Dejaburekin antzerkia azpititulatzeaz
Ehaze
ehaze.eus, 2025-09-17

Dejabu konpainiak Itzulera antzezlana eskainiko du Donostiako zinemaldian azpititulatua, irailaren 26an 19:00etan Gasteszenan. Abagune hori erabilita, antzerkia azpititulatzeaz mintzatu gara Ainara Gurrutxaga konpainiako kidearekin. 

     Donostian izan zarete jada Itzulerarekin, Zinemaldiaren testuinguruan bueltatuko zarete. Zerk egingo du emanaldi hau berezi?

      Emanaldi bakoitza bakana da. Egia da Zinemaldikoa maila ezberdin batean izango dela berezia. Guretzat ariketa psikomagiko bat izango da. Itzulera gure eskemak haustera etorri da, zaldi basati baten moduan hasieratik gure barne-mugak gainditzeko ausardia izatera gonbidatu gaituelako. Zinemaldian antzeztea ohituta gauden kontestutik ateratzea da, beste ikuslego mota bat ere festara gonbidatzea. Gure aurreiritziak sakonki kuestionatzen ari gara kopainian azken urteetan, eta emanaldia guretzat esanguratsua da maila pertsonal horretan. Itzulera edozein momentutan pikutara joan daitekeen birtuosismo ariketa bat da, amildegiaren muga hori jokatzen du literalki eta metaforikoki, arrisku hori hartu dugu. Eta Zinemaldikoa, gaztelerazko azpitituluekin, amildegira gerturapen interesgarria izango da.

     Bestalde, Zinemaldian ez da sekula antzezlanik programatu eta beraz, uste dugu euskal sortzaileentzat eta antzerki zaleentzat ere egun berezia izango dela. Emanaldiaren ondoren, animatzen denarekin, parranda sideral bat egingo dugu seguru.

     Obrak harreman estua dauka zinema eta irudiaren munduarekin, zinemaldiaren markoa egokia dirudi erakusteko. Beste publiko mota batera iristea espero duzue, edo publiko antzerkizalea berriz ere mobilizatzea?

     Beste publiko batera iristea ederra litzateke. Iruditzen zaigu arte-zaletasuna oso banatuta dagoela askotan, eta zinezaleek ez dutela ohitura gehiegi izaten antzerkira joateko, nahiz eta haien erroak antzerkian egon! Hori arlo gehienetan gertatzen da, ezta? Nik uste polita direla gurutzaketa horiek. Antzezlanak bi lengoaiak uztartzen ditu, maila berean elkarrizketan jarriz, eta beraz, zine maitaleentzat ere esperientzia polita izango da.

     Bestalde, antzezlanaren parte bat Mexikon sortu genuenez, eta guretzat Latinoamerika erreferentzia handia denez maila askotan, gustatuko litzaiguke hemen bizi diren latinoamerikarrak etortzea. Planteatzen duguna erritual bat da, eta beraz, festa honetan parte hartu nahi duen edonor etortzea gustatuko litzaiguke.

     Saio honen beste berezitasun bat izango da azpititulatua izango dela. Zenbat hizkuntzatara? Zuek prestatu behar izan dituzue azpitituluak, nolakoa izan da lanketa?

     Gazteleraz izango dira azpitituluak. Guk prestatu ditugu, eta ez buruhauste gutxirekin! Badakigu hizkuntzaren aldaketan zeharo aldatzen dela obra bat, eta gure testuekiko harremana ez denez batere ortodoxoa (esan dezagun horrela, xuabe esateko) ba esperimentu bat izango da. Gure izaera horrela da, lehenik gorputza eta esperientzia jartzen dugu eta gero gerokoak. Egingo dugu gogoeta ondoren eta ikusiko dugu ea zentzua izan duen ala ez. Aitortza bat: gure bizitzan lehen aldia da azpitituluekin antzeztuko duguna. Deitu inkonsziente, kamikaze, flipatu. Bai, ez dakigu ondo zer gertatuko den. Horregatik, mesedez etorri gu babestera.

     Ez dirudi erraza antzerkia azpititulatzea, besteak beste, emanaldi bakoitza ezberdina izan daitekeelako, erritmoa, tempoa, publikoaren erantzuna, ezusteak, lapsusak… tentsio gehigarria ekarriko du azpitituluekin bat egin beharrak?

     Gure nahia, beste elementu guztiekin egiten dugun bezala, azpitituluak antzezlanean integratuta egotea da, eta horrela, beste esanahi geruza bat gehitzea proposamenari. Jolasaren parte bihurtuko dira azpitituluak. Saiatuko gara tentsioa baino jokoa eman dezaten. Itzuleraren esentzia punkia da, irreberentea, eta azpitituluekin ere harreman hori eduki nahi dugu. Gure buruak ez serioegi hartzeko ariketa izan da antzezlana, eta benetan sendatzailea eta gozagarria izan da guretzat. Uste dugu ikusleengan ere hori sortu duela, zerbaiten askatzea. Azpitituluekin ere ez dugu zuzentasunik bilatuko, baizik eta bizirik dagoen erritual horren parte organiko bihurtzea.

     Euskal Herrian ez da ohikoa antzerkia azpititulatzea, nahiz eta bertan, hain zuzen ere edo agian horregatik) egoera diglosiko desorekatua bizi dugun. Badu zentzurik Euskal Herrian euskarazko obrak azpititulatzeak?

     Bai, zergatik ez. Euskara modu askotara goza daiteke. Euskara denona da, ez bakarrik hitz egiten dugunona eta hizkuntzarekiko maitasun hori zabaltzeko, polita iruditzen zait eskaintza bezala azpitituluekin ere egitea. Nire semearen eskolan guraso gehienak lehen belaunaldiko etorkinak dira eta ilusioa egiten dit haiek gonbidatu ahal izatea. Hori bai, kontuz! Ez dadila baldintza gisa erabili programatzeko. Eta hau diot badakidalako gertatu izan dela.

     Eta Euskal Herritik kanpo, badu zentzurik? 

     Noski baduela zentzua! Zentzurik ez daukana da, gure obrak bi hizkuntzatan eskaini behar izatea halabeharrez. Hautu estetiko artistiko bat bada ongi, baina Euskal Herrian hainbatetan egiten den bezala, gazteleraz sortu eta euskarazko bertsioa aldi berean prestatzen da. Hori ez da oso sorkuntzaren aldeko erabaki bat, merkaturen aldekoa baizik. Edo diru-laguntzek hori ahalbidetzen dutelako.

     Hala ere egia da gai delikatua dela, antzerkia arte bizia delako eta kasuan kasu egokia izan daitekeelako azpititulatzea, eta beste batzuetan antzezleek hizkuntza aldatzea. Artefaktu bakoitzak bere zaintza behar du. Baina izan dadila sorkuntzaren aldeko erabaki bat ahal den neurrian.

     Gure esperientzia azpitituluekin kanpoan, ikusle bezala izan da. Londresen bizi ginenean mundu osoko antzezlanak ikusi ahal izan genituen, jatorrizko hizkuntzan, azpititulatuta. Han oso ohikoa da. Eta a ze plazera. Norbere ama hizkuntzan sortutako lanek bestelako dimentsio bat dute, hitzaz haratago doan bibrazio bat, sakontasun infinitu bat. Hitzen esanahitik haratago doan magma sentsible bat. Ederra da ulertzen ez duzun hizkuntza batean antzerkia ikustea. Azpitituluekin edo gabe. Baina ahal dela jatorrizkoan.