Ihes: Manifestua
Ander Lipus
Literaturia, 2025-05-23

      Arratsalde on denoi:

      Literaturiako antolatzaileek sarrerako manifestua idazteko proposatu zidatenean, kili-kiliak sentitu nituen, zirrara bat, sorkuntza prozesu guztietan sentitzen den zirrara jostagarri bat. Ohorea izan zen eta da nigan pentsatu izana, baina ardura bat ere banuela sentitu nuen. Ondoren, ordea, baiezkoa zergatik eman ote nuen jarri nintzen pentsatzen; izan ere, zer esan behar nuen? Izua sartu zitzaidan! Ihes egin nahi nuen, hanka egin, eskapatu.

      Manifestua egiteko proposatu zidaten hitza hauxe: IHES.

      Ihesa, baina, ez da hitz erosoa. Ihes egiten duenak zerbaitegatik egiten du ihes. Zeri egiten diote ihes XXI. mendean patera batean sartzen diren afrikarrek? Gerla eta goseari, batez ere. Zeri egiten genion ihes XIX. mendeko euskaldunok? Gerla eta goseari, batez ere. Beraz euskaldunok ere badakigu zerbait ihes egiteaz. Arrazoi politikoengatik erbestera ihes egin duten euskaldunak ere ez dira gutxi. Badira kartzelatik ihes egin dutenak ere. Josu Martinezen Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak, liburua datorkit gogora. Kartzelatik ihes egitea lortu zuten preso politikoen istorioak biltzen ditu liburuak. Trantsizio garaian, espetxeetan, COPEL (Borrokan ari diren presoen Koordinadora) taldearen leloa ere ez zen makala: “amnistia ala ihesa”.

      Laurogeita hamarreko hamarkadan, ihes egiten genuen armadatik eta soldaduska ez egiteko irmo borrokatu genuen. Orain, gure defentsaren hobe beharrez, armagintza industria sustatzearen beharraz hitz egiten digute. Ze mundu da hau!

      Desberdin sentitzen denak ere ihes egin behar izaten du. Genero indarkeria pairatzen duenak ihes egin behar izaten du matxismoaren atzaparretatik. Ihesean bizi dira gorputz normatiborik ez eta beste modu batean sentitu, pentsatu eta bizi nahi duten pertsona asko. Ihesean bizi dira, zoritxarrez, identitate ez-onartuak ere.

      Askotan, drogak baliatzen ditugu ihes egiteko, eta izatekotan, kontrakoa beharko luke, drogak baliatu beharko genituzke nork bere burua aurkitzeko, baina horren ordez, burua galtzen dugu.

      Nork bere buruaz beste egitea ere ihes egiteko beste modu bat da, erradikalagoa, atzera bueltarik gabea.

      (isiltasun luze bat)

 

 

      Isiltasunari ihes egiten diogu.

      Heriotzari ihes egiten diogu.

      Bizitzak ihes egiten digu.

      Denborak ere ihes egiten digu.

      Eta neuk ere, batzuetan, nahiko nuke mundu gero eta deshumanizatu honetatik ihes egin. Baina, ez!  Hemen nago, zuri begira, ikusle. Nik begiratzen dizut eta zure begiradak ihes egiten dit. Beste batzuetan, zuk begiratzen didazu eta nire begiradak egiten du ihes. Oholtzaren gainean egotearen magiak ahaldundu egiten gaitu, baina era berean lotsatzen. Ez duzue imajinatzen, oholtzara atera aurretik, zenbatetan damutu naizen nire ofizioaz eta, emanaldia bukatu ondoren, zenbatetan poztu naizen oholtzara igo izanaz.

 

      Zeri egiten diogu guk ihes?

      Zeri egiten diozu zuk ihes?

      Zeri egiten diot nik ihes?

      Nik, hitza eman eta betetzen ez dutenengandik ihes egiten dut. Ihes egiten diot zaratari. Ihes inbidiari. Hipokrisiari. Aurreiritziei. Ihes handinahikeriari. Ihes orojakileei. Ihes injustiziari.

 

      Hitzak harrapatu nahiko nituzke manifestu honetarako, baina urak hatz artetik bezala egiten didate ihes. Eta neuk ere ez nuke erabiltzearen erabiltzeaz gastatutako hitzik erabili nahi, bere benetako esanahia galtzeko arriskua baitute.

