Erdu! Ongi etorria!
Agus Perez
Berria, 2021-04-28
Erdu! jaialdia

Konpainiak eta lanak: Anita Maravillas ( Kotondarrak ), Yarleku ( Etxerik txikiena ), Atx ( Kaskarot ), Itzuli ( Behin bazen internet ). Lekua: Bilboko Harrobia zentro eszenikoa. Eguna: Apirilak 23, 24 eta 25.

      Igaro berri den asteburuan izan da Bilboko Harrobia zentro eszenikoan Erdu! euskarazko haur-antzerki jaialdiaren lehen edizioa, eta programazioaren kalitatea ikusita, espero dugu jarraipen oparoa edukitzea datozen urteetan.

      Kotondarrak deitu zen lehen eguneko pieza, kotoiari nolabaiteko aipamena eginez. Izan ere, bi ahizpa txikiren eta euren amaren bidez azaldutako istorioak industria iraultzaren arora eraman gintuen, argumentuaren muina ehungintza lantegi batean gertatzen delako. Beren jaioterritik hirira egindako bidaian ezagutu genituen bi neskatoen izaera diferenteak, eta ama lantegian hasi ostean etorri ziren ugazabaren diru gosea eta langileen eskubideen aldeko borroka. Anita Maravillas konpainia eredugarri ibili zen panpinen maneiuan diorama moduko eremu eszeniko zoragarrian, eta euskararen erabilera urri-urria izan bazen ere —aditzik gabeko berba solte batzuk baino ez— kanta ezagun batzuekin konpentsatu zen gabezia.

      Askoren ustez, bigarren emanaldia izan da egitarau osoan maila altuena erakutsi duena. Iruņeko Yarleku konpainiaren Etxerik txikiena-k gerratik ihes egindako neskato biren istorioa erakutsi zigun. Errefuxiatuen kanpaleku batean bizi dira orain, ahal dutenarekin egindako etxola batean, eta haien arteko hasierako etsaitasuna laguntasun polit bilakatuko da emanaldian zehar. Umore-uneak, samurtasuna, herrimina, beldurra eta segurtasun eza dira beren eguneroko ogia, eta hori guztia dosi neurritsuetan eman ziguten, argiztapen landuan eta musika eder batzuetan lagunduta.

      Aipatzekoa da lan honek interpretazio saria eskuratu zuela Espainiako FETEN jaialdian, eta objektuen antzerkitzat ere jo daitekeela pasarte batzuetan. Emozio asko eta handiak eragin zizkigun emanaldiak eta ni seguru nago ikusle egondako ume askok heldutasunerako jauzi nabarmen bat eman zutela goiz hartan beren gurasoen konpainian. Horren kontura, horra hor anekdota bi. Baga: irteeran seme batek amari galdezka: “Ama, baina ume horiei zer gertatzen zaie? Gu bezalakoak dira?”. Biga: Iruņeko emanaldi baten ostean afrikar jatorriko neskato bi beren artean zeuden hizketan, eta batak besteari diotso: “Bada, niri ez zait batere gustatu, gauza batzuk —gauza batzuk— gogorarazi dizkidalako”.

      Hirugarren pieza —Kaskarot— orriotan komentatu nuen aspaldi, eta egitaraua amaitzeko Baionako Itzuli konpainiak Behin bazen internet eskaini digu Hegoalderako primizian. Izenburuak dioen bezala, informatika-sareen barrunbeetan bizi dira protagonistak, eta argiaren abiaduran mugitzen dira informazio-paketeak hara-hona eramateko. Printzipioz, gai zaila edo teknikoegia irudi lezake, baina pertsonaien izaera humanoari esker polita eta entretenigarria suertatu da istorioa, eta umeak laster geratu dira harrapatuta kontakizunean. Gainera, Maryse Urrutik gaitasun itzela erakutsi du haiek denak —hamabi guztira— gorpuzteko eta rol batetik bestera argiaren abiaduran ere igarotzeko. Horrek guztiak gehi Elodie Duquieren irudi proiektatuek eta animazioek entusiasmo nabarmena sortu dute ikusleengan, azken txalo zaparradak erakutsi duen legez.