Jo ezak berriro, Sam
Mikel Mendizabal
Argia, 1987-03-01

Liburua: Jo ezak berriro, Sam

Egilea: Woody Allen

Euskaratzailea: Anjel Valdes

Argitaletxea: Baroja

Urtea: 1986

      Arrea benetan Woody Allenen antzerki obra hau, non algarak ez dira faltako funtzioa ikusterakoan, ezta ere ordea, obra irakurtzerakoan.

      Bere senarrataz nazkatu den emakume gazte batek, etxetik aldegitea erabakitzen du gizona lur jota utzirik. Honi ordea, ez zaizkio adiskide onak falta eta lagun-mina duen senar-emazte batek lige berria aurkitzen saiatuko da. Allan, protagonista, gizarte hontako gizon tipikoa bezala agertzen zaigu, hau da sexu eta emakume esparrutan bere buruarengan inseguritate handia duena. Honela neska gazte bat aurkitzen diotenean hamaika-hanka sartze izango ditu: zer esan jakin ez, eskailerarekin eztrapuz egin, dardarka hasi e.a. hori bai, kanpoko itxura kementsua mantenduz, whisky basoa esku tartean duela. Egoera erridikulo eta arre guzti hauek direla medio, Humphrey Bogart “gizona” agertuko zaio, betiko konseju matxistak errekomendatuz: —Hi, ez zaiok begiratu horrenbeste neskatxa horri, —kopa goraino betezak, —emaiok masailekoa… Bestalde pixkanaka egoera larritzen joango zaio Allani, bere lagun minaren emazteataz maitemintzen joan bitartean.

      Woody Allenek, gizonak emakumeengan dituen barne sokatirak ironizatzen ditu. Atzetik beti Humphrey Bogart super-gizona agertuz, egoera hauen jaun eta jabe bezala. Autorearen obra tipikoa dugu hain zuzen, eta ipar-amerikar obra gehienak bezala, sentimenduekin gehiago jokatzen du sakontasunarekin baino.

      Bestalde antzerki obra hau “Zintzilik Taldea”k estreinatu zuen joan zen irailean, Joakin Cueto zuzendari zutela.