Pirañen bazka
Mikel Ayerbe
Berria, 2008-03-02

Liburua: Arrainen bazka

Egilea: Javier de Dios

Euskaratzailea: Harkaitz Cano

Argitaletxea: Artezblai

Urtea: 2007

      Hasi aurretik, Arrainen bazka liburuan Eva Foresten omenez idatziriko In memoriam agurretik hartutako hitzak: “Duela bi urte Comida para peces argitaratu zuen Hiruk, Euskadi Literatura Saria jaso duen lehen antzerki testua bilakatuko zena. Laster, 2008ko udaberrian, Tanttaka konpainiak antzeztuko du, euskarazko bertsioan baita ere, eta horretarako Harkaitz Cano izan dute itzultzaile”.

      Antzerkia antzezteko idazten dela esatea huskeria bat izan daiteke. Horregatik, agian, Javier de Diosek idatzitako Comida para peces, liburu gisa argitaratu baino urtebete lehenago estreinatu zuen La Barca Teatro konpainiak. Gurean antzezlana baino lehenago etorri da Arrainen bazka liburua. Baina gurera itzulpena ekarri bada, antzezlanak inoiz testu gisa ere argia ikusi duelako izan da. Badirudi, beraz, antzerkia ez dela soilik antzezteko. Irakurtzeko ere bai, nahiz eta gurean (eta gurea ez denean) antzerki lanek irakurle gutxi (are gutxiago) izan.

      Arrainen bazka “egunerokotasunaren degradazioaren istorioa da, garai batean duintasuna esaten zioten horren mutilazio isilarena”. Bulego batean gertatzen da dena, pertsonaiak bost lankide dira eta lan-harremanen inguruko obra zorrotza da. Lanegun batean, bulegokideek “lan giroa neurtzeko” inkesta bat betetzeko agindua jasoko dute. Inkestarekin batera elkarrizketa pertsonalak egingo zaizkie. Eta lankideak jakitun dira langileak ebaluatzen direnean, ondorioak berehalakoak izaten direla: kargu aldaketak, kaleratzeak… Gainera, ezin esan bulegoko giroa aparta denik.

      Erraz identifikatzeko moduan agertzen zaizkigu obrako pertsonaiak: nagusi zikoitza, langile eraginkorra, mobbing-a jasaten duena, hasiberria, eta azkenik, lanpostuz hobetzeko edozer egiteko prest dagoena. Baina bakoitzaren maskararen atzean ezkutatzen dena apurka-apurka erakutsiko da. Bulegoan baino gehiago, oihanean daude —”Jolas bat da hau… oihanean jolastearen pare. Arriskutsua, baina jolas bat azkenean”—, eta Darwinen esanei men eginez, indartsuenak bakarrik biziraun ahal izango du. Oihanean baino gehiago, itsasoan daude, eta arrain handiak arrain txikiak jaten ditu.

      Ironiak pisu handia du obra guztian. Ironiak irakurle/ikuslearen distantzia eskatzen du, gauzak beste argi batekin begiratzen omen dira ironiaren betaurrekoekin. Eta obra honetan jarrera kritikoa eta aktiboa eskatzen zaio irakurle/ikusleari. Beharbada horregatik bikoizten dira bai planoak eta bai pertsonaiak. Hau da, aktoreek, batetik, euren papera jokatzen dute, baina bestetik, aktore gisa ere antzezten dute. Aktorea eta hezur-haragizko antzezlea, bi pertsonaia ditugu baten prezioan. Antzerkia eta bizitza nahi bada, edo meta-antzerkia, baina edozer izanik ere, irakurle/ikuslea iritzia ematera edo jarrera bat hartzera behartu nahi duen antzezlana da Arrainen bazka.

      Azkenaldian, lan mundua eta lan-harremanen gaia fikziora ekartzeko ahalegin nabarmena antzeman daitekeelakoan nago. Antzerkiari dagokionez, Jordi Galceran katalanaren Grönholm metodoa-k izan duen arrakasta da horren lekuko. Jatorrizkotik hainbat bertsio egin dira, euskarazkoa Txalo konpainiak, eta izenburu bereko zinema adaptazioa ere egin zen. Lars von Trier zinemagilearen Direktoten for det hele lanak alderantzizko bidea egin du eta pelikula antzezlan bihurtu da (euskaraz egin ez bada ere, Ados Teatroaren El jefe de todo esto gaztelaniazko adaptazioa ikusgai dago). Guztietan, lan munduaren (edo infernuaren) gaia ikuspuntu zorrotzez lantzen da. Gure narratiban, besteak beste, Harkaitz Zubirik Zakur kale-n, Pablo Sastrek Enpleguaren arbola-n edo Eider Rodriguezek hainbat ipuinetan egin bezala, bestalde. Zerbaitegatik izango da…