Testosterona jokoan
Jaime Valverde
Gara, 2015-06-14
“Jokoz kanpo”

Data eta lekua: Lugaritz Kultur Gunea, 2015-06-14. Autorea: Arantxa Iturbe. Zuzendaritza: Anartz Zuazua. Antzezleak: Joseba Apaolaza, Asier Hormaza, Asier Sota.

      Jakin min ia antropologiko batetik abiatuta, baina begiratu komiko batez, futbolaren zirrikituetan barneratu da Arantxa Iturbe obra honetan —tira, futbolaren dimentsio erraldoiaren parte txiki batean, beharrez—; alegia, helduen jokaera umeen futbolari dagokionez.

      Koadrila bereko bi gizon juzgatzen diren epaiketa batean hasten da asuntoa, tragedia horretara ailegatzeko gertatutakoak denborazko jauzien bidez kontatzen direlarik. Emanaldiak barra-barra ditu umorea eta erritmoa, aktoreek daukaten esketx eskarmentua antzerki formaturako egokiro baliatuta. Hamabost bat pertsonaiei bizitza emateko lan bikaina egiten dute hirurek, kantitatez eta kalitatez: pintzelada txikiekin margotuta badaude ere, tankera ederrekoak dira sortzen dituzten arketipoak, zeinak bereziki ezagunak egingo zaizkien txikitan futbolean ibilitakoei.

      Hori bai, obrak aurrera egin ahala, berehala ohartzen gara beste gai bat azaleratzen dela, lehendabizikoaren ezinbesteko erregai bezala: hain zuzen ere, arren arteko lehiakortasun primarioa. Hala, futbolaren faunari buruzko erradiografia gizonkeria-tipologien zerrendaketa zorrotza bihurtzen da. Neuri behintzat argi geratu zait irabazteko premia zoroan jendeak iparra galtzen duenean, futbola, berez, gutxienekoa dela. Testosteronaren txotxongilo ganorabakoek berdin-berdin gurtuko lituzkete bestelako kirol, jolas edo zirku-jarduerak, potroen tamaina neurtzeko aproposak balira.

      Beraz, publikoan barre algarak eragiteaz gain, esan beharra dago obra honek ez duela alferrik galtzen kritika plazaratu eta gogoeta eragiteko beta; izan ere, erakusten diren gizarte-dinamiketan norberak daukan ardurari deiturik bukatzen da lan borobil hau.