Lilin galdutako liburua
Agus Perez
ehaze.eus, 2024-11-28
Sorginen baratza

Antzezlana: Sorginen baratza. Konpainia: Eromen. Zuzendaritza: Amancay Gaztañaga. Jantziak: AEG Berrikuntza Profesionalen Diseinu Eskola. Antzezleak: Iradi Garate, Fer Rojo, Andoni Mutiloa, Zuriñe Maguregi, Juanal Gaztañaga, Manolo Gaztañaga, Aintzine Orbegozo, Esti Korta, Irene Irureta, Elena Larrañaga, Eli Arrieta, Anjel Heredia, Olatz Villanueva, Begoña Peña, Iratxe Celaya, Ainhoa Urdangarin, Josune Larrañaga, Mamen Yeregi, Irati San Martin, Ainhoa Romaneli, Rosa Navarro, Lourdes Galarraga, Nara Ayala, Lorea Alberdi, Nora Naranjo, Marina Pons, Egoitz Elosua, Amets Beranstegi, Laia Goiena, Nora Martin Noa Artetxe, Ruben Korta, Kaiet Korta, Malen Huegun, Malen Troitiño, Alma Guzman, Nahia Pinto, Peru Pons. Lekua: Azpeitiko Soreasu antzokia. Eguna: Azaroak 24.

Eromen elkartearen ekimenez, urtero antolatzen da Zestoako Antzerki Astea –ZAA! bere izen artistikoz– ekainaren amaieran eta uztailaren hasierako egunetan. Egitarau xumea baina kalitatezkoa izaten du, eta urteen arabera han ikusi ditugu besteak beste Orlac-en eskuak, Tarzan, Atzerrian lurra garratz, Zazpi senideko edota Satiro bezalako lan aipagarriak.

ZAA!-ren egitaraua beti osatzen da Amanacay Gaztañagak urtean zehar gidatzen duen Eromen taldearen lan batekin, batzuetan bertako Lili jauregian edo haren inguruetan jokatuta, site-specific moduan. Alde batetik, horrek ematen digu hango herri eta paraje zoragarriak noizean behin bisitatzea, eta horixe da kritikari lanean sano konpentsatzen nauen osagarrietako bat.

Baina lan mota horiek ikustearen benetako zioa antzerki amateurra iragazkirik gabe jasotzea da, beren gordinean disfrutatzea, herri bateko jendea aratuste inprobisatu bateko jantziekin agertu dela irudikatzea, atrebitu egin direla herriko bizilagunen aurrean piura horiekin agertzen, betiere antzerkiaren izenean. Izan ere, antzerkiak dena justifikatzen du, inauteriek dena justifikatzen duten bezala. Zeren eta zu urtean zehar herriko aguazila izan zaitezke, demagun, eta emanaldi hartan denen aurrean senatari erromatarra bihurtu, edo zure bizitzan ile-apaindegi batean jardun eta emanaldian opera kantari izan. Denok dauzkagun ametsak errealitate bihurtzen dira taula gainean, tarte batez behintzat.

Orain Soreasun ikusi dugun emanaldia bi aldiz errepikatu zen aurtengo ZAA!-n, eta hirugarren bat aurreikusita zegoen, baina hastekotan zegoela euria hasi zen –temati, gure Euskal Herri tropikalean ohikoa den legez– eta hirugarren emanaldi hura bertan behera geratu zen, edo sine die atzeratuta, bertaratuak ginen ikusle mordoaren eta antzezle ugarien dezepziorako.

Beraz, eta normala denez, asko galdu du proiektuaren bertsio eszenikoak, benetako gauaren, Lili jauregiaren eta haren inguruko erreka poetikoaren ezean, baina tira!, hala edo nola ikusi nahi genuen aurtengo proposamena, eta esan beharra dago Eromen taldearen estilotik ibili dela oraingo hau ere. Argumentu lausoak dioskunez, galdu egin da gizateriaren geroa erabaki lezakeen liburu magiko bat basoan, eta talde estrainio bateko pertsonaia xelebreak arduratuko dira haren bilaketaz, bidean aurkituko dituzten izaki misteriotsuen beldur izan gabe. Tartean, eta gizatalde txikiagotan banatuta, agerraldi dibertigarri asko eta talde-konposizio plastiko baliotsuak gauzatu dituzte beren izaera absurdoa eratze aldera, halako moldez non balizko liburuaren bilaketa aitzakia hutsa bilakatu baita.

Jakina, gauaren misterioak, basoaren iluntasunak eta iratxoen moduko pertsonaia fantastikoek alde askotatik gogoratu dizkigute Uda-gau bateko ametsa-ren argumentu eta egoera korapilatsuak –azken finean dena dago idatzita honezkero–, baina antzerkiaren magiaz egon gara gozatzen ordu batez, eta areto handia ondo betetzen zuten ikusleek animo biziz txalotu dute Zestoako aktore gazte eta helduen antzezpen gogotsua.