Agurtzane Intxaurragarekin bildu gara Ganbila bilduman publikatu duen Zorretan liburuaz mintzateko. Intxaurraga euskal teatroko testugintzan ezinbesteko izen bat izan da azken hamarkadetan, besteak beste, Arantxa Iturberekin egindako elkarlanari esker. Elkarrizketa honetan, literaturaz gain, bere ibilbideaz eta belaunaldi baten aitortza beharraz ere solastu gara.
Zorretan publikatu berri duzu, bi antzezlan biltzen dituen liburua: Zorretan (2024an estreinatua) bera eta Hitzak (2012an estreinatua). Aurkezpenean aipatu zen bi testuek osatutako liburuek oso ondo bat egiten duen diptikoa osatzen dutela. Hamabi urte daude bien artean, zerk lotzen ditu biak?
Emakumeari historikoki lotu zaizkion zamei buruz hitz egiten da bietan. Hitzak antzezlanak genero biolentzia du aztergai, zehazki hitzez eragiten diren tratu txarrei buruz. Hitz zaurigarriez, hitz iraingarriez, hitz gutxitzaileez eraikitako istorioa da. Eta tartean gizon bat eta emakume bat. Zorretan antzezlanak aldiz, maitasunaz eta zaintzaz hitz egiten du eta tartean gizon bat, emakume bat eta haren ama; ulu egiten duen ama. Bi testuak gizatasun zorrotz batek zeharkatzen ditu eta, zalantzarik gabe, edonoren bizitzarekin lotzeko modukoak dira.
Bestalde, bi testuetan istorioaren egitura narratiboa geruza ezberdinekin osatua dago, eta denboran eta espazioan salto nabarmenak ematen dira. Biak dira estruktura konbentzionaletatik ihes egiteko eta dramaturgia berri bat eraikitzeko ahalegina. Azkenik, estilo aldetik ere, bi antzezlanak sinbolismoarekin jokatzen dute, bakoitzak bere ñabardurekin, geruza poetiko batean bilduz.
Zorretan une honetan taularatzen ari den lana da. Zer nolako esperientzia izaten ari da antzezlan honena? Donostia saria jaso du adibidez. Hika Teatroak antzezlan honekin klabe berezi batzuekin asmatu duela uste duzu, publikoarekin konektatzeko orduan?
Arriskatzea niretzat behar beharrezkoa da arte eszenikoetan, artean orokorrean. Sormenak bizirik egoteko arriskatu egin behar du, aldiro eraldatu eta gauza berriak egiten ahalegindu. Horixe da urte guzti hauetan egiten saiatzen ari naizena, etengabe berritzen eta jendartearen taupada nondik nora doan entzuten saiatzen.
Zorretan hasi aurretik idazteko gogoa sentitu nuen, eta zertaz idatzi ere garbi neukalako askatasun osoz jarri nintzen horretara, ibilbide luze honetan ikasitakoetatik edaten. Nire lana autore lana dela esaten didate; poetikoa, kontzeptuala dela. Erronka berezia nuen oraingoan, umorea sartu nahi nuen, eta baita umoretik kontatu ere. Absurdoa gero eta gehiago gustatzen zait, agian mundu hau gero eta absurdoagoa delako. Eta horretara jarri nintzen. Berez, nire ustez, oraingoa honetan agian testua berezi egin duena estilo ezberdinen nahasketa egotea izan da: tragediatik komediara eta komediatik poetikotasunera salto egiten du etengabe, eta batez ere, amaren pertsonaia medio, errelato guztia zipriztintzen duen umore absurdoarekin dantza egiten du.
Liburuaren argitalpenak birarekin bat egin du, beraz. Nola elikatu dezakete elkar liburuak eta taularatzeak, aldiberekotasunean?
Bi formatu eskaintzen dizkiogu irakurleari edo ikusleari. Emanaldi bakoitzean amaitutakoan, nahi duen ikusleak testua eskuragarri izango du, eta alderantziz ere bai. Momentuz birarekin jarraitzen dugunez, irakurleak aukera izango luke ondoren, nahi izanez gero, emanaldia ikusteko eta bere buruan irudikatutako istorioa oholtzan topatzeko eta agian harritzeko… onerako edo txarrerako, kar-kar. Ni adibidez oso antzerki-irakurzalea naiz, baina badakit orokorrean sektoretik kanpoko jendeari literatura dramatikoa irakurtzea kosta egiten zaiola. Hau modu bat da bide hori errazteko, eta antzezlana ikusi eta gustatu zaion horri testua irakurtzera ere gonbidatzeko. Dena da gehigarria.
