Ikusle pare bat
Agus Perez
Berria, 2012-11-20
“Publikoari gorroto”

Egilea: Xabier Mendiguren. Zuzendaria: Manex Fuchs. Antzezleak: Ander Lipus, Miren Tirapu, Iņaki Ziarrusta. Lekua: Donostiako Gazteszena aretoa. Eguna: Azaroak 17.

      Ikusle pare bat besterik ez dira etorri gaurko emanaldira, baina beraiekin eta aktore bakar batekin nahikoa da antzerkiaren magia gauzatzeko. Horraino Publikoari gorroto-ren oinarria. Gazteszenan, ordea, ia goraino bete dira besaulki lerroak, eta fikziozko ikusle haiek antzezlanaren parte bilakatu dira, ezinbestean.

      Xabier Mendigurenek duela hogeita bost urte idatzitako obrak antzerkiaren gaineko hainbat kontu aztertzen ditu, maisuki aztertu ere emanaldian entzundakoaren arabera, eta haietan funtsezkoena da ikuslearen eta aktorearen rolen analisia eta antzerkiak gizartean duen zeregina. Izan ere, testua agertu zen garaian eztabaida nagusietako bat zen nola apurtu zitekeen alde bien arteko harresi ikusezina, eta horren harira dator esandako ikusle biak agertokira ekarri eta emanaldiaren parte bihurtu izana.

      Hortik aurrera, eta lehenagotik ere bai, antzerkiari buruzko gogoeta interesgarri asko plazaratu dira, arte zahar honen balio sozial zein antropologikoan sakonduz, munduko zenbait dantza, erritu eta antzezpen mota konparatuz eta muturreko kontzeptuak elkartzeko balioa azpimarratuz.

      Hala ere, nire susmoa da jatorrizko testuan gehiegizko pisua hartzen zuela diskurtso teorikoak, eta horrexegatik uste dut meritu handikoa izan dela Manex Fuchsen eta talde osoaren lana, irudi plastiko askorekin eta ekintza fisiko aberasgarriekin hornitu baitituzte eszena gaineko berbaldi mamitsuak, Luhusoko faktorian hain ondo menperatzen duten lengoaia metaforikoaren bidez.

      Horretan, jakina, esangura handikoa izan da eremu eszenikoaren planteamendua —bonbilla zuriz egindako zirkulu itxia, antzoki zahar bateko besaulkia, misterioaren gordelekua den oihal gorria, manikiaren esangura enigmatikoa...—, are gehiago kontuan izanda Josep Duhauren argi-diseinu apal eta horrexegatik miresgarria.

      Eta azkenik, aktoreen lana nabarmendu behar dugu: Ander Lipusek bere kameleoi dohain guztiak baliatu ditu —orain Tom Waits orain Juan Junda, orain Manex Domintxine orain psikopata ilustratua, halako moldez non bazirudien hainbat pertsonaia diferentek esaten zutela berez bakarra den testua. Iņaki Ziarrustak eta Miren Tirapuk, aldiz, ez dute ia testurik eduki, baina kontrapuntu bikaina eratu dute Lipusen ahalmenaren aurrean beren presentzia soil eta keinu neurtuekin. Izan ere, beraiek izan dira benetako ikusleen eta eszenaren arteko lotura, eta bien rolei esker sakondu du proposamenak giza harremanen azterketan eta gizakien manipulazioaren gaian.