste ezer egin aurretik txapinak bilatzen hasten da. Mari-k idazmahaiaren azpian jarri dizkio ordurako... eta penagarria da modu horretan adarra jotzea, egia esan on puska delako, behar den moduko gizona, halako bat suertatu behar zitzaizun zuri, Amélie. Zeri egiten diozu barre? Tira, tira. Eta, ondo entzun, ondo dakit fidela dela! Bai, ederto batean dakit hori! Gizonak berak kontatu dit-eta... ! Zeri egiten diozu barre, leloen moduan? Uste al duzu Norvegiatik bira egin nuenean, Frédérique urdanga horrek aprobetxatu eta seduzitu nahi izan zuela...? Hamaika ikusteko jaio gara, hori pertsona gaiztoa! (Pausa) Egia esan, begiak aterako nizkion eskuez urdanga halakoari aurrean jarri izan balitzait. (Pausa) Eskertzekoa izan zen Bobek berak kontatzea jazotakoa, bestela mihi luzeei entzunda jakingo nukeen-eta. (Pausa) A, baina ziur egon ez dela bakarra izan! Zergatik ez dakit., baina denak dabiltza, zoroen moduan, nire senarra harrapatu nahian. Teatroko kontratuekin zerikusia duela pentsatuko dute beharbada, departamentu horretan egiten duelako lan. Batek daki zeu ere harrapatu nahian ibili ote zaren... Egia esan ni ez nintzen zutaz asko fidatzen..., baina orain badakit berak ez zizula jaramonik egiten, eta beti pentsatu izan dut apur bat gorrotatzen zenuela, hagatik edo horregatik.

 

(Pausa. Elkarri begiratuko diote, aztoratuta)

 

X ANDREA: Etorri gu bisitatzera arratsalderen batean, Amélie, eta ez zaudela gurekin haserre frogatuko diguzu halaxe, edo behintzat, ez zaudela nirekin haserre! Ez dakit, egia esateko, gogor egiten zait zurekin ez konpontzea, zurekin batez ere. Orduko hartan zure bidean jarri izan nintzelako izan daiteke, agian. (Motelago) Edo egia esan, ez dakit zergatik, ezta hurrik ere.

 

(Y ANDEREÑOAk tinko begiratuko dio X ANDREAri, jakin-minez)

 

X ANDREA: (Pentsakor) Arraro samarra izan zen, gure harremana. Aurrenekoz ikusi zintudanean, beldurtu egin ninduzun, hainbeste beldurtu ninduzun ze, ez nintzen ausartzen zu begi bistatik galtzera; egiten nuena eginda, joaten nintzen lekura joanda, beti egoten nintzen zugandik hurbil. Ez nintzenez zure etsai izatera ausartzen, zure lagun egin nintzen. Baina nolabaiteko tentsioa egoten zen beti gure etxera bisitan etortzen zinenean, ondo konturatzen nintzelako nire senarrak ezin zintuela eraman eta hori zeharka sentitzen nuen nik, arropak txarto ematen dizunean bezala..., eta nire esku zegoen guztia egin nuen senarra atsegina izateko, baina ezin izan nuen lortu. Harik eta zu senargaiarekin hasi zinen arte! Une horretan bertan hasi zelako zuen arteko adiskidetasun handia, eta ematen zuen orduan soilik ekin zeniotela benetako sentimenduak erakusteari, alegia, zu ondo babestuta zeundenean... hitz batean..., zer gertatu zen gero? Ni ez nengoen jeloskor..., bitxia, ezta...? Eta gogora ezazu, bataioan, amabitxia zinen zu, eta zuri musu ematera behartu nuen nik..., eta berak musu eman zizun, baina zu erabat baina zu erabat aztoratuta geratu zinen, tira, esan nahi dut orduan ez nuela antzeman, eta ez nuela geroago ere horretaz pentsatu..., ez nintzen ohartu... gaur arte! (Zutunik jarriko da, amorru bizian). Baina, zergatik ez duzu ezer esaten? Hemen nagoenetik ez duzu tutik ere esan, niri begiratu eta hitz egiten utzi, besterik ez duzu egin! Hortxe, jesarrita, begien bidez nire pentsamendu guztiak ateraz, kapulu batetik zeta gordina ateratzen den bezala, hariz hari... ! Pentsamenduak..., susmoak hobeto esanda... Esaterako..., zergatik utzi zenuen senargaia bertan behera? Eta zergatik ez zara ordutik gure etxera berriro etorri? Eta zergatik ez duzu gure etxera etorri nahi gaur arratsaldean?

 

(Y ANDEREÑOAk hitz egiteko imintzioa egingo du)

 

X ANDREA: Isildu! Ez duzu ezer esan behar, guztiaz jabetzen ari naizelako orain! Argi eta garbi dago! Ez da egongo, baina! Puzzle bateko zatiak bezala egokitzen da guztia orain! Hori da...! Aj, ez dut zure ondoan jesarrita egon nahi. (Ondoko mahaian ipiniko ditu bere gauza guziak)

