Zorrotza
Igor Estankona
Deia, 2001-02-23

Liburua: Fidel izan beharraz

Egilea: Oscar Wilde

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2000

      Ibaizabal argitaletxeak ohituta gauzka honez gero munduko zazpi puntetako liburuak euskara arin eta ederrean irakurtzera baina Antton Olano Irurtia ezinezkoa zirudiena egiten ahalegindu da oraingo honetan. Irakurleok Oscar Wilde irlandarraren antzezlan agil eta aldrebesa irakurtzeko aukera daukagu orain. Pasa den Durangoko azokan egin nituen erosketa apurren artean dago liburua, eta onartu beharra daukat harritu egin nauela, obra barregarria izateaz aparte mikatza eta okerkeriaz betea ere badelako. Behar bada barregarria dela esatea ez da erabil daitekeen hitzik egokiena, baina gutxienez irribarrea, halako konplizitate pikaro bat mantentzen du irakurleak Wildek sortutako izaki berezi horien gora-beherak jarraitzean. Esan barik doa idazleak goiko (eta dirudienez kulturalki oso beheko) klase sozialaren argazki maltzurra atera duela oraingo honetan ere, eta jolas modura planteatzen zaiguna gauza mikatz asko kontatzeko modu errukior baina egiaz betetakoa baino ez da. Hala ere hortxe dauka grazia liburu honek: elkarrizketa zoroetan, protagonisten bizitza petralean,…

      Edozein ˝abardura inozenteren azpian ere, apur bat ageritzen badugu, mezu bat egon ohi da lurperaturik. Gezur etengabeko baten gainean bizi diren pertsonaiak dira, horrela, orokorki, liburu honetakoak. Eta gezur batek beste bat dakarrenez katea erraldoi hori bakoitzari lepoan zelan kiribiltzen zaion kontatzen da maisutasun handiz. Duintasuna mantendu nahi eta ezinaren arteko burruka da “Fidel izan beharraz” honetan gehien gozatu dudan jokoa, freskoa eta gaurkotasun handikoa iruditu zaidalako, behar hada. Antzerkia irakurtzeak errespeto pixka bat ematen dietenei eskatuko nieke ahalegina egiteko, elkarrizketaren teknika zailaren bidez ezin hobeto lortuta baitago tramaren nondik norakoak biluzteko lana. Narratibak edo deskribapenak parte hartuko balukete guztiz apurtuta geratuko litzatekeen oreka berezi bat nabaritzen da liburuan, esaten ez denak ere bere lekua hartzen baitu, pertsonaiek ezkutatzen dutena bihurtuz istoriaren haria. Eta esaten ez denarekin batera bere anaia bikia den gezurra ere present dago orrialde guztietan: gezur sanoa, umekeriaren antzekoa. Azkenean norberak ere ez daki ze puntutaraino den egia egi, eta teloia jaistean azkenaldian liburu gutxirekin eduki dudan sentsazio bat izan dut: ondo pasatu dudala.