      Eta sentitzen dut! Ni ez naiz idazlea, are gutxiago poeta… Gainera, manifestu bat idazteko eskatu didate eta berbaldi honek ez du manifestu baten itxurarik. Zertan ari naiz? Ez dakit!! Zer egiten dut hemen? Bada… ez! Ez dut ihes egingo eta dakidanaz hitz egingo dut: antzerkiaz.

 

      Antzerkiak literaturan lan ederrak utzi dizkigu. Literatura dramatikoa irakurtzeko ohitura gutxi daukagun arren, Shakespeare irakurtzea beti da plazera. Baita Piarres Lartzabal irakurtzea ere. Baina errealitatean, egia da, antzerkiak, eta arteak orokorrean, ez dauka ia lekurik gure egunerokoan, eta are gutxiago hezkuntzan. Artea eta hezkuntza uztarri beretik eramateari ihes egiten diote askok, zer esanik ez administrazioak. Eta ondorioz, eskolentzako antzerkia egiten denean, badira salbuespenak, baina askotan erromatar zirku batera joatea bezalakoa izaten da. Ze pena!

      Eta horrela dabil kultura mundua! Ezen arte munduan gabiltzanok, prekaritateari ihes egin nahi badiogu ere, ihes egin ezinik ibiltzen gara. Euskal antzerkia ez dago osasun onean, egoera ez da goxoa. Eta bitxia bada ere, inoiz baino sorkuntza eta obra gehiago dugu. Gainera, sarritan entzun behar izaten dugun erretolika izaten da: “eske euskaraz programatzen dugunean, ez da jendea etortzen”. Jendea hezten, ohitzen ez baduzu, antzokiak hutsik izango dituzu. Lanketa bat egin behar da, publikoa erakartzeko estrategiak bilatu, sedukzioa eta maitasuna landu, eta ez ihes egin, baina programatzaile asko ez daude horretarako prest. 

      Euskal Herriko hiriburu nagusietan, Gasteizen, Bilbon, apenas programatzen dute asteburuetan euskaraz. Eta Iruñean eta Baionan, programatzen bagaituzte, erdaraz goi-titulatuta joan behar da. Garazin eta Maulen ja ez gaituzte programatzen. Arrotzak gara gure herrian. Denek egiten digute ihes.

      Antzokietan, haur antzerkia da gehien programatzen dena. Antzerkia infantilizatzeko arriskua dago. Antzerkia, dantza… haurtzaroko kontu “polit” bat balira bezala. Eta nerabezarora iristean, jada ez zaigu interesatzen. Beste estimulu batzuk dira erakargarriagoak. Ni, herri antzerkiaren aldekoa naiz, herri antzerkian ez baita bereizketarik, antzerkia denentzat da.

      Antzerki ekoizpen gehiegi dagoela esaten da. Hori grabea balitz bezala! Jendeak istorioak kontatzeko beharra dauka, esperimentatzeko gogoa, jolasteko gogoa, komunikatzeko beharra. Eta herri batek behar ditu istorio horiek entzun, ikusi, irakurri. Eta horri guztiari ezin zaio ihes egin!

      Hainbat antzerki eskola daude, eta Dantzerti, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskola, ere sortu zuten. Honek esan nahi du, eskola horietatik ateratzen diren aktoreak lanerako prest daudela. Baina lan non?

      Imajinatzen duzue gaur egun aktoreen greba orokor bat? Idazleen greba bat? Artista plastikoena? Musikariena? Ez litzateke ezer gertatuko, ez litzateke eraginkorra izango. Munduak biraka jarraituko luke kapitalismoaren gurpil zoroan. Hala ere, ez dezagun itxaropenik gal, artistok bai baitugu arma arriskutsu bat, imajinazioa!

      Antzerkia izan da sarritan nire ihesleku, nire gordeleku, babesleku eta aterpe. Sorkuntzan murgilduta nagoenetan, egunerokotasunaren izpi hauskor batzuk baino ez dira iristen niregana. Henry Moore eskultoreak idatzi zuen: “Obra bat ez da bizitzatik ihes egitea, baizik eta errealitatean barneratze bat izan daiteke, bizitzaren esanahiaren adierazpen bat, bizitzeko ahalegin handiagoa izateko estimulu bat”. Lanean ari zarenean, sorkuntza prozesu betean, ihes egiten duzu. Bai. Eta bat-batean, komunikabideek, telebistek… bueltatzen zaituzte errealitatera. Eta, orduan, berriz ihes egin nahi izaten duzu, desagertu. Bakan batzuk kenduta, azalekoak izaten dira elkarrizketak. -Zein da antzerkiaren gaur egungo egoera Euskal Herrian? Eta unibertsoan? Okerrena da beti galdera berberak izan arren, erantzuten bukatzen dugula. Gero, estreinaldiaren olatua pasatzen da eta ja ez dago antzezlanaren jarraipenik, fokuak itzali egiten dira eta denbora oso gutxian, antzezlana ahaztu egiten du publikoak. Estreinaldien garaian bizi gara. Antzezlan baten iraupena asko jota urte betekoa da, urtea pasatuta jada zaharkituta geratzen da. Zerbait berria nahi da, txurroak egiteko makinak bagina bezala.

