Metaforaren metafora
Agus Perez
Berria, 2005-05-17
“Au revoir triunfadoreak!”

Konpainia: Antzerkiola imaginarioa. Testuak: Jon Gerediaga, Na Gomes. Zuzendaritza: Ander Lipus. Eszenografia eta atrezzoa: Aritz Merino. Musika zuzendaritza: Aitor Agiriano. Argiztapena: Oier Ituarte. Jantziak: Azegiņe Urigoitia. Antzezleak: Veronica Fernandez, Alex Gerediaga, Iker Garcia, Na Gomes, Terri Florido, Gabriel Ocina, Ainhoa Jauregi. Lekua: Egia Kultur etxea (Donostia). Eguna: Maiatzak 13.

      “Mago handi batek esaten du garai hauetako arriskurik handiena hipopotamo bihurtzea dela, hipopotamoa animalia geldoa, axolagabea, pisutsua eta patxadazalea delako”. Hasierako hitz horiekin, beren azken sorkuntzari ekin diote Antzerkiola Imaginarioko kideek. Hitz esanguratsuak dira, konformismoaren kontrako metafora adierazten baitute eta konformismoaren kontrako eszenatoki eta pertsonaiekin garatzen baitira.

      Taula gainean lauki handi batek betetzen du erdigunea, eta albo batean paperezko itsasontzi handi bat dago. Hartatik tiraka marinel fantasma bat ibiliko da emanaldi osoan zehar, hitzik esan gabe, eta haren moduan beste pertsonaia oniriko eta galdu batzuk agertu eta desagertuko dira, bakoitza bere harrikadarekin, bakoitza zerbaiten metafora izanik, nahiz eta zaila egiten zaigun guztien arteko elkarlotura argirik aurkitzea.

      Bere lehen itxurako sinpletasunean egitura konplexuagoa dauka antzezlanak eta, betiko moduan, argiztapena landuak, txirotasuna bilatzen duten elementu eszenikoek eta musikak rol garrantzitsuak jokatzen dituzte, osotasunaren funtsezko osagaiak izan arte. Alde horretatik, aipatzekoa da Aitor Agirianok haize orkestrarako diseinatu duen musika pasarte indartsua, emanaldiaren une batzuetan errepikatzen dena.

      Konplexutasun horren baitan sartu behar dira pertsonaia bakoitzaren bikoiztasuna eta off-eko ahotsean entzuten diren testuak. Pertsonaien bikoiztasunak ez dio, ene ustez, ekarpen berezirik egiten lanari, baina gutxienez permititu egiten du norbaitek norbaitekin hitz egitea —nahiz eta solasaldi antzuak izan—, zeren bestela bakarrizketa hutsak entzungo genituzkeen emanaldian zehar.

Testuei begira, jakin beharra dago Na Gomesek sinatzen dituela Jon Gerediaga ohiko egile bikainarekin batera, eta amildegi bat dagoela pertsonaiak botatzen dituzten hutsalkerien eta off-eko testu poetikoen artean. Azken testu horien edertasuna, gainera, asko indartzen da esatarien ahots kalitatearengatik. Nik bereziki eskertu ditut Ruper Ordorika eta Antton Lukurenak, baina antza denez, Garik eta Ramon Agirrek ere parte hartu dute.

      Azkenik, nabaria da antzezleengan Lipusen konpainiak betidanik bilatu duen prestakuntza sakona, keinuen perfekzioan, presentzia eszenikoan eta gehienen deklamazioan igartzen dena. Baina hainbeste metafora eta metaforaren metafora artean hustasun sentsazioa nagusitu da nigan, badirudielako konpainiaren barne kontsumorako produktua dela, edo bestela, ikusle arruntarenganako zubi guztiak apurtu nahi izan dituztela.