Beti sortzen du zirrara antzoki batera sartzeak. Baina Axut eta Artedrama konpainiek elkarlanean urriak 17an Luhuson aurkeztuko duten “Nor naizen baneki” antzezlanaz ohartarazpen berezi bat egin dute: “Inor ez da zauririk gabe aterako”. Norberari eta gure herriari begiratzeko parada izango baita.
“Nor naizen baneki”. Hori da Axut eta Artedrama konpainiek elkarlanean ostiral honetan Luhuson aurkeztuko duten antzezlanaren izena, eta askok argitu nahiko luketena ere bai. Asteon izan dira azken egonaldia egiten Luhuson, eta neke aurpegiarekin baina pozik eta kafea eskuan ireki zizkiguten Harri Xuri antzokiko ateak. Estreinaldirako “hiru lan egun” falta zirela zioten ahots urduriekin.
Hutsik daude besaulki gorriak alde batean eta bestean oholtza hutsik; antzezleen arropekin, bakoitzak berea txukun txukun. Philippe Ducouren esanetan egin dituzte lehen beroketak, objektuei “harrera egiten” ari dira ikasten, baldeak, kaxak, makilak edota betaurrekoak eskuz esku pasaz. Azken lanean izango du eragina, gaurtik aurrera ulertuko du ikusleak zertan zebiltzan Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga aktoreak.
Ximun Fuchsek nahiago du “eramale” titulua “zuzendariarenaren” ondoan, eta berak azaldu digu obraren funtsa: “Antzoki bat erauntsi nahi da aparkaleku bat egiteko, eraikin publikoak desegiten direnean, behartuak dira –ez dute beti egiten baina behartuak dira–, indusketa prebentibo bat egitera, eta hori da istorioaren funtsa. Antzokia induskatzen hasten dira eta hainbat istorio agertzen dira bertan”.
Induskatzaileak dira aktoreak, lur koloreak zein kolore gorrixkak dituzte soinean. Idoia Tapiak azaldu du Aranzadi Elkartearekin elkartu direla beraien lanaren inguruan gehiago jakin asmoz, “beraiekin harremanetan gure zulora sartu gara, beraiek nola egiten duten lan ikasteko. Interesgarria izan da, elkar elikatze bat egon delako, eta uste dut eman dizkigula klabeak indusketarako”. Gorputzak ere ikasi behar izan du, eta hori ere landu dute induskatzaile zein koreografoekin.
Eta zein antzekotasun topatu dituzte bi langintzen artean? “Beraiek arrasto humanoak interpretatzen dituzte, eta hori da antzerkiaren ahala, ikusten ditugun gauza batzuk bizitzan eta horiek interpretatzen ditugu gero herriari transmititzeko”. Eramalearen ustez arazoak ere berberak dituzte: denbora eta dirua. “Arkeologia, kultura bezala, prekarietate handi batean bizi da, artea edo zientzia euskaraz egitea oso konplikatua da, eta aldi berean segitzen da lan hori egiten, historia eta istorioak transmititzeko”, eta egin izana txalotzen du.
Irulegitik selfietara
Irulegiko Eskua izan zen txinparta Harkaitz Cano eta Fuchs istorioa idazten hasteko, “gizartearen idazkariak” direla antzerkigileak uste du baxenafartarrak, eta brontzezko eskuak izandako garrantzia azaltzen du: “Irulegiko Eskuarena gertakari handi bat izan zen, ez bakarrik arkeologikoa, soziologikoa ere izan zen, euskal komunitatea garai batez mozkorraldi handi batean bizi izan zen, poza eta harrotasuna berpiztu ziren”. Eta ebidentzia bat egiaztatu zela uste du, modu batean edo bestean izendatu, “aspalditik hitz egiten dela euskaraz”.
Antzokian topatutako objektuen istorioak, arkeologoen istorioak, eta Irulegiko eskuaren garaitik gaur egunera arteko loturak kontatzen dira antzerkian, jauzika, batetik bestera, “loturak badaudelako”, baieztatu dute.
Bilaketa horren ibilbidea egingo dute antzoki biluzia “objektu arkeologiko” gisa tratatuz. Bi “trikimailu” erabiliko dituzte oholtza hori janzteko, zuzendariaren hitzetan: “Ez da eszenografiarik, ez da ezer, dena arkeologoen hipotesi bat da, horretarako bi trikimailu erabili ditugu: argia eta soinua. Erronka handia da hori, eta esperimentazioan ibili dira, laser teknologia eta bideo proiekzioak ere erabiliko dituzte, eta kantu zein dantza oso garrantzitsuak izango direla aurreratzen dute: “Ez da askotan ikusten horrelako forma bat, aktore asko eta forma erradikal bat hori dena erakusteko”.
Azken egunetan kontu teknikoak fintzen dabiltza Harri Xurin, Tapiak gauza batzuk “bidean” daudela aitortu du, baina uste du hori aberatsa dela. Biran ere “gauzak ez izoztea” dela interesgarriena uste du: “Aktoreak erraz akomodatzen gara, eta uste dut teknikoki oso zehatzak diren gauzetan adi egoteak aktibo mantenduko gaituela, eta beti deskubritu nahian, indusketa egin nahian”.
Euskara betean
Axut! eta Artedramaren elkarlana 2010ean abiatu zen. Euskal antzerki garaikidea eta herrikoia helburu, bi galdera izan ohi dituzte jomugan: Nori mintzatzen gatzaizkio? Nori eskaintzen diogu gure ondasun guztia? Eta horri tiraka, euskara betean egiteko apustua, “euskara hutsean baino, euskara betean ekiten dugu, ez garelako hutsetik mintzo, betetik baino”.
Kulturgileen apustua argia da, baina Fuchsen ustez, politikoki ez da asmatzen ari “egoerari buelta ematen”. Eta hausnartu du: “Arnasguneak hemendik hamar urtera desagertuko direla diote, beraz geratuko diren arnasgune bakarrak euskal kulturari lotuta diren ekimenak izango dira. Ez dugu beste aukerarik, nahi badugu euskaraz arnastu, momentu baten antzokira joan behar gira. Publikoari arnasteko aukera bat eskaini nahi genioke, eta espero dugu jendeak erraitea: “hau nire istorioa da”, zentzu intimoan eta komunitarioan. Gure herriaren historia kontatzen dugu, familiatik kontatzen dugu asko, intimotik kontatzen dugu, ez da panfleto bat, emozioekin, umorearekin, tragediarekin… kontatzen dugu”.
Antzokiak diren arnasguneak “bereziak” izan behar dute zuzendariaren ustez, euskal herritarrek merezi dutelako “ez gara azpi-humano bat, euskaldun edo euskaltzale bezala, zeren ez dira euskaldunak bakarrik etorriko, euskara maite dutenak, oraindik euskaraz ez dakitenak ere etorriko dira. Eta sentitu behar dute: “Ni pertsona berezi bat naiz, merezi dut eta badut nire lekua munduan”“. Hori euskaraz eskaintzea dute xede.
Luhuson abiatuko dituzte ispilu lanak antzezleek, ondorengo geltokia Donostia izango da, eta gero, Euskal Herrian zabaltzea espero dute. Nor garen eta nor izan nahi dugun islatzea asmo hartuta.