Ganbila antzerki testuen bildumak bi ale berri ditu: “Hezur hiztunak”, Harkaitz Cano, Ximun Fuchs eta Axut Teatroaren sinadurapean “Hondamendia” eta “Nor naizen baneki” antzezlanak biltzen dituena batetik, eta Jokin Oregiren “Non dira haurrak?” eta “Eldarnioa” obrak dakartzana bestetik.
Lau obra, laurak antzeztuak izan direnak eta Ganbila bildumari esker orain irakurri ere egin daitezkeenak: Harkaitz Cano eta Ximun Fuchsen “Hezur hiztunak” izendatu duten liburuan bildu dituzte Axut eta Artedramak oholtzaratutako “Hondamendia” eta “Nor naizen baneki”, eta “Non dira haurrak?” izenburua daraman argitalpenak bateratzen ditu Jokin Oregiren izen bereko antzelana eta “Eldarnioa” obra laburragoa.
Ganbilako Gaizka Sarasolaren hizetan, liburu “nahiko lodikoteak” antzerki liburuak izateko, “testu mardulak” dakartzatenak “baina egungo eszenaratzera pentsatuak. Testua irakurtzen ikusten da badaudela gaur egungo teknikak-eta idazterako moduan, eta ikusle bezala nabaritzen da testu mardulak izanagatik arintasuna edo intentsitatea bilatze horretan badaudela emozio anitz, estimulo anitz”.
Hitza hartuta, Fuchsek antzerki egileen lana “nahiko arkaikoa” dela aipatu du, “eta horregatik salbatuko da beharbada gure artea. Beste batzuk gainbehera ezagutuko badute adibidez adimen artifizialari esker edo gaitik, ikuspuntuaren arabera, gureak iraungo du”, ziurtatu du. Zentzu horretan, “Hondamendia” kafe batekin hasi zela ekarri du gogora.
“Hezur hiztunak” liburuan bildu dute obraren testua. Fuchsek berak Harkaitz Canorekin batera ondu zuen testua 2020an Zaldibarko zabortegian izandako luizia eta aste batzuk geroago mundua geratu zuen pandemia oinarri hartuta, eta bi urte berantago oholtzaratu zuten lehen aldiz “Hondamedia” izenpean.
Liburuko bigarren testua “Nor naizen baneki” antzezlanekoa da, kasu honetan 2025ean estreinatua, aurrekoa bezala Artedrama eta Axut! konpainien elkarlanari esker. Kasu honetan Irulegiko aztarnategian izandako aurkikuntza da abiapuntua, erromatarren garaitik orain arteko euskal historiaren errepasoa egiteko.
“Uste dut arkeologiatik baduela gure lanak, giza arrastoetatik kontatzen baititugu gure istorioak eta hor sortu du Harkaitzek izenburu polita, poetikoa eta uste dut aski zuzena”, iritzi du Fuchsek, eta gaineratu: “Eta gure arrastoak bizirauten duten egunean gure antzerkiak biziraungo du. Hau beste arrasto bat da. Eta gara horri inbentatzen forma bat, izan antzerkia, izan literatura”.
Cano, bere aldetik, hitzaren mugez aritu da. “Hitza noraino iristen den eta nondik aurrera ja hitzak ez zuen balio, eta zer gertatzen den hitza ailegatzen ez den lekuetan. Hezi gaituzte hitzaren arauen arabera, hitz egin ahala dena konpondu daitekeen uste horretan. Baina gero momentu batzuetan konturatzen zara hitza ez dela aski, ez dela nahikoa. Orduan hitzaren disziplina dedikatzen garenontzako, hori egiaztapen nahiko gordina da, ez?”, gogoetatu du.
Azaldu du dantzariekin lan egitean konturatu izan dela “dantzari bat iristen dela zu iritsi ez zaitezkeen lekuetara edo katarsietara edo berpiztetara edo errepresentazioetara”, eta antzerkia “erdibide bat bezala” ikusten duela esan du, “non hitzak oraindik balio duen pixka bat, baina benetan osatzen den hitza bere gisara iristen ez den lekuetara”.
Obrak denboran distantziarik hartu gabe, “zurrunbilotik bertatik” idaztea “ederra” bezain “gogorra” izan zela ere esan du, “eta pentsatzea zurrunbilo horrek edo amorru horrek edo gertutasun horrek edo bertan gertaerak oso gertutik sentitu zituztenek kontatzen zutenetik hain gertu egonda zer abantaila eman ziezagukeen horrek”. Baita, gaineratu duenez, jabetzea amorru edo larritasun hori sorkuntzarako “abantaila” izan zitekeela ere.
Haurrak erdigunean
“Non dira haurrak?” liburuak ere bi obra biltzen ditu. Bata, liburuari izena ematen diona, eta bestea “Eldarnioa” lan laburragoa. Egileak, Jokin Oregik, azaldu du ez dela ausazkoa “haurrak” hitza izenburura eraman izana: “Umeei zuzendutako antzerkigintzan ari gara Ana eta biok, Marie de Jongh antzerki taldean, eta haurren mundua asko interesatzen zaigu. Ez da debaldekoa helduentzat obra bat eginda ere, hausnarketa horretan, haurrek ederto ulertuko duten obra bat egitea”.
“Nolabait obra honetan helduak daude hizketan, baina heldu horiek ume dira. Ez dakit inoiz ume izateri uzten diogun. Galdera hori badago ere badago”, esan du.
Lanak tratu txarrak jasotako haurren ingurunea, gurasoen presentzia sarri nahasgarria eta haurren barne mundu konplexua islatzen ditu.
“Eldarnio”, berriz, zortzi mila baterako espedizio batean mendizale batek bizi duen eldarnioa kontatzen da, eta Dantzertiko 4. mailako ikasleek gorpuztuta taularatu zen. Obra honetan mendia da protagonista, baina oinarrian gurasoen eta seme-alaben arteko loturaren tentsioa eta, sarritan, zama ere atzeman daitezke.