Zorretan lanaren oholtzaratzean saiatu zara, kode narratiboa bazter utzi gabe, beste dramaturgia eta teatro mota batzuen zertzeladak ematen. Testua irakurrita, sumatzen da ahalegin hori?
Nik baietz uste dut. Alde batetik testua bera dago, antzerkian ohikoak ditugun biren arteko elkarrizketak ageri dira. Hauek Jon eta Loreren artean ematen dira, senar-emazteen artean, alegia. Badaude ere OFFean direla seinalatzen diren beste eszena elkarrizketatuak. Gehienak Lore eta bere amaren artean ematen dira, baina irakurleari garbi uzten zaio hauek berez entzuteko testuak direla, podcast estilokoak. Gero dramaturgia berri horren adierazgarria da batik bat amaren pertsonaia, hitz egin beharrean beti ulu egiten duena, hau da, komunikatzeko modu berezia duena, gure ikuspegitik erabat absurdoa izango litzatekeena. Eta azkenik, kurtsibaz azaltzen diren azalpenak adierazten dizu ez dela ohiko antzerki testu bat, tarteka pertsonaiek egiten dituzten akzioek badutelako asko absurdotik.
Ez da Ganbila bilduman argitaratu duzun liburu bakarra. 2020an Bidaideak ere plazaratu zenuen, Arantxa Iturberekin batera lau eskutara idatzitako testuekin: Ai, ama!, Ixa eta Aitarekin bidaian. Elkarlan hori Hika taldearen ibilbidean gakoa izan da, zer eman dio elkarrekin idazte horrek Hikari?
Niretzat Arantxarekin lau eskutara idaztea eskola ikaragarria izan da. Ni oso bisuala naiz, oso fisikoa, eta berak ostera hitzetan erreparatzen erakutsi dit, hitzen hotsak entzuten. Ez du edozein hitzak balio, egokia dena bat izango da, horrek emango diolako esaldiari behar duen distira, bat hori topatu eta ondo kolokatzeak meritu handia dauka. Estiloa ere eman dit. Esango nuke horretan bere eskolakoa naizela, nahiz eta orain gero eta gehiago neure ahots propioa bilatzen saiatu.
Oso ezberdinak dira Bidaideak eta Zorretaneko testuak?
Hitzei erreparatuta, nik uste ez direla horrenbeste ezberdintzen. Lehen aipatu bezala ni, hitzei dagokionez, Arantxaren eskolakoa naiz. Dramaturgia aldetik, berarekin lan egin dudanean estruktura narratiboak nik ezartzen nituen eta Zorretani berrikuntza modura absurdoari eman diot tokia; aldiz, karga sinbolikoa edo poetikotasuna lan guztiek izan dutela esango nuke. Agian Ixa antzerki testua izan liteke ezberdinena, zuzenagoa delako estiloan, parte hartzaileagoa, narrazio eta istorio basatiagoa, kale antzerkira gehiago hurbiltzen dena. Gainontzekoek nik uste dut haien artean estiloz gertuago daudela. Dena dela, Bidaideak liburuko hiru testuak Arantxarekin lau eskutara idatziak izan ziren, eta Zorretan eta Hitzak bi eskutara, neureekin bakarrik. Hori bera, jada, alde handia da.
Zein da zuretzat testuak liburuan plazaratzean zentzua: artxibo funtzioa…? Testuek beste norbaiten eskuetan beste bizitza bat edukitzeko aukera…?
Bai, biak izan litezke. Testuak liburuan plazaratzea erabilgarria izan liteke, zerbait oholtzaratzeko testu egoki bat edo gustuko bat bilatzen ari den horrentzat, izan konpainia, zuzendaria edo aktorea. Erabilgarria izango da baita ere ikerlarientzat edo gaiaz ikasten ari den edonorentzat. “Izan ginelako gara orain” pentsamenduak zentzua izango du etorkizunean baldin eta orain arte egindakoa nonbaiten gordeko bada, bizitza berri bat emateko edo aurrekoa nolakoa izan den jakiteko.
Zuk zeuk zer bilatzen duzu antzerki liburuetan?
Nik beti esaten dut eduki aldetik dena dagoela esanda, hori nola kontatzen den… horretan datza niretzat zerbait berezia edo bikaina ikustearen aldea. Testuekin gauza bera gertatzen zait. Oso antzerki irakurzalea naiz, gero eta gehiago nik uste. Testuek, mezuaz gain, zer sonoritate edo zer doinu duten aztertzen dut, ze erritmo, nola egiten duen arnas… Forma aldetik zerbait berria bilatzen dut bata ere, dramaturgia berri bat alegia. Azkenik, irakurtzean zer irudi ikusten dudan aztertzen dut. Nahi gabe, irakurritakoa oholtzan hiru dimentsiotan irudikatu egiten dut. Noski, hau oso subjektiboa da, baina irudi esanguratsu bat ikusten dudanean testuak lotu egiten nau.
