Afrikako Antigona
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2003-01-30
“Konbat. Beltza eta zakurrak borrokan”

Konpainia: Maskarada. Egilea: B. M. Koltes. Zuzendaritza: C. Panera. Itzulpena euskarara: J. Urrutxua. Eszenografia: C. Panera, E. Lorente. Argiztapena: J. Ulla. Ikusentzunezkoaren diseinua: E. Lorente. Jantziak: C. Saenz de Jubera. Antzezleak: P. Ugalde, M. Fuchs, E. Uria, J. Gaubeka. Lekua: Bilboko Bilborock aretoa. Data: Urtarrilak 28.

      Sofoklesen tragedian bezala, gizaki mindu eta duin bat bere senide baten gorpuaren bila dator. Oraingo kasuan, gizon afrikar batek erreklamatzen du bere anaiaren gorpua —Antigonak bere nebarena exijitzen zuen moduan— eta, orduko antzera, Kreonte hiriko erregearekin eta Eteokles harroarekin egingo du topo.

      Egiatan, Bernard-Marie Koltesen Combat de nègre et des chiens Senegal eta Nigeria arteko punturen batean kokatzen da, hain zuzen ere frantziar enpresa baten esplotazioan. Baina teknikari zurien etxaldeak ederki betetzen du Antzinatasuneko hiri edo errepubliken irudia, non Horn (lanetako arduradun heldua) erregea den eta boterea konpartitzen duen Cal izeneko ingeniari gaztearekin.

      Bien artean Paristik ekarritako emakume lirain eta gaztea dago, Liona izenekoa, balizko Euridice baten tokian. Zuriek kontrolatutako eremura ailegatzea Kreonteren jauregian sartzea bezain zaila da, baina afrikarrak tinko eutsiko dio bere eskakizunari, boteretsuen arteko gatazka piztuz eta amaierako tragedia leherraraziz.

 

      Tragedia garaikidearen egitura

      Bitxia da ikustea tragedia klasikoak eta gaurkoak egitura ia bera dutela, baina hor bukatzen da bien arteko paralelismoa, Koltesen testua garaikidetasunez josia baitago. Izan ere, pertsonaien arteko solasaldiek gure munduko gai garrantzitsu asko ukitzen dituzte, hala nola arrazen arteko amildegia, kapitalismo basatiaren jokabidea eta emakume askoren rol dekoratiboa.

      Baina, beste ezeren gainetik, Koltesen pertsonaiak ez daude, Antzinatasunean bezala, tragediaren zerbitzura. Oso pertsonaia definituak dira, barne mundu aberatsa igartzen zaie eta —tragedia agerikoago baten parte badira ere— beren benetako drama elkarrekin komunikatzeko ezintasun sakona da.

      Antzezpenaren alde materialetan sartuta, oso era interesgarrian aurkeztu dute euskarazko bertsioa. Behegaina lurrez estalia dago eta aulkiek eszena-eremua inguratzen dute hiru aldetatik, hurbiltasun handia sortuz ikusleen eta aktoreen artean. Aulkiek libre uzten duten alde bakarrean beste eszena batzuk garatzen dira, oihal zuri baten atzean, baina bertan proiektatzen diren irudiek ez diote nire ustez ekarpen handirik egiten lanari.

      Lau antzezleen artean bereziki nabarmenak dira Manex Fuchsen indarra eta presentzia eszenikoa, baina txukun eta sinesgarri ikusi ditut laurak, are gehiago kontuan izanda denak ez direla profesionalak arlo eszenikoan. Izan ere, aktoreen energiaren proiekzioa izan da eszenaratze honen alderik makalena, seguru aski zailagoa delako hiru norabidetarantz proiektatzea, alde bakar baterantz aritu beharrean, italiar erako aretoen modura.