Klasikoak eta hegemoniak
Arte eszenikoetan, beste diziplinetan bezala, badira hegemonikoak diren lanak, konpainiak, moldeak eta taldeak. Arreta eta diru gehien mugituko dutenak izango dira ziurrenik, emanaldi asko izan ohi dute eta kultur sistema edo merkatuaren zirrikituak ondo ezagutzen dituzte. Horietako askok Madrilera begira ekoizten dute, gainera. Espainiara joateko gogoz batzuek, eta beste batzuek hango egiteko moduak kopiatuz sortzen dituzte hemen antzezlanak. Formari dagokionez, modei jarraitu ohi diete, noski. Kasurako, narraturgiaren gehiegikeriaz baliatzen dira: akzioak gertatu beharrean, aktoreek kontatzen dituzte gertakariak eta, hala, obran narrazioa nagusitzen da, teatro-ekintzaren gainetik. Eta, nola ez, gazteleraz eta euskaraz eskaini ohi dituzte lanak, nahieran-edo. Sortu, tamalez, gehienetan gazteleraz sortu ohi dute, eta euskarazkoari ez zaio merezi duen arreta, denbora eta ardura ematen.
Arriaga antzokiak urtean behin ekoizten du antzezlanen bat. Azken urte honetan Tennessee Williamsen Kristalezko zooa izan da obra hautatua. Euskalduna ez den zuzendari batek zuzendu zuen, baina Kepa Errastiren lana bermea izan ohi da antzerkia euskarara ekartzean, eta horrela izan zen. Antzerkigile estatubatuarraren testuak aktore lan zorrotza eskatzen du, eta hala jardun zuen Miren Gaztañagak, Ione Irazabalek, Mikel Losadak eta Arnatz Puertasek osatutako laukoteak. Dena dela, testua ederra iruditu arren, pentsamendu bat datorkit burura: zer ekarpen egiten dio testu horrek gaur herri honi? Tira, egia esan, ez dugu izaten aukera handirik klasiko handien testuak euskaraz eszenan ikusteko, eta azken urtean opari gisa jaso ditugu halako batzuk. Aipatutakoaz gain, Shakespeare oholtzara ekarri dute La Dramatica Errante konpainiakoek: R & J Romeo eta Julietaren bertsio askea, eta baita Rikardo III eta ni ere, Horman Poster eta Dxusturi teatro konpainien elkarlanaren emaitza gisa. Oso proposamen ezberdinak biak, edonola ere. Hizkuntza jasoa oholtzan, ezohiko ohitura eta plazera.
Gaitegi eta kontzeptuekin, kasualitateak gertatu ohi dira lehen lerroko esaten zaion oholtzan. Loreak ‘kasualitate’ horietako bat izan daitezke. Tanttakak Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? antzezlana taularatu du, drama psikologikoa, sekulako tragedia kontatzeko komediaz baliatuta. Oreka horretan ezin hobeto murgilduta, txundigarria da Aitziber Garmendiaren lana. Beste lore batzuek ere korronte horietan murgildu nahi izan dute, baina gehiegi ureztatu gabe. Sortu berri den La Mapatxa konpainiak Loreen hizkuntza deitutako lanarekin hasi du bere ibilbidea. Lorcaren testu bat omen zen aitzakia, baina urrutiko inspirazio baterako geruza ote, argipean barik itzaletan geratzen baita poeta eta antzerkigilea.
Hegemonikotik urruti badago ere, forman klasikoa denez, lehenengo agerraldi honetan Kaka antzezlana aipatu nahi nuke. Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak Korrika sormen beka jaso zuten antzezlan hori sortzeko. Handinahikeriarik gabeko komedia da, izugarri ondo eraikia, komediaren etxeak behar duen arkitektura ederki zainduta, lau aktoreen komikotasuna primeran emanda, pixkanaka denek goraka egin eta eztanda batean lehertzeko. Komediaren aldarrikapen ederra da Kaka.
Gorputzen eta objektuen jolasak
Euskal eszenak abangoardiako lengoaia berrien jabe diren gero eta lan gehiago ditu. Esperimentaziotik sortutako lanez ari gara kasu askotan, bihurrikeriaren desirak bultzatutakoak ere bai. Zenbait kolektiboren askatasunetik baliatuta, gero eta sendoagoak diren sortzaileen korronte hori dagoeneko ez da berria, eta hazten doa, gainera. Era berean, gero eta ohikoagoak dira norbanakoen lanak, grina pertsonaletatik abiatutako sorkuntza indibidualak. Forma ezberdin eta berriez baliatzen diren eszena proposamen paregabeen lekuko izaten ari gara.
