Lekua: Markina-Xemein. Eguna: Urtarrilak 10. Zuzendaritza: Agurtzane Intxaurraga. Aktoreak: Miren Gojenola eta Agurtzane Intxaurraga. Dantzariak: Oinkari Dantza Taldea. Musikariak: Angel Unzu, Xabier Zeberio, Fredi Pelaez eta Pello Ramirez.
“Saretan barrena harilkatzen doiez geure bizitzak”, dio saregile batek obraren hasieran, Atxagaren “Soseguan ixiltasuna brodatzen” hura gogoraraziz. “Amantalen ahotsa” lanaren ostean, Hika eta Oinkari elkartu dira berriz, oraingoan kostaldeko emakumeei omenaldi gogoangarria egiteko. Emakumea eta itsasoaren arteko amodiozko harremana kontatzen duen obra honetan nabariak —eta kutsakorrak— dira egileek (50 dantzari, 4 musikari eta bi aktore) prestakuntzan jarri duten ilusio eta maitasuna.
Eszenografiak kai baten koadroa marrazten du taula gainean, eta bertan, itsasoaren erreflexu irisatuak imitatzen ditu tarteka argiztapenak. Koreografia zoragarriak, Pello Ramirezen zuzeneko musika apartaren laguntzaz, portuaren eguneroko bizitza iradokitzen du poetikotasun mehe batez, eta zenbait une hunkigarri sortzen dira emakume horien bizipenak gogora ekartzean. Dantza tradizionalari ematen zaion trataeran Kukai konpainiaren kutsu garaikidea antzematen da, Maider Oiartzabalen kolaborazioa tarteko: esaterako eszena batzuetan hankei dagozkien mugimenduak besoekin egiten dira, eta horrela saregileen esku-lana dantza-jolas bihurtzen da. Oinkariko dantzari gazteak bikain aritzen dira, eta talde profesional batek nekez lortuko lukeen freskotasun bat ematen diote lanari.
Ikuskizun handia dugu zentzu guztietan; itsasoari begiratu-entzuteak bezala, sosegu berezi bat eragiten duena, malenkonia eta zirrararen artean.