Neurri-neurriko aktore-antzezlan saritua
Ritxi Lizartza
Argia, 1995-05-21

Liburua: Errenta

Egilea: Ramon Agirre

Argitaletxea: Kutxa Fundazioa

Urtea: 1994

      1994an Donostia Hiria saria jaso zuen antzezlan honek. Egilea aktore da eta, neurri batean, genero honek idazle mailan duen gabezia edo egokipen-falta (euskaraz idazten duten ale gutxi horiek oso noizhehinka izaten dute lana jokatua izateko errekonozimendua) betetzen du.

      Usu gertatzen da aktore batek obra idazteko erabakia hartzen duenean idazle batek aurkitzen ez duen babesa izatea, hots, antzezlana taularatuko duen taldearena. Hala gertatzen da gero eta ugariagoak diren aktore-lanekin: “Ama begira zazu”, “In fraganti”… Hala ere, akats nabaria liteke denak multzo berean sartzea.

      Alabaina bat-bateko kontsumorako idatzia izanak zipriztindu egiten du idazlanaren tajuketa: hizkera zuzena —agian kontzesio gehitxo hizkuntz arloan—, gag efektistak, ikusleei eginiko keinuak… Aktore honek ederki erakusten du maisu moduan menperatzen duela eszenatokia.

      Era honetako lanek kritika txarrak jaso ohi dituzte: errazkerian erortzea, literatur balio eskasa izatea eta aktoreek berek inork baino hobe ezagutzen dituzten taulatu gaineko trikimailuetarako aukera bikaina eskaintzea.

      Baina lan honen egituraketa landuagoa da, tentsioguneak egoki daude jorraturik, pertsonaien izaera ederki definiturik dago, oso modu egokian eusten dio hariari, aktore ez den batek antzerkia idazterakoan deklamatzeak ezartzen dituen hizkera-mugak eta kakofoniak ederki bideratzen ditu…

      Irakurketa behintzat oso atsegina da, eta derrigorrez eskatzen du zuzeneko emanaldiaren kontrastea. Bederen I taldearekin buruturiko antzezpena, gainera, oso atsegina egiten da.

      Argitalpen mailako basamortuan, badirudi sariak direla —argitaletxe hatzuen tartekako argitalpenak salbu— antzezlanak etenik gabe kaleratzeko modu bakarra. Modu berean, planteatzeko gaia liteke aktoreak idazle bihurtzearen beharra, literatura —are gehiago antzerkigintza— ez baita errenta.