Galtzerdiak bularretakotan
Jon Martin-Etxebeste
El Diario Vasco, 2022-06-25

Liburua: Erradikalak

Egilea: Ane Labaka Mayoz / Beatriz Egizabal Ollokiegi

Argitaletxea: Susa / EHAZE

Urtea: 2022

      Liburu honi heltzea gustuko pelikula bat ikusi ostean hura inspiratu zuen liburua irakurtzearen pareko da. Ikusitakoa gogoratuz edo ikusi gabekoak irudikatuz irakurri liteke. Bost urte daramatzate Labakak eta Egizabalek oholtza gainean “Erradikalak gara” eta “Erradikalak ginen” izeneko ikuskizunak defendatzen, eta orain etxeko egongelan ere gozatu liteke haien antzezlanaz. Susaren “Ganbila” sailaren barruan argitaratu da bi antzezlanak biltzen dituen liburua. Jule Goikoetxeak hitzaurre poetikoa idatzi du bi antzezlanen sarrera gisa, eta autoreek eurek idatzi dute hitzatze interesgarria. Antzezleen hasierako asmoak, haien ibilbidearen errepasoa eta emakumeek plazandre izateko gainditu behar dituzten oztopoen azalpena biltzen dira bertan.

      Antzezlanak hainbat gai astintzen ditu: euskararen jatortasuna, gaztetasuna, kultur aniztasuna… Baina generoa da ildo garrantzitsuena: emakumeek pairatzen dituzten biolentziez eta intersekzionaliteaz mintzo da liburua, neurritasunera moldatu beharraz; eta baita emakumezkoen sexualitateaz ere, aurretik gutxitan entzundako gordintasun finez. Labakaren pertsonaia da goi mailako bertso idatzien bidez gaiei hitza eta gogoeta jartzen dizkiena eta Egizabalena plazaratutako gai potoloei “clown” ukitua eransten diena; lehenak puxika puzten du haren paretak tentsatzeraino eta besteak puxika husten du, zulo txikiak eginaz edo zartaraziz. Bikote komiko honek beraien kontraesanak seinalatzeko beldurrik gabe dihardu, erro-errotik: baina aldi berean umorez. Hala aitortzen du emanaldiko lehen bertsoan: “Gozatu gure kontraesanen/ lehenbiziko geltokia”. Hori da liburuaren arrakastetako bat: ezerosotasun erosoa, zartakoa eta ukendua elkarren segidan. Azkura eragiten du, mina aldizka, baina sendatu ezin daitekeen zauririk eragin gabe.