Samurtasuna eta mina
Jaime Valverde
Gara, 2015-06-24
“Muxua”

Taldea: Tanttaka. Zuzendaria: Fernando Bernués. Aktoreak: Mireia Gabilondo, Ander Iruretagoiena, eta Haritz Morras. Victoria Eugenia antzokia, 2015-06-24.

      Ivan Cotroneo-ren “Un bacio” testu aparta oinarri hartuta, Tanttakak hiru ahots tartekatzen dituen proposamen xamur eta inarrosle bat lortu du, bullyng-aren eta homofobiaren gaiak, besteak beste, jorratuz. Victoria Eugeniako areto txiki batean, 40 inguru ikusleok klase bat osatuko bagenu bezala, oholtza tipira igotako hiru aktoreren aitorpena entzun dugu, hunkiturik eta liluratuta.

      Soiltasuna eta edertasuna parez pare dituen obra honetan, teatrotasuna biluzik agertzen da antzezpenak sortutako atmosfera intimoan, eta neuri gertatu zait aspaldi gertatu ez zaidan zerbait: ezarian-ezarian, nire aurrean mintzatzen ari zirenek aktore izateari utzi eta pertsona bihurtu dira. Obraren osagai guztiek laguntzen dute sentsazio hori sortzen: testigantzen benetakotasuna, proposamenaren gertutasuna, hiru aktoreren lan fin eta zintzoa, etab. “Muxu” honek frogatzen du ukitu xumeekin teatroak indar itzela izan dezakeela, ikuslerik soraioena hunkitzeko samurtasuna.

      Eta horrela, erraza balitz bezala, gizartearen aje larrienetakoak ukitu dituzte: hezkuntza sistemaren herdoila, patriarkatuaren biolentzia nonahikoa, emakumeenganako indarkeria, desberdina direnen bazterketa sistematikoa, eta jakina, norbanakoaren bakardadea. Antzezlan zoragarria iruditu zait “Muxua”, eta oso pozik hartu dut bukaerako solasean iragarri duten ikastetxeetan antzezteko asmoa. Espero dut eskolen arduradunek sentsibilitatea erakustea, egundoko teatro lan bat ikusteko ez ezik, ohiko ikas-materiak baino askoz eraikigarriagoa den eta kontzientziatze-efektu izugarri eraginkorra duen testigantza bat entzuteko aukera izango bailukete ikasleek.