Nor gara gu? Zer gara gu?
Amaia Alvarez Uria
Argia, 2009-02-22

Liburua: Haritzaren azalera zehatza

Egilea: Aristides Vargas

Euskaratzailea: Uxue Alberdi

Argitaletxea: Artezblai

Urtea: 2008

      Liburu honen kontrazalera bagoaz informazio bila hurrengoa irakurriko dugu: Norberaren identitatea osatzen duen kulturaren mundura eginiko hastapen bidaia da… garena onartzea inolako ziurtasunik izan gabe. Beraz, badirudi “nor naiz” galderari “hemen” eta “orain” gehitu behar dizkiogula lan honek proposatzen digun moduan, pertsona bakoitza bere kulturaren kumea dela esatera baitator lan hau.

      Protagonista neska itsu bat da, Saioa, hirira joango da trenez bera nor den jakitera eta badela nor jakitera. Bertan, pertsona batzuekin egingo du topo eta ondorio batzuk aterako ditu. “Euriak bustitako azalera bat naiz” izango da azkenean, bidaia horrek erakutsiko diona. Inguruaren eraginari buruzko gogoeta baino gehiago da antzezlan hau, ordea. Gauzen azalera ezagutu nahi du Saioak, bere eskuekin euren sentimenduak ukitzeko, pertsonak ikusteko, bere burua ezagutzeko.

      Protagonistak bere etxeko leihoa atzean utziko du, bere mugetatik kanpo aterako da, kanpoko eta aldi berean barruko mundua(k) arakatzera joateko. Lan hau ere, bere mugetatik kanpo ateratzen da, literatur testu bat izanik antzerki lan bat ere badelako, eta gutxienez, hiru egile dituelako gure eskuetara heltzen denean: lana idatzi eta antzezlana zuzentzen duena: Aristides Vargas; idazlana euskaratu duena: Uxue Alberdi; eta lana iazko otsailetik han eta hemen antzezten ari dena: Kukubiltxo taldea.

      Aristides Vargas argentinarrak hiriko kaleetan barna gure barrurako bidaia egitea proposatzen digu; Uxue Alberdik mimoz idatzitako poema handi bat bezala irudikatzen du; eta Kukubiltxo taldeak bere 30. urteurrena ospatzeko, helduentzako euren lehenengo lana egiteko, aukeratu du antzezlan hau.

      Testu aberats eta iradokitzaile honek irakurketa desberdinak ahalbidetzen dituenez gonbidatu nahi zaituztet horretan murgiltzera eta zuen irakurketa egitera. Uxue Alberdiren irakurketa eta Kukubiltxo antzerki taldearenak ezagutzeko liburua eskuratu edo antzezlana ikusi besterik ez duzue egin behar (antzezlanaren irudi batzuk antzerki talde honen webgunean dauzkazue eta martxoaren amaieran Leioan edo Eibarren daukazue ikusteko aukera). Beraz, literaturaren eta antzerkiaren xarma eta liluraz gozatzeko jarri zaitezte, amatatu telefono mugikorrak, piztu linterna, erantzi zapatak eta igo dezatela oihala.