Heriotza: bi norabideko trantsitua?
Arantzazu Fernandez
Gara, 2018-03-20
“Heriotza bikoitza”

 

      Nire ustez, bere baitan gordetzen duen kalitateagatik, denboraldi honetako pieza aipagarrienetako baten aurrean gaude. Delikatua, ausarta eta gazi-gozoa aldi berean, elkarrizketarako tonu intimo zein lotsagabea erabiltzen dituena. Tibeteko “Hildakoen liburu”-tik hartu baitzuen abiapuntua zuzendariak, heriotzak bizitza amaitzen duelako ustearekin batera, heriotzaren eta bizitzaren artekoa bi norabideko korridorea, pasilloa, trantsitua delako sinesmena aurkezten digu. Testu horren oihartzuna presente dago, baina ez espero inolako hurbilpen erlijiosorik ezta ex catedra hitz egiten duen pertsonaiarik.

      Bihotzeko taupadak iluntasunean; laster galdera bat egingo digu aktore batek: zuek zer uste duzue? Bera ere gu bezala bi norabideko zalantzan harrapatuta dago. Testigantzak entzunda erabakiko du zer pentsatu.

      Eneko Sagardoyk eta Miren Gaztaņagak fikzioaren eta errealitatearen marraren estutasuna zabaltzen dute eta hor aletzen dituzte euren pasadizoak. Miren eta Eneko direla diote, baina... noraino da egia? Oholtzan euren mugimenduak eta mintzaldiak zuzenean edo bertako kamera batek grabatuak agertokiaren alboetan dauden pantailetan ikusiko ditugu. Zazpi T’erdi taldearen bideo-lanari esker aurpegien lehen planoak ikusgai. Ahotsak naturalak zein mikrofonoaren bitartekoak. Aldika, laborategi teatroa teatro dokumentu bilakatzen da: beste pantailetan heriotzatik itzuli direnen testigantzak jasotzen baitituzte oholtza zeharkatzen. Bikoiztasuna: seriotasun eta barregarritasuna, dolua eta festa, folklorea (Katuen testamentua) eta pop kitsch-a (For ever Young), testu-teatroa eta gorputz adierazpen ederra, esate baterako. Laugarren paretaren mugan eta haren hausturan nahiz eszenografia eraginkor eta sotileko iluntasun-argien jokoan apurtzen dute tabua: mintza gaitezen heriotzaz. Konta iezadazu zer ikusi duzun beste aldean.