Susaren Ganbila antzerki bildumako bi liburu berriak aurkeztu dituzte astelehen honetan Donostian. Batetik, Kamikaz kolektiboaren “Fikziraultzaileak”, bi antzezlan biltzen dituena eta, bestetik, Infinitudramaren “Herrenaren promesak”, hiru antzezlanekin. Bi liburuak idazketa kolektibotik jaio dira.
“Fikziraultzaileak” eta “Herrenaren promesak” dira Susa argitaletxearen Ganbila antzerki bildumako bi liburu berriak. Lehenengoa Kamikaz kolektiboaren “Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi” eta “Renata” antzezlanek osatzen dute. Bigarrenak, aldiz, Infinitudramaren hiru testu biltzen ditu: “Erresistentzia arazo fisikoa da”, “Promesa berdina egin diegu lagun guztiei” eta “Promesarik txikiena”.
Astelehen honetan aurkeztu dituzte bi liburuak Donostian eta, Oier Guillan bildumaren editoreak azaldu duenez, idazketa kolektiboa dute amankomunean Ganbilaren bi atal berriek. “Egungo oholtzetan idazketa kolektiboa ulertzeko bi modu garaikideen adierazle izan daitezke”, zehaztu du.
“Fikziraultzaileak” libururako Espe Lopezek egin du hitzaurrea, bi antzezlanei buruz “kanpoko begirada” eskainiz, editorearen hitzetan. Beste kolaborazio batzuk ere badaude, Harkaitz Canorena eta Hodei Barrosorena, esate baterako.
“Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi” lanaz dio Espe Lopezek: “Emakumeei buruz hitz egiteak erraza eman dezake, modan dagoela, egin egin behar dela. Baina, bestalde, nola egin hori biktimismoan erori gabe, panfletora jo gabe. Zaila da… eta, horrexegatik, betiere gai delikatua den horretaz mintzatzeko, modurik onena da esperientzia propioan oinarritzea, norbere bizipenei heltzea. Emakume guztiek dugu zer kontatua gizarteak sentiarazten digunaz. Ironiak eta egunez egun ikusten ditugun jarrera, pentsamendu eta argudioak hankaz gora jartzeko gogoak bultzatzen dute obra hau”.
Eta Renatari buruz: “Zer gertatzen da gizarte batean, emozio negatiboak ezabatzen badira, hiltzea izapide soila balitz bezala estaltzen bada eta doluek une bat besterik ez irauten badute? Distopia orok errealitate urrun bat irudikatzen du, errealitatearen beraren alderdi adierazgarri batzuk ikusarazteko. Renatak heriotzaren tratamendua distortsionatzen du, agerian utzi nahi duelako gure gizarteak hura ezkutatzeko joera duela”.
Aurkezpenean Erika Olaizola, Santi Agirrezabala eta Iraia Elias izan dira. Azaldu dutenez, erronka izan da oso dinamikoak diren bi antzezlanak liburu batera eramatea. “Ondo dago liburuarekin hitza lehenestea”, esan dute “mugimenduaren imajinazioa” irakurleen esku uzten dutela azalduz.
“Herrenaren promesak”
“Herrenaren promesak” liburuaz aritzeko Maite Aizpuruak parte hartu du aurkezpenean. Aizpuruaren eta Infinitudramaren “Erresistentzia arazo fisikoa da”, “Promesa berdina egin diegu lagun guztiei” eta “Promesarik txikiena” testuak biltzen ditu. Lehenengoa orain dela bost urte estreinatu zen, beraz, “bide bat egin du”, azaldu du Aizpuruak.
Beste biak “oraindik bizirik daude”, baina hori positiboki ikusten du Maite Aizpuruak, liburua irakurri ondoren antzezlana ezagutzeko aukera dagoelako, baita antzezlanetatik liburura bidea egiteko ere. Zailtasunak ere ekarri dizkio horrek idazterako orduan, antzezlan bat “publikoarekin harremanetan” ulertzen delako, behin emanaldiak eginda.
Idazketa kolektiboko testuak dira, non aktoreek nahiz zuzendaritza taldeak parte hartu duten. Hori dela eta “ez nuke jakingo norena izan zen ideia bakoitza” aitortu du Maite Aizpuruak. Gaineratu duenez, euskal kulturan sormen prozesuei buruzko lan gutxi daude, orduan, “liburua horretarako aukera bat izan da ere bai”.