Zarauzko Literaturian egindako aurkezpenean aipatu zenuen Euskal Herriari urte asko kostatu zaiola egindako lana aitortzea, eta liburu hau hor kokatu zenuen, nahiz eta proiektua bera EHAZEk eta Susak soilik bultzatua izan. Zertan bota izan duzu faltan aitortza zure ibilbidean?
Adin bat dugunontzat zaila izan da gai honetaz hitz egitea entzuten edo irakurtzen zaituen horrek biktimizatzen ari zarela esan gabe. Emakumea naiz, “ahalduntzea” hitza bera oraindik existitzen ez zen garaikoa, eta aurrera egin duena irmotasunez, lana amorruz eta grinaz eginez. Eta pixkanaka-pixkanaka belaunaldi berriei begiratuz ikasiz joan naiz bidea ez dela berdina guztiontzat, eta hori ozen esan behar dela.
Beste sektore askotan bezala, honetan ere emakumea izatea traba izan da plazaratzeko, postu zehatz batzuetara iristeko eta dagokigun aitortza jasotzeko. Bidaideak liburuko Ai, ama 2002an estreinatu zen Hika teatroaren eskutik, arrakasta handia lortuz, Ixa 2003an, eta Aitarekin bidaian 2009an (besteak beste, 2010an Donostia saria lortu zuen). Arantxa Iturbe idazle errekonozitua da, eta elkarrekin idatzitako hiru testu hauek 2020an argitaratu ziren Ganbila kolekzioan Susaren eta EHAZEren eskutik; hau da, hemezortzi, hamazazpi eta hamasei urte geroago argitaratu ziren.
Bigarren argitalpena 2025ean egin da. Hitzak testua 2012koa da. Bere garaian hainbat sari jaso zituen estatu mailan, eta baita hemen ere. Zorretanen kasua ezberdina izan da: lehen aldia izan da estreinatu berritan testu bat argitaratzen didatena. Garbi diot, beraz, irudipena dudala Arantxak eta biok urteetan idatzi ditugun testuei inork gutxik erreparatu diela. Urte asko ibili behar izan ditugula edo ditudala ikusiz ate batzuetara iristea oso zaila izan dela. Aldiz, ondotik igaro dira hainbat gizonezko bide zuzenagoa eta lauagoa ibiltzen. Guk, emakumeok, batez ere garai batekoak garenak, bidean errebuelta eta aldapa etsigarri asko aurkitu ditugu. Eta bada garaia sentitu izan dudan hori ozen esateko, ziur nagoelako nire sentipen hau beste batzuena ere badela. Eta Zarautzen halaxe egin nuen, mikrofonoa eskuetan esan.
Hika taldeak azkenaldian 35 urte ospatu zituen iaz dokumental batekin, Donostia saria jaso zuen ondoren, Zorretan lanak harrera beroa izan du… Eta horrez gain, beste hainbat elkarlan eta proiektu dituzue aldi berean esku artean. Zeintzuk dira zure ibilbidean betetzeke dituzun erronkak?
Argi eta garbi, erronkarik nagusiena urte hauetan guztietan bidean ez itzaltzea izan da. Horretarako berritzea ezinbestekoa izan da, erosotasun zonatik kanpo aritzea beti, nahiz eta horrek asko nekatu, baina niretzat ezinbesteko araua da hori. Ibilbide honetan garrantzitsua izan da ere sektoreko beste sortzaile batzuengana hurbiltzea eta haiengandik ikastea, elkarguneak partekatzea sormenean eta baita kudeaketa arloan ere. Hika Teatroa Eskenan eta Artekalen dago, eta halako elkarteetan egoteak laguntzen dizu kolektiboan sinesten eta kolektiboari begiratzen, eta ez bakarrik norberaren zilborrari.
Ez dira garai errazak kulturarentzat, are gutxiago arte eszenikoentzat. Mundu mailan bizi dugun garai belikoa, kulturaren merkantilizazioa, teknologia berrien iraultza, adimen artifizialaren iritsiera, pandemia osteko publiko jaitsiera eta orokorrean sektoreak bizi duen prekarietatea, erronka itzelak dira lan komertzialak egiten ez dituen konpainia batentzat. Zaparrada horretan aurrera onik egitea izango da erronka polita. Pertsonalki agian, nahiz eta inoiz ez dudan oholtza utzi, lan pertsonal batera itzultzea da oraintxe buruan darabildana. Ikusiko dugu.