Kabaret giroa Arriagan
Montserrat Auzmendi del Solar
Argia, 2021-06-27
“Zazpi bekatu nagusiak”

Musika: Kurt Weill. Libretoa: Bertol Brecht. Bilbao Sintonietta Orkestra. Zuzendaria: Iker Sánchez Silva. Bakarlariak: Nicola Beller-Carbone (sopranoa), Iratxe Ansa (dantzaria), Javier Tomé, Josu Cabrero (tenoreak), José Manuel Díaz, Fernando Latorre (baritonoak). Eszena zuzendaria: Barbora Horáková. Lekua: Arriaga Antzokia (Bilbo), ekainak 5.

      Arriaga Antzokiak, batzuetan, antzoki handietan tokirik ez duten ikuskizunak eskaintzen dizkigu, oso bereziak direlako, espazio intimoagoa eskatzen dutelako, edo beste mila arrazoirengatik. Horrek ez du esan nahi ez direnik hain interesgarriak. Askotan justu kontrakoa gertatzen da.

      Oraingo honetan, eta modu egokian, Zazpi bekatu nagusiak ballet kantatuak —Kurt Weill konpositoreak berak hala izendatzen zuen— lotura estua du maiatzetik irailera Guggenheim museoan 20ko hamarkada zoroa gaiari buruz dagoen erakusketarekin.

      Weill oso konpositore berezia da. Esan daiteke gerra arteko Europa delakoaren isla perfektua dela; are gehiago, Alemaniarena. Lehen Mundu Gerrak (1914-1918) eragiten duen hedapen militaristaren eta Bigarren Mundu Gerran mundua hondamendira eramango duen mugimendu nazionalsozialistaren (1939-1945) artean dabil. Kurt Weill ezinbesteko elementua da bi gerren arteko “bakearen” bi hamarkadak ulertzeko, borrokaz, kontraesanez eta kabaretez beteriko hamarkadak.

      Testuinguru horretan dago kokatuta Zazpi bekatu nagusiak, sailkatzen zaila den lana. Ez da opera eta ez da balleta, berezia eta bakarra da bere generoan. Obra honek Annaren istorioa kontatzen du, ikuskizunean bikoiztuta agertzen den emakumea; Anna I ahots nagusia delarik, eta Anna II, dantzaria. Biak bat dira eta zazpi urtez bizi bidaia bat egiten dute zazpi hiritan zehar, non zazpi bekatu nagusiak ezagutzen dituzten. Anna I pragmatismoa da eta Anna II-k alderdi sentimentala islatzen du, bere burua horrela osatuz. Bidaia hasierako puntuan amaitzen da, hau da, familiaren etxean. “Familia” laukote maskulino batek ordezkatzen du —bi tenore, baritonoa eta baxua, azken horrek Annaren amaren rola jokatzen du—, eta beti modu kolektiboan esku hartzen du eta Annak hiri bakoitzean eta bekatu bakoitzaren aurrean dituen gorabeherak kontatzen, kalifikatzen edota deskribatzen ditu.

      Nicola Beller-Carbone sopranoak emanaldi bikaina egin zuen bere interpretazio-gaitasun handiari dagokionez, nahiz eta bokalki bere unerik onenean ez egon. Iratxe Ansak (dantzariak) sinesgarritasuna eman zion pertsonaiari, eta sopranoarekin bikain osatu zen, pertsonaia bikoitzaren bertsio bikaina egiteko. Ahots laukotea (familia) fin ibili zen nahiz eta lau ahotsen arteko uztarketa, enpaste eta oreka handiagoa desiragarria izan.

      Bilbao Sinfoniettak, Iker Sánchez Silvaren zuzendaritzapean, bere lana eraginkortasunez egin zuen, ahotsak behar bezala azpimarratuz.