Txitra, Rabindranath Tagore
Egan, 1/3-1962

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

ARJUNA'K: Amesetan zan, ala benetan aintzira-ondoan ikusi nebana? Illunabarreko geriza iñaurrien artean nengoan ni bedartzan jezarrita, igarotako urteetzaz oldozten, inguratuten nenduen abarren illuntasunetik astiro-astiro ikuskizun eder-eder bat agertu zanean. Emakume taiua eukan, eta arrol zuri baten geratu zan ur-ondoan. Atsegiñez edatu bear eukeala zirudian ludiaren biotzak, aren oin ortoz zurien azpian. Aren soiñeko estalki mengalak urtu egingo zireala uste neban nik, birloratasunez eguratsean, egunabarreko gandu orizkea eguterako tontor edurtuan gesalduten danez. Makurtu zan aintzirearen antzikur disdiratsuaren ganerantz eta antxe begiratu eban bere arpegia. Atzerakadatxua egin eban biotz-ikaraz, lilluraturik, eta geldi-geldi geratu zan. Gero irribarreka ezker-eskua ardura bagerik lez jasorik, askatu eban bere adatsa ta tatarrez eroian beean bere oiñen inguruan. Zabaldu eban paparra ta begiratu ebazan arazkiro atondutako ta txera gozo batek adoretutako besoak. Makurtu eban burua ta bere gaztetasunaren lora biguna ikusi eban, bere ezetasun samurra, bere azalaren margo gozatsua. Pozezko itsumustu batek argitu eutsan izate guztia. Lotoaren edurrezko kuskuak goizean bere begiak edegikeran burua uretan, ikusteko iduna makurtu ba-ledi makurtu, bere buruari arrigarri eretxita geratuko litzake egun luze guztirako, aurki. Baia beingoan alde eban irribarreak aren ezpanetatik eta goibeltasunezko gerizea azaldu yakon begietara. Batu eban adatsa, estali ebazan besoak estalkiaz eta, antzika aldendu zan astiro-astiro, gabak aldenduten daben illunabar ederra lez. Gurariaren betekizun nagosia tximizta baten agertuta izan ekidala uste egikean, beingoan ezebeztuteko. ...Nor dabil ateari sakaka? (Txitra, sartuten da, emakume jantzita.) Ene, aur dago! Geldi, neure biotz ori! Ez nire bildur izan, Andera, Kshatriya naz-da.

TXITRA'K: Jauretxe onetan bizi naz ni eta zu neure ostataria zaudaz. Jaun gurgarri ori. Ez dakit neure abegia zelan erakutsi neikezun.

ARJUNA'K: Andere galant ori, abegirik onena zeu ikustea baita. Zeozertxu itaundu gura neuskezu, gogaikarri ezpa-natxatzu.

TXITRA'K: Egin daikezu.

ARJUNA'K: Zelako eskintzari latzak zaukaz lotuta jauretxe bakartsu onetan, ilkor guztiak olako edertasunaren ikuskizun barik itxita?

TXITRA'K: Ixilpeko gurari bat jaboten dot neure biotzean, eta bete daiten eguneroko otoitzak eskintan dautsadaz, Shiba Jaunari.

ARJUNA'K: Ene, ta zeuk zer gura izan daikezu, ludi guztiaren guterrea zarean orrek! Goizeko eguzkiak bere suzko oiña lelengo irarten daben sorkaldeko tontorretik sarkaldeko lurraldearen bazterreraiño bide egin dot; lurraren ganean aberats, yaio ta andia dan guztia ikusi dot. Nire jakituria zeure izango da, ba, zer edo noren billa zabizan esan ba-dadistazu.

TXITRA'K: Guztiak dazaute nik billatuten dodana.

ARJUNA'K: Guztiak? Eta nor da bere ospea dala-ta biotza atzeman dautsun jainkoen autatu ori?

TXITRA'K: Gorengo maillako errege-etxean jaiotako gizurenetatik aundiena baita.

ARJUNA'K: Ez egizuz eskiñi zurea lako edertasun-altxorrak ospe aizunezko opamaian, andera. Entzute txarra eguzkia jagi baiño leen goizetan lanbroa landetan lez miiñez-miin eskegiten da ba. Esaidazu, nor da errege-jatorriko gizuren bikain ori?

TXITRA'K: Guzurra dirudi, padar, beste gizon batzuen ospearen leiak dozuzana! Ez dakizu Kurus'tarren bakal-narea baiño ospetsuagorik lurbiran ez daitena ala?

ARJUNA'K: Kurus'tarren narea!

TXITRA'K: Eta ez dozu iñoz entzun izan ain etxe ospetsuko izen andiena ala?

ARJUNA'K: Zeure ezpan-ezpanetatik entzun gura dot baiña.

TXITRA'K: Arjuna, lurbira-menperatzaillea. Gizadiaren agotik jaso neban au, izen illezkor au, eta zekenkiro jabon neban neure neska-biotzean. Erlantzen bat baiño ez ete da ba, izen ori, padar? Esaidazu, ta aiko-maikoetan ibilli barik ausiko dot neure biotzaren,pitxitegia, ta autsetara jaurti marra aizuna!

ARJUNA'K: Aizunak izan, naiz egiazkoak izan aren izen eta ospea, aren egitzari ta aren adorea, ez egizuz jaurti, zeure biotzaren errukiarren; Arjuna auzpez dago zeure oiñetan une onetantxe ba-ta.

TXITRA'K: Arjuna zu!

ARJUNA'K: Bai, ber-bera naz ni, maitasun-gosez zeuen atean ostatu-eske!

TXITRA'K: Ez da egia Arjuna'k garbitasun-eskintsaria egin ebana amabi urterako, ala?

ARJUNA'K: Egia da, baiña zeuk birrindu dozu aren eskintsaria, gau illunaren eskintsariak igetargiak birrintan dauzenez.

TXITRA'K: Au lotsagarria!... Zer ikusi dozu nigan zeure buruagazko aizun biurtuten yatzunik, baia? Nor lilluratuten dozu zeure biarrizanen domua daitena dalakoarren emoteko gertu dagozan begi baltz oneitan, esnea baizen zuri direan besootan ? Ez dozu nire neu benetakoa billatuten, ba-dakit; eta nabaituten dozun ori ezin izan daiteke maitetasuna, ezin izan daiteke gizonak emakumearentzat daben gorengo goratzarrea, aurki! Au tamala! Soiñeko marro-jantzi urrakor onek gogo illezkorra ikusteko ez direala jarri bear dauzala gizonak! Bai, oraintxe dakit, zigur, Arjuna, zure bizitasun, gizurenkoiaren ospea guzurra dana!

ARJUNA'K: Ene! Ospea dan uskeria! Egitsarien arrokeria dan ergelkeria! Amesetea yirudit guztiak! Zeu bakarrik zara egin-egiñekoa, zeu, munduaren altxorra, ezbear guztien azkena, alegin guztien elburua, emakume bakar ori! Ba-dira beste batzu apurka-apurka ezagututen direanak, baia zu ikustea, lipar batez osagune osoa betiko ikustea da ba!

TXITRA'K: Enaz ni, enaz ni, Arjuna, olakorik, ene! Jainko'ren baten atzipekeria da au! Zoaz, zoaz neure gizuren ori, zoaz! Etzaite ibilli aizunkeriaren atzetik, irudimenari ez egiozu eskiñi zeure biotz andia! Zoaz!

 

Txitra, Rabindranath Tagore
Egan, 1/3-1962