“Antzerkizale feministon artean saretzeko behar handia ikusi dugu”
Goiatz Iza Erkis
Argia, 2026-09-18

Ehazek eta Garaion Sorginguneak Antzerkizale feministen iluntzeko topaketa egin du. Sektoreko jendea elkartu eta egungo euskal antzerkigintzaren inguruan hausnartu dute. Maite Aizpurua Olaizola (Zumaia, Gipuzkoa, 1990) Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko koordinatzailearekin mintzatu da Argia.

      “Euskal antzerkiak topagune feministak behar ditu? Eta hala bada, nolakoak izan beharko lirateke?”. Galdera horren bueltan jardun dira Garaion Sorginguneak eta Ehazek Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak Ozetan (Araba) asteburuan antolatu duten Antzerkizale feministen iluntzeko topaketan. “Inprobisatutako” deialdi batetik, “erantzun handia” jaso dutela esan du Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko koordinatzaile Maite Aizpurua Olaizolak (Zumaia, Gipuzkoa, 1990).

      Euskal Herriko 23 antzerkizale bildu dira; antzerki ikasleak, sektorean urteak daramatzaten profesionalak, argi teknikariak, baita kulturazaleak ere. Ostiral gauean Ane Gebara ipuin kontalariak La Esther obra antzeztu zuen, eta larunbat goizean asanblada irekia egin zuten, orain urte batzuek hasitako hausnarketatik abiatuta.

      Hirugarren urtea da topagunea egiten dutela, 2018an Eneritz Artetxe Aranaz aktoreak euskal antzerkigintzan emakumeen papera aztertu eta hortik Ehazek Karanbola hirukoitza liburua argitaratu ostean. Bi lan horietan oinarrituta hurrengo urteetan hainbat hitzaldi egin zituzten. “Oraingoan dauzkagun erronka berriak jakin nahi izan ditugu, ikusi ea nor dagoen interesatuta euskaraz egiten den antzerki feministan eta zer antzerki feminista mota egiten den”.

      Ondorioztatu dute euskal antzerkiak eta antzerki feministak bazterrekoak izaten jarraitzen dutela: “Antzerkia bera artearen barruan gutxiengoa da; bada, euskalduna, are gehiago, eta performancea zer esanik ez”. Horrekin lotuta, herri antzerkian sakondu dute, talde handian herriko historia jasotzeko egiten den antzerkian. “Herri antzerkia erreminta kolektibo oso boteretsua da memoria historikorako, baina berrikusi beharko genuke zein istorio eta nola kontatzen diren”.

      Bestelako gaiak ere landu dituzte, esaterako, kanon estetikoen eragina, abusuak lan eremuan edota arrazismoa antzerkian. Esperientziak ere partekatu dituzte. Bilbotik joandako gazteek esandakoa gogoratu du: “Esan digute konpainia handietan antzerkiak binarioa izaten jarraitzen duela, baina antzerkigintza emergentean emakume eta genero disidenteak direla gehiengoa”.

 

      Saretzea hizpide

      Zirku eskolako zein herriko antzerki taldeko kidea. Denetarik elkartu da Ozetan asteburuan. “Askotariko jendea bertaratu da, eta sorpresa izan da, ez genekien zer gertatuko zen”. Denetarik, eta aldi berean, bat bakarrik: “Saretzeko behar handia” sentitu dute, izan aliantzak egiteko izan landu beharreko arlo berriei aurre egiteko.

      Lehen pauso gisa “mapa kolektiboa” egitea otu zaie, euskal antzerkigintza feministarekin zerikusia duten ekimenak biltzeko. Halaber, euskararen inguruan ere hausnartu beharko litzatekeela aitortu du Aizpuruak: “Asko dugu hausnartzeko, baina guretzat erronka da euskarazko espazioak nola zabaldu euskara ikasten ari direnei edo euskaraz mintzo ez diren pertsonei”.

      Oraindik zehazki zer egingo duten ez badakite ere, argi dute antzerkigintza feministaren topaguneak egitekotan jendea animatuko litzatekeela, eta hori daramate oraingoz Ozetatik, “gogoa”.