Javi Barandiaran: “Larrialdietara joan naizen bakoitzean esan dut: ‘Eskerrak hau utzi nuela!’”
Amaia Ereñaga
Gara, 2026-02-12

Galdakaon harrapatu dugu hurrengo astean Metrokoadroka taldearekin estreinatuko duen lan berria entseatzen. Bien bitartean, Javier Barandiaran aktoreak (“Karmele”, “Handia”...) lekua utzi dio bere “alter ego” J.B. Pedradasi. Asteburuan Deustuko La Fundicion aretoan estreinatuko du “La fiesta fiesta”, bakarrizketa surrealista bat.

      Bere “bakarkako erokeria eszenikoei” bide ematen die Javier Barandiaran aktore donostiarrak J.B. Pedradas alter ego-arekin. Zineman ikusi dizkiogun rolekin (Asier Altunaren “Karmele” filmean, esaterako, protagonistaren aita isila eta sakona gorpuztu zuen) ez dator bat oholtzaren gainean erakusten duen umore surrealista, ezta solasaldietan erakusten duen umore beltzezko ukitua ere. Baina, hor dago, bor-bor, J.B. Pedradas, antzerkigintzan —Ados Teatroa, Trapu Zaharra, Hika, Théâtre du Rivage, Théâtre du Versant...— urteak daramatzan aktorearen baitan.

      Asteburu honetan (larunbata, 14; eta igandea, 15), Bilbon, Deustuko La Fundicion areto beteranoan estreinatuko du, gaztelaniaz, “La fiesta fiesta”, bakarkako lana. Bertan umore erabat pertsonala, antzerki fisikoa eta butoh dantza nahasten ditu —betiere aretoaren arabera—, emaitza barregarri bezain surrealista lortzeko.

      J.B. Pedradas zure heteronimoa da. Nor da J.B. Pedradas?

      Zein den? Ni naiz. Bueno, alter ego bat da, zeini baimena ematen diodan nire barruko edo bestela esatera ausartuko ez nintzatekeen gauzak esateko. Baimena ematen diot eta berak nahi duena egiten du. Barru-barruko ‘mobidak’ ateratzera ausartzen da. Nik bakarka egiten ditudan lanak J.B. Pedradas izenarekin sinatzen ditut.

      “La fiesta fiesta” lanaren sinopsia irakurrita, jai baten erdian senti dezakezun bakardadeari buruz mintzatzen zarela iruditu zait.

      Horretaz asko hitz egin dut: bakardadeari buruz eta eromenari buruz... Urteak betetzen goaz eta gauza batzuk gero eta hurbilago ditugu: hondoratzea, gaixotasuna... heriotza ere gero eta gertuago dugu, baita heldutasuna ere...

      Heldutasuna? Zahartzaroa izango da.

      Hori ez esateagatik aipatu dut heldutasuna. Baina, bai, zahartzaroaren atarian gaude eta, nahi eta nahi ez, une horretaz hausnartzen hasten zara, zeren ikusten duzu dagoeneko ez zarela gaztea, sartzen zarela azken txanpan, eta nola egin aurre azken txanpa horri? Okurritu zitzaidan neurri batean ere har zezakeela ikuspuntu hori: atzera begiratzen duzu eta zure bizitza ikusten duzu nola izan den. Bueno, aurretik oraindik zerbait gelditzen zaigu, baina egin beharreko guztia jada egina duzu. Eta zer izan da egin duzun hori? Nik nahiago nuke pentsatzea festa bat izan dela. Gainera, nik ez dut sinesten heriotzaren ondorengo bizitzan, baina, sinistekotan, esango nuke beste festa bat dela, baina handiagoa.

      Lan hau nire umore aldaketa baten isla ere izan daiteke; izan ere, zer dela-eta hainbeste sufritu? Zer dela-eta hainbeste gauza gaizki hartu? Beharbada, mementoa iritsi zait niri ere pentsatzeko: hemen disfrutatzeko gaude eta goazen ospatzera ospatzeko dagoen gutxi hori!

      Baina zer adin duzu, bada? Oraindik aurretik duzu...

      Nik, 56. 57rako bidean [barreak].

      Itzul gaitezen estreinaldira: umorea, antzerki fisikoa da eta dantza erabiltzen dituzu.

