Umorea da gauzarik sakratuena
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1993-12-15
“Monstruo sakratuak”

Taldea: Mascarada. Zuzendaria: Karlos Panera. Testu moldaketa: Patxo Telleria. Atrezzoa: Maite Arrese. Argiak: Jon Mesperuza. Soinua: Justo Ozaeta. Aktoreak: Mikel Martinez, Patxo Telleria. Tokia: Getxoko Antzerki Jaialdia. Eguna: abenduak.

      Oraindik daude gure buruetan “Logalea zeukan ekilibristaren kaosa” lanak utzitako irudiak eta dagoeneko Euskadiko eszenatokietan daukagu Maskaradaren azken ikuskizuna, “Monstruo sakratuak” deiturikoa hain zuzen.

      Monstruo sakratuak? Zeintzuk ba? Jurassik Parkekoak izango ote dira? Ez, ez pentsa. Mendebaldeko Kultura arloan “Handiak” izan direnak monstruo sakratutzat hartzen dituzte Maskaradakoek: arteen mundukoak, zinegileak, idazle famatuak, antzerkigileak, Calderón, Moličre, Chejov, eta abar luze bat aipatzen eta erabiltzen dira erreferentzia moduan elkarrizketa zoro eta dibertigarri bat bestearen jarraian eraikitzeko. Edozein gauzak eta gai guztiek balio dute burugabeko solasaldi hauek pizteko eta mantentzeko. Umore absurdoa? Bai, zorionez. Lehenengo momentutik xelebreak iruditzen zaizkigu bi aktoreen burutazio eroak eta gure irrien bidez errespetu gehiegiz hartzen ditugun gauza guztiak desmitifikatzen ditugu nolabait. Nola ahaztu bada, “anis botila eta sardexkarako sinphonia higuingarriarena”? Zelan ez barre “zibilizatu” eta “basatien” arteko gatazkarekin?.

      Egoera absurdoak, umore zorrotza, ironiaz betetako testua... eta bi aktoreen lana gauza guztien gainetik. Mikel Martinez eta Patxo Telleria egundoko gaitasuna erakusten dute antzeslanaren erritmoa mantentzen, publikoa bereganatzen, eta testuaren ideiak euren keinu eta jarreren bidez irudikatzen. Maskaradaren betiko estiloa argi mantendu da ikuskizun honetan ere: kalitatezko testu adierazgarriak eta ulergarriak, taldean burututako sortze lana, aktoreen sendotasuna eszenatokian, eta zuzendariaren eragin trinkoa guzti horren azpitik.