Paperetik gorputzera
Iņigo Basaguren-Duarte
Argia, 2020-12-27
Gau Irekia

Noiz: abenduak 12. Non: San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoak (Bilbo).

      Eguna euritsu hasi bada ere, Bilboko auzo garaietako kaleak laster bete dira jendez eta zarataz. Maider Aldasoro artistak diseinatu duen aurtengo kartelaren protagonista bihurrien modura, auzokideek ordenari eta bakardadeari aurre egin diete. Izaki bihurri eta beldurti horien modura, aurtengo Gau Irekira hurbildu direnak handik eta hemendik ibili dira, txokoetan eta desiren pultsioak gidatuta behar zuten gozamenaren bila.

      Guztira 35 jarduera inguru izan dira 25 espaziotan banatuta. Alde handia aurreko urteetako bataz-besteko 100 jarduera eta 90 eszenatokiekin alderatuta. Baina antolatzaileek argi zuten, nola edo hala, aurten ezin zutela huts egin. Baita argi izan ere aurrez aurre izan behar zuela, formatu digitalak ez bailuke inolako zentzurik. Hori dela eta, hainbat aldaketa egin behar izan dute. Izaera irekia mantendu dute, auzoetako eragileek bidali dituzten proposamenak batu eta lan kolaboratiboaren bidez auzoen beharrei erantzuna emateko.

      Oreka bilatu dute egun osoan antolatutako ekimenetan, baita lortu ere. Formatu intimoak izan dira aurtengoak, espazio txikietan egin behar izan direnak. Egun osoan Ellas proiektuaren interbentzioak izan dira, auzoetako emakumeen irudiez hormak jantziz. Sutan espazioan buztinezko eskultura komunitarioak landu dituzte, beste espazioetan arropa birziklatzekoak edo umeentzako piruleta tailerrak egin bitartean. Antzerkirako, musikarako eta zinemarako tartea ere izan da, San Frantzisko Zine Klubak ekoiztutako filma kasu, auzoetako gazte migratzaileen bizitzari buruzko hausnarketa bat. Berreginen museoan La Gran Fiesta Ex Tradicionalen hainbat emanaldi izan dira, gure herrietako kalejirak deseraiki eta askotariko kolore eta izakirekin betez. Auzoko kale eta ate irekien atzean izan ziren adibide batzuk baino ez dira hauek.

      Gauarekin batera amaiera eman zioten Gau Ireki atipiko baina inoiz baino beharrezkoago honi. Euripean eta oztopoekin bada ere, ezinbestekoa zen kalea berreskuratu eta gure jendearen artean egotea, esperientziak partekatu eta izaki bihurrien antzera, auzoetako txoko guztietatik modu kaotikoan ibiltzea, itxaropenezko argiaren bila.