      Bai. Ni beti izan naiz oso testuzalea. Baina zenbat eta zaharragoa naizen, orduan eta gehiago mugitzen naiz oholtza gainean. Ez dakit zer gertatzen zaidan. Sartu zait gogoa pixka bat gorputzarekin adierazteko eta hor gurutzatu zitzaidan dantza, Ainhoa Alberdirekin egindako tailer batetik abiatuta. Hendaiako Borderline espazioan egin genuen iaz eta diziplina hori oso aproposa da istorio hau kontzeko.

      “Butoh” japoniar dantza inprobisazio mota bat da, ezta?

      Japoniatik datorren diziplina batean du oinarri eta haiek esaten dutena da inkontzienteak dantzatzen duela.

      Gaztelaniaz egin duzu lan hau, baina euskaraz asko lan egin duzu antzerkian eta zineman. Euskal antzerkiaren susperraldi bat dagoela esango nuke, ezta?

      Nik esango nuke heldutasun pixka bat. Badaramatzagu hamarkada batzuk antzerkia garatzen inguru honetan edo lurralde honetan, eta pixkanaka antzerkigintza bat eraikitzen ari da.

      Zinemagintzan, berdin. Horren inguruan: “Karmele” filmean jokatzen duzun Karmeleren aitaren rolak, txikia izan arren, arreta erakarri du. Liburuan garrantzia ez duen pertsonaiak, zineman, ordea, badu.

      Eskaini zidatenean, Kirmen Uriberen liburua (“Elkarrekin esnatzeko ordua”) irakurri nuen eta joan nintzen azpimarratzen Franciscori buruz agertzen zen informazio guztia. Ezer gutxi esaten da, eta guk pertsonaia asmatu behar izan genuen. Asier Altunarekin eta Nagore Aranbururekin batera osatu genuen familia hori, eta, egia da bihurtu zela pertsonaia bat, ez dakit nola esan, kontrapuntu bat dena, indarra hartzen duen presentzia bat. Oso ondo pasatu genuen eta oso gustura batu nintzen film horretara.

      Medikuntzan lizentziatua zara. Zerk bultzatuta utzi zenuen hura aktore izateko?

      Konturatu gabe izan zen. Ikasketak egin nituen eta gero egin nuen familiako medikuarena Gasteizen... Baina ikasketak egiten nituen bitartean, antzerki talde batean aritu nintzen eta festetan animatzailea edo animazioa egiten zuena nintzen. Beti gustatu izan zait, eskolan ere. Familiako medikuarena bukatu eta gero lan pixka bat egin nuen eta, bueno, bat-batean konturatu nintzen askoz hobeto pasatzen nuela eszenatokiaren gainean eta hobeto egiten nuela; eta, gainera, nik egiten nuenaren ondorioak ez zirela hain larriak. Ardura gutxiago eta dibertimendu gehiago. Beti Garbi Losada aipatzen dut, bera izan baitzen konfiantza eman zidana aukera hau hartzeko. Berarekin hasi nintzen lanean ofizio honetan.

      Ez al zara sekula damutu?

      Ospitalera edo larrialdietara joan naizen bakoitzean esan izan dut: ‘Eskerrak, hau utzi nuela! Eskerrak ez nagoela mahaiaren alde horretan!’.

      Nola ikusten duzu gaur egungo antzerkia eta zinema gurean?

      Arte eszenikoetan orokorrean —dantza ere sartuko nuke pakete horretan— Euskal Herriari buruz hitz egiten badugu, badago sorkuntza aldetik ehun potente bat. Gero indar eta sormen horrek guztiak talka egiten du egitura burokratiko pixka bat zaharkitu baten kontra. Badaude egitura batzuk aldatzen ez direnak edo, aldatzen badira, ez era eraginkorrenean, eta horrek kontra egiten dio sormen horri guztiari. Eta, neurri batean, ez dio uzten hazten behar duen bezala. Nik esango nuke zineman gauza bera gertatzen dela: badago eredu zehatz bat, euskal zinemaren industria bat sortzearena eta mentalitate ekonomikoarekin, eta esango nuke horrek ez diola uzten Euskal Herrian egin litekeen zineari hazten hazi beharko lukeen bezala.