Euskaldunak zintzo, hobendun edo literato?
Iratxe Retolaza
Berria, 2007-06-03

Liburua: Josafat

Egilea: Luis Haranburu Altuna

Argitaletxea: Kutxa

Urtea: 2007

      Luis Haranburu Altunaren Josafat antzezlanak eskuratu du 2007ko Donostia Hiriko Kutxa Literatur Saria. Agertokia Josafateko zelai bihurtu da antzezlan honetan, eta bertara deitu dira zenbait euskaldun ezagun, Jainkoaren azken epaiaren berri izateko. Mota askotariko pertsonaiak izango dira epaituak azken epaiketa honetan: horietariko batzuk, Euskal Herriko historia politiko eta kulturaleko izen ezagunak dira (Garibai, Axular, Loiola, Santakrutz apaiza, Larramendi, Chaho, Sabino Arana, Unamuno, Barandiaran, Mirande, Aresti); beste batzuk, aldiz, Euskal Herriko mitologiako izen ezagunak (Mari, Aitor); badira beste bi pertsonaia izen-abizen ezezagunekoak eta izaera mitologikorik gabekoak: ETAkidea (une oro nortasunaren anonimatu hori zaintzen dabilena) eta Hiriko (Urepeleko artzain honek Marirekiko maitasuna du ia nortasun bakar); azkenik, badira beste bi pertsonaia Europako literaturako izen ezagun direnak: idazle bat (Dante Alighieri) eta izaki mitologiko bat (Narziso).

      Pertsonaien arteko lehen enkontru horiek ere umorez eta sorpresaz beterik daude. Gainera, antzezlan honetako pertsonaia gehienen esanak eta adierazpenak kontraesanez beterik daude, eta kontraesan horietan sortzen dira antzezlan honen galderarik mamitsuenak. Dena den, hasiera indartsua duen antzezlan honek umore ukituak eta sorpresak arindu ditu amaiera aldera, eta ahulago ikusi dut amaiera, batez ere azken jokaldia. Azken jokaldi horretan, kontraesanek behera egiten dute, eta tonu ironikoak indarra galdu egiten du.

      Dena den, antzezlan honetan galdera interesgarri asko mahai-gaineratzen dira, eta gogoetabide zenbait zabaltzen. Aurkezturiko pertsonaia guzti-guztiak, historikoak eta mitikoak, identitate kolektiboa sortzeko garai historiko jakin batean sorturiko mito, irudi eta sinboloekin dute harremana, edo pertsonaia horiek mito bilakatu direlako, edo pertsonaia horiek mitoak sortu dituztelako. Badirudi euskal tradizio politiko eta kulturalak sorturiko ikur eta sinboloen inguruko hausnarketa zabaltzeaz gain, tradizioak sortzeko prozesu eta bide horiek ere eraman nahi dituela hausnarketara. Identitate kolektiboaren sostengu den tradizio hori sortzeko bidean, bi gogoetabide nagusi zabaltzen dira antzezlan honetan: batetik, izaera erreal eta fikziozkoari buruzko gogoeta etengabea da; bestetik, norbanakoaren identitate eta talde-identitatearen arteko harreman eta mugez gogoetatzen da. Pertsonaien ahotan jartzen diren adierazpen hauetan sumatzen dira kezka horiek, gogoeta horiek: “kontakizun bat baino ez da Euskal Herriaren arima” (79. or.) eta “euskaldunak, oso emanak zaretela historia zuen gisara antolatzen” (26. or.). Edota honako hau esatean: “Aspaldidanik gizonek beren erantzukizun pertsonala talde, eliza, partidu eta nazioen atzean gorde dute” (43. or). Hartara, pertsonaren identitatea sortzeko bideen inguruko hausnarketa da sakon-sakonean, eta azken epaiari kasu eginez gero, euskal identitatea sortzeari lotu zaizkion tradizio erlijioso eta politikoekiko fede itsua gaitzesten da, eta maitasunaren fedea aldarrikatzen da. Mari eta Hirikok ordezkatzen dute fede horixe, gizakien arteko maitasuna. Azken epaiak bikotea bidaliko du lurrera hiri berri bat sortzera, “eta naziorik ez da han izango mundu osoa izango baita maitasuna eta anaitasunaren Hiria” (80. or.). Baina posible ote hitzarmen sozialik gabeko mundurik, hiririk? Edota posible ote maitasunean oinarrituriko hitzarmen soziala? Galdera mamitsuak antzezlan honetan aletzen direnak.