Baztertuen ahotsa
Javier Rojo
El Diario Vasco, 2019-12-14

Liburua: Bazterreko ahotsak

Egilea: Miren Tirapu Goikoetxea

Argitaletxea: Susa / EHAZE

Urtea: 2019

      Euskaraz sortutako antzerkiaren argitarapena ia-ia anekdotikotzat eman dezakegun testuinguru batean arreta erakartzen du argitaletxe batek (Susa, EHAZEren elkarlanean) genero honi eskainitako bilduma sortzeko ausardia erakusteak, normala izan beharko lukeena batere normala ez dela frogatuz. Bilduma berri honen lehen aleak “Bazterreko ahotsak” du izenburua eta Miren Tirapu Goikoetxeak Beheko Larraine taldearekin taularatutako bi lan biltzen ditu. Beraz, bi antzerki lan agertzen dira liburuan, lan laburrak ia esketxaren mugan daudela diruditenak. Batak “Atte hil aurretik” du izenburua eta besteak, “Manifestu bat”. Bi antzerki lan hauek beregainak badira ere, bien arteko loturak nabarmenak dira, bigarrena “Atte hil aurretik”en zirriborratzen zen pertsonaia baten inguruan zentratzen da-eta. Ohar pare bat egin behar da testu hauen inguruan. Lehenengoa egiletzari dagokio. Testuak Miren Tirapuren ideietan oinarrituta daude, haren planteamentuak-eta dira funtsa eta euskarria, baina nolabaiteko talde-egiletza dago guztietan. Hori nabarmenagoa da bigarren lanean. Azken finean, irakurleak kontuan izan behar du antzerki lan hauek Miren Tirapuk sortutako Beheko Larraine taldeari zuzen lotuta daudela eta ezin direla talde horren presentziarik gabe ulertu. Bigarren oharra, garrantzizkoa: hemen antzerkien testuak biltzen dira, baina antzerkia testua baino gehiago izanik, errepresentaziorako abiapuntuak baino ez baitira. Eta kasu honetan puntu hau kontuan hartzea ezinbestekoa da, Beheko Larraine taldeak plazaratutako antzerki hauek oso fisikoak diren aldetik. Lehengo obran amonak irudikatzen duen mundu tradizionalarekiko lotura azaltzen zaigu, non familia eta familia barruko isilpekoak erdigunean dauden, menperatuen eta baztertuen aldeko jarrera nabarmena delarik. Obra honetako pertsonaia baten garapenean oinarritzen dabigarrena. Pertsonaia hori histrionikoa, karnabaleskoa da eta bakarrizketan aritzen da erdi bromatan erdi serio heriotzaz hitz egiten, zenbaitetan balizko ikuslegoari ere zuzentzen zaiolarik. Liburua osatzeko egileari egindako elkarrizketa ere irakur daiteke, lan hauen genesiaren argigarri gertatzen dena.