Konpainia: Metrokoadroka. Aktoreak: Intza Alkain, Javier Barandiaran, Josune Velez de Mendizabal (Marina Suarezen ordez) eta Iraia Elias. Zuzendaria: Edurne Azkarate. Testua eta dramaturgia: Miren Azkarate, Oier Guillan, antzezlaneko taldea. Zuzendari artistikoa: Idoia Beratarbide. Laguntzaile fisikoa: Ainhoa Alberdi. Hizkuntza aholkularia: Asier Sarasola. Musika: Ander Fernandez. Argiak: Junki Mayo. Non: Gurea antzokian, Villabonan (Gipuzkoa). Noiz: irailaren 19an.
Udaberrian estreinatu eta hamaika lekutan erakutsi ostean, udazkeneko bira abiatu du Metrokoadrokak Udalbiltzaren Geuretik Sortuak deialdiaren barruan sortutako Bi baso bat ur antzezlanak. Proposamen soila bezain zuzena da: lau gorputz oholtzan, bakarraren atal balira bezala; lau ahots, lau pertsona(ia) taula gainean, aldi berean zatituta eta osorik erakusten diguten Learen errepresentazio gisa. Learen ahotsa da off-ean entzuten duguna. Berak esaten du: Dantza egitea zeure burua abandonatzea da, plazerera abandonatzea. Baina niri behin, norbaitek, dantza egiteko gaitasuna lapurtu zidan. Orain, mugitzen ikasi nahiko nuke berriro. Nire irudimenean bada ere.
Asmo argia adierazi dute egileek obrari buruz emandako azalpenetan: tratu txarren ostean alaitasunak duen lekuari buruz hitz egin nahi izan dute. Antzezlanean, alaitasunak (edo bizitzaren osotasunak, nahi bada) dantzaren forma hartzen du. Zehatza da forma hori. Izan ere, Metrokoadrokakoek lan handia egin dute testigantzak biltzen eta gaiari buruz hausnartzen, Miren Azkarate kazetari eta idazlea lagun zutela. Dantzatzeko ezintasun hori ere, beraz, bildutako testigantzetan jasotakoa da.
Irudimen ariketa indartsua da taularatutakoa, ikusleei ere esfortzu apur bat eskatzen diena: irudikatu nola egin dakiokeen aurre tratu txarrei, torturari, nola berreraiki behar den norbera horrelako egoera bat bizi ostean. Prozesu horretan alaitasunak eta umoreak lekua dutela aldarrikatzen du obrak. Umoreak balio duelako askatzeko, alaitasunak berrosatzeko. Learen barruko lau pertsona-pertsonaiek, Intza, Javi, Marina eta Iraiak, erakusten dituzte berrosatze horren ertzak.
Disoziazioaz eta distantziaz mintzo da obra, “Io sto bene, non ti preoccupare” (Ondo nago, ez kezkatu) diote taula gainean, baina hondoan dagoen mina azalean nabaritu daiteke ia. Barrura begirako bidaia hori kanpora begirakoa ere bada, Learen historia Euskal Herriaren historia ere badelako.
Aipatu dugu soila dela obra, eszenografia minimoa delako, baina inongo momentutan ez da handi geratzen oholtza: lau gorputz, lau aulki, lau edalontzi, eta koreografia hipnotiko bezain katartikoak, argi-joko landu batek jantziak. Hitza da, nola ez, aldagai garrantzitsua: bereziki barregarriak suertatzen dira atmosfera nolabait zulatzen duten hitz-joko-kateak. Amaitzeko, musikaren trataerak ere merezi du aipamena: elektronikak pisu handia du, errepikapen eta estasi uneak dakartza, baina Mari Carmen Urzelai delako abeslari borrokalari baten istorioak ere zipriztintzen du obra, hark joan den mendean abesten zuen kanta batek gorpuztua: Haize izan nahi genuen, askatasun bertso, baina arnasa ere biriketan preso.