Garbi Losada antzerkigilea Donostiako Onkologia zentroan hil da, minbiziaren ondorioz, 67 urte zituela. Euskal antzerkigintzak bere ibilbidea goraipatu nahi izan du, lehen mailako sortzailea –50 lan baino gehiagoren egilea da– eta gure eszenaren ezinbesteko izen historikoa izan baita.
Garbi Losada (Getxo, 1959 - Donostia, 2026) aktorea, zuzendaria, idazlea, gidoilaria, irakasle eta aktoreen zuzendaria zen. Gaur egungo euskal antzerkigintzaren eragileetako bat izan da, Ados Teatroa konpainia beteranoarekin. Minbiziaren eraginez hil zen astelehenean Donostiako Onkologikoan, baina azken unera arte sortzen jarraitu izan du.
Magisteritza eta Pedagogia ikasketak egin zituen Garbi Losadak, baina aurki aktore lanetan hasi zen. Tanttakan hasi eta 1994an Ados Teatroa sortu zuen “istorioak kontatzeko ilusioz beterik eta ikuskizun dibertigarri, hunkigarri eta interesgarriak antolatzeko asmoz, jendea interesatzeko, dibertitzeko eta hunkitzeko modua zela pentsaturik”, taldearen webean irakurri daitekeenaren arabera. Bere ibilbidea oso lotuta egon zen Koldo Losada bere anaiarekin. Haren heriotz bortitz eta mingarriak, 2024an, gogor kolpatu zuen Ados familia.
Bere ibilbidean 50 ikuskizun profesional baino gehiago egin ditu. Zerrenda ikusgarria da, emakume honek idatzi eta zuzendu zituelako hainbat eta hainbat lan, horien artean ‘Intocables’ (Olivier Nakache eta Éric Toledanoren filmaren egokitzapena), ‘Dublineses’ (James Joyceren testuan oinarrituta), ‘El nombre de la rosa’ (Umberto Eco), ‘El hijo de la novia’ (Juan Campanellaren filmaren egokitzapena), ‘El amigo de John Wayne’ (Donostia Saria, Ercilla saria eta Torno saria jaso zituenak), ‘El amor después del amor' (Donostia saria), ‘Como agua para chocolate’ Laura Esquivelen eleberrian oinarrituta) edo ‘Gus y Gas’ (2001ean Max saria).
2020. urtean, Zigoitiako udalak Garbi Losada eta Agurtzane Intxaurraga omendu zituen. Euskal antzerki garaikidearen sorkuntzan erantzukizun handia izan duten emakumeak dira biak, ibilbide profesionala paraleloan daramatenak eta urte luzeetako adiskidetasuna landu dutenak. Agurtzane Intxaurraga antzerkigile eta zuzendaria Hika konpainiaren sortzailea da eta astearte honetan Garbi Losada kidea zuen gogoan eta “ahizpatasun” hitza, ahoan: “Profesional handia zen eta, emakume edo pertsona bezala, oraindik handiagoa zen”.
“Erreferente bat da euskal arte eszenikoetan. Ibilbide luzekoa, bere bizitza profesio honi dedikatu dio. Nik gogoan daukat bere irudi bat: ‘Agur Eire, agur’ egin zutenean, orduan Tanttakako kidea zen, eta bera, hor, oholtzaren erdian... Oholtzaren erdian zegoen momentu hartan antzezten, baina gero zuzentzen eta dramaturga moduan aritu zen eta niretzat erreferente bat da. Ez dago hainbeste erreferente Euskal Herrian, zoritxarrez, eta bat handia joan egin zaigu. Baina berak utzi digu ondare handi bat bere lanetan”.
Agurtzane Intxaurragak bere azken etapa horretan, gaixotasunaren ibilbide lakarrean, Garbi Losadatik gertu egoteko aukera izan du. Bere ahizpatasunarekin, bere umore beltzarekin, heriotzari begietara begiratu zion: “Zerbaitetan erreferente izan bada, heriotzaren aurrean bizitza aldarrikatzen izan da. Berarekin zinen ospitalean eta, norbait bizirik bazegoen, bera izan da. Hor ikasketa bat eman dit niri, pertsonalki, eta pentsatzen dut inguruan eduki duen jendeareari ere, heriotzarekiko ikasketa bat eman digulako. Eta gutxik gai dira hori egiten. Bizitzak kolpe handiak eman dizkio: bere nebarena gertatu eta berak jakin du aurrera egiten. Beraz, nik gaur hauxe pentsatu dut: ‘Aurreta, bizitza aurrera!’”.
Berarekiko bere azken hitzetako bat izan gogoan du ere antzerkigileak: “Zaindu zaitez!” eskatu baitzion.
“Pena handi bat” sentitu du Dorleta Urretabizkaia aktore eta antzerkigileak, NAIZi egindako adierazpenetan nabarmendu duenez. “Urteak zeramatzan gaixo eta pixkanaka, azkenean, itzali zaigu. Euskal eszenaren erreferente bat da, emakume borrokalaria eta oso sensiblea. Artista bat joan zaigu”.
2025ean estreinatu zen ‘52 hertz’ antzezlanean lan egin du Urretabizkaiak, aktore lanetan, Garbi Losadarekin. Losada eta Jose Antonio Vitoriaren testu batean oinarritutako obra da eta Garbi Losada berak zuzendutakoa; “aukeratu gabeko bakardadeei” buruz mintzatzen da. “Izurrite isil baten tankeran, bost lagunetik bati eragiten dio dagoeneko herri industrializatuetan”.
“Oso lan berezia izan zen eta oso polita nola egin genuen —esan du Dorleta Urretabizkaiak—. Jada gaixo zegoen eta orduan hartu zuen erabaki bat oso tajantea: nahi zuela gozatu eta presioa kendu. Inoiz baino denbora gehiago egon ginen lanean. Lanean ari ginen bitartean, berak eta Vitoriak, ekartzen zizkiguten lagin batzuk edo eszenatxo batzuk, zeren beraiek egin zituzten dokumental batzuk benetako bakardadea bizi zuten pertsonen inguruan. Horietatik abiatuta guk jada imajinariora jo genuen eta hegan hasi ginen. Oso prozesu ederra izan zen”.
“Goiz samina. Garbi Losadaren heriotzak kolpatzen gaitu”, idatzi du bere sare sozialetan Bilboko Arriaga antzokiak. Harrobia eskenak ere hauxe zintzilikatu du: “Goian bego, Garbi. Arte eszenikoei estu lotutako bizitza. Bere lanaren eta Ados teatroa konpainiaren bidez, antzerkia eraldaketarako eta ikuspegi berriak zabaltzeko espazio gisa ere ulertu zuen”.