Egiaren arriskuak
Javier Rojo
El Correo, 2012-07-21

Liburua: Egia

Egilea: Arrate Egaņa

Argitaletxea: Alberdania

Urtea: 2012

      Ematen du Arrate Egaņak helduen literaturan buru-belarri murgiltzeko aukeratu duen urtea dela 2012. hau. Paradisua izenburuko narrazio liburua argitara eman ondoren, antzerki lan baten txanda dator orain: Egia izenburua du eta Donostia Hiria Kutxa Sarian irabazle suertatu da. Hiru ekitalditan banatutako antzerki-lana da, ohiko antzerkiaren konbentzioak errespetatzen dituena. Zera esan nahi dut: formaren aldetik ez gaudela antzerkiaren kontzeptua kolokan jarri nahi duen lan abangoardista baten aurrean. Antzerki-lan honen argumentuaren abiapuntuan, Adela izeneko pertsonaiak antolatzen duen festa ikusten dugu. Berrogeita hamar urte betetzen dituela ospatzeko, mozorro festa bat antolatzea erabaki du eta, festa horretara konpartsarena egiten duten beste pertsonaia batzuk alde batera utzita, bost pertsonaia berezi gonbidatu ditu: Mirelur, Lurdes, Joxan, Mil eta Elsa. Lehenengo laurak, Adelarekin batera, Elsa psikoterapeutaren bezeroak dira. Eta arazo bat planteatzen zaie, zeren Elsak, sekta itxurako Egia izeneko talde bitxian sartutakoan, erabaki baitu bezeroen sekretuak webgune batean plazaratzea. Jakina, Elsaren bezero izandakoek aitortu nahi ez dituzten sekretu ilunak dituzte, eta hauek zabalduz gero, beraien bizitzetan izugarrizko astinaldiak jasango lituzkete. Antzerki-lan osoan zehar Elsa saiatuko da beste pertsonaiak konbentzitzen egia zabaltzea guztiz garrantzizkoa dela, eta horrela haiek ere, bestela pentsatu arren, liberatuta geratuko direla. Balantzaren beste aldean kokatzen direnek, bestalde, adieraziko diote Elsari terapeuta eta konfiantzazkoa zen aldetik kontatu dizkiotela sekretuak eta orain Elsak konfiantza hori apurtu duela. Konponbiderik ez duen kontrajarpen dialektikoa da agertzen zaiguna, inor ez baita bestearen asmoetara makurtzen.

      Antzerkian gertatu ohi den bezala, osagai guztiak esanahiz beterik agertzen zaizkigu, eta, gertakari partikular batzuen aurrean bagaude ere, gertakari horiek nolabait unibertsalizatu egiten dira, besteak beste, pertsonaiek ezkutuan mantendu nahi dituzten egiak Egia (hizki larriz idatzia) bihurtzen baitira. Gauzak honela, pertsonaia batzuen arazoak Egiaren inguruan hausnartzeko aitzakia bihurtzen dira, gaur egun halako kontzeptu absolutu eta orokorrak kolokan jartzen badira ere. Asmoz behintzat, antzerki lan sakon baten aurrean gaude. Edonola ere pertsonaiak oso eskematikoak direla iruditzen zait.