Desioa tranbiaz datorrenekoa
Karlos del Olmo
Berria, 2006-01-17

Liburua: Desio izeneko tranbia

Egilea: Tennessee Williams

Euskaratzailea: Xabier PayŠ

Argitaletxea: Alberdania / Elkar

Urtea: 2005

      Thomas Lanier Williams Mississippin jaio izan zen, baina Missouriko Saint Louisen eman zuen gaztaroa. Iowako Unibertsitatean Filosofia eta Letretako lizentzia eskuratu zuen. Hamalau urterekin, zegoeneko, ondo konturatuta zegoen idaztea oso baliagarri zitzaiola batere eroso gertatzen ez zitzaion benetako mundutik ihes egiteko. Berehala izan zuen idazkuntza gordeleku, koba, babes… Munduan beste asko legez, hainbat ofiziotan saiatu zen, 1945ean Broadwayn Kristalezko zooa estreinatu zioten arte. Hortik aurrera, arrakasta maiztu zuen, hainbat gorabeherarekin, jakina. Antzezlanek eman diote ohorezko kokalekua literatura unibertsalean. Desio izeneko tranbia (1947) AEBetan idatzitako antzezlanik onena ei da. Hari esker antzerki alorreko Pulitzer saria eskuratu zuen. Bigarren Pulitzerra Cat on a Hot Tin Roof obrak eman zion. Gerora, hil arte, gogotik saiatu arren, ez zuen halako arrakastarik ostera ere lortu.

      Zineak berehala baliatu zituen antzezlanotako elkarrizketa poetiko eta ikurrez bete haiek, pertsonaia ezin originalagook, pelikula gogoangarri batzuk sortzeko. AEBetako Hegoalde Sakona dekadentzia, nostalgia eta sentsualitatearen eszenario bihurtu zuen. Topiko guztietan legez, lanetan nola, bizitzan ere hala gertatu zitzaion egileari, eta hegoaldeko giro itogarri hartatik ihes eginda, New York izan zuen hil ohantze, haren larruan garaiko giro homofobiko eta arrazista jasanda. Memorietan homosexualitatea, drogak eta alkohola zirela kausa izandako arazoen albiste eman zigun.

      Gauza jakina bezain igarria da antzezlanak ez direla itzultzen, teatroak ozenki esatekoak izanik, moldapena edo, egun esaten den legez, “lokalizazioa”, tokian tokiko kulturetara egokitu beharra dutela beste ezein itzulgaik bainoago. Xabier PayŠ itzultzaile gazteak unibertsitateko ariketa moduan hasitako lanetik abiatuta euskal antzokietara zailtasun handirik barik eroateko moduko itzulpena sortu du. Eta ez da munta txikikoa! Itzul molderen bat edo beste agian hobetu litekeela? Baliteke, baina… zein lanetan ez? Edozelan ere, itzulpen honek ez die zorrik batere uzten bildumako beste obrei.

      Literatura dramatikoa berezia da, ahozkotik hurbilago dago eta lar irakurtzen ez duen jendeak ere atseginez leitu ohi du. Tennesseeren arabera, antzerkiak garaian garaiko gizarteetan aurrerapen artistiko ikaragarriak lortu ditu, giza jokabidearen eta esperientziaren armairu, mandio eta sotoak zabaltzen, argiztatzen eta aireberritzen dituelako. Horri gagozkiolarik, esan beharrean gaude Literatura Unibertsala bildumari oraindik ez diola inork marka kendu, egun euskaraz antzezlan gehien argitaratzen duen bilduma izaten dirau. Pozgarria da, beste argitaletxeen aldetik kezkagarria bada ere.

      Didaskaliak, akotazioak, nabari-nabariak dira, eduki poetiko eta iradokitzaile handikoak. Kritikari batzuek Tennesseeren lanetako emakumeetan, idazle gay gehienon lanetan legez, egilearen beraren proiekzioak, itzalak, alter egoak ikusi ohi dituzte. Beste topiko bat? Nork jakin! Idazleok letra guztietan lorratza.

      Poetikotasunak tristura, mina, malenkonia dakartza oinarri, tartean, maitasuna eta maitatzeko ezintasuna, heriotza, sexu frustrazioa, gizarte arauen presio eta mugakizunak eta denboraren joan higatzailea ere tarteka-marteka indartsu agertzen direla. Sarritan balirudike elkarrizketan baino, pertsonaiok bakarrizketa paraleloetan dihardutela, besteri entzuteke. Eguneroko bizitzan legetxe, azken buruan, den-dena hildakoei loreak erostean geratzen da.