Kolektiboei dagokienez, bere garaian Album ikuskizunarekin konkistatu gintuen Formol Laborategiak, eta aurten berriz lortu du Edurne Azkaratek, Intza Alkainek eta Mikel Ibargurenek osatutako taldeak. Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumak hamar urte bete zituela-eta, argitaletxearen enkargua jaso zuten, zertarako eta oholtzara eramateko euskarara itzulitako poesia unibertsala. Hori da Heriotzak Eduardo du izena lanaren abiapuntua. Bunker batean kokatzen dute performance bizi hori, eta jolas teatralez betetako zulo ederretara garamatzate. Heriotzaz ezin samurrago jarduten dira, laguntasuna lehen lerrora ekartzen dute, sorpresaz, umorez eta fintasunez ekiten diote Formoleko kideek, berezko lengoaia bakarrean sakonduz. Begiratu batean sinplea eman dezakeen eszenaratzearen bidez, baliabide gutxikoa antzean, ikuskizun ezin borobilagoa eraikitzea lortzen dute. Beste hirukote batek ere ederki ekarri zuen taulara heriotzaren gaia: Oier Zuñigak sortu zuen Eresia, eta berarekin batera taulara batu zituen Eneko Gil eta Belen Cruz. Heriotzak izan dezakeen edertasunean arakatzen dute hiru jokalariek, bakoitzaren gaitasun artistikoez baliatuta sotiltasunez ekartzeko minaren ederra.
Tripak Kolektiboaren Platea antzezlanak ez du ikuslerik epel uzten. Hasieratik mundu absurdo eta plastiko batera eramaten gaituzte bost emakumek eszenan: Andrea Berbois, Garazi Navas, Maite Mugerza, Marina Suarez eta Natalia Suarez. Jainkoak berba egiten digu sakon eta jostari oholtzan, eta zuri-beltzekoa dirudien Caligari doktorearen kabinetean giltzapetu gaituztela dirudi. Eta ikusleak barre egiten du, askotan zalantzaz, besteetan askatasunera garamatzan algaraz, betiere aurrean ditugun irudi plastiko demasek emandako liluraz. Gorputzak baliatzen dituzte irudiak eraikitzeko, mahai erraldoi batekin eszenarako ustekabeko irudi handiak, eta hori dena Garazi Navasen etenik gabeko akordeoi doinuz eta musika tresnaren zapaldutako botoien soinuz bustia. Ezinegonaren gozamena da Platea.
Dejabu Panpin Laborategiaren itzulera urtea izan dugu hau, hain zuzen ere Itzulera deitutako lanarekin. Mexikora bidaia psikotropikoa da lan berriaren hari zoroa. Zuzeneko zinema eta antzerkia tartekatzen dute, eszenarako road movie moduko bat proposatuz, eta beren alderik komikoena ekartzen dute Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo eta Miren Alcala aktoreek, objektuen maneiuan aurrerapauso ederra emanez, gainera. Ez da askotan gertatzen behin baino gehiagotan antzezlan bat ikusteko gogoa izatea, baina Dejaburen lan horrek hainbeste geruza ditu, erraza dela ikuslearentzat bigarren bidaia batean gauza berriak deskubritu eta haiekin barrenak barrez lehertzea.
Arabako Les Bobè Bobé taldea komediaren jeinua da. Ane Gebara eta Josune Velez de Mendizabal aktoreek kimikatik harago doan bikotea osatzen dute, taula gainean fisika, metafisika eta astrofisika ere bil ditzaketela baitirudi. Dada ü Lala izena du haien azken antzezlanak. Kolektibotik ekin ohi diote sormenari, eta Jason Guerra izaten dute zuzendari. Hitzak eta gorputzak dira komedia osatzeko baliabide nagusiak, mugimendu txiki bakoitzaren koreografia zehatz zein xelebre eta neurtuekin, absurdorako bidaian, betiere irria deitzen den lurralde batera iristeko.
Oier Guillan aktorea eta antzerkigilea ere oholtzan bueltan ikusi dugu aurten. Bakarrizketa komiko dramatikoa aurkeztu du Aztia ikuskizunean, Oierren unibertso poetiko umoretsuan barrena inork ez bezala eraiki eta asmatzen dituen termino-emozioekin jolastuz, ondo inguratuta aurkeztu zitzaigun; izan ere, Guillanek antzerki testuak idatzi zituen Don Inorrez musika taldearentzat, eta haiekin agertu da oholtzan. Hori gutxi ez, eta munduko terapia guztietan aditua den Patrika Zabalegi, obraren protagonista, Ainhoa Alberdi dantzariarekin etorri da, butoh dantzaren iruditeriarekin plastikotasun biziz betetzeko eszena.
Arestian esan bezala, hainbat sortzailek beren lan pertsonalak ederki taularatu dituzte antzerki esperimentazioarekin, bakoitzak bere egiteko modu bakar eta bereziekin. Esate baterako, Mikel Urroz nafarrak Mendia aurkeztu du. Bakarrizketa gisa aurkezten den lan horrek mendira itzultzen den alpinistaren istorioa kontatzen du, zer eta senide baten errautsak bertan uzteko. Berriz ere heriotza presente. Eta berriz ere zuzeneko kamera antzezlan batean. Aktore lan sakon baten eta proiektatutako gertuko irudien arteko oreka lortzen da, ikuslegoak hotza barrenean sentitu arte, mendiaren hotza eta minaren hotza. Bestelako bide batean, soinuarekin eta ahotsarekin jolas bikaina eginez, nafarra ere baden Idoia Tapiak Alter Nation sortu du. Efektu artifizialen bidez, identitate nahasmendu disoziatiboaz sorpresaz betetako hausnarketa egiten du Tapiak, konferentzia performatibo moduan. Emaitzak berriz ere komediara garamatza, eta baita belarrietatik sartzen den enpatia sakon batera ere. Talde honetako azken proposamena teknologia digitalik gabekoa da. Aktoreak eta dantzariak arima biluzten du publikoaren aurrean, queertasunetik eta maitasun erromantikoaren minetik ihesi. Gaizka Chamizoren Heroiaren mina da, burdinazko barra hotz batekin dantzan, ikusleen bihotzak berotu eta samurtzen dituena. Teknologiak ekiditeak ariman bestelako izerdia sentitzea dakar, odoletik gertukoa, gure sentimenduak bezain zaharra.
