Hargatik bizi
Jaime Valverde
Gara, 2014-04-23
“E, petrel! Julio Villarrekin solasean”

Lugaritz Kultur Etxea (Donostia), 2016-04-23. Astrolabium Teatroa. Autorea: Julio Villar. Zuzendaritza: Mikel Sarriegi. Aktoreak: Mikel Sarriegi, Álvaro Garayalde eta Iñaki Diéguez.

      Julio Villar Donostiak eman duen pertsonaia miresgarri bat da. Mendizale amorratua, izen handia egin du, besteak beste, munduari belaontzi txiki batekin emandako biragatik. Mikel Sarriegiren obra honetan balentria horren berri ematen bada ere, Villarren pentsamendu eta bizitza-filosofia dira muina.

      Belaontziaren nabigatzea iradokitzen duten zenbait momentu kenduta, obra gehiena bizitzaren aurreko Villarren jarrera erakustean datza. Bizitzari adarretatik heldu dion pertsona bat erakusten zaigu, Mendebaldeko bizimodu artifizial eta alienatutik urrun bizitzen jakin duena. Itsasoa, haizea, isiltasuna eta oraina ditu jainkotzat; jabegoa, dirua, zarata eta etorkizuna gurtzen dituen gizarte batean.

      Jokaera berezi horrek pentsamendu arruntaren baitan sortzen duen ez-ulertzea adieraziz edo, bere erabakien zergatiaz behin eta berriz galdetzen dion pertsonaia bat izango du etengabe atzetik. Villarrek ordea, Ekialdeko jakintsu bat balitz bezala, ez du justifikaziorik eman beharrik ikusten.

      Obraren parte gehiena ideia horren bueltan antolatzen denez, uste dut emaitza diskurtsiboegia dela. Ekintza dramatiko gehiago eta konflikto garbi bat izateak on egingo ziolakoan nago. Hala ere, omenaldi sentibera eta zintzo bat osatzen du, oso interesgarria den pertsona baten ikuspegia emanez.