Kontatzearen magia
Jaime Valverde
Gara, 2014-11-29
“Arrastoak”

Taldea: Dejabu Panpin Laborategia. Eguna eta lekua: 2014-11-29, Kultur Leioa.

      Dejaburen azken obra bikainaren ondoren, irrikan nengoen beren hurrengo lana ikusteko; irrikan eta erakutsitako mailari eutsiko zioten kezkarekin. Gure bide galduak-en euskalgintzaren arbasoak gaia baziren, oraingo honetan familia arbasoak dira. Badirudi, beraz, sustraiei buruzko hausnarketa luze batean dagoela sartuta taldea, obra bat baino gehiago behar izan dituena, momentuz.

      Familia konstelazioen printzipioak gogoratuz, senide nagusien konfliktoek protagonistarengan utzi duten korapiloan barneratzen da obra, eta beronen askatzearekin batera, bide batez, iraganean batzen gaituen sustrai erkideei buruzko gogoeta ederra eskaintzen du.

      Arrastoak honen estiloa oso zinematografikoa begitandu zait, irudi zenbaiten tankeran, korapilo narratiboaren trataeran, eta kontaketaren erritmoan. Drama pausatuen erritmo geldoa du lanak, transmititu nahi diren sentimenduekin erabat aproposa.

      Narratzaile apartak direla erakusten digute berriz ere Dejabukoek, eta horixe dela beren teatroaren zutabeetako bat: narratzea. Izan ere, momentu askotan, zinema kutsuarekin batera, ipuinen giroa ere hedatzen da agertokian; protagonistaren ibilbidea misterioz, aurkikuntzez eta sorpresez betetzen delarik. Magikoak dira pertsonaia desberdinen agerpena irudikatzen duten “travellingak.” Ez dezagun ahaztu titiriteroak direla Dejabukoak. Hain zuzen ere, titiriteroen esku fin eta zuhurra nabarmentzen da guztiaren atzean, bere obraren xehetasun txikienei egundoko arreta eskaintzen dion artisauaren diligentzia.

      Gure bide...-ek sortu itxaropenei eutsi diete, beraz; hunkitu naute berriz, eta kontaketa xamurrek uzten duten arrasto goxoa laga.