      Ikuskizunaren mundua etengabe auto-elikatzen den garai hauetan, goazen geu ere jostatzera. Sartu! Sartu antzerkira!! Ikuskizuna hastera doa!! Gora teloia!

 

— Ikus-entzuleok! Gaurko antzezlanean hamaika jokalari arituko dira. Eta horrelakoak gutxitan ikusiko ditugu, beraz, probestu dezagun. Zorionekoak gu!

— X aktoreak ahotsa galdu du eta ezingo du emanaldia egin. Antzerki taldeak ezin izan du ordezkorik aurkitu.

— Izugarria izan da 45. minutuan antzezlanak jo duen klimaxa. Txalo zaparradak eta guzti entzun dira une horretan.

— Esan beharra dago, X aktorea bere mementorik garaienean dagoela. Ekoiztetxe guztiek nahi dute berarekin lan egin.

— X dantzariari medikuek ezker bizeps femoralean lesioa antzeman diote eta ezingo du bere azken pieza koreografikoan dantzatu, gutxienez 5 aste eman beharko ditu oholtzatik kanpo.

— Hirugarren agerraldian, aktoreak ezin izan dio erronkari eutsi eta ihes egin dio pertsonaiak. Zoritxarrez, noraezean ikusi dugu aktorea bukaera arte.

— Jakin-mina dago X dramaturgoak zer eskainiko dion publikoari aspaldian kritiko azaldu baita antzerkian dagoen auto-fikzio joeragatik.

— Ilara luzeak sortu dira X antzerki taldearen azken obra ikusi ahal izateko.

Ikusmina ikaragarria da, emanaldia hasi aurretik berotzen ari dira aktoreak. Dena prest dago ikuskizun handirako!

 

      Eta bla, bla, bla, bla. Hitzak, hitzak eta hitzak. Barkatuko didazue, burua joan zait eta ametsetan hasia nintzen, ez dakit zertan! Txorakeriak! Hobe izango da errealitatera bueltatzen banaiz. Izarren Olinpoan bufoiak ez dauka tokirik. Puzker galant bat bota eta hobe hanka egin!

      (Puzkerra botatzearen plantak eginez)

      Praaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaa!

 

      Ideia eta hitz hauek zirriborratzen ari nintzela, Jon Gerediaga lagun eta poetak, hilero egin ohi duen bezala, poema bat bidali zidan. Ezin aproposagoa iruditu zitzaidan. Propio niretzat idatzia zegoela. Hala dio:

 

Ez joan, ez aldendu, ekarri

arratsaldeko izarra lurrera.

Gaua eskuan hartzen duzunean,

samurragoa da dena.

Begiratu gauzei aurrez-aurre:

nola sartzen den ilargia sasitzan,

zer izen dituen lorategi

urdinak gizakion ahotan.

Bai, zabaldu leihoa,

emaiozu ostatu izar nekatuari.

 

      Manifestu hau irakurri eta esandakoak esanda, ez dut sinisten gauzak asko aldatuko direnik. Denak berdin jarraituko du. Eta ni aspertua sentitzen naiz, nekatua. Gauzei aurrez aurre begiratu ondoren, beste nonbaitera ihes egiteko gogoa sartu zait. Eta hala egingo dut. Benetan merezi duten gauzengatik borrokatuko dut.  Ez-lekuen lurretan ibiliko naiz, sasi artean, utopien bila.

      Zabaldu ditzagun leihoak. Eta liburuak.

      Ireki ateak. Eta antzokiak.

      Askatu bihotzak eta buruak!

      Izar iheskorren bat ikusten badut, abisatuko dizuet, baina ez dizuet esango zein izango den eskatuko dudan desioa.

      Ongi etorri literaturiara! Euskal letren plazara!

 

      DANAk pianoa joaz, IHESA ZILEGI BALITZ abesten du.