Herria oholtzan
Anomaliaz betetako herri batek etengabe ekin behar dio bere burua begiratzeari, planteatzeari, kontatzeari eta galdetzeari. Horren adibide argia da Nor naizen baneki antzezlana. Axut-Artedramaren estreinaldi guztiak dira euskal antzerkiaren gertakari handiak. Harkaitz Canok eta Ximun Fuchsek idatzi dute libretoa, eta Fuchs bera aritu da zuzendari. Euskaldunon historian oso atzera egiten dute, nor ginen, nor garen galdetzeko, zer egin dugun eta zer egin diguten. Argi diseinuaren sormenarekin jauzi estetiko handia lortu dute, belaunaldi ezberdinetako zazpi antzezlek dena emanda, bi ordu eta pikoko ikuskizun anbiziotsu, sakon eta errepikaezinean, kantuen ezinbesteko laguntzarekin. Nor garen galdetzen jarraituko dugu euskaldunok, baina batzuetan zer garen erakusten ere badakigu taula gainean. Gure galderen ilunei argia jartzeko artelan handiak egiteko gai gara, behintzat.
Zuberoan sortutako Maxka’roa lanak ere gure herriko ikuslea interpelatzen du. Nor garen galdetzeko, maskaradaren ezaugarriak eta hiritarkeriaren estetika nahasten ditu Zuberoako Berritza dantza elkarteko dantzarien eta Eneko Gil koreografoaren arteko topaketa horrek. Dozena bat zuberotar gazte taula gainean agertzen dira, dantzan, kantuan eta solasean. Etorkizun latza aurreikusten duten gazteek zuberotar erromantizismoaren topikoak hausten dituzte, tradizioa/traizioa eta garaikidetasuna aurrez aurre jarrita, gure kontzientziak kolpez erabat jo eta hustu arte.
Herriaz eta aberriaz sakontzen zuen ere behin antzeztua izateko sortua izan zen ikuskizuna paregabe batek: Aberri Egunaren bueltan, Euskal Herria Baterak Donostian Bagara nor, badugu zer egin ikuskizuna eskaini zuen. Artea, hizkuntza, aberria eta erresistentzia nahastu zituzten hitza, dantza, musika, arte plastikoak eta antzerkia uztartuz. Tarteka papera bezain hauskorra den aberria irudikatu zuten, eta baita bertan kabitzen den poesia guztiari leku egin ere, hausnarketatik, ilusiotik eta gabezietatik. Halako ekimenek duten magiak gainditu egin gintuen, behin egin eta ikustekoa baitzen Lorea Agirrek, Manex Fuchsek eta Martxel Rodriguezek, beste hamaika artistarekin batera, egun gogoangarri hartan oparitu zigutena.
Besaulkian deseroso
Tamalez, salbuespen dira antzerkian gure herria ardatz duten edukiak. Zeri kantatzen diogun hainbestetan galdetu izan dugun bezala, zer antzezten dugun galdetzea ere premiazkoa da. Badirudi psikologiatik matxinadatik baino askoz gehiago agertzen dela gure hiri eta herrietako antzokietan. Horregatik, beti bezain beharrezkoak eta, are, ezinbestekoak dira gure herri honetan herritik, hain justu, sortzen diren proposamen eszenikoak. Gure antzerkiak eta gure herriak bertako bufoiak behar ditu, beste toki batzuetan gertatzen ez dena gertatzen baita gurean. Eta horrek baditu bere edukiak eta bere formak. Geure bizipenetatik abiatuta barre zein negar egiteko beharra daukagu oholtzan. Izugarri biderkatzen eta osatzen doazen formak izan baditugu, baina gure errealitateak ere izan behar du nork antzeztu, nork ikusi, nork eman eta nork jaso. Gu ez bagara, ez da izango inor. Hori dela eta, merezi du arte eszenikoekin gozatzen, sortzen, eraiki eta deseraikitzen jarraitzen dugun bitartean Euskal Zentro Dramatiko Nazionalari behingoagatik heltzea edo, besterik ez bada, haren gainean benetako hausnarketarekin hastea. Premiazkoa da geuretik sortu eta geurera eskaintzeko herri oso baten eszena altxatzea. Agian, teloia altxatzen ikusten dugun hurrengoan, labana erraldoia eroriko da eta meloian iltzatuta geratuko da, odol eta malkoz.