Heriotza batek azaleratutako “sekretu entsalada bat”
Amaia Jimenez Larrea
Berria, 2026-09-09

      Rigor mortis antzezlana estreinatuko dute bihar Donostiako Antzoki Zaharrean; igandera bitarte izango da ikusgai han. Familia batek gordetzen dituen sekretuen inguruko komedia bat da.

      Negar zotinka dago Angela (Aizpea Goenaga) etxeko egongelan. Sofara begira dago; norbait dago han, baina oinak bakarrik ikusten zaizkio. Angelaren senarra da, Rufino, eta hil berria da. Eusebi bizilaguna (Joseba Apaolaza) ere etxean da, alargunarekin batera. Biak ala biak hasi dira lehen deiak egiten: beilatokia, senideak... Arazo bat dago, ordea: hildakoak irekia du ahoa, eta ez zaio ixten. Angelak ez du nahi inork hildakoa horrela ikusterik, eta, Eusebiren laguntzarekin, ahoa ixten saiatuko da, rigor mortis delako fenomenoa gertatu aurretik —heriotzaren ondorengo orduetan gorputzeko muskuluak gogortzeari deritzo horrela—. Gauzak korapilatu egiten dira, ordea, Miren alaba (Dorleta Urretabizkaia) eta Nahia biloba (Garazi Urkola) etxera iristen direnean. Kosta ahala kosta gorpua ikus ez dezaten saiatuko dira bizilaguna eta alarguna.

      Horixe da Rigor mortis antzezlanaren abiapuntua; Txalo eta Tanttaka konpainiek ekoitzi dute, elkarrekin. Bihar 20:00etan estreinatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean. Igandera bitarte, emanaldi bat egingo dute egunean, eta sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai. Mireia Gabilondok egin ditu zuzendari lanak, eta aspalditik ezagutzen zuen obraren testua. Izan ere, Urretabizkaiak sortu zuen, 2022an, Antzerkigintza Berriak programarako. Antzerkirako testuak idazteko mentoretza programa bat da Antzerkigintza Berriak, eta hartan mentore aritzen dira Patxo Telleria eta Gabilondo bera, 2016az geroztik. Donostiako Viktoria Eugenia antzokiak, Gasteizko Principalek eta Bilboko Arriagak sustatzen dute egitasmoa. Aurkezten diren lanetatik bakarra aukeratzen da taularatzeko, eta Rigor mortis, hain zuzen, hautatu egin zuten.

      Ez da giro Angelaren etxean. Hildakoa ikusi ez dezaten, egongela parean bionbo bat jarri dute Eusebik eta biek; Mirenek eta Nahiak ez dute erabakia ulertzen, Rufino ikusi nahi baitute. Denborak aurrera egin ahala eta tentsioak bultzatuta, familiako trapu zaharrak ateraz joango dira pertsonaiak. Gabilondo: “Familia askotan bezala, gezur asko daude gordeta; sekretuak, edo sekula esan gabekoak. Horiek areagotu egiten dira, tristura momentu bat baita”. Bestalde, zuzendariaren ustetan, komediarik onenak tragedia batetik abiatutakoak dira: “Momentu txar bat hartu, eta komediara hurbiltzeko beste ikuspuntu batetik heltzea, horixe da komediarik onenetakoa”.

 

      Bilakaera

      Jatorrizko testuari aldaketa txiki batzuk egin dizkiote, obra hobetze aldera; hala, Urretabizkaiak, aktoreen artean dagoen heinean, bertatik bertara ikusi ahal izan du berak sortutako proiektuaren bilakaera. “Nire buruan sortu zen hura askoz ere hobea bilakatu da”, adierazi du. Gainera uste du obrak “bizitza propioa” hartu duela gainerako aktoreek egindako ekarpenei esker.

      Apaolazak barrez azaldu du “aho zabalik” geratu zela proiektuan parte hartzeko proposatu ziotenean: “Espiritu oso jostagarria du funtzioak: sekretu entsalada bat da”. Goenagak gogora ekarri du gidoia lehen aldiz irakurri zuenekoa. Haren esanetan, gidoia esku zuela, hauek izan ziren etorri zitzaizkion lehen galderak: “Nola muntatu nahi dute? Nolakoa izango da nire pertsonaia?”, eta taldeko partaideak nor izango ziren jakitean poza hartu zuen: “Ikusi nuen disfrutatuko nuela”. Zuzendariak “pertsonaien antzezlan” gisa definitu du Rigor mortis. Azaldu du pertsonaiak eromenera eramatea gustatzen zaiola. “Estutzen saiatzen naiz,pertsonaia sekula esango ez zukeen hori esatera bideratzeko horrela”.

      Ekainean, hilabetez egon ziren entseatzen, eta, udan etenaldia egin ostean, bi astez egon dira Urnietako Sarobe arte eszenikoen gunean (Gipuzkoa), obraren azken ukituak fintzen. Hain zuzen, han egin zuten antzezlanaren jendaurreko entsegua, igandean.

      Aktoreek publikoaren beharra dutela kontatu dute. “Gogoa dugu ikusteko ea gauzek nola funtzionatuko duten”, aipatu du Urkolak. Publikoak barre egiten duenean etenaldi txikiak egin behar dituztela gaineratu du Urretabizkaiak, eta jendaurreko entsegura bitarte eten horiek identifikatu gabe izan dituztela. Apaolazaren ustetan, bestalde, publikoak bere lekuan jartzen du aktorea: “Gu geurea egiten ari gara, baina beste belarri bat behar dugu publikoa entzuteko”. Behin hori eginda, obrak bere bidea hartzen du, Goenagaren aburuz: “Erlaxatu egiten gara, eta gozatzen hasi”. Lau egunez, egunean emanaldi bat egingo dute Donostian, eta horrek lagunduko die neurria hartzen. Urkola: “Aukera izango dugu ikusteko zer publiko motarekin egin dezakegun topo.