Balioak indartuz
Arantzazu Fernandez
Gara, 2020-02-06
“Kaskarot”

Konpainia: Atx Teatroa.

      Aitonak aerobic klase batera joan behar du estreinakoz eta, zerbait berrian hasteak ekartzen dion ziurtasunik eza uxatzeko ahaleginetan, Kaskaroten istorioa gogora etortzen ohi zaiola diosku. Horixe bera izango dugu antzezlanaren fabula, ipuin moduko bat non ezberdina izatea goraipatzen den.

      Eszenografia sotilak oholtza hornitzen du, panel mugikor batzuk, kea tarteka-marteka eta haurrentzako ikuskizuna izaki atentzioa ematen duen xehetasuna: txuri-beltzen nagusitasuna. Atx Teatroaren antzezlanak, ez du umeak limurtuko lituzkeen ez estetikarik eta ez umore merkerik jarraitzen. Balio zuzenak indartzeko edo irakasteko pieza dugu, oso ondo neurtuta ikusleak asper ez daitezen, baina truko errazak erabili gabe. Erritmoa ez da inoiz moteldu, eta horretan zerikusi handia du oholtzan denbora guztian mantentzen den gitarra elektriko jotzaileak, eta baita gorputz mugimenduetan oinarritutako antzezpen estiloa aukeratu izanak ere. Antzezleek ondo betetzen dute euren lana, elkarrizketetan dela, dantzan dela, kantetan dela. Talde moduan primeran funtzionatzen dute; umeak liluratuta daude.

      Ispilu magiko batek agintzen du herrian. Herritarrek men egiten diote beren bizitzen jaun eta jabe denari. Aner gazteak, berriz, ezin du bete dantza ez egiteko agindua eta horregatik zigortuko dute biltegira eramanez. Hortxe, bere nortasunaren baitan elkarren osagarriak diren Ilun Zakur eta Kaskarotekin topo egingo du. Azken horiek aurki eta ifrentzua, ezkortasuna eta baikortasuna, finean, guregan bizi diren boikotatzailea eta azkartzailea irudikatzen dute, hurrenez hurren. Anerrek, antzezlanaren amaierarako, besteak bezalakoa ez izatea kaltegarria ez dela ikasiko du eta, gainera, agintari absurdoari gailenduko zaio. Bukaerako kantak bizipoza biltzen du azken eszenan. Ikusle txikiak kontent daude bapo pasa dutelako. Atx taldeak haurrentzako muntatu duen lehenbiziko antzezlanean neurria oso ondo hartu diela esan beharra dago, eta gainera, konpainiaren estiloari uko egin gabe.