Edan eta Epa
Agus Perez
Berria, 2012-06-15
“Lingua nabajorum”

Lekua: Bilboko Kafe Antzokia. Eguna: Ekainak 13.

      Bilboko Kafe Antzokia guztiz beteta zegoela eta jende asko aretora sartu ezinik geratu delarik estreinatu da T(a)rtean konpainiaren Lingua nabajorum, eta kultur arloko jende ugari bertaratu izanak distira handia eman dio gertakizunari.

      Antzezlanaren izenburu dibertigarria irakurtzean eta esku-programan Mikel Martinez eta Patxo Telleria ikustean baten batek (neuk ere bai tartean) pentsatuko luke Ez dok hiru konpainiaren trilogiako laugarren atala izan zitekeela Lingua nabajorum hau. Oker ginen, ordea: Euskara sencilloaren manifiestoa, Larru haizetara eta Euskarazetamol taularatu ostean urrats handiago bat egin dute oraingoan, aktore bien alderdi estimagarrienei uko egin gabe baina inguruko elementu eszenikoei behar den beste garrantzia emanez, Jokin Oregiren zuzendaritzapean.

      Bide horretatik, eta Patxo Telleriaren gidoilari sen ukaezina baliatuta, euskararen balizko istorio zoratua kontatu digute —Adan eta Eva, adibidez, Edan eta Epa bihurtuta— eta kontakizunari eusteko historia konbentzionaleko pasarterik ohikoenak hautatu dituzte. Lehen esan bezala, ondo zainduta egon dira inguruko alderdi eszenikoak, eta bai jantziek bai atrezzoak berebiziko garrantzia izan dute emanaldian zehar, arropa aldaketa txiki eta azkar-azkarrekin gauzatu dituztelako aro batetik besterako jauzi esanguratsu eta dibertigarriak. Eszenografia eskematikoa ere lagungarria izan da dramaturgiaren arloan, eszena gaineko lauzpabost kaxa handiek ezinbestekoak izan direlako emanaldiaren erritmoan eta barietatean.

      Antzezpenei begira, azkenik, denak emanda ibili dira Patxo eta Mikel, jakitun izanik esku artean ondo prestaturiko menua zeukatela eta bezeroak ere ez zirela nolanahikoak. Aro bakoitzeko arropaz jantzita agertze hutsarekin barre algarak sortu dituzte, eta dialogoak, sormentsuak izateaz gain, ondo lotuta egon dira keinuen diseinu zehatzarekin. Egia da pasarte pare bat —ergatiboarena kasu— aurreko lanetatik eratorriak izan direla eta hitz-joko askoren gatz eta piperra erdararekiko konparazioan datzala, baina ordainean, inspirazio handikoak izan dira beste solasaldi batzuk, hala nola alfabetoko letren ordenan esandako Orreagako kondaira edota Bizkaiko jaunaren eta bere emazte feministaren arteko hika-mika mundiala.