Maskarada izatearen garrantzia
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1995-02-15
“Ernesto izatearen garranzia”

Izenburua: Ernesto izatearen garrantzia. Egilea: Oscar Wilde. Euskarazko bertsioa: Patxo Telleria. Erdarazko bertsioa: Alfonso eta Jose Sastre. Taldea: Maskarad. Zuzendaritza, egokitzapena, eszenografia: Carlos Panera. Jantziak: Aitor Mazo. Argiztaketa: Jon Mesperuza. Antzesleak: Asier Hormaza, Jokin Oregi, Aitor Argote, Esther Uria, Ane Aseginolaza, Esther Uria, Eneritz Artetxe, Xegundo Oltolagirre. Non: Barakaldo antzokian. Barakaldo. Noiz: Otsailaren, 10 eta 11n.

      Hamabost urte pasatu dira dagoeneko Maskarada talde sortu zenetik eta aspaldi hartatik abiatuta bi ezaugarri agertu dira nagusi Bilboko taldearen produkzio guztietan: batetik, ikuskizunen kalitatea lan aktoralaren pisuan oinarritua batik bat, eta bestetik, euren lan guztiak euskaraz, soilik aurkeztu izana. Gaur komentatzen dugun “Ernesto izatearen garrantzia” obrarekin taldeak sei antzezlari berri eta gazte hartzen ditu lan esparru berri bati ekiten dion bitartean, aurrerantzean euskarazko ekitaldiak erdaraz emandakoekin aldizkatuko dituzte-eta.

      Ezer gutxi komenta daiteke Oscar Wilderen testu honetaz, edo niri behintzat ez dit gauza handirik inspiratzen, komedia satiriko burutsua dela esateaz aparte. Wilderen testu dibertigarrian zorrotz kritikatzen dira victoriar garaiko topiko eta konbentzionalismo guztiak, egileak umorearen trikimailu eta palankak maisutasunez maneiatzen ditu komedia biribila osatu arte, dena ondo baino hobeto funtzionatzeaz arduratu da taula gainean. Elementu apaingarri nagusitzat koadro erraldoi bat dugu eszenatokiko barrualdean; koadro horren barreneko dekoratua aldatzen da obraren eszena desberdinak girotzeko eta pertsonaiak bertotik sartu-irteten dira, eszenatokiko beste guztia ia hutsik dagoela, bakar —bakarrik ingeles estiloko sofa eta mahaitxo pare bat ikusten baitira. Dekoratuen sinpletasun harrigarri hau Maskaradaren hainbat aurretiko muntaiaren estiloan kokatu ahal dugu bete-betean eta erabat eraginkorra suertatzen da beti, batez ere lan aktoralaren balioa nabarmendu nahi bada.

      Ildo horretan, esan beharra dago antzezle berrien hautapena eta Carlos Paneraren zuzendaritza lana bikainak izan direla. Gorputz eta aurpegien keinuak, begiradak, ahotsen modulazioa… sendoak, argiak, sekulakoak ditugu, Asier Hormazaren kasuan bereziki, Ernestoren pertsonifikazio ederra gauzatzen duena, Jokin Oregik ederki lagunduta Alfredoren rolean. Muntaia biribila dugu honako hau beraz, arrakastaren bidean garbi jarrita bestalde. Akatsen bat bilatzekotan nik bakarrik argumentuaren erraztasuna edo ganora falta leporatuko nioke, hala nola erdarazko eta euskarazko testuen arteko desoreka, azken bertsio honetan naturaltasuna lortzeko mesedegarria ez den zuzentasun gramatikal hutsa bilatu omen baita gehienbat.