Antzerkien, antzerkien, antzerki…
Saioa Ruiz Gonzalez
Argia, 2010-10-24

Liburua: Jendeen jende

Egilea: Mattin Irigoien

Argitaletxea: Alberdania

Urtea: 2010

      Euskaraz idatzitako produkzio dramatikoa eskasa dela badakigu. Eta idazten den gutxi horrek gizartean daukan oihartzuna are eskasagoa dela esatearekin, ez naiz ezer berririk gaineratzen ari. Eztabaidarako zein erkaketarako aukera gutxi ematen duen euskal-koadro horren aurrean, inkontzienteki ala ez, beste literatur tradizioetan begirada pausatzera bultzatzen gaitu. Hala gertatu zait, Mattin Irigoien baxenafarraren Jendeen jende antzerki lana dastatzean. Hartu-emanak betikoak eta etengabeak dira. Bi herrialde desberdin izanda ere kezka amankomunak dauzkagu, eta horiek plazaratzeko literatura, antzerkia kasu, baliatzen dugu zenbaitetan. Hortaz, murriztasunaren aldean horra aberastasuna: tradizio (literario) desberdinen topaketa?

      Jendeen jende lanak García Lorcaren La casa de Bernarda Alba (1936) gogorarazi dit. Bata Euskal Herriko Iparraldean eta bestea Andaluzian kokatua. Irigoienena komedia, Lorcarena, ordea, eremu tragikoagora lerratzen da. Baina topaketaz ari garela, garrantzitsuena ez da Nola edo Non, baizik eta Zer: tirania, belaunaldien arteko gatazka, ohorea berezko nortasunaren kausa duen landa munduko familia edota (odol) garbitasuna, bilakatu dira garaian garaiko eta tokian tokiko bi plater desberdin prestatzeko osagai.

      Irigoienek, familia baten krisi giroan kokatzen gaitu. Mari Ager, tradizionaltasun kontserbadoreenean erroturiko baloreen sinbolo dugu. Matriarkaren kategorian kokatzen duen makilaz lagunduta, bera da Ager “arraza” bizirik mantentzeko esperantza bermatzen duena. Baina horrekin batera, tradizio luze baten amaiera iristear dagoela markatzen du. Euskaldunaren berezko nortasuna, iraganeko landa munduan bilatu behar zela zioen motibo erromantikoa azkeneraino eramana dela konturatzen gara. Errepara bestela, ager latinezko hitzaren erabilera ironikoari, euskaraz nekazari esanahia baitu. Edota Erlaitz izeneko mutilaren kasuari, Mariren begietan espainola dena, Bilboko hizkeran mintzo delako.

      Hala ere, ideologia sendoenetan finkatutako tradizio batean, arraildurak badira. Ager familiak, garbitasun horren azpian ezkutatzen duen sekretua ezagutzera gonbidatzen gaitu: tradizioa eta modernitatea, zaharra eta berria, kanpotarra eta bertakoa. Garai batean manikeoak suertatu ziren elementuen nolabaiteko batasuna egiteko momentua iritsi da. Izan ere, nahaste horretan aberastasuna ere badago.

      Hauxe da Jendeen jende. Topaketaz norbera jabetu dadila.