Absurdua bezain sakona
Igor Estankona
Deia, 2002-02-22

Liburua: Abeslari burusoila

Egilea: Eugene Ionesco

Euskaratzailea: Jon Muņoz Otaegi

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2001

      Itxurazko kontraesan horretan oinarritzen den teatro lana itzuli du Jon Muņoz Otaegik, azertu handiarekin gainera. Ez da erraza absurduari bere horretan eustea, alde batetik antzerkia izateak dakartzan mugapenekin eta bestetik berbetan —edo berauen nahasketan— hain oinarrituta dagoen obra izakeran. Ionescoren konstanteetako bat da, izan ere, egunero izaten ditugun elkarrizketen alde zentzubakoa azaleratzea. Inora ez daramaten esaldiak dira nagusi liburu osoan zehar. Badirudi hizkuntzak dituen mugen inguruko hausnarketa antzeko bat dela. Berba egin eta ezer ez esatea baita, funtsean, komunikazio deitzen dugunaren ezaugarrietako bat.

      Horregatik zorabio antzeko bat ematen dute lehenengo orrialdeek. Pertsonaiak trazo lodi eta lauso batzuk baino ez dira, abiaburu eta helmuga zehatzik ez dutenak. Gero, apurka-apurka, abiaburua zein helmuga bigarren mailako zeozer direla konturatzen da irakurlea. Ingelesen way of life arinari egindako kantu satirikoaren itxura daukan hori kritika unibertsal bihurtuz doa. Hasieran liburuaren izenburutzat “Ordu ingelesa”, “Big Ben erokeriak” edo “Ingeleseko ordu bat” zituen pentsatuak, obraren oinarrian kontestutik ateraz gero absurdua suertatzen zen ingelesa ikasteko metodo bat baitzegoen. Hala ere ikusleak ez baldintzatzeko beste titulu bat otu zitzaion, “Abeslari burusoila”, “Maistra ile-horia” esan behar zuen lekuan aktoreetako batek, trabatuta, bi hitzok baino gauza hoberik ezin izan baitzuen esan. Pasarte honek laburbiltzen du apurketa-lan zoroaren zentzua.

      Tituluaren inguruko gorabeherak zein autoreari buruzko datu esanguratsuak dakartza liburuaren hitzaurreak. Guztiak datoz, halaber, garaiari buruzko datuekin. Antzerkia erdi-lo zegoen garai batean isilik hasi zen iraultza haren lekukotza ederra ematen dute orrialdeok, eta baita Ionesco gehiegi ezagutzen ez dugunontzako oinarri ona ere. Irakurketa erraza eta arrazionala nahi dituenak beste lan batzutan bilatu beharko ditu, baina ukaezina da ondo etorria izaten dela askotan apurketa. Obra desberdin eta ezinbestekoa da “Abeslari burusoila”. Askotan gogoratzen da bat, hurrengo egunetan, Ionescoren planteamenduaz: eguneroko bizitzak dituen paradoxa eta inertzietaz. Ahoa hitzez beteta eta burua beste leku batean dituen jende honek gogorazten digu gu ere batzutan hala gabiltzala, gidoirik gabeko zurrunbiloko pertsonaiak baino ez garela.