        »Horrexegatik brodatu behar nituen nik tulipa-loreak senarraren txapinetan; tulipa-loreek nazka ematen didaten arren, zu zoratu egiten zaituztelako tulipa-loreek, horixe da arrazoia! (Lurrera botako ditu txapinak) Eta horrexegatik joan behar genuen Mälarn aldera udan, zuri ez zitzaizulako Saltsjön gustatzen; eta horrexegatik eman genion Eskil izena gure semeari, zure aitaren izen bera; eta horrexegatik jantzi behar nituen nik zure kolorerik gogokoenak, zure idazlerik gogokoenak irakurri, zure jatekorik gogokoenak jan, zure edatekorik gogokoenak edan..., zure txokolatea, adibidez ! Hori dela-eta.... Jainkoarren, beldurgarria da horretaz pentsatzen hasten naizenean, beldurgarria! Guztia, guzti-guztia, zugandik hartzen nuen, maniak ere bai! Zure arima nirean sartu zen, harrak sagarrean sartzen diren moduan, karraskatuz eta barneratuz, gelditu barik, harik eta azala soilik utzi zenidan arte, haragi lehor apur batekin! Zugandik ihes egin nahi izan nuen, baina alferrik; sugea bezalakoa zinen zu, zure begi beltzek liluratu egiten ninduten; eta nik sentitzen nuen jausteko baino ezin nituela erabili hegoak; hondoratuta nengoen uretan, oinak lotuta, eta igeri egiteko eskuak zenbat, eta gehiago mugitu, orduan eta hondorago hondoratzen nintzen, hondorago, hondorago, harik eta hondoa ukitzera heldu nintzen arte, eta han zeunden zu nire zain, karramarro erraldoiaren itxuraz, zure atzaparrez ni harrapatzeko prest..., eta halaxe nago orain! Ez dakizu zenbat gorroto zaitudan, gorroto zaitut, gorroto zaitut! Eta zu hor oraindik, isilik, lasai, axolagabe; guztiarekin axolagabe, berdin dizu zuriak zein beltzak, onak zein txarrak, besteen zorionak zein zoritxarrak; ez zara maitatzeko edo gorrotatzeko gai; zikoina saguaren gordelekuaren aurrean bezain geldi...; ez zinen kapaz izan zure harrapakina bakarrik harrapatzeko, ez zinen kapaz izan hari segika bakarrik ibiltzeko, eta zain egon zinen harrapakina bera zure altzoan jausteko! Eta orain hor zaude, zure txokoan jesarrita..., ba al dakizu sagu-zuloa esaten diotela txoko horri, zure lekua delako...? Zure aldizkariak irakurtzen eta atezuan, baten bati gauza txarren bat gertatzeko desiratzen, baten batek zoritxarren bat edukitzeko desiratzen, baten bat teatrotik bota dezaten desiratzen; eta orduak eta orduak ematen dituzu hemen, zure aukerak kalkulatuz, pilotoak oztopoak kalkulatzen dituen bezala, zure zergak bilduz!

        »Amélie koitadua! Hala ere pena ematen didazu, badakidalako zorigaiztokoa zarena, zaurituta dagoen pertsona bezain zorigaiztokoa, eta zaurituta zaudenez gaiztoa zara...! Nahi izango banu ere, ezin izango nintzateke zurekin haserretu, guztiarekin ere, txikiena zarelako... bai, eta ez uste kezkatzen nauenik Bobekin daukazun kontuak... ! Berdin-berdin dit...! Edo txokolatea hartzeko ohitura zeuk irakatsi zenidala pentsatzeak, zuk edo beste edozein pertsonak, bost axola! (Koilarakada bat txokolate hartuko du kikaratik. Erabakior)

        Txokolatea, gainera, osasuntsu-osasuntsua da. Eta zuri esker ikasi banuen janzten, tant mieux..., senarrak nire gorputzari gehiago erreparatzeko balio izan dit horrek.., eta nik irabazi nuen tokian galdu zenuen zuk..., bai, seinale jakin batzuei arreta jarriz gero, honezkero galdu egin duzula esango nuke... ! Zure asmoa, baina, neuk amore ematea zen, dudarik gabe zeuk egin zenuen bezala, eta erraiak jaten zaude orain, bertan jesarrita...! Baina, halakoa da bizitza, laztana, ez dut amore eman! Tira, ez gaitezen zekenak izan. Eta ez daukat nik zertan hartu beste inork nahi ez duena.

        »Baliteke, gauzak horrela, une honetan neu izatea bien arteko indartsuena..., izan ere, zuk ez didazu niri ezer atera, zuretik eman eta eman baino ez duzu egin..., eta lapur hari gertatu zitzaiona gertatzen ari zait niri orain..., esnatzean, ohartu zara zuri falta zaizun guztia neuk daukadala.

        »Eta, bestela, nola azaldu daiteke, zure eskuetan dena antzu eta baliogabe bihurtzea? Inoiz ezin izan diozu gizon baten alaitasunari eutsi, zure tulipa-loreak eta zure maitasun suharrak izanda ere, eta neuk bai; zure idazleek inoiz ez dizute bizitzaren artea irakatsi, baina neuk ondo ikasi nuen, eta zuk ez duzu Eskil txiki bat izan, zuen aitak izen hori daukan arren!

        »Baina zergatik zaude oraindik isilik, ezer esan gabe isilik, isilik? Nik, hasieran, zure isiltasuna indarraren seinaletzat hartzen nuen; baina beharbada ez daukazu, beste barik, ezer esateko, ez zara pentsatzeko gai! (Altxatu eta txapinak hartuko ditu) Hara, banoa etxera..., eta tulipa-loreak eramango ditut..., zure tulipa-loreak! Inoiz ez zara besteengandik ikasteko gai izan, inoiz ez zara makurtu..., eta horrexegatik hautsi zara kanabera ihartua bezala..., baina ni ez naiz hautsi!

        »Mila esker, Amélie, hainbeste gauza irakastearren! Eskerrak nire senarrari maitatzen irakastearren! Eta orain banoa etxera, senarra maitatzera!

 

(Irten egingo da)

 

Indartsuena, August Strindberg
euskaratzailea: Labayru / Zubizabal 6, 2001