Poesia A-tik Z-ra
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2001-05-22
“KonT arTe”

Izenburua: KonT arTe. Egileak: I. Azkarate, K. Odriozola. Konpainia: Taun-taun. Lekua: Bergarako Zabalotegi aretoa. Data: Maiatzak 19.

      “Ematen du obra bakoitza hain zehatz hausnartuta dagoela non ez den beharrezkoa aldaketarik gehitzea behin hasita dagoenean”. Joan Brossa olerkari eta artista katalanaren berba horiek pantaila batean proiektaturik ikus daitezke Taun-taun antzerki taldeak plazaratu berri duen KonT arTe ikuskizunean. Jarraian, baina, esku ikusezin batek ahal dituen hitz guztiak ezabatzen ditu, beren ordez dagozkien sinonimoak ipiniz, Brossaren izpiritu ekintzaile eta inkonformistak gidatuta agian.

      Hitzok agertu baino arinago A eta Z-ren arteko lehia ikusi dugu pantailan proiektaturik, txinatar itzalen teknikaren bidez, eta teknika berberak murgilduko gaitu kolore eta forma abstraktuen mundu oniriko batean, hasiera batean emakume baten biluztea zirudienari jarraituz.

      Ikusten denez, honako hau ez da ohiko bideetatik doan ikuskizun arrunta, zeren Joan Brossarengan oinarritutako muntaia batek ezin du bizitza edota artearen ezein arlorik ere bazterrean utzi. Baina horrek ez du esan nahi munduko gauza guztiak saltsa-maltsa batean agertu behar direnik. Alderantziz, Taun-taunek planteatutakoan oso elementu gutxi agertzen dira, baina haietariko bakoitzak munduko objektu eta bizipen askoren isla da, Brossaren bihotz eta burutik iragaziak izan ostean.

 

      Objektuen tratamendu ironikoa

      Izaera errenazentistako dramaturgo eta poeta hau Kataluniako kultur eragile nagusietariko bat izan zen, eta, literaturatik abiatuta, arte plastikoetan, antzerkigintzan eta zinemagintzan aritu zen. Adierazpide berrien bila egin zuen ikerketa zintzo eta sakonak eragin nabaria izan zuen garaiko abangoardisten artean eta bera baino artista gazteago askorengan.

      Segur aski Mirorekin izandako kidetasunak utzi zion oinarrizko koloreekiko zaletasuna, eta joera horrek isla garbia du KonT arTe lanaren estetikan. Baina muntaia honetan artistaren beste zenbait aztarna agertzen dira, berak erabilitako aulki kulunkaria edota agertokiko oihalei emandako garrantzia kasu eta, batez ere, objektuen gaineko begirada erdi ironiko erdi poetikoa.

      Begi-bistakoa da Itsaso Azkaratek eta Karlos Odriozolak egindako lan eskerga hain mundu konplexu eta obra zabala ordubete pasatxoko muntaia batean jasotzeko, eta ahalegin horren parekoa da esandako bien gehi Iņaki Mataren emaitza taula gainean, objektuei zein dramaturgiak eskatutako pertsonaiei eusten. Eta, beraiekin batera, aipatzekoak dira Santi Ezkurraren argiztapen lana eta Koldo Lizarraldek konposaturiko soinu-banda berezi eta txukuna. Izan ere, soinu-bandaren zeregina funtsezkoa da, elementu plastikoen erabilerarekin batera, lan zoragarri hau kokatzeko Brossaren araztasun artistikoaren eremuan.